Euskarazko kazetaritzan
bada tradizio bat, ene ustez balio handikoa, ezagutzeko ahalegina
egin nahi baldin badugu behintzat. Tradizio hori XIX. mendean
hasten da, bereziki Eskualduna kazetarekin, 1887an hasi
zena. Baina kazeta hau, iraun luzekoa zinez, ez da ia ezagutzen,
hemeroteka eta biblioteka pribatu batzuetan barreiaturik baitago.
Eskualdunan kazetagile edo kazetari izan ziren batzuen
kazetalan apur batzuk baino ez dira argitaratu orain arte. Adibidez,
Hiriart-Urrutyren kazetalanen %10 edo gutxiago baino ez, orain
arteko antologietan (artikulu desberdinak esan nahi dut). Eta
milaka batzuk idatzi zituen. Blaise Adémaren antologiarik
ere ez dago, eta ez Arnaud DAbbadie apezarenik, ez beste
hainbat eta hainbatenik.
Kazetaritzako
lanean -astean-astean eta gehienetan egunean-egunean- idazten
jardundako urteak bertzalde. Hiriart-Urrutyk eta DAbbadiek
25na urte egin zituzten, gutxi gora-behera; B. Adémak
eta Jean Etxepare medikuak 30 bat gutienez (eta hauek guztiak
sosik kobratu gabe, oro erran behar bada). Eta kalitateaz nork
zer esango du? Hiriart-Urruty eta J.Etxepare hitz lauzko idazleen
artean lehen lerrokoak dira.
Esandako gauza
hauek erakusburu batzuk baino ez dira, euskaraz, orain baino
lehen, kazetari eta idazle bikainak izan ditugula adierazteko.
Eta aintzatago hartu beharko genituzkeela. Besterik da gure ezaguera
eta ezagutza, ondikotz. Nire ezagupenari dagokionez, bereziki
Eskualduna astekaria ezagutzen dut, batez ere XIX.eko
azken hamarkada eta XX.eko lehena. Beraz, artikulu honetan prentsa
idatziaz ariko naiz, huts-hutsik. Iparraldetik hasiz, hor sortzen
baita "euskal kazetaritza" izena merezi duen zerbait.
Zer da Eskualduna
eta nor zen Hiriart-Urruty? Bi hitzez esan behar banu, Eskualduna
Iparraldeko kontserbadoreen euskal kazeta astekaria izan zela
eta haren egile edo idazleen buruzagia, Jean Hiriart-Urruty,
euskal kazetaritzaren aita dela esango nuke, eta gainera, bera
izan zen Eskualdunaren arima, 1915ean hil arte. Euskal
Herrian euskal kazetaritza indarrez Eskualdunarekin agertzen
da. Alde bat uzten ditugu beraz Xahoren saioak (Üskal-Herrico
Gaseta-ren bi argitaldi baino ez zituen atera 1848an). Bai eta
euskaldunek Ameriketa ateratzen zituzten kazetak: Los Angeles-eko
Escualdun Gazeta (1885), Biscailus-ek egina eta demokraten
alderdikoa, eta California-ko Eskual Herria (1893-1898),
Goytinok zuzendua eta, dirudienez, euskara hutsean lehena. Halaber
Hegoaldean Azkuek ateratako Eskualzale (1897-1899) eta
Ibaizabal (1902-1903), edo Iparraldeko almanakak edo urtekariak.
Eskualduna III.
Errepublikan sortu zen, errepublikaren Réveil Basque
(Euskal Iratzartze, frantsesez) astekariari ihardetsiz eta ihardesteko.
L. Etxheverry deputatugaiak sortu zuen eta bera izan zen jabea
1903 arte eta buruzagia 1901era arte. Etcheverry deputatu "xuria"
Berdoly errepublikarraren ("gorri") eta kontserbadore,
erregetiar eta bonapartisten ("xuriak") arteko borroka
politikoek -hauteskundeetakoek, hots- markatutako garaia da.
Hauteskundeak deputatu, zenator, departamenduko kontseilu jeneral,
arrondizamenduko kontseilu eta herrietako kontseiluetarakoak
ziren baina ez oro bet-betan, aldizka baizik egiten zirenak eta
beraz urtero ia pare bat egokitzen ziren edozein tokitan. Esan
gabe doa, gizonezkoek zuten bakarrik bozkatzeko eskua.
