Santiagoren Ikonografia
Gipuzkoan |
Ana Isabel Ugalde
Gorostiza |
- Artículo publicado
en ONDARE (Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales
de Eusko Ikaskuntza), núm. 12, págs. 25-67.
-
-
- Lan honek, izenburuak dioenaren
arabera, Santiago apostoluak gipuzkoako probintzian arte ederretan
izan duen eragina aztertzea izan du helburu. Desagertutako irudiak
asko izan arren, berari eskainitako 3 erretaula eta 34 irudi
soial ezagutzera eman nahi ditu. Kronologiari dagokionez, oso
esparru zabala hartzen dute, Ertaro bukaeratik XX. mendera artekoa
hain zuzen. Eurak sortu ahal izateko, sasoian sasoiko izpiritu
eta giro erlijiosoari hurbildu nahi izan du, eta denboran zehar
berariko kulturak jasotako gora-beheren berri emanez, ikonografian
egon diren aldaketak azaldu.
-
- Este trabajo, tal como indica
su título, tiene por objeto el estudio de la influencia
del apóstol Santiago en el arte de la provincia. A pesar
de las muchas las imágenes desaparecidas, quisiera dar
a conocer los 3 retablos y las 34 imágenes a él
dedicadas. En lo referente a la cronología, hemos de destacar
el largo período de tiempo que abarcan, desde finales
de la Edad Media hasta el siglo XX. En el trabajo se pretende
un acercamiento al espíritu y ambiente religioso de la
época en que fueron producidos y también se exponen
los cambios que ha sufrido dicha iconografía, señalando
las vicisitudes que su culto ha sufrido en el transcurso del
tiempo.
-
- This work, as its title suggest,
aims at studying the influente of Saint James James the Apostle
on art in the province. In spite of the fact that many of these
images have disappeared, I would like to mention the 3 altarpieces
and 34 images dedicated to him. With reference to their chronology,
we have to underline the long period of time which they cover,
from the end of the Middle Ages until the 20th century. In this
work we endeavour to approach the religious spirit and atmosphere
of the sea era during which they were produced and also mention
the changes suffered by this said iconography, thereby signalling
the vicissitudes which its cult has suffered over the course
of time.
-
-
- Compostelako Urte Santua (1) ospatu den 1993an, beste azkenengo Urte Santu
guztietan bezala, asko hitzegin da Santiago Bideak izan zuen
inportantziaz Euskal Herrian. Guztiz frogatua eta onartua Iparralde,
Ekialde eta Hegoaldean, baina korapilatsuagoa Gipuzkoa eta Bizkaiari
dagokienez. Gu, gure aldetik, Gipuzkoan Santiago Apostoluari
eskainitako kultoak arte ederretan izan zuen eragina aztertzen
saiatuko gara.
-
- Gogora dezagun zelan eta noiz
sortu zen Santiagoren fenomeno paregabea. 813. urte inguruan
Santiagoren hilobia Pelagio izeneko monje batek aurkitu ornen
zuen, gero Compostela izenaz ezaguna izango zen eremu batean,
eta Iria Flavia-ko Teodomiro apezpikuari gaztigua eman zion.
Asturiasko errege Alfontso Ilak jakin zuenean, «Iocus sanctus»
bera (leku santura) joan, erlikiak gurtu eta eliza bat eraikitzea
agindu zuen 834. Urte inguruan Teodomiroren ardurapean, urteekin
egun ezagutzen dugun katedralea bilakatuko zena. Martiriaren
«potentia» (indarra) eta «praesentia»
(presentzia) Europako Mendebaldeko muturrean bere osotasunean
ulertu ahal izateko kristauen artean, tradizio bat prestatuz
joan zen poliki poliki, istorio, mirari eta abarrez hornitua.
Gorpuaren agertzea («inventio») berehala izan zen
dotoretua azalpen gehigarri batzurekin: Santiagoren predikazioa
Hispanian, oraindik Apostolu zela; Jerusalemen hil ostean K.o.
44. urtean, gorpuaren ekartzea Galiziara («traslatio»);
bertan eskeini ornen zioten kultua eta ondorengo ahaztualdia,
berriro ere Hispanian agertu arte. Horren arabera, Alfontso Ilak
eta Teodomirok berriztatu besterik ez zuten egin V mendera arte
bizirik ei zegoen kultua, eta berriztatu ere antzinako erara,
martiriaren hilobira pelegrinaldia eginez (2).
-
- Gertakariak oihartzun haundia
izan zuen Europa guztian eta jakin orduko hasi ziren pelegrinoak
(3) Compostelarako bidea egiten. Hasieran anonimoak
izan ziren, eta segurutik gehienak Asturiasko Erresumakoak (Galizia
Asturiaskoa baitzen), Oviedo-Compostela izango zelarik sasoi
hartako Bide-Bidea. Baina X mendean dokumentatuta dago Pirinioez
bestaldekoek ekin zioetela bideari, ez dakigularik nondik zeharkatu
zuten Penintsulako iparraldea (4). Dena den, XI mendean,
Nafarroako Antso Ila Nagusiak (1004-1035 bitarteko erregealdiaz)
taiutzen hasia zegoen bidea hegoalderantz jaitsi zuen, Errioxa
eta Burebarantz bultzatuz. Geroago, Iratxeko (1051-1054) eta
Naxerako (1052) ospitaleak eraiki ziren, Garesko zubia egin zen.
Politika bera segitu zuten Aragoako Santxo Ramírezek eta
Leon-Gaztelako Alfontso Vlak, Bideko hiriak sendotu, zubiak eta
galtzadak zaindu, eta pelegrinoak babesteko ekimen haundiak egin
zituztelarik (5).
-
- Esan genezakeena da XII menderako
Europa osoan guztiz ezagunak zirela Compostela eta pelegrinaldiak,
eta bertara zihoazenek Euskal Herritik pasatuz, Santiago Bidea,
Done Jakue Bidea edo Frantzes Bideaz ezagunago den bidea zerabiltela,
hots, bide «ofiziala»; Erdi Aroan eta beranduago
ere «best seller»a izan zen Aymeric Picaud-en «Codex
Calixtinus» gidaliburuan argi eta garbi agertzen den moduan
(6).
-
- Gipuzkoa eta Compostelarako
pelegrinaldíak
- Baina zer gertatu zen Bide ofizialetik
kanpora geratutako Gipuzkoa moduko lurralde batean? Pasatu ote
ziren pelegrinoak? Asko ala gutti izan ote ziren? Nondik nora
zeharkatu zuten probintzia? Noiz hasiko ote ziren lehen pelegrinoak
pasatzen? Joango ote ziren bertakoak Compostelara?
-
- Gaiari buruzko bibliografia
irakurriz gero, salbuespen batzuk ezik, edo Eusko Jaurlaritzak
hartu berri duen erabakiaren aurrean (7),
behin eta
berriz hiru ideia nagusi errepikatzen direla esan genezake: Gipuzkoan
bezagoela Santiago Bidea; Santiago Bideak kostaldekoa eta San
Adriangoa zirela, eta kostaldekoa Nafarroakoa baino zaharragoa
dela.
-
- Iturriek, berriz, besterik esaten
digute, eta bideen historiak ere (8)
egindako
eta egiten diren baieztapen asko eta asko loka jartzen ditu;
pelegrinaldiek mende askotan iraun baitzuten (gora-behera haundiekin),
eta Gipuzkoaren bilakaera, bide eta hirien antolamendua, egoera
politiko, sozial eta ekonomikoa oso desberdinak izan zirelako
Ertarotik honako mende luzeetan zehar.
-
- Gipuzkoa geografikoki ondo kokatuta
egon arren Penintsulako iparraldeko Santiago Bidea hartzeko,
zein kostaldekoa (Oviedoko San Salvador ikusiaz zihoana) zein
barnekaldekoa, ez zen, ordea, kanpotarren pasaleku izan oso berandura
arte. Eta ez dirudi Compostelaranzko ibiltariak (edo bueltan
zetozenak) asko izan zirenik. Elena Barrena ikerlariak, bideen
historia egiteko, esku artean ibili duen Ertaroko dokumentazioaren
arabera, hirutan besterik ez dira aipatzen:
-
- 1397an Gipuzkoako Hermandadeak
hartutako erabaki batean, zeinean dioen eskekotasuna debekatzeari
buruz: «si fuese romero o otro estrangero que pediere por
amor de Dios que pueda pedir non dormiendo en cada lugar mas
de una noche».
- 1484an Orioko txalupa
erabiltzearren pagatu behar zen tasari buruz dioenean, salbuespena
egiteko «a pelegrinos y personas pobres que le non Ilevásedes
cosa alguna».
- 1475-1499 bitartean Gatzagako
bidasariari buruzko auzian diotenean, oinezkoak zirela «vecinos»,
«mercaderes», «peregrinos» eta «pobres» (9).
-
Santiago
bide moduan aurkeztutakoak ez ziren, segurutik, komunikabide
arruntak baino izan, pelegrinoek takian-takian erabiliak; baina
ez eurentzat apropos eginak; edo, egin ezean, eurentzako moduko
zerbitzuez hornituak; bertako pertsonen eta herrien arteko komunikazioa
areagotzeko baizik, garaiko bertako biztanleen premiei erantzuteko,
alegia. Pelegrinoek probintzia honetan zeuden bideak erabili
bazituzten, ezin dezakegu Santiago Bideaz hitzegin, Santiago
(?) bideez baino; eta bideak hain ugariak izanik, arestian aipatutako
biak baino gehiago izan ziren.
-
-
- Hala ere, sarritan irakurri
izan dugu Frantzes Bidea taiutu aurretik, XI mendera arte, Gipuzkoa
eta Bizkaiko kostaldetik abiatzen zirela Compostelarantz, eta,
beraz, biderik zaharrenak Gipuzkoatik zihoazela, Gipuzkoaren
izenik behin ere agertu ez arren. Baieztapen hau egiten lehena
Esteban de Garibay XVI mendeko historiagile euskalduna izan zen (10). Historiagile honek bere «Los cuarenta libros
del Compendio historial de las Crónicas y universal historia
de todos los reinos de España» idazteko dokumentu
asko eta aurretikoen lanak erabili ei zituen, zeintzutan sarritan
agertzen baita Arabatik pasatzen zirela Frantzes Bidekoak. Goi
Ertaroko kroniketan esaten da «per devia Alavae Peregrini
declinabant»... «timore maurum» (Arabako bide
galduetatik zihoazen pelegrinoak... mairuen beldur). Gaztelako
errege Alfonso Xak (1221-1284) bere «Crónica General»ean
Santiago Bideaz zioen Naxera, Burgos, Carrión eta Leondik
gauzatu aurretik «ante daquello por Alava et por
Asturias yva el camino francés» (11).
-
- «Mairuen beldur»
izatearen ohizko interpretazioa bideak kostaldera eramatea izan
da Baina egungo ikerketek diotenen arabera, ezinezkoa da berau
mantentzea: itsas merkataritzaren aipamenak oso bakanak dira,
bideak mantentzeko moduko populaguneak ere ez dirudi zeudenik
(X mende bukaeran Irungo Santa Elena bakarrik agertzen da dokumentatua,
eta XI mende bukaeran Donostia eta Astigarribia), erabilitako
adbokazioen argumentua ere ez da nahikoa, zeren probintzia guztian
barrena bideetako saindu zaindarien eliza eta ermitak kostaldean
bezain ugariak diren. Honi gaineratuz gero normandoen erasoak
ez zirela guztiz ezezagunak Kantauriko kostaldeetan, begien aurrean
plantatzen zaigun egoera ez da batzuk gura izango luketen bezain
ederra ibiltarientzat.
- Litekeena da mende ilun haietan
Arabako bide galduen artean Arakil-Araiatik zetorren bidearen
adar bat Arlabandik Gipuzkoan sartzea, Deba Garaia pasatuz (artean
Araba baitzen), Elorrio aldean sartu, Enkarterrietara abiatu
(garaian Bizkaia Gipuzkoa baino aurreratuagoa zegoen), eta Oviedotik
zehar Compostela heltzeko (12).
-
- Bada beste arlo bat pelegrinaldi
guztietan gogoan izan behar dena, pelegrinoen «costatuarena»
hain zuzen. Gipuzkoak ez zuen, Arabak zeuzkan moduan (13), XI mendea baino
lehen (gero ere urri) baldintza objetiko haundirik pelegrinoek
zeharkatu ahal izan zezaten. Egia da Irunek bere alde erosotasuna
zeukala (lautadan zegoen eta), baina egia da, baita, ibiltariek
zertxobait gehiago behar zutela bidea egiteko; hala nola, monastegiak,
populaguneak eta ospitaleak; gaua pasatu, lo egin, gaixoak osatu,
jan eta babestuta sentitzeko, eta orain arteko azterketek diotenez
ia ez zeudenak.
