SOKATIRAREN
JATORRIA:
Sokatik tiratzeko lehiaren jatorria antzinako
gurtza eta ospakizunetan kokatu behar da. Historian ez dago sokatiraren
jatorria argitzen duen inongo datarik ez leku jakinik. Zenbait
herrialdetan sokatiraren errituzko ekintzen aztarna batzuk aurkitu
dira: Birmania, Halmahera, India, Borneo, Corea, Hawai eta Ginea
Berriko irletan. Halaber Asia aldeko herrietan eta Afrikan (Congo,
Zaire), Amerikan (Eskimalak) eta Ozeanian (Zelanda Berria) ere
sokatira ezaguna da errituen bitartez.
Sokatira ahalmen mistiko batzuen
sinboloa da, hala nola, gaiztakeriaren porrota, on eta gaitzaren
arteko eztabaidetan, hileta elizkizunetan
Urtaro berriaren
eguraldi iragarpena. Honi buruz F.E.Lawyer etnografoak kontatzen
du birmaniar sineskera: euriaren taldeak eta lehortearenak borrokatzen
dute batak bestea narratzeko eta herritar ideiak dio, euria egiten
duela talde hezeak lehorra gainditzen duenean.
Munduko beste muturrean, Canadako
eskimaletan, bi talde osatzeko ohitura dago, batak udazkena ordezkatzen
du, besteak negua. Nork nori irabazten dionaren arabera aurreikusten
dute nolako eguraldia izango duten.
SOKATIRAREN
HISTORIA KIROL BEZALA:
Historian aurrera eginez, sokatira
ez da berriro erlazionatu errituzko zeremoniekin eta indar fisikoen
norgehiagoka huts bilakatu da.
- 2.500 K.a.
Meretaku-ren hilobiaren
horma bateko grabatua, Sakaran (Egipto), sokatira kirol bezala
azaltzen den aztarna garbiak aurkitu dira.
- 500 K.a.
Praktikatzen zen Grezian,
Joko Olinpikoen sorterrian. Atletak ibiltzen ziren sokatiran,
lehiaketa kirol bezala edo beste kiroletarako entrenamenduetarako
ariketa fisiko bezala.
- XII.mendean, Kristo ondoren.
Sokatira lehiaketako
parte zen enperadore Txinarren gorteetan.
- XIII-XIV.mendeetan
Mongolia eta Turkian
ere norgehiagoka aztarnak aurkitu ziren. Mendebaldeko Europan
sokatirari buruzko agerpenaren historia K.O.ko 1.000 urte inguruan
hasi zen. Garai hartako txapeldunen historietan, Escandinavia
eta Alemanian sokatiraren aztarnak daude "Kraftige Spiele"
(indarraren jokoa) izeneko jokoetan.
- XV-XVI. Mendeetan
Frantzia eta Britainia
Handiko torneoetan ere azaltzen da. Garai hartan gainera garrantzi
handiago ematen zitzaion kirolari. Ekipoa osatzeko orduan pisu
berdineko gazteen artean egiten zen aukeraketa.
SOKATIRA
ANTOLATURIKO KIROL BEZALA
XIX. mendean, Europan gaur egun
"antolaturiko kirola" izenez ezagutzen den sokatira
mota dugu.
Kluben artean lehenengo, baina
gerora pixkanaka- pixkanaka bilakabidean aurrera joan zen eta
elkarte eta klub federazio desberdinak eratu ziren.
Britania Handian esaterako, Zaletuan
Elkarte Atletikoa sortu zen 1.880an eta aldi batean atletismo
eta futbol elkarte nazionalak ere eratu ziren.
Honako hauek ziren garai hartako
atletismo motak:lasterketak, jauziak, pisu-jaurtiketak eta sokatira.
Beste kirol askotan bezalaxe,
sokatirako arauak ere ez ziren oso argiak eta berdinak herrialde
guztietan. Herrialde batzutan ekipoa lau gizonez osatua zegoen.
Beste batzutan ordea, ekipoak zortzi gizonez osatzen ziren. Esan
behar da, orduan sokatiran erabiltzen ziren teknika berak ere
irain bat izango liratekeela gaur egungo arauekiko, baina garai
hartan teknika on eta baliagarritzat jotzen ziren.