L. Etcheverry
Le Play soziologoaren jarraitzailea zen, erlijioa, familia eta
jabego pribatuaren aldekoa. Etxekojaunen alde jardun zuen, Donibane
Garaziko kantonamenduan batez ere. 1889-92 urteetan bi hiru aldiz
garaitu zuen Berdoly, harik eta 1893an galdu eta erretiratu zen
arte.
Eskualdunak bere burua euskalduntzat
zuen -Réveil Basque kazetatik bereiziz- eta euskaldunentzat
egina. Kazeta ttipia zen baina bipila, borrokaria eta xorrotxa,
euskaldunen ohiko jiteari jarraiki, omen. Hasieran batez ere
laborari eta etxekojaunentzat egina bazen ere, gero eta gehiago
euskaldun giristinoentzat, laborari nahiz langile, komerzant
edo jaun xapeldun. Baionan ateratzen zen. Hasieran hamabostekaria,
aurki astekaria. Bi orrikoa, lehenik 3, gero 4 eta gero 5 zerrendakoa
(gazt.columna).
Politikan gobernamendu
errepublikarraren kontra ari zen, haren politika eta legeen kontra,
bereziki erlijioa eta erlijioaren interesak ukitzen zituen ororen
kontra (eskola laikoak, elizgizonak eskoletarik kanpo ezartzearen,
fraide eta seroren kanporatzearen, Estatuaren eta Elizen -Eliza
katolikoa ez baitzen bakarra- berexkundearen kontra, Eliza Katolikoaren
ondasunak kentzearen kontra). Framazon, judu, sozialista eta
radikalak ditu etsaien etsaitzat, adibidez Férry edo Combes
ministroak. Euskal Herrian, hautagai gorrien, prefetaren eta
honen agindupean ari zirenen aurka, bereziki errient-errientsa,
bideetako aitzindari, guarda eta bertze nonbeitik jinikako atzerritar
kargudunen (funtzionarioen) kontra. Hala ere, xurien arteko tirabiren
ondorioz ("Ralliemente" delako politika, hots, Errepublika
onets eta Errepublikar eztiekin batzea) Eskualduna Etcheverryren
joera radikala baztertuz joan zen eta errepublikar ematuekin
hautsi-mautsiak onartuz.
Bestenaz, Eskualdunaren
harreman, kidetasun, autoritate batzuk Frantziako eskubiko egunkari
antisemita eta frantsez nazionalistetan, alde batetik, eta bestetik
katolikoetan (La Croix) aurkitzen dira, edo departamenduko joera
politiko beretsuko kazeta batzuetan ditu, bereziki Courrier
Baionakoan. Ezin da ukatu Frantziako Eliza Katolikoak eta bereziki
Baionako apezpikutegiak esku handi eta luzea izan zuela Eskualdunaren
politika editorialean eta kanpainen antolamenduan. Kazetaren
azken bizpahiru zuzendarien izendapena ere handik etorri zen.
Eskualduna astekari elebiduna zen,
Réveil Basque (1886-1894)eta haren ondoko Le
Pays Basque -Eskual-Herria bezala, baina euskalzalea
haste-hastetik, eta gero eta gehiago. Euskara nagusituz joan
zen apurka apurka, astekari errepublikarretan ez bezala. Hau
batez ere Hiriart-Urruty buruzagiaren lanari eta apaiz idazlarien
euskara on eta kalitatezkoari esker gertatu zen. Egia da Eskualdunak
erlijioa eta euskara hertsiki lotzen zituela; baina ez da gutiago
egia errepublikarrek, radikalek eta sozialistek ere, bide beretik
nahiz alderantziz, progrès delakoaren izenean,
euskara -bretoiera bezala- atzerakuntzarekin lotzen -eta frantsesa
progrès delakoarekin -zaku berean ezartzen zituztela.
