Rafael
Aguirre Franco, herri-kiroletan aditua |
"Erabat aldatu da
herri kirolen mundua" * Traducción al español del
original en euskara |
Ainhoa Irazu |
Rafael
Aguirre Francok 63 urte ditu. Horietatik 33 Donostiako Kultura
eta Turismo Ekintetxean (KTE) eman ditu. Rafael iaioa da herri
kirolen inguruko kontutan. KTEn zegoen bitartean, hamaika erakustaldi
eta proba antolatu zituen. Horrez gain, gaiaren inguruko hainbat
liburu idatzi ditu. Hori guztia gutxi balitz bezala, EAEko Herri
Kirolen Federazioko lehendakaria izan zen, 1980tik 84ra. Kirolariei
buruz, hitz egiterakoan begiak pizten zaizkio Rafael Agirreri.
Bere aburuz, kirolari garaikideen artean, Olasagasti da nagusi.
Aurreko belaunaldietatik, berriz, "Arria". Hitz eta
pitz aritu gara solasean donostiar honekin.
-
- -Zerk eraman zintuen herri
kirolen antolakuntza finko baten alde lan egitera?
Batetik, herri kirolak
oso gogoko ditut. Horiek gure tradizioan errotuta daude. Bestetik,
60eko hamarkadan herri kirolek ez zuten antolakuntza finkorik.
Orduan, desafioak eta apustuak ematen ziren, baina sueltoak.
Hori guztia dela eta, konturatu ginen, herri kirolak bultzatu
egin behar genituela. 80eko hamarkadan federazioak sortu ziren.
Egun, kirol batzuek, estropadek eta pilotak, esaterako, ikusle
eta zaletu asko dituzte. Beste batzuek, ordea, gutxi: harri-jasotzaileek,
segalariek, trontzalariek eta abar. Oso zaila da kaletarrak mota
horrelako ospakizunetara erakartzea. Oraindik ere, ospakizun
horiek baserritarren munduarekin estu lotuta daude.
-
- -Donostiako KTEk nazioarte
mailako lehiaketak antolatzen ditu. Zein helburu du ekimen honek?
Lehendabizi, Euskal
Herri mailako lehiaketak antolatzen hasi ginen. Hala ere, beste
dimentsio bat eman nahi genien herri kirolei. Orduan, nazioarteko
mailan lan egitea otu zitzaigun. Aizkolarien modalitatean, nazioarteko
beste kirolariekin jarri ginen harremanetan. "Arria",
Mindegia, Ugarteburu eta abarrekin, zazpi aldiz joan gara Australiara.
Bertako lehiaketetan izan gara. Horrek guztiak, dimentsio berri
bat eman die kirolariei. 1976an, joan ginen lehendabizikoz Australiara.
Horrez gain, EEBBetan eta Kanadan izanak gara, besteak beste.
-
- -Beste garai batean apustuak
eta desafioak ziren herri kirolen motore nagusiak. Alde horretatik
gauzak nahikoa aldatu dira. Zeintzuk dira eman diren aldaketa
nagusiak?
Aldaketa nabarmenak eman dira. Lehen,
herri kirolen izanaren arrazoi nagusia, bi indarren arteko lehia
zen. Lehiakideen inguruan ibiltzen zirenek, kirolari baten ala
bestearen alde egiten zuten apustu. Horixe zen herri kirolen
formula bakarra, eta baita dirua jokatzeko modu bakarra ere.
Egun, ordea, dirua jokatzeko beste hainbat modu daude: loteria,
kinielak, lotoa, bingoak... 30eko hamarkadan ez zegoen horrelakorik.
Hargatik herri kirolen apustuak eguneroko gauza ziren. Orain,
berriz, apustuaren mundua jaitsi egin da. "Traviesak"
hor dira, baina, horiek ez daukate zerikusirik lehengo apustuekin.
Apustuak orain ikusleen artean egiten dira, baina ez kirolarien
artean. Oro har, kirolariek soldata finkoak dituzte. Desafioei
dagokienean, bestalde, aizkolarien artean ematen dira, baina
oso gutxi. Egun, erakustaldiak dira nagusi. Ildo horretan, modalitate
batzuek gora egin dute, esaterako, estropadek eta pilotak. Beste
batzuek, ordea, behera. Lehen ez bezala, orain kirol modalitate
asko daude: futbola, saski-baloia, esku-baloia... Horiek diru
kopuru handiak lekutzen dituzte. Edonola ere, herriko jaien antolatzaileak
kontzientziatuta daude, eta beraz, horiek herri kirolen erakustaldiak
antolatzen jarraitzen dute, gure tradizioaren alde garrantzitsua
direla dakitelako.