Sokatik tiratzeko teknika ezberdinak
daude:
-Austriako Tiroleko tabernetan
duela bi gizalditik, Finger häkels edo pultsua behatzez.
-Eskimalek biren arteko borroka praktikatzen dute, Arsaaraga
izenez ezagutzen dena.
-Corean, makilaz bakarka, batak besteari marra gaindiarazten
dago lehia.
SOKATIRA
JOKO OLINPIKOETAN
Gure aro honetako olinpiadetan
hasieran, atletismoko kirol-mota guztiak egitarauaren barruan
azaltzen ziren, baita sokatira bera ere. Egitarauaren parte izan
zen 1.900tik 1.920rarte. 1.920 urteaz geroztik egitarautik kendua
izan zen Nazioarteko Batzorde Olinpikoko (COI) gehiengoaren botazioz
eta jokoetako partehartzaile kopurua murriztu ahal izateko. Erabaki
honek jakina, geldiarazi egin zuen, denboraldi batez, sokatiraren
hedapen handiagoa nazioarte mailan.
Olinpiadetako emaitzak (1.900-20)
OLINPIADA |
URREA |
ZILARRA |
BRONTZEA |
1.900 PARIS |
SUEDIA/ FRANTZIA |
EE.BB. |
DANIMARKA |
1.904
SAINT LOUIS (EE.BB.) |
EE.BB. |
EE.BB. |
EE.BB. |
1.908 LONDON |
BRITANIA HANDIA |
BRITANIA HANDIA |
BRITANIA HANDIA |
1.912 STOCKHOLM |
SUEDIA |
BRITANIA HANDIA |
BRITANIA HANDIA |
1.920 AMBERES |
BRITANIA HANDIA |
EE.BB. |
HOLANDA |
Amberes 1.920
Sokatirak gustuko modalitatea
izaten jarraitzen du azkena izango duen olinpiada honetan. Bost
dira partaideak: Britania handia, EEBB, Belgika, Holanda eta
Italia. Britania Handiak Belgikari irabazten dio bi tiralditan.
Lehenak 29 segundo eta 4 hamarren irauten du eta 38 segundo bigarrenak.
Britaniako taldea londoneko poliziaz osaturik zegoen. Bigarren
posturako EEBBek Holandaren aurka lehiatu behar zuten baina hauek
gaizki ulertze batengatik Amberestik irtenda zeuden. Borrokarik
gabe amerikarren taldeak eskuratu zuen bigarren postua.
SOKATIRA
ELKARTE NAZIONALAK:
NAZIOARTEKO FEDERAZIOA
Zorionez sokatira olinpiadetan
ez azaldu arren, honek ez zuen kirol hau desagertarazi. Mundu
osoan zehar, sokatirak bizirik darrai kirol jarduera bezala.
Atletismoko elkarteen artean, sokatira oraindik diziplina atletikoa
zen eta. Zenbait alditan, feria eta jaialdietan esate baterako,
oso lehiaketa sutsua izaten zen herrien artean.
Ekipoek sokatiraren aparteko
eta burujabe izango zen erakunde baten premia ikusi zuten, Atletismoko
Elkarte Nazionala, modalitate honetaz gehiegi arduratzen ez zelako.
Suediarra da zaharrena: SUENSKA DARGKAMP FORBUDENT(1.933); BRITANIA
HANDIA(1.958) eta HOLANDA (1.959)
Elkarte nazionalak sortu ondoren,
nazioartean lehiatzeko nahia eta beharra ezarian-ezarian areagotzen
joan ziren. Nazioarteko federazioa eratzeko ekimena 1.960. urtean
hartu zuen, elkarte britaniarreko George Httonek. Federazioaren
ideia, suediar elkarteko ordezkariekin lankidetzan sortu zen.
1. Nazioarteko Lehiaketa, federazio
berriak antolatu zuen: Baltikoko Jokoak (1.964), Malmo-Suedian.
Britania Handia, Suedia, Holanda eta Danimarkak parte hartu zuten.
Europako 1. Txapelketa: Cristal Palace-London (1.965). Munduko
1. Txapelketa Holandan.
Diru arazoak tarteko Kontinenteetako
eta Munduko Txapelketak ez dira urtero antolatzen, txandaka baizik,
hots, urte batean Munduko Txapelketa eta hurrengoan Kontinentekoa.