-
- XII mendean, ostera, Gipuzkoa
antolatuago agertuko zaigu. Elizaren ordenamendua 3 diozesitan
mantentzen zen: Baiona, Calahorra eta Iruñea. Europa guztian
moduan, hazkunde demografikoa txikia baina etengabea izan zen,
nekazaritzarako lur egokiagoak bilatuz kostaldean eta bailaretan
auzuneak eratu ziren, eta 1180.urte inguruan Donostiako hiria
sortu zuen Nafarroako erresumak. Probintziaren hegoalderaino
Arabako Gebaratarrek bere jaurgoa hedatu zuten, antolamendu berri
bat ezarriz (14). Azkenean, Nafarroa eta Gaztelaren arteko
urte askotako liskar eta tirabiren ostean, 1200. urtean Gipuzkoa
Arabarekin batera Gaztelako erresumaren partaide bihurtu zenean,
aro berri bat zabaldu zen.
-
- XI mendean, ardien uda-neguko
joan-etorriei jarraiki, Bizkaia eta Nafarroaren artean sendotutako
bideei, XII mendeko aurreratzeak beste batzuk erantsi zizkien,
kuadrikula itxurako sare bat sortuz, betik indarra hegoaldeak
zuelarik. Azken mende honen akaberan baditugu beste bi elementu
guztiz adierazgarri gerta dakizkigukeenak eta elkarren arteko
harreman estu-estua dutenak: bata, bideak zaindu eta mugak indartzeko
Nafarroako erresumak eraikitako gazteluak eta bestea, garai kideak
edo berandutxoagokoak diren Arte Erromanikoaren aztarnen «kontzentrazioak».
Hauen arabera bi komunikabide ardatz nagusi ditugu Gipuzkoan:
Nafarroarekin lotzen zuena, Enirio eta Aralartik, eta Arabarekin
lotzen zuena, Arlabandik (15). Batak Aralarko San
Migelekin eta zonalde horretako arte erromanikoarekin du zerikusia,
eta besteak, berriz, Estibalizkoarekin.
-
- Arte erromanikoaren presentziak
(berandutxo bada ere) lehengo aldiz egiten gaitu Ertaroan Europan
hedatu zen korronte estetiko baten jabe. Barrukaldean egoteak;
barne bilakaerak sortutako bideen inguruetan; aztarnen urritasunak;
eta horretan Euskal Herriko aberatsenetarikoak diren probintzien
mugetan egoteak frogatuko lukete pelegrinaldietako artea deitu
den korronte hau, haundiago baten oihartzun bat besterik ez zela
izan, oraindik pelegrinoek ez zutela probintzia hau zeharkatzen
baieztatuz.
-
- XIII eta XIV mendeetan Gipuzkoak
bere geroa aldatu zuen hitar antolamendu berria ezagutu zuen.
Beste probintzietan ez bezala, gaurdaino iraun duten 25 hiribilduetatik,
XIII mendekoak erregeen ekimenari esker sortuak izan ziren, eta
XIVekoak, ostera, populaguneetako biztanleek eskatuta (16).
-
- Gogoan behar dugu izan itsasaldeko
fundazioak ulertzeko, 1200. urteko gertakarian galtzailea Nafarroako
erresuma izan zela eta irabazlea, berriz, Gaztelakoa. Hasierako
fundazioetan (1203-1237 bitartean, Hondarribia, Getaria, Mutriku
eta Zarautz sortu ziren) helburu nagusiena Nafarroari itsasorako
irteera kentzea izan zen. Belatetik Donostiara eta Hondarribiara
zetorrena itxi ostean, nafarrak (XI eta XII mendeetan sendotutako
bideak erabiliz) hel zitezkeen beste portuak kontrolatzeari ekin
zioten. Kantauri aldeko irteera galdutzat ikusi zutenean soluzioa
Nafarroako eta Gaztelako errege eta erresumen arteko hitzamenen
bitartez heldu zitzaien historiografiak ongi adierazi duen moduan.
-
- Marko honetan kokatu beharko
genuke, Gipuzkoatik Santiagorako lehen pelegrinoak eurekin pentsatutako
bide batetik pasatzen hasten direneko garaia. 1165etik aurrera
frogatuta dago Belaten pelegrino ospitale bat zegoena Iruñeko
Apezpikuaren menpe eta San Agustinen kanonigoek zerbitzatua,
Santa Mariarena alegia (17), eta 1200 ingurukoa
ornen da Hendaian Gaztelako Alfonso Vlllak edo Fernando Illak
eraiki zuen Zubernoako Priorenia ospitalea, Santiagoren Ezpata
Gorriaren ardurapean jarria (18). Hau izango litzateke,
gure ustez, Gipuzkoan Santiago Bide bateaz, laburra bada ere,
hitzegiten has gaitezkeen lehen aldia. Baiona eta Hendaiatik
zetozenak, Irundik Berara pasatu, Baztandik Belate aldera abiatuko
ziren eta Iruñetiko Santiago Bideagaz Arreko Trinitatean
bat egingo zuten. Bide honetaz ari zen 1435.ean oraindio Nafarroako
Doña Blanca erregina, «Cámara de Comptos»
delakoari agindu zionean Iruñeko merkatarien artean galdetzeko
Lesaka eta Beratik Hondarrabiara joatearen egokitasunaz (19).
-
- Fundazioen 2.fasean, Gaztelako
Alfonso Xak bere erregealdian (1252-1284) hiribildu agiriez aurreko
tendentzia sendotu zuen: 1256an Segura eta Tolosaz Nafarroarako
komunikabideak bermatu zituen eta 1260an Mondragoekoaz Araba
eta Bizkaikoak. 1268an, berriz, Ordizia eta Bergarak beren fundazioen
bitartez lehengo paper berberaz segitu zuten, Ekialde-Mendebalde
norabidean Nafarroatik Bizkairako pasatu beharreko hiriak izaten
hain zuzen ere. Itziarko sorreraz Sancho IVak 1294an kostalde
guztia hiritan antolatzen bukatu zuen, baina oraindik lotu barik
barruko eta kostaldeko hiriak ez baitzen egon tarteko fundazio
bat ere ez.
-
- Nahiz eta beherakada nabarmena
izan ekonomiak eta demografiak Europa guztian bezala, XIV mendean
helduko zitzaien ordua erreken haranetako hiribilduei. Modu horretan,
biztanleek eskatuta sortu ziren itsaso eta probintziaren hegoalde
artekoak, Urolaldea bihurtu zelarik bidegurutze garrantzitsua
(1351ko Korteetan Mondragoe Getariako lehorreko portu izendatu
zuten eta Segura, berriz, Mutrikukoa). Mende honen erdialdean
Mondragoek aspalditik bidegurutze gisa izandako protagonismoa
(Mondragoe - Kanpazar - Elorrio, Mondragoe - Oñati - Segura
- Lazkao - Zaldibia - Aralar) Bergarari eman zion inguruko fundazioei
esker (Elgeta, Plazentzia, Elgoibar, Urretxu, Azpeitia, Azkoitia)
Eta sasoi berean, 40. hamarkadan, bailara osoa komunikabideetarako
lotuko zituen gertakari bat izan zen, Monreal de Devaren sorrera
alegia, Itziarkoek erreka ondora jaistea eskatu ziotenean Gaztelako
erregeri. Honela ba, lehenengo aldiz taiutu zen Gipuzkoan erreka
bati jarraiki Gaztela eta Arabatik itsasora heltzeko bide bat,
erosoa eta antzinakoak baino motzagoa; Gipuzkoan agintzen zuen
Gaztelarentzat Arlabangoa izan zela beti iparralderanzko bide
naturala frogatuz. Argi azaldu zuen berau 1457an Hermandadeak
ere zioenean «...la villa de Salinas de Lenis e tierra
e valle de Lenis son puerta e entrada de la dicha nuestra provincia
de Guipuzcoa...» «...es la mejor e principal entrada
de las dos entradas que ha la dicha provincia...» (20).
-
- Bi sarrera hauetariko bestea
San Adriangoa izango zen, segurutik; XV mendearen erdialdera
arte goi mailako komunikabide moduan ia erabili bakoa, eta harrez
gero dokumentazioan erruz agertzen dena. Gipuzkoako Hermandadean
egundoko ahaleginak egin ziren berau indartzeko eta indartze
honetan Oria inguruko herriek, bertan zuten pisuaz baliatuz,
Gaztelaranzko irteera propio bat bilatzen saiatu ziren, baita
lortu ere. Garai hartan Gatzaga (bere gogoaren kontra) Arabako
Hermandadekoa zen, Oñatiko Kontearen menpe zegoelako eta
honek behar ez zituen tasak kobratzen ei zituen bertatik pasatzeagatik.
Egoera honek Segurakoen alde jokatu zuen eta San Adriango Kobako
pasalekua, Arlabangoarekin batera, Gaztelarako goi mailako bide
bihurtu zen.
-
- Deba eta Oria erreken inguruan
eratutako bideak izan baziren garrantzitsuenak, Gipuzkoako beste
bailarek ere antzeko fenomenoa ezagutu zuten, besteak beste Urumeak,
Bidasoak, Leizaranek (Nafarroa alderuntzko komunikabideak sendotzeko)
edo Urolak, Biozkorna eta Urbiatik Arabarako bideak indartu gura
izan zituztenean (21). Arestian aitatu dugun Arlaban eta San
Adrianen nagusitasuna bideekin zerikusia duten XVI mendeko erabakietan
nabaritzen da. XVIII mendean Arlabanek, bere postabidea zela
medio, lehenago zuen protagonismoa berreskuratu zuen, San Adrianen
kalterako (22).
-
- Eta San Adriangoa izan bada
aztertuena, famatuena eta pelegrinazio bide moduan ere gehien
ikertu dena (23), ez litzaioke Gipuzkoako historiografiari
gaizki etorriko Nafarroa eta Arabako lautadetara heltzeko antzinako
bideetako herrietan artxibo, toponimia edo adbokazioen azterketak
egingo balira, sorpresa haundiak edukiko baikenituzke. Adibide
gisa, aipa genitzake Ataungo Santiago ospitalea (gaur egun Hospitalene
baserria), edo Arratekoa, edo Deba Bailarako kasua.
-
- Deba Bailara, orain arteko azterketa
historikoek argi utzi duten moduan, komunikabide inportante batizan
zen Ertaro guztian zehar eta Aro Modernoan ere bai. Bideko santuen
adbokazioak (Santa Marina, Madalena, Santiago, San Roke, San
Kristobal, San Martin Tourseko) oso ugariak dira; Donostiakoa
baino XVI mendeko urte askotan merkatal aktibitate haundiagoko
portua zuen akaberan; hirietan ospitale dokumentatuak zeuden;
eta bazuen, bestalde, Gatzagako lurretan, eta herritik aparte,
hospederiadun Dorletako Ama Birjinaren santutegia. Santutegi
honetan asko ei ziren erlikiak (besteen artean Kristoren Koroaren
arantza bat), hain liluragarri Ertaroan eta geroago ere, kristauentzat
nahikoa izaten zirenak debozio bereziak sortarazteko edo pelegrinoak
desbideratzeko (24).
-
- Pelegrinoen pasatzea frogatuko
luketen dokumentu batzuk kontserbatzen dira Dorletan, zeinetan
agertzen diren Compostelatik bueltan zetozenen hildako batzuren
izenak. Esate baterako, pelegrinaldiak ahulduta zeuden XVII mendeko
partida batzuk diote:
-
- «En 15 de setiembre de
este año (1680) murió derepente en el hospital
un muchacho francés que venía de Santiago para
su tierra»,
- «En 26 de junio de 1690
murió Domingo de Gorostiza, natural de Ormaiztegui, viniendo
de Sr. Santiago cumplido su voto de peregrinación».
-
- Santutegian erlikiak gurtu,
kristau lanak egin, eta atseden hartu ostean, Arabarantz abiatzen
ziren Anguta arratetik (gaur egun ia galduta dagoen bidea). Kaminoak
Santiagoren eta Santa Marinaren ermitak zituen mendi bizkerraren
alde banatan, eta Gebaratik pasatuz, Estibalizera zeroan, Arabako
Lautadako beste bide batzurekin batu arte. Santiagoren ermita
1417. urtean dago dokumentatua eta Santa Marinarenak ere mende
horretan eraikia izan zela dirudi atea apaintzeko daukan arku
konopialarengatik (25).
-
- Eta Compostelarako pelegrinaldia
egiten zuten giputzak nondik joaten ziren? Zeren Gipuzkoa ez
zen izan kanpotarren pasaleku soila. Oraindik XIX mendean, Pascual
Madozen «Diccionario geográfico-estadístico-histórico
de España»n (1845-1850) Errioxako Navarrete herriari
buruz esaten da «por esta población transitan los
peregrinos vascongados que van a Santiago de Galicia» (26).
-
- Arestian aipatutako Domingo
de Gorostizak moduan, beste askok ekingo zioten bideari eta oker
haundi barik esan genezake, tokian tokiko ohizko bideak erabiliko
zituztela Araba eta Nafarroako lautadetara ailegatu arte, han
Bide «ofiziala» edo Frantzes Bidea hartzeko.
-
- Gatzagan bertan Juan Abad de
Elexaldek 1417ko Abenduaren 4an egindako testamentuan pelegrinoen
beste alde bat agertzen zaigu, enkarguz egindako bidearen fenomenoarena,
hain zuzen ere, esaten duenean:
-
- «Otros y mando que ynbien
por mi anima un orne en rromeria a la casa e iglesia del apostol
señor Santiago de galisia et otro orne por la anima de
pero abad mi hermano que Dios perdone» (27).