-
- -Herri kirolen inguruko
lehendabiziko aipamen historikoak XVIIIeko mendekoak dira. Egiteko
moduen aldetik, herri kirol askok tradizioarekiko fidelak izaten
jarraitzen dute: segalariek, harri-jasotzaileek, trontzalariek,
aizkolariek...
Bai. Aldaketa nagusienak estropadetan eta pilotan eman dira.
Beste gainerakoetan lehengo formak mantendu dira gaurdaino. Herri
kirolari gehienak euskaldunak dira. Mundu honetan dinastia handiak
dira nagusi. Esaterako, Mindegiaren semea, aizkolaria da. Jose
Ignazio, "Arria-ren" semea, Xabier, berriz, Ignazioren
iloba eta Jose Ignazioaren biloba da. Guztiak Orbegozotarrak
dira, eta guztiak harri jasotzaileak. Gero, hortxe dugu Perurena,
bera harri-jasotzailea da, eta bere semeak ere bide hori hartu
du. Gauza bera gertatzen da beste herri kiroletan ere.
-
- -Egon diren familia handien
artean, zeintzuk azpimarratuko zenituzke?
Pilotari dagokionean,
oso garrantzitsuak izan dira Atanotarrak, Zumaiako Etxabetarrak,
Retegitarrak, Galarzatarrak...Aizkolariei dagokienean, modernoen
artean, "Arria"tarrak, hau da, Orbegozotarrak. Harri-jasotzaileen
5 belaunaldi izan dira. Horrez gain, Perurena aipatu beharra
dago, nahiz eta bere aita harri-jasotzailea ez izan. Baita Izetarrak
eta Goenatxotarrak ere. Arraunlarien artean, azkenik, Orioko
Sarasuatarrak eta Altxerritarrak edo Donibaneko Sagarzazutarrak.
-
- -Badira gainera, hainbat
modalitatetan diharduten kirolariek. Zeintzuk dira onenak?
Donostiako KTEk herri kirolen Pentatlon-a
antolatzen du. Izenak dioen legez, bost proba ezberdin izaten
dira: enborrak moztea, harria jasotzea, "gizon proba",
hots, idi dema bezala baina kirolariek egina, lasterketa eta
sega. Oro har, kirolari guztiak ondo prestatuta egoten dira.
Badira, baina, "fenomeno" delakoak: Usategieta eta
Teodoro Irazusta, esaterako. Azken hori, arraunlari, pilotari,
aizkolari eta harri-jasotzailea izan zen. Nolanahi ere, nire
ustez, onena Jose Mari Olasagasti igeldotarra da. Berak hainbat
urtetan irabazi du pentatlon-a, alde handiagatik gainera. Olasagasti
oso ona da harria jasotzen. Enborrak mozten, zalantzarik gabe,
onena da. Gero, 90 kilo pisatzen dituen arren, oso ondo aritzen
da lasterketan. Harria irristatzen ere, nahikoa ondo moldatzen
da. Beraz, herri kirolari garaikideen artean, onena Olasagasti
dugu. Aurreko belaunaldietatik, berriz, Jose Ignazio Orbegozo
"Arria".
-
- -Egunak joan egunak etorri,
zenbait herri kirol desagertu egin dira: palanka, barrenadoreak,
korrikalariak... Beste batzuek, gainera, gainbehera ezagutu dute:
trontzalariek, segalariek, idi demak....Zeren ondorioa da hori
guztia?
Alde batetik, beste
kirolen ugaltzearen ondorio zuzena da. Kontua da, orain igandero
badela lasterketa bat, edo futbola, edo saskibaloia eta abar
luze bat. Guzti horrek, neurri handi batean, herri kirolen gainbehera
ekarri du. Palanka hiltzear dago. Auzoetako jai batzuetan izan
ezik, inork ez du jarduten egun palankan. Lehen, berriz, indar
handia zuen modalitatea zen. Gauza bera gertatu da barrenadoreekin.
Kirol hori estu lotuta zegoen harginen lanarekin. Barrenadoreek
zulo bat egiten zuten harrian. Korrikalariak ere, desagertu egin
dira, orain 15 urte modalitate horrek arrakasta handia izaten
zuen arren. Korrikalariek kilometro franko egin behar izaten
zituzten helmugara iristeko, esaterako, Donostiatik Iruñeara.