Eskualdunaren bilakaera historikoan
-beti Frantziako politikak baldintzatua- badira aldikada aipagarri
batzuk: hasierako urteak (1887-1891) Pochelou gerentearen kudeaketapean
ateratzen da kazeta, hurriki hedatuz; Larresoroko apaiz kazetarien
sartzeak (1891 inguru) kazetaren sail finko eta nagusiak sortzen
eta bermatzen ditu. 1901ean, krisialdi baten ondoren, R. d' Elissagaray
kazetari atarraztarra bihurtzen da buruzagi (1901-1903). 1904ren
hasieran jabe berriak eta izen berriak hartzen du kazetak: Eskualdun
Ona (1904-1907). Garai honetan ari da bizienik kazeta. Alde
batetik, Combes ministro nagusiak euskaraz dotrina edo katixima
irakastea debekatzeko manua igortzen die prefetei, hots, frantsesik
ulertzeko gai ez ziren haurrei frantsesez behar zitzaiela irakatsi
(1903). Bestetik, Eskualdun Ona-ren aldian gertatzen da
ere Estatuaren eta Elizaren arteko Berexkundea (1905) honen ondorio
guztiekin: elizen ondasunen ikerketa edo inbentarioak edo "imitorioak"
-zenbait herritan asaldamendu handia sortu zutenak-, apezen paga
eta etxea, apaizgaiak seminarioetatik fueratu eta barreiatzea,
elizak laikoen eskuetan jartzeko legea etab. Bestalde, Hiriart-Urrutyk
jakin zuen idazle talde bat biltzen (J. Etxepare, Lacombe, etab.),
baita zuberotarrak (Constandindarrak, esaterako), orrialde bat
gutienez zubereraz agertaraziz. Honek guztiak lagundu zuen, noski,
Eskualdun Ona 7000 aletaraino heltzen (1907). Ondorengo
urteak lasaiagoak dira, gatazka ematen baita. Bestalde, 1907an,
Etcheverry hiltzean, haren alargunak Eskualduna titulua -ordura
arte Etcheverryk beretzat atxikia- ematen die Eskualdun
Ona-koei eta berriro Eskualduna izenarekin ateratzen
hasten dira.
Lehen Mundu Gerlak
(1914-1918) aldaketak dakartza kazetan. Orri bakar bat aterako
da eta Monge gerentea eta idazle batzuk gerlatoki inguruetara
doaz, handik berriak igorriko baitituzte (Etxepare medikua, Jean
Saint-Pierre eta Elissalde apezak). Gerla garaian Hiriart-Urruty
eta D' Abbadie hiltzen dira (1915 eta 1916) eta Adéma
kargutzen. 1925an gerlari ohien belaunaldi gazteak kudeatuko
du kazeta, Jean Saint-Pierreren buruzagitzapean. Hau apezpiku
izendatuz gero, Domingo Soubeletek zuzenduko du (1930-1937).
Eta azkenik, Salbat Arotzarenak (1937-1944). II. Mundu Gerla
garaian Eskualduna Vichyko gobernuaren politikaren aldeko
sutsua izan zen eta komunistagoa zuen debru madarikatua. Hortaz
nahiago zuen Hitler, honen hitzaldiak itzuli baitzituen euskarara;
Frente Popularra eta antzekorik ezin zuen irets eta ez Hegoaldeko
abertzaleen jokabidea onets. Elkartuak Parisez jabetzean hetsi
zuten (1944-28koa azken alea). Urte berean, urrian, Pierre Lafittek
eta Herria sortu zuten (1944-10-19koa lehen alea). Aitzinago,
Eskualdunaren jokabidea gogoko ez eta Lafittek berak eta
gazte talde batek Aintzina sortu zuten (1924-1937).
Eskualdunak nonahi eta euskaldunak
ziren tokietara hedatzeko ahalak egin zituen: Frantziako hiri
batzuetan, Hegoaldeko Nafarroan eta Ameriketan, Buenos Airesen,
adib., bai eta toki batzuetan berriemaileak ukan (Nafarroatik
idazten zuten Irigaray "Larreko"k eta E. Zubiri "Manezaundi"k).
Jakina, Frantziako egunkari eta kazetak, frantses hutsean ari
zirenak edo ia, irakurle anitz zuten Euskal Herriko hiri gotorxeetan
eta eskualdunen artean.
(*): testu hau, XX. mendeko Euskal Kazetaritza (1945 arte)
izenburupean egileak idatzitako lanaren zati bat da. Xabier Altzibar, EHUko Gizarte
eta Komunikazio Zientzia Fakultateko Doktorea eta irakasle titularra |