-
- Laburbilduz zera esan genezake:
- Gipuzkoako Santiago bideak,
pelegrinoentzako bideak izan barik eta pelegrinoek erabili arren,
merkataritzarako eta komunikatzeko izan zirela.
- XI mendea baino lehenagoko
bide zaharrena Arlaban-Deba Garaia-Elorrio-Enkarterriak egiten
zituena zela.
- Ezin daitekeela frogatu
Compostelarako kostaldeko biderik zegoenik, Nafarroakoa baino
zaharragorik.
- Gipuzkoatik pasatzen
zen pelegrinoekin pentsatutako bidea, XIII mendetik aurrera,
Irundik Beraraino zihoana zela.
- Sarbide edo irtenbide
nagusiena iparraldetik Irungoa izan zela eta, nahiz eta ikertu
gabe egon, balitekeela itsasoz etortzen edo joaten zirenen kopurua
ere, merkataritza bidaiak aprobetxatuz, estimagarria izatea.
- Gipuzkoatik Arabara eta,
ondorioz, Gaztelara heltzeko erarik eroso eta laburrena Arlaban
zeharkatzea izan dela beti. Nafarroara, ostera, Aralar, Berastegi,
Hernani, Oiartzun eta Hondarribiakoak izan direla. Pelegrinoentzat
ere hala izango ziren.
- Gaur egun Deba Garaiaz
ezagutzen dugun eskualdeak, ikertuz gero, sorpresaren bat emango
ligukeela, bere baitan batzen baititu probintziako arte erromanikoaren
kontzentraziorik haundiena, Santiagori eta bide zaindariei eskainitako
ermita eta eliza asko; behar bada, pelegrinaldien ezagutzearen
seinale.
- Erreka baten inguruan
antolatutako lehenengo bidea Deba haranekoa izan zela, XIV mendearen
erdialdean.
- San Adrian kobako pasalekuak
XV mendearen erdialdera arte ez zuela irispide haundiko bide
izaera hartu.
- Gipuzkoa zeharkatzeko
ardatz nagusiak XV mendetik aurrera Oria eta Deba ibaien arroetan
antolatutakoak zirela.
- XVIII mendetik aurrera
San Adrianek inportantzia galdu zuela komunikabide gisa.
- Trabesetarako bideak
ere asko zirela (kostaldekoa, kasu), baina zerikusi handiagoa
zutela herrien arteko komunikabide izatearekin, pelegrinaldiekin
baino.
- Jatorrian komunikatzeko
eta garraiorako zabaldutako bideek (joan eta etorrirako), bidaiariak
eta pelegrinoak ere ezagutu zituztela, noski, Compostelara edo
Compostelatik itzulian. Herri horietako artxibategi, ermita,
eliza, ospitale, ordenantza eta bideen ikerketa sakon batek,
esparru berri bat zabalduko ligukeela aztergai.
- Dokumentazioaren arabera,
eta ondoren ikusiko ditugun artelanen arabera, Gipuzkoaren benetako
protagonismoa XV mendeko bukaeratik aurrerakoa da. Europa guztian
XI eta XII mendeetako pelegrinaldien loratzeari, XIV eta XV mendearen
erdialdera arte areagotu zen barealdi luze batek jarraitu zion,
izurriteek eta gerrek eraginda. Egoera hartan oso zaila zen bideari
ekitea eta pelegrinoei ostatu eta babesa eskeintzea. Hobetzerakoan,
ostera hasi ziren joaten eta Gipuzkoa gustoko pasaleku bilakatu
zen, ordurako bazituelako bidaiarientzako moduko baldintza egokiak.
-
- Santiagoren ikonografia
- Europa guztian eta Ameriketan
hain famatua izan zen Apostolua irudikatzeko tipo ikonografikoak
aztertzerakoan sarri-sarri jo beharko dugu bere izaera dotoretzeko
eta miresgarri egiteko sortutako istorio guztietara (28).
-
- Ebangelioek Santiago eta bere
anaia San Juan, Zebedeoren semeak, Kristoren seme kuttunenak
eta «Trumoiaren semeak» zirela diote. Apostoluen
Ekintzetan, berriz, Kristoren Igokundearen ostean Jainkoaren
hitza zabaltzen jardun zuela eta Herodes Agripak, horregatik,
lepoa ebakitzea agindu zuela.
-
- Mendebaldean gertakari hauei
buruzko istoriorik zaharrena, «Passio Magna», Apostoluen
Brebiarioko Laugarren Liburuan agertu zen VII mendean, zeinak
jaso zuen Palestinan sortutako kondaira apokrifoa, «Pseudo
Abdias»ena hain zuzen.
-
- «Sampiroren Kronika»n
(IX-XI) eta «Historia Compostelana» (XII mende hasiera)
delakoetan agertu zen lehengo aldiz gorpuaren «inventio»
liluragarriaren gertakaria.
-
- XII mendean «Codez Calixtinus»
izan zen ordura arteko istorio guztiei Apostoluak egindako mirakuluak
gehitu zizkiona eta hedatu zituena Mendebaldeko kristauen artean.
-
- Eta azkenik XIII mendean Giacommo
de la Voraginek, ia gaurdaino iraun duen kondaira egin zuen,
aurrekoari mirakulu gehiago erantsiz.
-
- Iturri hauetan oinarriturik
Santiago era hauetara irudikatu izan da:
- Irudi zaharrenetan Apostolu
moduan jantzita agertzen da, tunika eta mantuaz, gehienetan
ortozik, eta eskuetan liburua daramala, Jainkoaren hitza zabaldu
zuelako. Gizon helduaren itxurra izaten du, ule kizkurra eta
bizar motza. Inoiz jezarrita azaltzen den arren, usuena zutik
egotea izaten da. Batzuetan artzapezpiku makila ere eskuan edukitzen
du, bera izan baitzen Hispaniako lehenengoa. XIII mendetik aurrera
atributotzat hil zuteneko ezpata ipini zioten. Erromanikoan,
XVII eta XVIII mendeetan ohizko irudia izaten zen hau.
-
- Hasierako Apostolu irudiari
XIV mendetik aurrera Pelegrinoen bereizgarriak gehituaz
joan zitzaizkion: makila, maskorra, zorroa, eta kapela. XV mendean
zabaldu zen kapelan maskorrak eta gurutzatutako makilatxoak ezartzea.
XVI mendean erabat sendotuta zegoen tipo ikonografiko honi, tunika
moztu, esklabina jantzi sorbalda gainetan eta berriro ortozik
agertzen hasi zen. Gainera, atributo berriak jarri zizkioten:
errosarioa, goilarea, «Compostelana» edo noragiria
gordetzeko kutxatxoa eta kubia edo kalabaza. Mende berean kapela
kokotean zuela eta jarrita ere, atseden hartzen, agertzen hasi
zen.
-
- Beste era bat Santiago Zaldun
itxuraz irudikatzea izan zen, bai Apostolu jantziaz baita gerlari
jantziez ere. Beti zaldi zuri baten gainean, aurreko santu gerlarien
tradizioari eutsiz, zaldipean mairua zuelarik askotan. Irudi
zaharrena Compostelako katedraleko tinpano batean dagoena da,
1220. ingurukoa. Erromanikoan oso urriak ziren tankera honetako
irudiak, baina XV mendearen erditik aurrera ugaltzen hasi ziren,
XVlean hedatzeko. Askotan irudi hibridoak suertatzen ziren, nahastu
egiten baitzituzten zaldunen, Apostoluen eta pelegrinoen berezitasunak.
-
- XVI mendean ere hasi ziren Santiago
eskena desberdinetan agertzen: Pilareko Ama Birjinarekin
batera; Clavijoko batailan; Sainduak egindako mirakuluetan eta
bere bizitzari buruzko programa osoetan, bai pinturan eta bai
eskulturgintzan. Ohizkoenak izaten ziren: predikazioa, heriotza,
gorpuaren ekartzea Iria Flaviara, Hermogenes aztiarekin jazotakoa,
idien pasadizoa eta hilobiratzea (29).
-
- Santiagoren irudiak Gipuzkoan
- Lan honen helburua, Gipuzkoan
dauden Santiagoren irudi guztien katalogo bat egitea baino, ikusi
ahal izan ditugunez baliatuz, bere ikonografiak izan duen bilakaeraren
berri eman eta egin zireneko garaiari gehixeago hurbiltzea izan
da, gure historiaren eta izaeraren esparru bat hobeto ezagutzeko.
-
- Lanari ekiteko Gipuzkoako ermita
eta elizei buruzkoak hartu genituen abiapuntutzat (30). Hasieran aipatutako
irudi guztien bilduma bat egitea pentsatu bagenuen ere, kanpo
lanaz hasterakoan zenbait traba aurkitzeaz aparte, errealitatearekin
tril egin genuen eta horrela jakin: Santiagoren ardurapean eraikitako
ermita asko desagertu egin direla, sainduak ostu egin dituztela,
baten bat erre egin zela, berriztatzera eramanda zeudela, inork
ez zekiela non zeuden, ermitak eta elizak itxita, etabar.
-
- Hala ere probintzia osoko Santiagoren
34 irudiren eta berari eskainitako 3 erretaulen bilduma azaldu
nahi genuke.
-
- a. Apostolugoaren partaide
- Leku desberdinetan azaltzen
da:
- Hilobia: Debako elizan.
- Ataurrea: Debako elizan.
- Gangak: Goroeta (Aretxabaleta),
Deba eta Eibarko elizetan.
- Kalistroa: Oñatiko
San Migel elizan.
- Erretaulak: Bergarako
San Pedro elizako poliptiko flamandarra eta erretaula nagusian,
Oñatiko Bidaurreta komentuan, Eibarko San Andres, Oiartzungo
San Esteban eta Donostiako San Bizenteren elizetan.
-
- Debako Santa Mariaren elizan bada San Juanena deituriko
kapera bat, harrizko hilobi bat duena. Hilobi honetan bi zati
bereiz daitezke: ohea esaten zaiona, zeinean dituen, Kristoren
Bataioaren eskena bat inguratzen, Sasiolatarren ezkutuak, bi
fraile dominikar eta bi frantziskotar. Gainean Apostolugoa, arku
angrelatu batek babestua. Santiago pelegrinoen atributoekin ageri
zaigu eta beste guztia moduan trauskil samar landuta. XV mendearen
bukaerakoa dela esatera ausartuko ginateke: arkuak zorroztasuna
galdu duelako, Kapera pribatuak XV mendean hedatu zirelako, arkuaren
inguruko ornamentazioak ere mende horretakoa dirudielako, Sasiolatarrak
1517an frantziskotarren komentuaren fundatzaile izanik kapera
pribatuaren eraikuntza aurrekoa izango zelako.
-
Deba. Santa Maria
parrokiako ataurrea. XVI mendea. Harria |
-
- Eliza berean, sarrerako ezkerraldeko
atezangoan beste irudi bat dago, XVI erdialdeko itxurakoa, ataurrearen
eraikuntzako bigarren fasekoa dirudiena (31). Harrizkoa, pelegrinoa,
maskordun iduneko haundidun tunikarekin jantzita, kapela kokotean
erantzita, liburua esku batean, eta makila eta kartela bestean.
Kartela honetan, Errenazimenduko letra tipo bateaz, 12 Apostoluen
artean banatuta dagoen «Credoa»aren zati bat idatzita
dauka, San Agustinen idatzi batean oinarrituta (32).
-
- Oñatiko San Migel elizako kalistroaren kanpokaldean
badira kontraormetan «sendos tabernaculos con sus repisas
y ymagenes» Juan de Santa Cruz irudigile oñatiarrak
egindakoak, 1526. urtean sinatutako kontratu baten arabera Oako
harriaz landutakoak (33). Santiago San Juanen
ondoan kokatuta dago eta irakurtzen diharduen pelegino baten
antza du: mantu haundi batek ia tapatu egiten dio paparrean gurutzatuta
daraman zorroa, kapela kokotean erantzita, eta makila apurtua
agiri zaio. Erropak harrotuta azaldu arren, bizarren egitea,
ilea, oraindik gusto gotikodunak dira.
-
- Oñati. San Migel parrokiako
kalistroa. XVI mendea. Harria. Egilea Juan de Santa Cruz
|
-
- Ganga edo bobeda gotikoak ere
aproposak suertatu ziren beren giltzarrietan Apostoluak kokatzeko.
Hala nola, Debako Santa Maria elizan, Goroetako Santiagorenean
eta Eibarko San Andresenean. Hiruretan Santiagoren soinak daude
pelegrino gisa jantzita. Lehena Pedro de Mendiolak landua 1575-1599
bitartean (34); besteen egileak, berriz, ezezagunak
dira eta estiloagatik XVI mendeko 3. laurdenekoak direla esan
genezake.
-
Goroeta (Aretxabaleta). Santiago
elizateko gangetako giltzarria. XVI mendea. Harria |
-
- Erretauletan ere XVI mendean
maiz irudikatzen dira Apostolugoak. Bergarako San Pedro
elizan, besteak beste, birritan aurkituko dugu: San Migelen poliptiko
flamandarreko predelan eta erretaula nagusian. Lehenean, Salbatzailea
erdian dela, Apostoluak binaka partitzen dira alde banatan, Santiago
bere anaia San Juanen ondoan dagoelarik. Zur pintatuan egina,
pelegrino ikonografia ezaguna du, tradizio gotikotik oso gertu:
ortozik, kublarentzako kakodun makila, zorroa, eta tunika eta
mantuaz jantzita. Brujasko tailerren batean 1520-1530 inguruan
egindako taula ederra da oso (35). Beste irudia, erretaula
nagusi platereskoko Epistola aldean dago: lezarrita, irribarretsu,
belaun gainean liburua zabalik, kubidun makila gurutzeduna eskuan,
maskordun kapela eta tolestura haundiko mantu zabalean bildua.