Haatik, egun, herri lasterketak gailendu dira. Bestetik, nekazaritzan
aldaketa garrantzitsuak eman dira. Garrantzitsuena makina sartu
dela da. Segalariei dagokienean, gaur egun makinek mozten dute
belarra, oso gutxik mozten dute segarekin. Beraz, normala da
segalari gutxi egotea. Ondorioz, ez daude ia desafioak, ondo
prestatuta daudenak gutxi batzuk baitira. Idi demarekin, antzeko
zerbait gertatzen da. Lehen idia lanerako aberea zen. Orain,
berriz, makinek egiten dute lehen idiek egiten zuten lana.
-
-Modalitate batzuk internazionalak
dira: sokatira, pilota, aizkolaritza...Zer nolako maila dute
Euskal Herriko kirolariek? Herri kirol internazionalena,
alde handiagatik gainera, sokatira da. Nazioarteko federazioa
dago, eta horretan 33 herrialde ezberdinek izena emana dute.
Alde horretatik, presio handia dago sokatira kirol olinpikoa
bihurtzeko. Hemengo sokatira taldeen artean, Nuarbekoa aipatuko
nuke, izan ere, herri horrek 600 biztanle baino ez ditu, eta
sokatira talde indartsu bat du, indartsuenetakoa esango nuke.
Oro har, uste dut, Euskal Herriko emakumeak eta gizonezkoak oso
gogorrak direla. Hori pilotan argi eta garbi ikus daiteke. Pilota
modalitate ezberdinak daude munduan zehar, nolanahi ere, gogorrena,
esfortzu handien eskatzen duena, euskal pilota da. Aizkolaritzari
dagokionean, Australia dugu herrialde indartsuena. Ondoren, Zelanda
Berria. Azken honetan, aizkolaritza ohiko kirola da. Ezberdintasun
nagusiena, bi herrialde horietako probak oso laburrak direla
da, gehienera bi minutukoak izaten dira. Hemengoak, berriz, "maratonianoak"
dira, hau da, proba batek 30 minututik gora iraun dezake. Beraz,
proba luzeetarako behintzat, hemengo kirolariak askoz ere hobeto
prestatuta daude.
-
- -Diozunez, indarra eta
gogortasuna dira hemengo herri kirolarien ezaugarri nagusienak...
Bai, halaxe da, modalitate
guztietan gainera. Gure herri kirolek esfortzu handia eskatzen
dute. Horrez gain, denborari dagokionean, hemengo probek kanpokoek
baino askoz ere gehiago irauten dute. Esaterako, lasterketetan,
kirolariek 100 kilometro egiten dituzte. Aizkolaritzan, bestalde,
Australiarrek enbor bat mozten dute eta guk, berriz hogei bat.
Harri jasotzean, azkenik, ez dugu 100 kilokoa 100 aldiz altxatzen,
300 kilokoa ez dakit zenbait alditan baizik. Alde horretatik,
herri hau nahikoa basatia da.
-
- -Beste kiroletan, futbolean
esaterako, pil pilean dago euskal selekzioaren gaia. Nazioarte
mailako herri kiroletan, ba al da antzeko asmorik?
Zoritxarrez, beste
kiroletan gertatzen den legez, gauzak nahikoa berde daude. Edonola
ere, soka-tiran badira euskal selekzioa sortzeko proposamenak.
Alde horretatik, borroka handia eman da, izan ere, nahiz eta
espainiar estatuan talderik ez egon, hemengo talde batzuek, Nuarbek,
esaterako, Espainiaren izenean parte hartzen dute. Hori penagarria
da. Gauza horiek, hala ere, nazioarte mailako asanblada orokorrean
erabakitzen dira. Noski, horretan, Espainiako komite olinpikoak
zeresanik ugari du. Nazioarteko taldeen artean; irlandarrak,
eskoziarrak eta abar, euskal selekzioa sortzearen aldekoak dira.
Espainiarrak, holandarrak eta alemaniarrak, berriz, ekimen horren
aurka daude, nahikoa atzerakoiak direlako. Bozkaketetan beti
aurka agertu dira. Zentzu honetan, uste dut, euskal selekzioa
sortu beharko litzatekeela.
-
- -Zenbait modalitatetan,
pilotan, esaterako enpresa handiak sortu dira. Pilotaren kasuan,
herriaren dibertimendurako jarduera izatetik diru kopuru handiak
mugitzen dituen industria jarduera izatera igaro da. Zer dela
eta, eman da bilakaera hori?
Pilotak beti indar
handia izan du. Esaterako, 1880an, Donostiak 34.000 biztanle
zituen. Orduan, hirian 4 pilotaleku zeuden, horietatik bi industrialak:
Moderno eta Urumea, hain zuzen ere. Pilotaren munduan, bilakaera
garrantzitsua eman da. Lehenik eta behin, modalitateak aldatu
egin dira. Lehen "guantea" zen nagusi. Aurrerago erremontea
eta zesta punta sortu ziren. Orain, berriz, erregina, esku pilota
da. Bestalde, Franco aurretik pilota jarduera nahikoa baztertuta
zegoen. Ondoren, herri guztietan pilotalekuak eraiki zituzten.