Gaur egun Sokatirako Nazioarteko
Federazioa(TWIF) osatzen duten herrialdeen helburu nagusia da
Sokatira, kirol olinpiko bezala kontsideratua izatea.
SOKATIRA
EUSKAL HERRIAN
Idatzizko aipamenik ez aurkitu arren, euskaldunen
artean sokatira betidanik praktikatu izan den ustea dago. Ditugun
aztarnarik zaharrenak, mariñelen eguneroko zereginari
loturik ditugu. "Sirga"tik tiraka uretatik lehorreratzen
zituzten arrantzuntziak. Era berean balearen arrantza ere aipatu
behar da. Zetazeoaren heriotza lortu ondoren, zatikatzeko beharrezkoa
zen arrastaka lehorreratzea burutik eta isatsetik sokaz loturik.
Lanean hartutako sokari tiratzeko
trebetasunari esker, euren artean lehiatzen hasi omen ziren.
Etnografikoki esan behar da,
soka izenak ezaugarri zeltiarrak dituela. Gaztelaniazko
soga hitzak euskarazko soka hitzean du jatorria.
Eta bidenabar zeltiar sukatik hartua da gure soka.
Dena den, oroitzapenek eta ahozko
tradizioak diote, joan zen gizaldian, sokatira desafioak ohikoak
zirela euskal auzoetan. Pasadizo bezala esan daiteke, 1.915ko
apirilaren 18ko, Euskal Jaietan, Atotxako futbol zelaian Sokatira
lehiaketak burutu zirela, 12 gizonez osaturiko taldeekin. JOLASTOKIETA
deituriko taldea gertatu zen garaile.
Azpeitian ere 1.935. urtean edo,
Euskal Jaietan Azpeitiko taldea, Keixeta aizkolari ospetsuak
prestatu zuen, Oiartzungo taldearekin lehiatzeko, hau Espainiako
txapelduna zen eta irabazi egin zieten oiartzuarrei.
EUSKAL
SOKATIRA NAZIOARTEAN
Hirurogeita hamargarren hamarkada
amaieran ezagutzen hasten da Nazioarteko sokatira. Atzerrian
sokatira egiten zenik oso gutxik zekiten. Aipatu behar da hamarkada
horretan Mutrikuko taldea zela jaun eta jabe Euskal Herrian eta
bera izan zen 1.972an Ingalaterrako taldea Euskal Herrira ekarri
zuena lur-gaineko teknika erakusteko. Ordurarte ez baitzen hemen
lur gaineko teknika ezagutzen. 1.978an Ingalaterran hartu zuen
parte lehen aldiz klub mailan. Urte berean Montecarlo hirian
burututako TWIFen Batzar Nagusian, Euskadiko ordezkariak, Espainiaren
izenean, batzarkide berri bezala onartzen dituzte eta ondorioz
hurrengo urtean Suediako Munduko Txapelketan, nazio mailan parte
hartzen dute Aramaiok eta Mutrikuk, Euskadi (Espainia) ordezkatuz.
Nuarbe 1.980an lehiatzen da lehen aldiz eta 83an Irlandan lortzen
du klub mailan, 560 kilotan, urrezko domina eta 91an Suitzan
nazio mailan. Geroztik ez Europako Txapelketan eta ez Mundukoetan
ez dio inork irabazi azken 9 urte hauetan. Ez da hori marka makala
alajaina. Nuarbek baditu 640 kilotan ere, pisu izarra sokatiran,
beste bi urrezko domina nazio mailan lortuak, 93an Ingalaterran
eta 97an Jersey-n. Esan dezagun bestalde Euskal Herriko taldeek
hala egiten ez badute ere Europako talderik indartsuenek nazio
mailan selekzioak tiratzen dutela eta klub mailan ekipoak, horregatik
bata eta bestearen arteko balioaren aldea.