Irudi ñarroa, tentea, gogorra, mugimendu gutxikoa. Egilea
nor den ez da jakin ahal izan eta XVI mendearen lehen herenekoa
dela ematen du (36).
-
Bergara. San Pedro parrokiako
erretaula nagusia. XVI mendea. Zur polikromatua. |
-
- Oñatiko Bidaurretako komentuko erretaula platereskoaren
predelan ere, Apostoluen artean, Santiagoren eseritako irudia
daukagu San Pedro eta San Juanekin batera. Erliebean egina, pelegrino
gisa azaldua, bisera tankerako kapelaz. Fundatzailearen agindua,
1531 ko testamentuan, Burgosen egitekoa izan zen arren, herriko
Juan Martínez de Olazaranek egin zuen. Pintatu eta urreztatu,
berriz, Juan Martínez de Olazaranek, Lope Lorenzok eta
Martín Ochoa de Irazabalek egin zuten (37).
-
Oñati Bidaurreta komentuko
erretaula XVI mendea. Zur polikromatua. Egilea: Juan de Olazaran. |
-
- XVI mendearen bukaeran aldaketa
bat nabaritzen hasten da, Santiagok pelegrinoen atributo batzuk
galdu egin zituelako, agian protestanteen kritikek eta irainek
eraginda, jazkerak edozein Apostolurenak bezalakoak dira eta
lehendik geratzen zaion berezitasuna makila besterik ez da. Eibarko
San Andresen, Donostiako San Bizenteren eta Oiartzungo
San Estebanen erretauletan, bederen, hala da. Eibarkoa
Juan de Araozek landu zuen eta 1587an kontuak egin zituen herrikoekin
bere lana pagatzeko. Erromanismoaren eredu da, Michelangeloren
«terribilita»rena alegia, bekoskoa, jarrera heroikoa,
erromatar erako jantzia tolestura haundiekin gauzatu zuen egileak.
Donostiakoa, ostera, Ambrosio de Bengoecheak egin zuen,
1583ko kontratuaen arabera. Eibarkoa baino irudi gozoagoa da
(38).
-
Eibar. San Andres parrokiako
erretaula nagusia. XVI mendea. Zura. Egilea: Juan de Araoz. |
-
- Oiartzungoa, berriz, XVII mendekoa da. 1629an
oiartzuarrek kontratua sinatu zuten Ilunberriko Juan de Huicirekin
eta honek 1640an oraindik bukatzeke zeukan. 1724an Manuel de
Alquiza Leete donostiarrak pintatu zuen arte ez zen urreztatu (39). Gregorio Fernándezek hain gogoko eta hainbeste
hedatu zuen barroko naturalista korronte estetikoan sar genezake:
tolestura almidoiztatuak, ile harroak, mosu polita. Zutabeen
taiuketan Juan de Bazcardok egiten zituenen antz handia du.
-
- b. Beste Saindu Batzuren
Artean
- Santiago agertzen zaigu:
- Gangan: Azatzako Otaloratarren
kapera (Aretxabaleta)
- Erretauletan: Elgeta,
Arriaran (Beasain) eta Larraul.
-
- Otaloratarren kapera Azatzako
San Juan Bataiatzailearen elizan dago, Ebangelio aldean, elizako
lekurik pribilegiatuenean. Juan de Otalorak, Errege Katolikoaren
zerbitzariak, 1540an fundatu zuen San Migelen adbokaziopean eta
hiru aldarerekin. Garaiko gotikoan eraiki zuen eta izar itxurako
gurutzedun gangaz estali. Bere anaia zen Sancho de Otalora Galarza
(1498-1570), leinuko pertsonaiarik garrantzitsuena (Salamancan
Zuzenbidea ikasia, Sibilian epaile, Carlos I Enperadorearen Erret
Kontseilukoa), Espainian bizi izan eta gero, erretiratzera sorlekura
itzuli zen 1562an (40). Hil arteko urteak elizako eta sainduen
liburuak irakurtzen pasatu ei zituen eta, itxura denez, bere
hilobia prestatzearekin batera, kapera guztiz dotoretu, hornitu
eta jantzi egin zuen. Dotoretze honetan gangetako harrizko giltzarrien
gainean egurrezko medalloiak jarri zituen, zeinetan bere ezkutuarekin
batera bere debozioko sainduak irudikatuta dauden. Hauen artean,
Santiago pelegrinoaren bustoa aurkitzen da, domina biribil baten
moduan sartuta, eta «a candelieri» motiboez apaindutako
orla karratu batek inguratuta. Urreztatu zen moduan mantentzen
da.
-
- Elgetako eliza nagusiko Ibarratarren Santiagoren
erretaula deritzana kontserbatzen da Epistolaldeko gurutzerian,
bere leku originaletik kanpora. Nahiz eta M.A. Arrazolak Santiago
Txikiarena dela esan, eskuineko eskuan daraman makilak Haundia
dela diosku. Bere esanetan, errataula hau probintzian dagoen
italiar kutsu handiena duena da: bai arkitekturagatik, bai mitologi
apainduragatik, baita irudien klasikotasunagatik ere. Bere egitekoa
1564an Miguel Llorenterekin kontratatua izan zen (41). Eskuineko oin traketsa
landu zuenean autorea ez zen oso fin ibili, baina hala ere oso
ondo lortutako irudia da. Makila soildun Apostolua lasaitasun
klasiko baten jabe da, antzinako erromatar bat dirudielarik.
-
- Arriarango San Pedro elizako erretaula nagusian,
ostera, Santiago berriz ere pelegrino moduan agertzen da: soineko
motza, kapa luzea, maskordun kapela eta makiladuna.
-
- Arriaran (Beasain). San Pedro
parrokia XVII mendea. Egilea: Juan de Mendiaraz.
|
-
- Irudi geldo samarra da, adierazkortasun
guttikoa, aurrez aurre begira, ordura arte Euskal Herrian indartsu
mantendu zen erromanismoaren indarra galtzen hasia. 1627 an Juan
de Mendiarazek eman zuen bukatuta bere elizan (42).
-
- Larraulgo San Esteban elizan berriro Apostolu gisa azaltzen
da. Kubidun makila du atributotzat. Juan de Otaeguik landutakoa
da 1718an. Bere kide den San Inaziorengatik diote herri aire
bat agertzen duela, tokietako zurlangileek egindakoak bezala
(43). Eritziak eritzi, Juan de Otaeguik ez
zuen lan txarrik egin.
-
- Larraul San Esteban parrokia.
XVIII mendea. Zur polikromatua Egilea Juan de Otaegui
|
-
- c. Santiago Pelegrinoaren
Irudi Soilak
- Bat ezik, beste guztiak ermitetakoak
dira:
- Etxean: Ubera (Bergara)
- Ermitetan: Zarautz, Astigarraga,
Basalgo (Bergara), Aizarna, Uzarraga (Antzuola), Ikaztegieta,
Ereñozu (Hernani).
-
Ubera auzoko Martokua baserriko bide kontrako
orman sartuta, Elgetatik Bergarara bitartean, ia guztiz hondatuta
dagoen harrizko Santiagoren imajina ongi antzeman daiteke, kapelagatik
eta makilagatik ere bai. Zerbait haundiagoren baten zatia dela
esan daiteke, agian, bidagurutze batena. Saindua maskordun nitxo
batean kokatua egoteak Erenazimenduan datatzeko balioko liguke,
XVI mendearen erdialdeko platereskoan asko erabili baitziren.
-
-
-
Kilometro
guttitara, Basalgon, zur polikromatuzko beste irudi bat
daukagu, zaharragoaren itxura duena, Santuari eskainitako ermita
gotiko batean (XV bukaera edo XVI hasierakoa). Bedeinkatzen ez
balego, pelegrino arrunttzat hartuko genuke: kubidun makila,
zorroa gerrikotik zintzilik, kapa eta buruan kapela txiki bat.
Bergarako artea ikertu duten Aranburu eta Gil Massak diote (44), arrazoizko zalantzak kontuan harturik, XV mendean
koka daitekeela. Gure ustez, zertxobait atzera daiteke, berezitasuna
ematen dion kapela txikia gogoan badugu. Kapela hauek 1500. urte
inguruan modan jarri baitziren (45) eta 1450-1500 bitartean,
Alemanian I. van Meckenem-ek grabatutako Hamabi Apostoluen estanpen
artean ere, Santiago Basalgokoaren antzeko kapela bat jantzia
agiri da (46).
-
- Bergaratik Urretxurako bide
zaharrean, 1503. urtean dokumentatua (47)
dagoen Uzarragako
San Martzialen (Lehen Santa Katalina) ermita gotikoan (XV bukaerakoa
edo XVI hasierakoa) beste imajina bat daukagu, Errenazimenduko
egurrezko egitura arkitektoniko batean kokatuta. Basalgokoa moduan,
bedeinkatzen diharduen pelegrinoa da, oso hieratikoa, eta ileen
egitean bestea baino eskasagoa. Tunikaren gainean daraman «loba»
izeneko jantzia Gaztelan XV mendearen bukaeran modan jarri zen
eta XVI mendean mediku, doktore, lizentziatu eta elizgizonena
bihurtu zen (48). Beraz, Uzarragako hau ere azken mende
honetakoa izan daiteke.
-
Zarautzen, 1505. urtean dokumentatutako Urtetako
San Sebastianen ermitan, Santiagoren zur polikromatuzko imajina
eder bat gordetzen dute. Irudiari dagokionez, ibiltari agertzen
den bakarra da. Pelegrino erara jantzia: kubia esku batean, makila
bestean, zorroa paparrean gurutzatuta, ortozik, eta kapa eta
kapela bizkarrean atzeratuta. XV mendekoa dela diote (49), eta guk gaineratuko
genuke oso berandukoa edo XVlaren hasierakoa behar duela izan,
garai horretako kutsua baitute bere ileak, bizarrak eta begiek.
-
- Egileari eta jatorriari buruz
ezer ez dakigu, baina bere oinarrian egon daitekeen F.V.B. maisuaren
estanpa batean Santiago tankera berean agertzen da: oinezean,
kapa atzeratuta, bizarokotz luzeak eta hanka arteko tolesturek
ere egite bera dutelarik (50).
-
-
- Aizarnako Santa Engraziren ermitan Santiago pelegrino
gisa azaltzen da: esku batean maklla Izango zuen eta bestean
liburua dauka. Maskorrak kapela haundian eta kaparen idunekoaren
alde banatan dauzka. Irudi hau ere XVI mendearen hasierakoa dela
esatera ausartuko ginateke: soinean daroan kapa frantzesa ordukoa
da (51), baita bizarra okotzean erdibituta izatea
ere. Bestalde, badu detaile bat, bere jatorriarekin zerikusia
izan dezakeena, Flandesko Malinas hiriko irudi askok dutena,
tunikaren mauken inguruan kapa jasota edukitzea alegia.
-
- Astigarragako Santiagomendiko ermitan, berriz, alabastrozko
irudi bat gurtu izan da, XII-XIII mendekotzat hartu izan dena
(52) eta horrela balitz, Europan tankera horretakoa
egon daitekeen zaharrenetarikoena gerta daitekeena. Baina zer
dela eta alabastrozko irudi hau Astigarragan? Ez da bakarra inguru
horretan, zeren gehiago dauden Hondarribian (Santa Katalinaren
erretaula), Oiartzunen (San Esteban parrokiako Pietatea) eta
Errenteriako Salbatore ermitan (San Klemente, Aita Guztiz Ahaltsua
Semearekin, eta beste zati batzuk). baita Bizkaian eta Araban
ere. Aurrekoen artean katalogatutako obren jatorria (Bizkaia,
Araba eta Hondarribiakoak) Ingalaterran jartzen da, hango eta
Euskal Herriaren arteko merkatal harremanen fruitu. Hasieran
ingelesen alabastrozko obren produkzioa Iuxuzko hilobietan izan
zen ezaguna, baina XIV mendearen erditik aurrera, produkzioa
industrializatu egin zenean, kalitate maila apalagotu egin zen.
Hilobien lekua, geroago, erretaula txikiek hartu zuten eta gutiago
irudi soilek. Kalitatearen eskasia XV mendetik aurrera izugarri
areagotu zen eta beronen eza polikromiaz eta urreztaduraz estali
eta konpontzen zuten (53). Alabastroak duen
bizitasunak, dotoreziak, gaineko polikromiak eta aukerako prezioei
esker obra hauek erosteko modukoak bihurtzen zituen eta, gaur
egun, kontinente guztian zehar barreiatuta aurki ditzakegu. Holako
obraren bat ote da Astigarragako Santiago hau?