Ostean, pilota eskolak sortu ziren. Horri esker, egun, gazte
asko ikasten ari dira. Bilakaera egundokoa izan da, eta horretan
telebistak eragin handia izan du. Urratsak argiak dira: lehendabizi
azpiegiturak sortu ziren, gero pilota eskolak eta azkenik, informazio
azpiegiturak. Joera horrek, enpresak sortzea ahalbidetu zuen.
Egun, Asegarce, Aspe eta beste enpresekin gertatzen ari dena,
oso dramatikoa iruditzen zait. Zaleentzat, gainera, nahikoa penagarria
da, izan ere, esaterako, Arretxek ezin du lehian jardun Elkororekin
eta abar. Beraz, enpresa bakoitzak bere txapelketak eta txapeldunak
ditu. Edonola ere, uste dut enpresa horiek zerikusi handia izan
dutela pilotaren bilakaeran. Berez, enpresen sorkuntzak alde
onak eta alde txarrak ditu.
-
- -Hori guztia dela eta,
ez al du pilotak bere izpiritua alde batera utzi?
Oraingo pilota ezberdina
da baina, ez dut uste, kirolaren ardatza galdu denik. Egia da,
lehen partiduak familia girokoak zirela eta abar, baina oinarriz,
pilotak kirol berdina izaten jarraitzen du. Esaterako, 1.786an,
Zaldibiako Iztueta pilotariak dirutzak mugitzen zituen apustuetan.
Bilakaera izugarria eman da, baina, berez, kirolak bere jatorriari
fidela izaten jarraitzen duela uste dut.
-
-Estropadei dagokienean, urte gutxi
batzuen buruan traineru berri asko sortu dira. Nondik dator ugaltze
hau? 1964ean, Kontxako
estropadetan soilik bost traineruk parte hartu zuten. Handik
5 urtetara, ordea, sailkapen bat egin behar izan genuen 10 bat
traineru zeudelako. Une honetan, Euskal Herrian, 30 traineru
daude: iparraldean 2, Gipuzkoan 13 eta Bizkaian 14 bat. Zergatik
ugaltze hau? Nire ustez, traineruak estu lotuta daude herriekin,
eta traineru bakoitzaren atzetik herri oso bat dago. Pasaia dugu
muturreko adibidea, izan ere, 17.600 biztanle ditu, eta 4 traineru:
Trintxerpe, Donibaneko, Koxtape eta San Pedro. Horiek guztiak
ez ditu diruak mugitzen, zaletuek baizik. Estropadetan pilotaren
kontrakoa gertatzen da. Kirolariek tradizioz eta zaletasunez
hautatzen dute arraunlari izatea, ez dirua irabaztearren.
-
- -Estropadetan, Euskal
Herriko liga dugu. Nolanahi ere, horren inguruan luze eta zabal
eztabaidatu da: Bizkaiko traineru bakarra dagoela, Castroko traineru
batek parte hartzen duela horretan...Zure ustez, zein da arazo
nagusiena?
Euskal Herriko ligan
Gipuzkoako 13 traineruk, Ondarruk, Castrok eta Astillerok parte
hartzen dute. Estropaden mundua oso arazotsua da. Kontuan hartu
behar da, traineru bakoitzaren atzetik, entrenatzaile bakoitzaren
atzetik, herri oso bat dagoela. Gero, bizkaitarrek maila okerragoa
dutenez, ez dute ligan parte hartu nahi. Berez, mundu hori oso
banatuta dago. Horixe da arazo nagusiena. Euskal Herriko ligan
bakarrik gipuzkoarrak daude. Gero, kontraesan bat badirudi ere,
kantabroek dihardute horretan. Bizkaitarrek, bere aldetik, Bizkaiko
ligan dihardute. Alde horretatik, estropaden mundua oso berezia
da. Nire ustez, konponbide bat aurkitu beharko litzateke banaketarekin
bukatzeko.
-
- -Beste jatorriko kiroletan
legez, herri kiroletan ere, dopin kasuak eman dira: estropadetan
Pasai Donibaneren kasua dugu, harri jasotzean Mieltxo Saralegirena.
Ez al du dopin-ak herri kirolen berezko ezaugarrien kontra egiten?