SOKATIRA
MODALIDADE DESBERDINAK:
Euskal Herrian sokatirak zoru
gogorra izan du gehienetan tiratzeko leku. Oso urte gutxi dira
lur-gaineko modalitatea ezagutu dugula. Zoru gainean tiratzetik
goma gainean tiratzera pasa zen 79-80 urte inguruan. Geroztik
goma-gaineko modalitatean Nazioarteko Txapelketa ere jokatu izan
da. Lehenbizi Getxon jokatu zen 1.991an. Geroztik bi urtez behin
jokatzen da mundukoa. Partaide ohi dira Europako taldeak eta
Japon. Esan behar da bestalde goma gaineko tiraketa Nazioarte
mailan entrenamendurako erabiltzen dela batez ere benetako modalitate
baino gehiago.
TIRATZEKO
TEKNIKAK:
Argi
dago teknika desberdinak direla oso, lurrean ala goman. Askoz
iraupen gehiago behar du lurrekoak, tiraldi luzeagoak dira, tiralariak
lurrean hobeto kokatzen direlako. Teknika oso landua dute Ingalaterrako
taldeek batez ere. Haiei ikasi behar izan diete euskal taldeek
eta zorionez ikasle onak direla frogatu dute. Dudarik ez da zortziko
taldearen kokapena eta zeregina leku bakoitzean desberdina dela
bakoitzaren berezitasunen arabera erabaki beharrekoa. Entrenatzaileak
taldeari agintzeaz gainera gainerako talde kiroletan bezalaxe,
arerioen ahuldadeak ere ikusi behar ditu une egokian agintzeko.
Beste leku garrantzitsua "aingura" lana egiten duen
azken tiralaria da. Berak sentitzen ditu sokaren presio-uneak
ongien eta bera egon ohi da altuen denak ikusiz.
Oinetakoak dira beste puntu garrantzitsua
bai lurrerako, bota egokiak aurkitu behar baitira egin behar
den lanerako eta baita gomarako ere. Aspaldi ez dela lur gogorrean
gomazko abarkak izan dira ia oraintsu arte ikusi izan ditugunak,
lurrari itsasteko. Gaur egun gomari itsasteko zapatila egokiak
bilatzen dituzte.
PISU
DESBERDINAK:
8 lagunez osaturiko taldeak dira
eta gizonezkoen pisurik txikiena 560 kilotakoa. Bataz beste 70
kiloko mutilak dira. Euskal Herriko txapelketatan 600 kiloko
pisua ere neurtzen da nazioartekoetan egiten ez bada ere. Bataz
beste 75 kiloko mutilez osatua. Pisu izarra nazioarte mailan
640koa da, hots, 80 kilokoa bataz beste. Sarritan Euskal Herriko
taldeak eskas samar ibiltzen dira pisu honetan, hots, kilo gutxiagorekin.
Hurrengo pisua 680koa da, hots, 85 kilo bataz beste. Pisu handiena
720 kilokoa da, hots, 90 kiloko mutilez osatua bataz beste. Pisu
honetan ez dute euskal taldeek neurririk eman oraingoz. Preparatuta
90 kilotan sartzeko mutil handiak izan behar baitute, Europa
iparraldean ugariago dira horrelakoak.
Emakumezkoetan, argi dagoenez
pisu txikiagoak dira, 480 kilokoa, bakoitza 60 kilokoa bataz
beste; 520ko, hots, 65 kilokoa eta 560koa, handiena, hots 70
kilokoa. Esan beharrik ez dago euskal taldeek mailarik onena
txikienetan ematen dutela, bai goman eta baita lur gainean ere.
EUSKAL
HERRIA/ORDEZKARITZA:
Beste gainerako kiroletan bezala
Euskal Herriko agintariek badute horretan zereginik eta baita
kirolariek ere. Euskal Selekzioaren aldarrikapena gero eta ozenago
entzuten da gure artean eta kirolarik horretan oso aktiboki ari
dira parte hartzen. Nazioarte mailan sokatirak bere kabuz orain
arte egin izan dituen gestioetan ez dute aurrerapenik lortu.
Argi dago ba hori lortzekotan beste maila batzutan lortu beharko
dela aurrez. Nabarmena da sokatira taldeek bihotzez argi dutela
Nazioarte mailan noren ordezkaritza eta laguntza duten. Antolatzaileek
ordea beti SPAIN jarri ohi dute beren izenean. Lazaro Azkune,
Herri Irratiko esataria |