-
- Edozein modutan ere, pelegrinoen
atributo guztiak daramatza, eta hau ez da normala XIII mendeko
irudietan. Trauskiltasunaren azpian, XVI mendearen hasieran behinik
behin landutako obra bat antzeman daiteke: jantziak, tolesturetan
egindako ahaleginak, kapa trabatzeko lokarria edo aletxa, ikonografia
bera. Artisau baten lana dirudi, kutsu zaharkitua ematen diona,
hala nola, begi haundietan, matraila beteetan, ilearen adats
zuzenetan, bizar puntetako kiribilotxoetan. Orohar, bitxia izatez
aparte, ez da balio artistiko handikoa.
-
- Eta azkenik, XX mendeko 2 irudi,
hauek ere sailean egindakoak diruditenak, Ikaztegietako Pilarikaren
ermitakoa eta María Dolores Ubarretxenak fundatutako Ereñozuko
Santiagorenekoa. Haundiagoa eta biziagoa lehena, txikiagoa eta
motelagoa bestea. Biak, bestalde, antzeko ezaugarriekin: esklabinadun
tunikez jantzita, liburuaz, maskorrak eta kubidun makiladunak,
gozotasuna nabari zaienak, lasaitasuna, zerurako begiradaz, bakiosoak.
-
- d. Santiago Zaldun
- Irudi soila: Deba.
- Erliebeak: Zubieta, Uzarraga
(Antzuola) eta Aia.
- Pintatua: Goimendi (Elgeta).
- Miniatura: Tolosa (Gipuzkoako
Artxibategi Orokorra).
-
- Egun Zumaiako Zuloaga
Museoan irudiren bat dagoen arren (Gaztelatik ekarria ornen),
Debako parrokian gordetzen da Gipuzkoako Santiago zaldunaren
irudi zaharrena, mukulu biriblleko bakarra. 1778. urtean bere
ermita profanatuta eta hondatuta zegoelako, Santa Katalinarenera
eraman zuten eta handik oraintsu parrokiara (54). Zurezkoa eta polikromia
hondarrak ditu. Zaldia falta du (bi piezatan egindakoa izango
zen segurutik) eta eskuak apurtuta dauzka. Besoen konposizioagatik,
eskumako eskuan ezpata edukiko zuen. Ez du atributo berezirik.
XV mendean oso modan egon zen boneta darama buruan, eta begiradak
eta jazkerak ere mende horretakoak dirudite. Egileak oso zaldun
hieratikoa lortu zuen, grazia apurra mantuaren tolesei eman zielarik.
-
- Zubietako Santiagoren elizako erretaula nagusian, pintatutako
beste saindu batzuren artean, erliebean tailatutako zaldunaren
eskena bat dugu, zur polikromatuan egina eta XVII mendearen hasierakoa,
1649. urtean Catalina de Urrizmendik urreztatzea agindu zuena
(55), baina itxura guztien arabera berriro
gainetik pintatua. Saindua tenteegia da; hala ere plastikotasuna
erdietsi du artistak irudiak paneletik atera dituenean. Bere
jantziak, proportziogabeak dira, larregi bortxatuak koadroa betetzeko.
Mazkordun zorroa paparrean gurutzatuta eta buruan sasoiko modako
kapela bat darama. Horretarako lagungarri erabili dituelarik
urrutiko mendien zirriborroa eta lainoak. Irabazle gisa azaltzen
da, arrapaladan mairuen gainetik, hauek erabiltzen zuten zimitarraz
harmatuta.
-
- Uzarragako San Martzialen ermitan, Santiago pelegrinoaren
irudiaz gain, zaldunaren beste bat kontserbatzen dute, erliebean
landua, marko barroko batez inguratuta. Egileak, ezpata ezik,
eskena soslaian azaldu du, gogortasunaz, trauskil eta trakets
landuta. Jazkeragatik XVIII mendekoa dela baiezta dezakegu, batez
ere hegal haundiko maskordun kapela eta esklabinarengatik. 1703.
urtean inprimatutako Santuaren Meza liburu bateko barruko azalean
(bere festa egunean Uzarragan meza ospatzen zuten) grabatu bat
dago, zeinean artista edo artisauak inspirazioa har zezakeen
bere lana burutzeko (56). Kalitate desberdintasuna
salbu, bien arteko parekotasunak nabariak dira: ezkutua, kapa
airean, lurrean galdutako ezpata, zaldiaren aurrean zutitzen
ari den etsaia.
-
Aian dute bere izeneko azken gotikoko ermitan,
gure ustez, Gipuzkoan dagoen zaldunaren irudirik onena. Zur polikromatuan
egindakoa, altuerliebean, zaldia aurreratu egiten delarik ikuslearengana.
Oso dinamikoa, plastikotasun haundikoa, xehetasun eta zehaztasun
haundiaz. Hondoko paisaiaren aurrean, Santiago belaunak jasota
dauzkan zaldiaren gainean dago, dotore, tunikaz jantzita, esku
batean bandera zuri haundia, eta bestean gurutze txiki bat, zalantza
barik, ezpataren ordez jarria geroago.
-
-
-
- Elgetan, lekuz aldatuta zaharra jausi zenean, Goimendi
auzoan, Azurtzatarrena ornen zen Santiagoren ermita dago, Plazentzia-Bergaratik
Bizkairako antzinako komunikabideen inguruan kokatua. Galdutako
imajinaren ordez, Espainiako azken Gerratearen ostean, Simon
Arrieta pintoreak (Bergara, 1915-1969) erretaulatxo neoklasiko
batean dagoen margolana egin zuen.
-
- Aukeratu zuen tipo ikonografikoa
irabazlearena izan zen, belaunak altxatuta dauzkan zaldiaren
gainean, Santiago bandera zuri haundiaz eta ezpataz harmatuta
azaltzen da. Koadroa kolorezko orbain haundiez taiututa dago,
detaileak ia zirriborrotuta, bai mairuak, bai maskordun esklabinadun
jantzia, baita zaldiaren grinak ere.
-
- Tolosan gordetzen den 1558.go Uztailaren 16ko Valladolideko
Erret Kantzelaritzaren Erret Gutun beterazle batean, Gipuzkoako
probintziak Donostiako Kontzejuaren aurka duen auzian, Donostiako
Santa Katalina zubiko garraio eta bidasariak direla eta (57), Santiago zaldunaren miniatura bat pintatu zen
pergamuan DON FELIPEren Daren barruan. Santiago zaldi zuriaren
gainean, tunika urdinaz, mantu gorriaz, pelegrinoen maskordun
kapela eta ezpataz armatua. Zaldiaren hanka azpian bi etsairen
buruak ikus daitezke, paisaia sinple baten aurrean. Itxuragatik
tailerreko lana dirudi, Felipe Ila erregeren garaian dokumentu
ofizialetan ohizkoa zitekeena (58).
-
- e. Erretaulak
- Hiru besterik ez daude probintzia
guztian:
- bata, Seguran, bestea, Goroetan
(Aretxabaleta) eta hirugarrena, Astigarragan.
-
- Segurakoa gaur egun presbiterio ondoko gelatxo batean
gordetzen da, bere kaperatik atera zutenetik Aste Sainduko Pausuak
gordetzeko. Ez da guztiz ezezaguna, bai kaperak (59)
eta bai
erretaulak ere (60) jaso dutelako ikerlarien arreta beren
izatea ez bada ere aditzera emateko.
-
- Ez dago inongo daturik ez egileari
buruz, ezta kaperaren eraikuntzari buruz, ezta erretaula bera
edo kapera egitea agindu zuenari buruz. Orain arte ontzat emandako
hipotesia izan da kapera eta erretaula Izpiritu Sainduaren Ospitale
Ordenarekin erlazionatuta zeudela, Segurako jurisdikzioan (Zegaman)
izen bereko Priorato bat zegoelako, Gorosabel historialari giputzaren
esanetan «desde tiempo inmemorial». Baina Iruñeko
Gotzaitegiko Artxiboan gordetzen den 1548ko auzi batean (61), 1503ko Aita Santuaren Bula originala gordetzen
da, zeinean baimena ematen den Sancti Espiritus deritzan Prioratoa
eraikitzeko. Mende bereko bigarren erdialdean ez dirudi oso normala
izango zenik, laguntzeko sortutako Ordena honek dirutza bat gastatzea
kapera eta erretaula hau egitean, berak bazuenean non gastatu.
-
- Gure ustez, kapera eta erretaula
hau egitearen arrazoia edo jatorria beste gertaera batean aurkitu
beharko genuke, horretarako irudikatutako ikonografiak laguntza
haundia emango digularik, aurrerago ikusiko dugun moduan. 1565.
urteko maiatzaren 9an Isabel de Valois, Espainiako Felipe Ilaren
hirugarren emaztea, Baionara zihoala Segurara heldu zen Mendekoste
Bazkoaren bezperan, eta eguna hain haundia zenez, astelehenera
arte (hilak 11) bertan gelditzea erabaki zuen. Baionatik itzultzean
berriz ere Segurara uztailaren 6an, opariak hartu ondoren, hurrengo
egunean Madrilerantz abiatu zen (62).
-
- XVI mendean kaperak elizetan
bi xederekin egiten ziren: edo hilobitarako edo debozio partikularretarako.
Lehenak bezain garrantzitsuak ziren gertaera mirakulutsuren bat
ospatzeko edo erlikiaren bat gordetzeko jasotakoak. Hauen eraikuntza
elizgizon, aristokrata, dirudun edo Erret familiakoek ordaintzen
zuten. Eta berauek antolatu eta dotoretzeko erretaulak eta errejak
jartzen zituzten (63).
-
- Gure ustez, Seguran, kristauentzat
horren berezia zen Mendekoste egunean erreginaren egotearen gogoangarritasuna
ospatzeko, kapera hau jaso zuten eta apainduko zuen erretaulan,
Trentoko Kontzilioak aholkatutakoa beteaz batera, eguna bera
gogoratuz, Espainiako monarkiarentzat gustoko ziren gaiak azaldu
zituzten, Frantziako patroia ere ahaztu barik, Isabel de Valois
frantzesa zen eta.
-
Kapera
eta Segurako eliza estilo eta tankera berekoak dira (gangak,
giltzarriak, harlanduak) eta garai berean egindakoak dirudite.
1564an elizaren berriztatzeko eta haunditzeko obrak hasi ziren
eta 1580an Santiagoren kapera dotoretzen ziharduten (64). Data biak bat datoz
kaperaren eta erretaularen estiloarekin, eta bildur barik ordukoak
direla baiezta genezake.
-
- Estiloagatik, erretaula erromanismoaren
aurrekoa da, baina platereskotik urruntzen dagoena, klasikoagoa,
«Erromako» modari jarraituz egina. Zur polikromatuan
landutako erretaula txikia da: predela, gorputz bakarra bi zutaberekin
alde banatan, arkitrabea, eta atikoan frontoi makurra. Atikoaren
alboetako garrontzi biak ezik, guztia erliebean landuta dago.
-
- Hala ere arlo arkitektonikoa
ondo markatuta dauka, eta aurreratuta dauzkan bi zutabe ildaskatuek
adierazten dute egileak dinamismoa lortu gura izan zuela, manierismoaren
hildotik laua izateari gaineratuz. Arkitekturaren apaindura gisa,
moldura klasikoak erabili ziren, aingerutxoen friso bat arkitrabean,
eta zutabe korintioetan lehen herena kartela uhel itxurakoez
bete zen. Kartela hauek, zuzen zuzenean, Hieronymus Cock holandarrak
(1507-1570) editatutako grabatu batetik kopiatu zituen egileak
(65).
-
- Ikonografiari dagokionez, nahiz
eta txikia izan, oso aberatsa da.
- Predelan bertan 16 dira irudikatutako
imajinak, denak gorputz osokoak, ondo modulatutakoak, anatomia
eta tolestura landuak, orekatuak, eta plastikotasun haundikoak.
Modu simetrikoan antolatuta dago, alboetatik sagrariorantz (gaur
egun ez dauka): 2 Ebangelista, «Arma Christi» bat,
Kristoren Pasioko eskena bat, «Arma Christi» bat,
Santu bat eta «Arma Christi» bat. Guztira: lau Ebangelistak
euren sinbolekin, sei «Arma Christi» edo aingeru
Kristoren Pasioko sinboloekin (mailua, arantza koroa, eskilara,
zutabea, lantza eta ozpinaren makila), Santiago pelegrino gisa
(Espainiako patroia) eta beste Saindu apezpiku bat, San Martin
Tourseko izan daitekeena (Frantziako patroia), apezpiku jantzien
azpian habitua daramalako, zeren Saindu hau karguduna izan aurretik,
monjea izan baitzen (66). Denen azpian inskripzio
bat: «SOLI DEO HONOR».
-
- Inskripzioa da, hain zuzen,
erretaularen izpiritua argitzen duena. Trentoko Kontzilioaren
inguruan (15451563) eliza katolikoan berria ez zen eztabaida
areagotu zen, imajinen balioa zalantzan jartzen zuena alegia.
Protestanteek zioten sainduei zuzendutako kultuak Jaungoikoari
eskainitakoak besteko garrantzia hartu zuela eta askotan ordezkatu
ere egin zuela. Eliza katolikoak hartu zuen jarrera, ordea, sainduen
debozioak defenditzearena izan zen. Sainduek ordura arte uzta
onak lortzen edo osasuntsu izaten laguntzen zuten, baina pentsamendu
erlijiosoaren aldaketaren ostean, gizakien salbaziorako bitartekari
izango ziren, beti Jaungoikoaren gorazarrerako (67).