Bai, hori ere egia
da. Trainerutan zenbait kasu eman dira. Horrez gain, Saralegiren
adibidea dugu. Kontua da, Saralegik diru kopuru bat kobratzen
duela errekor bat apurtzeagatik. Txirrindularitzan gertatzen
den legez, askotan dopajearena medikuntzako neurriekin nahasten
da. Esaterako, errepidean dabiltzan txirrindulariek, lasterketak
bereziki gogorrak direnean, neurri txikietan estimulanteak dituzten
botiketara jotzen dute. Hori, noski, ez datoz bat herri kirolen
izpirituarekin. Edonola ere, kirol guztietan gertatzen den gauza
da. Erdi profesionalizatuta dagoen eta esfortzu handia eskatzen
duen edozein kiroletan, eta, batez ere, dirua tartean dagoenean,
dopin kasuak ematen dira. Uste dut, guzti hori gizartearen bilakaeraren
ondorioa dela. Duela 30 urteko txirrindulariek eta futbolariek
ez zuten ezer hartzen. Azken urteetan, baina, medikuntzan aurrerapen
ikaragarriak eman dira. Hori guztia dela eta, zoritxarrez naturaltasuna
galdu da. Bestalde, zoritxarrak ere izan dira, esaterako, anfetaminak
sortu zirenean, "Errekalde" harri-jasotzailea, lehiaketa
baten ondoren hil zen. Hori guztia 1969an izan zen. Ziotenez,
"Errekalde" dopinaren ondorioz zendu zen. Bestalde,
idi deman, idiei anfetaminak ematen zizkieten urarekin nahastuta.
Egun, analisiak egiten dira dopajea ekiditeko.
-
- -Aldaketekin jarraituz,
emakumeak sartu dira herri kirolen munduan. Lehen ez bezala,
orain zenbait emakumek heldu diote aizkorari, esaterako, Saralegik
eta Goitia ahizpek. Badira, gainera, soka-tira taldeetan aritzen
diren emakumeak eta baita traineruetan ibiltzen direnak ere.
Ekingo al diete beste modalitateei?
Ez dut uste. Dauden emakumeek gauza anekdotikoak
egiten dituzte, herriko jaietan, batik bat. Esaterako, Urretxuko
Goitia ahizpei lizar enborrak jartzen dizkiete, bigunagoak direlako.
Erakustaldiak, oso ikusgarriak izaten dira. Edonola ere, ez dut
uste horrek aurrera egingo duenik. Pilotan, 30 eta 40eko hamarkadan,
frontenis delako modalitatean, emakumeek ospe handia hartu zuten.
"Txikita" deritzen zitzaien horretan ziharduten emakumeei.
Orduan, "txikita" dezente zeuden, 60 bat inguru. Soka-tirari
dagokionean, berriz, orain 20 urte, emakumezkoen liga indartsu
bat zegoen. Herri askotan zegoen talde bat: Igeldo, Usurbil,
Zarautz...Haatik, hori guztia desagertu egin da. Herri kiroletan
aritzeko indar handia behar da, eta ez dut uste emakumeek mundu
horretan sartzeko gogoa dutenik.
-
- -Bitxikeriarik ere bada,
esaterako, Azkoitian ospatzen diren ahari probak. Animaliak babesteko
legeak galerazi egiten ditu probok. Zein iritzi duzu guzti horren
inguruan?
Egia da, araudiaren
arabera, ahari probak galerazita daudela. Gertatzen dena da,
toleratu egiten direla. Jendeak ospakizun horien aurrean, begiak
itxi egiten ditu. Beraz, ohitura duten lekuetan oraindik egiten
dira. Bestalde, animalien babeserako taldeen artean ika-mikak
sortu badira ere, ez dut uste desagertu behar direnik. Izan ere,
kasu bakanak dira. Egia da, ospakizun horiek krudelak direla.
Nolanahi ere, ni ahari probak mantentzearen aldekoa naiz.
-
- -Zein da gutxien ezagutzen
dugun herri kirola?
Beharbada lasto probak.
Horiek iparraldean aski ezagunak dira baina hegoaldean horrelakorik
ikusteko aukera oso gutxitan egoten da. Gero bada besterik, barra
jaurtiketa esaterako, dagoeneko desagertu dena.
-
- -Eta minoritarioen dena?
Bada, toka edo boloak. Lehen askotan ospatzen ziren joku horiek
sagardotegietan eta. Boloa oso zabalduta dago munduan. Dena dela,
hemengo boloak oso bereziak dira, inon baino gehiago pisatzen
dute, 8 kilo pasatxo, hain zuzen.
- Argazkiak: Ainhoa Irazu
Euskonews
& Media 45.zbk (1999 / 9 / 8-17) |
|