- Horregatik, Segurako predelan,
Jaungoikoaren hitza jaso zuten Ebangelistekin batera, Santiago
eta San Martin ditugu (errege-erreginaren erresumetako patroiak)
eta Kristo-ren Pasioko 8 irudi, hots, sei «Arma Christi»,
Ecce Homoa eta Kristo zutabeari lotua.
- «Arma Christi»ak
Ertaraoan hasi ziren azaltzen Arte Ederretan eta Kristo sufritzen
zegoeneko irudiei lotzen zitzaizkien. Barroko aurrean ohizkoa
izan zen, «Arma Christi»ez gain, Pasioko pasarte
bi hauetan indarra jartzea, zeren, debozioko irudiak izatetik
aparte, Pasioaren izpiritua ongien adierazten zutenak ziren (68).
-
- Panel nagusia, maskor baten
azpian, Santiago zaldun mauruhiltzaileari dedikatuta dago, Clavijoko
batailan gertaturikoa kondatuz. Eskena betearen ordenamenduak
Ertaroko kutsua du eta Paolo Ucellok San Romano bataila gaiaz
pintauttakoa gogorarazten digu. Perspektiba kontzeptualari esker
antolatuta dago. Goitik-behera: paisaia malkartsua, lantzak eta
banderak, burrukalariak eta hildako mairuak krudelki antzemanda.
Ezker-eskuinekoan, berriz, Santiago da erdibitzailea, zaldun
bakarra, Kristauen buruzagi izanik txarren irabazlea da. Zaldi
gainean, banderaz eta ezpataz harmaturik zapaltzaile nagusia
da, neurrian ere nabarmendua.
-
- Santiagoriko debozioak gorakada
izugarria izan zuen Espainian, horretarako XVI mendeko gerlak
oso aproposak izan zirelarik. Jakina da Hispaniako gudalosteek
Errekonkistatik gehiago «Santiago y a ellos» edo
«Santiago» oihu eginez egin zituztela konkistak eta
Iur hartzeak. Espainiarren gerla ulua bihurtu zeri etsaia edonor
zelarik, zein turko, protestante edo indio. Soldaduen eta zaldunen
saindurik maitatuenetarikoa izan zen (69). Espainian eta Euskal
Herrian hain gogor bizi izan zen Kontrarreformako giroan gai
aproposa izan zatekeen hau: Santiago infidelak akabatzen oso
eredugarri bilaka zitekeen protestanteen aurkako burruketan.
-
- Frontoiko Mendekosteren eskenak
osatu egiten du Eliza ekinkidearen mezua, sasoi hartan sendotutako
pentsamoldearekin bat eginik. Mendekoste egunean ospatzen zen
Izpiritu Sainduaren etorrera Lurrera, Jaungoikoak Ama Birjinari
eta Apostolugoari bere hitza zabaltzeko agindu zienekoa. Mementu
hori Elizaren sorreratzat hartu izan da, eta benetan inportantea
zatekeen adieraztea Elizaren izatea protestanteek loka jarri
zuteneko garai zail haietan.
-
- Eskena Idatzitakoari moldatzen
zaio: barrukaldean jazotzen da, osteko arkitektura klasikoei
esker lortuz; oso dinamikoa, Ama Birjina eta Apostoluak urduri
eta zeinuka agertuz. Denak moldura buruan dagoen uso itxurako
Izpiritu Sainduari begira daude, bere grazia errainu gisa hartzen
duten bitartean. Egurrezko aulkietan jarrita, Ama Birjinaren
aurrean belaunbiko dagoena ezik, Oñatiko Unibertsitateko
erretaulako eskena bera gogorarazten digularik. Eskena erregistro
bertikaletan antolatuta dago, marko makurrari guztiz egokituta.
-
- Egilea ezezaguna da guretzat,
baina lortutako emaitzaren aurrean, nahiz eta polikromia berantiar
eta eskasak bere lana estali, artista trebe eta kalifikatua zela
esan genezake.
-
- Goroetako erretaula Santiagoren bizitzari eskainitako
bakarra dugu Gipuzkoako probintzian, auzo horretako elizaren
titularraren omenez jasotakoa. Goroeta Aretxabaletako auzo bat
da, antzinako Arabarako bide baten ondoan kokatuta eta Oñatiko
kontearen jurisdikzioko lurrak izandakoetan dagoena.
- Erretaula honen aipamen dokumentalei
esker jakin genitzake egilearen izena eta landu zeneko data.
Elizako «Libro de Cuentas de Fábrica» delakoan
hasierako orrialdeztatu gabeko folio apurtuetan (1590eko bisitaldikoak
seguruenik) irakur daiteke, Calahorra-La Calzadako Gotzaiaren
Bisitatzaileari egindako deskarguaren sailean.
-
- «ltem que gasto trece
reales en el pleyto que trato con los oficiales que habian hecho
el retablo en la dicha iglesia y de cobrar los alcances que debian
los mayordomos a la dicha iglesia».
-
- Aurrerago, 1595eko Azaroaren
24ko bisitaldian,
- «Item 223 reales que han
dado a Miguel de Sardaneta de lo que a de aver del retablo»,«ltem
31 reales de un conoscimiento que dieron a la muger de Lope de
Yramain por lo que ha de haver del retablo».
-
- 1601ean, berriz, egilea nor
izan zen zehazten da, diotenean
- «Item dio por descargo
ciento y setenta y seis reales que pago a Miguel Pérez
de Sardaneta para en carta y pago que ha de haber del retablo
que hizo para la dicha iglesia no mostró carta de pago
y el cura certifico haberle pagado, mando hobrase carta de pago»,
«Item dio por descargo otro ducado que pago al dicho Miguel
Pérez de Sardaneta».
-
- Eta azkenik, bisitatzaileak
agindutako «Comission» batean diote
- «verifiquen las cuentas
con quentas con Miguel Perez desardaneta enraçon de lo
que a cobrado y se le a pagado para el retablo que hizo y le
an por todo rigor y censuras a que aya de dar y de carta de pago
de todo lo que avia recorrido y asi bien cumpla a todas y qualesquiera
personas que debieren diezmos o en otra qualquiera manera a la
dicha fabricay ansi lo probeyo, mando y firmo» (70).
-
- Deskargu hauen arabera, badakigu
egilea Miguel Pérez de Sardaneta izan zela, 1590erako
erretula bere lekuan jarrita zegoela (ez oraingoan, zeren presbitergoaren
norabidea aldatuta baitu), eta 1604rako ordaintzea bukatuta zutela,
harrez geroko bisitaldietan ez delako behin ere agertzen.
-
- Erretaula hau ere zurezkoa da,
urte gutxi de la trauskilki polikromatua eta estiloz erromanista.
Osatzen dute: predelak, 2 gorputzek, 3 kalek, eta frontoidun
atikoak. Arkitektura oso sinplea du: marra zuzena da nagusi,
titularraren arkosolioan edo atikoko kiribilduretan ezik. Eskenak
markatzeko fuste leuneko zutabeak ditu, ordena gainjarriekin
(jonikoa eta konposatua). Apaindura gisa, arkosolioaren pilastra
ildaskatuak eta arkuarteko aingerutxoak, kaxetan kateadura manieristak,
eta kiribilduretan, garaiko modari jarraiki, erdi etzandako mutilak
(askogatik irudirik eskasenak).
-
- Arkitekturaren edo mihiztaduraren
egilea baliteke izatea arestiko Lope de Yramain. Beran ere agertzen
delako erretaularekin zerikusia baleuka moduan, diru kopuru haundiak
kobratzen eta orri apurtuetan bere izena lotzen delako «entallador»
ogibidearekin (71). Honi 1590ean 69 dukat ordaindu zizkioten,
1593an bere emazteari 106 erreal elizan egindako lanaren truke,
eta urte bi beranduago 33 erreal (72).
-
- Eskulturari dagokionez, erdiko
kalea mukulu biribileko irudientzat gorde zen eta alboak erliebean
landutako eskenentzat.
-
- Bankoan edo predelan, sagrarioaren
alde banatan (1590ean egina zegoen, baina egun desagertu egin
da), bi atlante gaineko zutabeei eusten eta turbantedun bi gizon
erdi etzanda daude, filakteriaz hornituak, Oñatiko Unibertsitateko
erretaulakoen antzerakoak. Turbanteak eta filakteriak Itun Zaharrera
edo Ebangelistengana eramango gintuzkete, kontatzen den historiari
legitimazioa emanez. Santiagoren kasuan San Markos eta San Mateo
izan ziren bere berri ugarien eman zizkigutenak eta, beharbada,
euren irudiak lirateke.
-
- Erdiko kalean Trentoko Kontzilioaren
inguruan sendotutako erlijiotasuna azaltzen da, Santuen bitartekaritzaz
Jaungoikoarengana ailegatzearen ideia, alegia.
-
- Sagrario gaineko arkosolioan
sakristian gordetzen den Santiago pelegrinoaren irudia zegoen,
maskordun sandaliak eta kapela jantzita, esklabinadun kapa haundia,
makila esku batean eta liburua erdi zabalik bestean, hatzamar
bat dotoreziaz sartuta daukalako. Oinezean irudikatzeak, gorputza
alderatuta eta begirada albora eukitzeak dinamismo eta errealismo
haundia ematen diote.
-
- Itxura dinamiko bera du gainean
erromatar legionari gisa jantzitako Santiago zaldunak ere, banderatxoaz
eta ezpataz armatuta. Santiagoren bereizgarritzat, zaldia eta
berak apaintzeko daramatzaten maskorrak.
-
- Orduko erretaula guztiak bezala,
atikoa eta frontoia betetzen dituzte Kalbarioak, Jerusalem bailitzan
pintatutako hiri baten aurrean; Aita Guztiz Ahaltsuak eta Izpiritu
Sainduak, Kalbarioko iltzatuarekin batera Trinitate bat osatuz.
Trinitatearen misterioa, meza guztietan gogoratzen dena, ez zen
jai moduan ospatu kristau guztien artean 1334 an Juan XXla Aita
Santuak horrela erabaki arte, nahiz eta komunitate batzuk lehendik
ere ospatu. Trentoko erabakiekin katixima egitea agindu zuen
Aita Santuaren agintealdian (1566-1572), Pio Varenean hain zuzen,
gauzatu zen egun horretako ofizioa (73) eta ulergarria da
indartzeko ahaleginetan erretauletako agerpenak ugaritzea Goroetakoan
egin zen legez.
-
- Eskenak narratiboak dira eta
santuaren bizitzari eskainitakoak soil soilik. Ordenamentua arraro
samarra da, lehengo gorputzean Santiagoren lepamoztea eta gorpuaren
«traslatio» a kokatuta daude eta bigarrenean, ostera,
bi mirakulu, bata hil aurrekoa (Hermogenes aztiarena) eta bestea
hil ostekoa (Clavijoko bataila). Azken hau egiteko ezik, beste
guztietan Giacomo de la Voraginek jasotako kondaira dago oinarrian
(74).
-
- Honen esanetan, Santiagori Herodes
Agripak heriotz zigorra eman zion ezin zituelako jasan bere egiak
eta mirakuluak. Hiltzeko aukeratutako era lepoa moztearena izan
zen. Baina hiltzera zihoala ere Santiagok mirari gehiago egin
zituen, bideko elbarri bat sendatu eta bera lotuta zeraman Josias
eskribariak bataioa eskatzea, kristau bihurtzeko asmotan. Azkenean
biak hil zituzten. Goroetan imajinetan kondatu zutena, alegia,
hauxe berau izan zen. Santiago erdian da, begiak estalita, belauniko,
eskuak bizkarrean lotuta, heriotzaren zain; aldamenean borreroa
txarrantxa jasota, eta beste aldean, Josias bere txanda itxaroten.
Atzean judutarrak eta Herodes. Aingerutxo bat gortina ostetik
jazotakoa ikusten ari da.
-
- Aingeruak eta gortinak «Traslatio»aren
eskenan errepikatzen dira; honetan, ordea, protagonista guztiak
babesten dituzte, Rafaelen lan askotan ikus daitekeen moduan.
Hildakoaren gorpua txalupa batean agiri da bere bi jarraitzilek
lagunduta, olatu zakerreko itsasoan. Taiutzerakoan fideltasunaz
segitu zuten kondaira. Giacomo de la Voraginek, Juan Beleth-i
jarraituz, zioenez, hil ondorenean, bi dizipuluk Santiagoren
gorpua hartu zuten judutarren ezkutuan eta itsasoratu egin ziren
gobernari gabeko untzi batean. Jainkoaren laguntzari esker, aingeruek
gidatuta, heldu ziren Galiziako kostaldera eta han lehorreratu
Lupa izeneko erregina maltzurraren lurretan.
-
- Bigarren gorputzean azaldutako
mirakuluetarik, bata arrunta da oso XVI mendean, Mairuhilzailearena
hain zuzen ere. Legionari erromatarren moduan jantzitakoa zaldiaren
hanka arteko mairuak akabatzin ari da. Eskenaren konposizioa
aurrerakoia da, barrokoaren diagonalak aurrikusi zituelako zaldiaren
jarrera gauzatzerakoan.
-
- Eta azkenik, Santiago bizi zela
jazotako miraria, Hermogenes eta Filete kristau bilakatzearen
pasadizoa kontatzen duena. Bazen Judean Hermogenes izeneko azti
bat, guztiz haserre zegoena Santiagoren ekintza eta mirariekin.
Filete bere ikaslea bialdu zuen Apostoluaren jarraitzaileengana
oker zebiltzala eta lehengora itzultzeko esatera. Filete, ostera,
Santiagoren berbak entzun eta mirakuluak ikusi ondoren, maisuarengana
itzuli, eta kristau egiteko asmotan zegoela jakinerazi zion.
Hermogenesen ihardespena. Filete mugituezinik uztea izan zen.
Zerbitzari bat bidali zuen Santiagorengana laguntza eske, eta
honek, bere mukizapia emanez Filetorentzat, hitz batzuk errepikatzeko
agindu zion libra zedin. Eta horixe eginik, askatu eta Santiagoren
jarraitzaileetariko bat bihurtu zen. Hermogenes ere, deabruekin
gora-behera batzuk eduki ostean, kristau bihurtu zen. Irudikatutako
mementuan, Filete hiru deabruk (zein baino zein zatarragoa) harrapatuta
dute eta eskuan hartu du aurrean dagoen Santiagok eskainitako
mukizapia. Santiagoren atzean dagoena Hermogenes edo beste judutarren
bat izan daiteke.
-
- Gure ustez, atzenengo eskenak
biribilduko luke erretaula honek izan zezakeen mezu anitza. Besteak
beste, eliza katolikoaren alde, martiriak bezala, bizia emateko
prest beharko zutela izan kristauak; santuen bitartez Jainkoari
egindako gorazarrea; Trinitatearen dogma indartzea; elizarentzat
hitzen eta ekintzen bidez kristau berriak lortu beharra; eliza
katolikoaren etsaien kontra egitea; baita Euskal Herrian hain
hedatuta ei zegoen sorginkeriei aurre egitea ere.
-
- Jakina da, XVI mendean Espainiako
Inkisizioak Euskal Herriaren hegoaldean egin zuen lana sorginak
eta aztiak desagertarazteko eta eskarmentu gisa erabilitako metodo
gogorrak. Ez dugu ezagutzen Goroeta edo inguruko kasu zehatzik,
ikerketarik ez baitago gauzatuta, baina nekazal giroan ez zatekeen
oso arraroa izango sorginkeriatzat har zitezkeenak gertatzea
eta mirakulu hau hautatzea erretaula honentzat, eredugari izan
zedin.
-
- 1690ean Arantzazuko frailea
zen Fr. Ivan de Luzuriagak argitaratu zuen liburuan zera esaten
da zehazki: «Infestan algunas tierras de Cantabria innumerables
brujos. Y ordena la Magestad Católica predicar contra
ellos nuestros Religiosos»; edo Ama Birjina agertu zitzaiela
azti eta sorginei; edo hauen matxinak eta damuak; edo Ama Birjinak
sorgindutako umeei esan behar zizkien hitzak:
-
- «Ene seme alaba chipi
laztanchoac, oficio citalori euci eguiçu, biurtuzaitez
Jaungoico poderosa agana Christau onac beçela, sinisten
deçula Jesu Chisto Criadore Redentoreagan, eta aren fede
Santa catholican, Eleiza ama santuac sinistes aguinçen
dituan moduan».
-
- Badakigu, bestalde, 1527 an
Calahorrako apezpikuak elizbarrutiko dominiko eta frantziskotarrei
agindu ziela kristauen dotrina eta sorginkerien aurkako dogmak
zabal zitzatela herri xehearen artean. 1530ean Gipuzkoako Batzar
Nagusiek Calahorrako bikarioari galdetu zioten ea nola aurre
egin zeuden sorgin guztiei; eta 1555ean, berriro aitatu ziren
apezpikuarenean Gipuzkoako herri bitako sorginak (75).
-
- Astigarragako Santiagomendiko ermitan gordetzen duten
erretaula ederra da. Ermita oso leku estrategikoan dago eta berari
buruz esaten da (cobra inequívoca de peregrinos, dela
eta uste hori areagotu egiten duela Santiagoren irudi erromanikoak
(76). Pelegrinoen pasalekuan kokatua zegoela
jakina da, eta berau baieztatuko luke bere mantenurako laguntza
ematen zuen Arrozpide baserriaren etimologiak (Arrotz-bide, arrotzen
edo kanpotarren bidea). Baina noizkoak ziren lehen pelegrinoak?
XI-XII-XIII mendekoak? ala XV-XVI mendekoak? Alabastrozko imajina
XVI mende hasierakoa balitz, agian, ermita beraren eraikuntza
ere mende horretan datatu beharko genuke. Dena dela, lehengo
aipamen dokumentala 1533koa da (77).
-
- 1832. urtean egindako deklarazio
batean esaten da «Libro de Cuentas de Fábrica»
delakoa eta beste hainbat liburu galdu egin direla, 1794an soldadu
frantzesek erre egin zituztelako (78)
eta ezinezkoa
dela konturik eskatzea.
-
- Hala ere Iruñeko Elizbarrutiko
Artxiboko prozesuetan edo gordetzen den liburu bakarrean datu
batzuk jakin daitezke. Hala nola:
- 1623an, Iruñeko Bisitatzaileak
alkate eta herritarrei debekatu egin ziela bazkaria egitea ermitan,
barruan edo kanposantuan moldatzen baitzuten, eta aldareraíno
heltzen baitziren lapiko hotsa eta sagardo eta ardoaren usaina.
Dantzan eta zirriparran aritzen ornen ziren (79).
-
- Urte berean, alkateak, juratu
eta herritarrek bikarioaren aurka egin zutela, honek Santiago
egunean parrokiatik ermitara prozesioa egiteko ohizko modua aldatu
egin zuelako. Eskatzaileek euren alde azaldu zuten ingurukoek
sainduari zioten debozioa eta denek uste zutela ermitan Santiago
bera egona zela, maskorrek eta makilek adierazten zuten moduan
(80). Lope de Isastik ere gauza bera zioen
1625ean «Santiago de Astigarraga, hermita devota, a donde
se hallan veneras, conchas y bordones, criados en las paredes
de ella, y lo testifican Echave, Zabaleta, Don Mauro Castelaferrer
y el Señor Sandoval obispo de Pamplona. Sírvela
un hermitaño que se sustenta de limosnas» (81).
-
- 1624an, liburuak eta bitxiak
galdu zirela eta, Bisitatzaileak artxiboa egitea agindu zuen
eta kontuak bikarioaren aurrean egiteko. Alkateak kontra egin
zuen, berak uste zuelako ez ziola konturik inori zor. Epaia bikarioaren
aldekoa izan zen (82).
-
- Sei urte beranduago ermitariak,
giltza eta guzti, hanka egin zuen eliztarrei sarrera galeraziz.
Dokumentu berean esaten da Jubileo urteetan jendea aldareraino
sartzen zela ardo zahagiekin, sagardo upelekin, txilio eta zalapartaka.
Gainera ez ei zizkion bikarioari erremusinak ematen (83).
-
- XVIII eta XIX mendeetan ziur
dakigu, kontuen arabera, kofradia antolatuta zutela; San Juan
egunean "mayordomo"ak hautatzen zituztela, bizilagun
guztiei freskagarri bat eskainiaz; eta kontuak bikarioari eta
alkateari ematen zizkiotela. Ermitaren mantenurako (inoiz basilika
ere deitzen diote) parrokiako atabakean batzen zuten dirua, erremusinak,
eta zentsuak ordaintzen zituzten Gaztañaga, Zabaleta,
Camio (inoiz Camino), Arrozpide, Bordaluce, Echeberri arriba,
Zubimusu, Aleguinea, Ezquerranca eta Aguirre baserriek. Bestalde,
ofizioak izaten ziren: Santiago egunean hiru meza, bata kantatua,
eta prozesioa Errenteriako kaputxinoekin; Bazko hirugarrenean
meza kantatua; eta urtean zehar hiruzpalau meza (84).
-
- Ermita ornatzen duen erretaula
ere XVI mende bukaerakoa edo XVII hasierakoa da, erromanista
bete-betea, txikia, eta beste biak baino hobeto urreztatua eta
pintatua. Egilea nor den ez dakigu, baina parrokiako erretaularen
antz haundia du, arkitekturan eta apaindura gisa erabilitako
erroleoetan. Sinplea da, estua eta luzenka, osatzen dutelarik:
predelak, gorputzak eta atikoak; bigarrena izanik askogatik erretaularen
alderik onena.
-
- Predelan bakarrik Epistola aldeko
erliebea kontserbatzen da: idazten ari den aingeru bat, San Mateorena,
hain zuzen ere, bera izan baitzen Santiagoren aipamen gehien
egin zituena Liburu Sainduetan.
-
- Panel nagusian, erliebean, Santiago
mairu hiltzailearen eskena irudikatu zen. Aingerua zeruan gidari
dela, saindua, beste guztiak baino haundiagoa, belaunak jasoak
dauzkan zaldiaren gainean, ezpataz armaturik, kristauen gidari
azaltzen da, aurrean dituen etsaien kontra, garaitutakoen gainean.
Ondo antolatu eta moldatutako eskena da, sainduaren eta zaldiaren
arabera. Berau markatzeko alboetako zutabe korintiarrek, lehen
herena erroleoz apinduta dute eta fustea ildaskatuta. Eusten
diete orri itxurako mentsula batzuk.
-
- Atikoan, ohizko Kalbarioa, frontoia
errematatzen, mukula biribileko irudiez taiutua. Alboetan bi
irudi, bata San Rokerena, Ebangelio aldean, eta bestea San Sebastianena,
Epistola aldean. Biak peste edo izurriaren aurka inbokatzen zirenak.
Ertaroan legez, XVI eta XVII mendeetan ere, orduko kalamidade
gogorrena zen izurriteari aurre egiteko, kristauek saindu hauen
laguntza eskatzen zuten otoitzen, promesa, errogatiiba eta abarren
bidez, ez baitzuten beste modurik asmatzen zerura begiratzea
baino. Elizak adore ematen zien honelako ekintzei, teologoek
uste zutelako gaixoa Jaungoikoaren gaztigua zela.
-
- San Roke, sarritan agertzen
den moduan dago, mantuaz jantzita, aingerutxo eta txakurragaz
lagunduta, kondatzen zuten biografia mirakulutsuaren arabera.
XIV mendean bizi izan zen. Erromara bidean, Apostoluen hilobiak
bisitatzera zihoala, izurridun gaixoak sendatzen aritu zen. Handik
itzulian bera gaixotu eta, inori enbarazo ez egitearren, basoan
ezkutatu eta txakur bati esker bizirik iraun zuen. Montpellierren
lapurtzat hartu ondoren, hil egin zen (86).
-
- III mendean bizi izandako San
Sebastiani, ordea, arkularien patroi eta izurritearen aurkako
saindu izateari, Kontrarreforma sasoian beste birtute bat erantsi
zioten, fedearen soldadu eta heroi izatearena, alegia (87). Pretorioko soldadu zela, kristauak defenditzeagatik
Dioclecianok geziez hiltzera kondenatu zuen, eta horregatik agertzen
da biluzik zagitaz josita (Astigarragan galdu egin ditu, baina
zuloak bistan dauzka). Orduan ez zenez hil, martiri gogorragora
kondenatu zuten, eta hipodromo batean flagelatuta eman zuen azken
arnasa (88).
-
- Astigarragako erretaula honetan
ere Kontrarreformako kutsua igertzen da, agertzen duen sainduen
jokabide gogor eta adoretsuaz. Ez litzateke inola ere ahantzi
behar herriaren erlijiotasunaren lekuko aukerakoa dela. Euskal
Herrian ere hain bortitzak eta gogorrak izan ziren izurriteen
aurrean, beste leku askotan bezala, sainduei eskatzen zieten
laguntza, orduan ez zegoelako aurre egiteko beste giza modurik.
Hasieran «Santiago egon zelako» eraikitako ermita,
geroago ingurukoentzako ermita eta eliza bihurtu zen, euren deboziorako
prestatu zutelarik.
-
- Gibelsolasa
- Gipuzkoako Santiago Apostuluaren
irudien ikonografiari hurbilpen txikia egin ondoren, laburbilduz
zera esan daiteke:
-
- Nahiz eta desagertutako
Santiagorren ermitak asko izan, eta eurekin batera hornitzen
zituzten imajinak, kontserbatutako irudi bakan gehienak nekazal
girokoak dira.
- Irudirik zaharrenak 1500.
urte ingurukoak dira eta antzinako bideen inguruan jasotako ermitetakoak.
- Zaharrenetan Santiago
pelegrino eran azaltzen da.
- XVI mendea da aberatsena
ikonografiari, ugaritasunari, kopuru eta kalitateari dagokienez;
batez ere Felipe Ilaren garaia. XVII eta XVIII mendeetan ere
errepresentatua izan zen, eten bat sortuz XX mendera arte.
- Apostolugoaren partaide
denean askotariko lekuetan agertzen da. Denboran berriztu ahala
pelegrino atributoak galduz doa, makila soilaz geratu arte.
- Beste saindu batzuk legez,
banakako debozio partikularren hartzaile izan zen.
- Pelegrinoekin edo bidaiariekin
zerikusia dutenak ermitak eta euren irudiak dira.
- Erretauletako ikonografia,
ordea, pelegrino edo bidaiariekin baino, gehiago erlazionatu
beharko litzateke Trento osteko izpiritu erlijiosoarekin eta
Espainiako monarkiaren katolikotasun militantearekin.
-
-
- Aztertutako Santiagoren irudien
kokapena Gipuzkoan
- AIA: SANTIAGO ERMITA
- ARETXABALETA: GOROETAKO SANTIAGO
ELIZATEA. AOZARATZAKO OTALORATARREN KAPERA
- ZUBIETA: SANTIAGO PARROKIA
- BERGARA: SAN PEDRO PARROKIA.
BASALGOKO SANTIAGO ERMITA. UBERAKO MARTOKUA BASERRIA
- OÑATI: SAN MIGUEL PARROKIA.
BIDAURRETA KOMENTUA
- EIBAR: SAN ANDRES PARROKIA
- OIARTZUN: SAN ESTEBANEN PARROKIA
- DONOSTIA: SAN BIZENTEREN PARROKIA
- DEBA: SANTA MARIA PARROKIA.
SANTIAGO ERMITA (desagertua)
- LARRAUL: SAN ESTEBAN PARROKIA
- ARRIARAN: SAN PEDRO PARROKIA
- ASTIGARRAGA: SANTIAGO ERMITA
- ZARAUTZ: URTETAKO SAN SEBASTIAN
ERMITA
- AIZARNA: SANTA ENGRAZI ERMITA
- ALKIZA: SANTIAGO ERMITA
- ELGETA: GOIMENDIKO SANTIAGO
ERMITA. SANTIAGO KAPERA PARROKIAN
- HERNANI: PAGOAGAKO SANTIAGO
ERMITA
- IKAZTEGIETA: PILARIKA ERMITA
- ANTZUOLA: UZARRAGAKO SAN MARTZIAL
ERMITA
- SEGURA: SANTIAGO KAPERA PARROKIAN
- TOLOSA: GIPUZKOAKO ARTXIBATEGI
OROKORRA
-
-
- Notas:
- (1) 1122. urtean
Calixto Ila Aita Santuak erabaki zuen. Erromako Urte Saintdua
eredutzat harturik. igandean suertatzen zen Santiagoren eguneko
urtea, Urte Saintdua izango zela. 1187.ean, berriz, Alejandro
Illaren «Regis Aeterna» Bulan zehaztu ziren Santiagoren
Hilobia urte horietan bisitatuko zutenek lortuko zituzten graziak,
beti Zerua irabazteko xedeaz.
- (2) Asko eta
asko dira gaia tratatu dutenak; aukeratzekotan: Erdi Aroan, sainduen
kondairak bildu zituen VORAGINE, S.: La Leyenda Dorada, Madril,
1982, 396-405 ok. ENRIQUEZ DE SALAMANCA, C.: El Camino de Santiago,
Madril, 1991; dibulgaziokoa izan arren, itxurakoa da. SORIA Y
PUIG, A.: El Camino a Santiago, I. Vías, viajes y viajeros
de antaño, Madril, 1991, liburu ederra eta atsegina da
oso, eta egokienetarikoa Bideari buruzko informazioa jasotzeko.
Edo talde lana den El Camino de Santiago, Bartzelona, 1991. LOPEZ
ALSINA, F.: «La formación del Camino de Santiago»,
in El Camino de Santiago, Bartzelona, 1991, 27-36 ok., oso artikulu
egokia da Bidea egitea zer zen jakiteko.
- (3) Pelegrin
diot eta ez erromes, bi kontzeptu desberdin direlako. Jerusalemera
zihoazenak gurutzatuak ziren, Erromara zihoazenak San Pedro eta
San Pabloren martiri lekuak ikustera, erromesak; eta Compostelara
zihoazenak, pelegrinoak. Gainera, badira Euskal Herrian berba
honen erabilera baieztatzen duten frogak, bai kantu zaharrak
(Ikus AKESOLO, L.: «Santiago Bideko euskal kantak».
Euskerazaintza, XXII zenb., 1993ko Urtarrilla-Epailla, 26-30
ok.), baita Mondragoe aldean ere (Frantziako influentziatik at)
errukia erakusteko esaten diren «gizajo-pelengriño»
eta «pelengriño» hitzek.
- (4) SORIA Y
PUIG, A.: op. cit. 115-117 ok.
- (5) SORIA Y
PUIG, A.: op. cit. 119-120 ok. GARCIA DE CORTAZAR. J.A.: Euskal
Herria erdi aroan ll, Donostia, 1991, 30-31, 40-41 ok.
- (6) Bere itzulpena
BRAVO LOZANO, M.: Guía del peregeino medieval. Sahagún,
1991.
- (7) Salbuespenak:
BARRENA OSORO: Historia de las Vías de Comunicación
de Gipuzkoa, I. Antigüedad y Medioevo, Donostia, 1991. Oinarrizko
liburua, Gipuzkoako komunikabideei buruz egin den lanik osatuena,
ondo dokumentatuta eta mapa argiez hornitua; VAZQUEZ DE PARGA,
L., LACARRA, J., URIA, J.: Las peregrinaciones a Santiago de
Compostela, Madril, 1949, 9-18 ok. Aldekoen eskola egin duena,
bestalde, eta jarraitzaile ugarirekin, LEKUONA, M.: «Hablando
de rutas y vías en Guipúzcoa», 1964, «Santiayago-bideak
Gipuzkoaan zear», Eusko Etnografia, 2, Gasteiz, 1978,
317-325, 301-308 ok., EHAA 1993ko uztailak, 9, ostirala, 129
zk. 6551-6579 ok.
- (8) BARRENA
OSORO, E.: op. cit.
- (9) BARRENA
OSORO, E.: op. cit. 25..a eta 206. ok.
- (10) GARIBAY,
E.: Compendio historial, I, 535-536 ok., in CARO BAROJA, J.:
Los vascos y la Historia a través de Garibay, Donostia,
1972, 206. or.
- (11) PORTILLA,
M.: Por Alava a Compostela, Gasteiz, 1991, 5-6 ok.
- (12) BARRENA,
E.: op. cit. 82-90 ok. BARRENA, E.: La formación histórica
de Guipúzcoa, Cuadernos universitarios, 5. zenb., 1989,
336-337 orrialdeetan dio, 1179an Nafarroako Antso Vlak eta Gaztelako
Alfonso Vlllak sinatu zuten akordioan Deba Garaia eta Erdia Arabako
lurrildeko partaide zirela.
- (13) PORTILLA
M.: op. cit. 7-11 ok.
- (14) BARRENA
OSORO, E.: op. cit. 95-97 ok.
- (15) BARRENA
OSORO, E.: op. cit. 104-105 orrialdeetako mapa, 95-110 ok.
- (16) BARRENA
OSORO, E.: op. cit. 119-120 ok.: ARIZAGA, B.: Urbanismo medieval
(Guipúzcoa), Donostia, 1990, 19-21 ok.
- (17) SORIA
Y PUIG, A.: op. cit. 104-106 ok.
- (18) DUHOURCAU,
B.: Les chemins de Saint-Jacques en Pays Basque, Baiona, 139
or.
- (19) AZPIAZU
ELORZA, J.A.: Sociedad y vida social vasca en el siglo XVI. Mercaderes
guipuzcoanos, Donostia, 1990, 147.
- (20) BARRENA
OSORO, E.: op. cit. 123-140 ok.
- (21) BARRENA
OSORO, E.: op. cit. 140-174 ok.
- (22) PORTILLA,
M.: op. cit. 33. or.
- (23) LEKUONA,
M.: op. cit. 301-315 ok. eta «San Adrián y los caminos
de Santiago a través de Zalduendo», Eusko Etnografia,
2, 271-285 ok. ORELLA, J.L.: KORTADI, E. ETA DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO
DONOSTIAKO TALDEA: «El camino de Santiago en Guipúzcoa.
De Zubernoa a Zalduendo». Eusko Ikaskuntza. Artes Plásticas
y Monumentales, 3, 1985. 189-294 ok. Onespen ofiziala ere eman
diote bideari EHAA. 1993ko uztailaren 9koan
- (24) MALE,
E.: El gótico, Madril, 1986. 319-321 ok.
- (25) BERGARECHE,
D.: Apuntes históricos de Salinas de Léniz y del
Santuario de la Virgen de Dorleta. Donostia, 1952. 139-146 ok.
Santa Marina ermitarentzat, PORTILLA, M.: Catálogo Monumental.
Diócesis de Vitoria. Llanada oriental y valles de Arana,
Arraya y Laminoria, Gasteiz, 1982, 570. or.
- (26) SORIA
Y PUIG, A.: op. cit. 27. or.
- (27) BERGARECHE,
D.: op. cit. 139-140 ok
- (28) VAZQUEZ
DE PARGA, L.: LACARRA, J.M.: URIA, J.: Las peregrinaciones a
Santiago de Compostela, Madril, 1948. GIL DEL RIO, A.: La Ruta
jacobea, Madril, 1882, 103-137 ok. BRAVO LOZANO, M.: Guía
del peregrino medieval, Sahagún, 1991. VORAGINE, SANTIAGO
DE LA: La Leyenda dorada, 1, Madril, 1982, 396-405 ok.
- (29) Tipo ikonografikoetarako:
STEPPE, J.K.: «Liconographie de Saint Jacques le
Majeur», in Santiago de Compostela: 1000 ans de pelérinage,
Gand, 1985. REAU, L.: Iconographie de Iart chrétien,
Paris, 1958, 695-702, ok.. MALE, E.: El gótico, Madril,
1986, 314-315 ok.. FERRAND0 ROIG, J.: Iconografía de los
santos. Barcelona, 1950, 48-53 ok. BIBLIOTHECA SANCTORUM entziklopedian
Giacomo il Maggiore delakoan, 381-388 ok. SICART JIMENEZ, A.:
«La iconografía de Santiago ecuestre en la Edad
Media», Compostellanum, 28, 1-2, 1982, 11-32 ok.
- (30) LOPE DE
ISASTI: Cosas memorables o Historia general de Guipúzcoa.
(1625). Bilbo, 1972. MURUGARREN ZAMORA, L.: «Relación
de puntos religiosos de Guipúzcoa», BRSBAP, XXVIl,
1972; artikulu honi egindako zuzenketekin taiututako orri mekanografiatuak.
PEÑA SANTIAGO. L.: Guipúzcoa paso a paso, Bilbo,
1969. PEÑA SANTIAGO, L.: Las ermitas de Guipúzcoa,
Donostia, 1975. HUIDOBRO SERNA: Las peregrinaciones jacobeas,
3, tomoa, Madril, 1951. ARRAZOLA, M.A.: El Renacimiento en Guipúzcoa,
Donostia, 1988. «SANTlAGORAKO BIDEAK GIPUZKOAN» erakusketako
katalogoa, Donostia, 1993.
- (31) ARRAZOLA,
M.A.: op. cit. 1 go tomoa. 134-138 ok.
- (32) FERRAND0
ROIG, J.: op. cit. 48-53 ok.
- (33) ARRAZOLA,
M.A.: op. cit. 1 go tomoa, 100-105 ok.
- (34) UGALDE,
A.I.: «lglesia de Santa María de Deba. Iconografía
de sus claves de bóveda». Eusko Ikaskuntza, Artes
Plásticas y Monumentales, 8, zenb. 1991, 161-195 ok.
- (35) ARANBURU,
M.J.: GIL MASSA, J.: Artea Bergaran, Erdi eta Moderno Aroak,
Bilbo, 1991, 72-74 ok. ARRAZOLA, M.A.: op. cit. 322-323 ok.
- (36) ARRAZOLA,
M.A.: op. cit. 46-53 ok. ARANBURU,. M.J., GIL MASSA, J.: op.
cit. 66-68 ok.
- (37) MONASTERIO
DE BIDAURRETA. DATOS HISTORICOS Y ARTISTICOS, Mayo, 1991, 51-53
ok
- (38) ARRAZOLA,
M.A.: op. cit. 98-106, 188-198 ok.
- (39) MUGICA,
S.: «La iglesia de Oyarzun. Noticias retrospectivas»,IV,
Euskalerriaren alde, 165-166, VII urtea, 1917, 532-534 ok. LEKUONA,
M.: «Del Oyarzun antiguo»,1959, 5, kondaira, Gasteiz,
1978, 228-235 ok.
- (40) OTALORA
JAURETXEA, Mondragon, 1984, Garibayren lanetan oinarritutako
laburpena.
- (41) ARRAZOLA,
M.A.: op. cit. 125-131 ok.
- (42) CENDOYA
ECHANIZ, I.: «Domingo y Juan de Mendiaraz, el paso del
romanismo al naturalismo barroco», Kultura, 1, 1990 maiatza,
45-46 ok.
- (43) PLAZAOLA,
J.: San Inazioren ikonografia Euskadin, 1991, 23. or.
- (44) ARAMBURU,
M.J., GIL MASSA, J.: op. cit. 28. or.
- (45) BERNIS
MADRAZO, C.: Indumentaria medieval española, Madril, 1955,
47-48. ok.
| |