1999ko apirilaren 20an egin zituen 100
urte Gipuzkoako Medikuen Elkargoak, aurreneko aldiz eratu zenetik.
Medikuak lehenagotik hasi ziren kezkatzen, beren eguneroko lanbidean
zeuzkaten hainbat arazo eta zailtasuni aurre egin nahian. Horrela,
1870. urtearen inguruan Victor Acha mediku donostiarra saiatu
zen medikuak elkartzen, guztion interesak defendatzeko asmoarekin,
bertako botere lokalen aurka batetik (petrikiloak adibidez),
eta atzerriko medikuek sortzen zituzten traben aurka bestetik
(garai hartan, esaterako, mediku atzerritarrek libre zuten Gipuzkoan
lan egitea, hemengoek lurraldeko mugetatik kanpora, iparraldean
adibidez, lan egiterik ez zeukaten bitartean.
Hasierako mugimendu hura indartzen
eta gorpuzten joan zen, eta 1899ko apirilaren 20an eratu zen
elkargo edo kolegio berria, Juan Jose Celaya doktorearen agintaritzapean.
Eta aurreneko Elkargo hura 128 medikurekin sortu baldin bazen,
gaur egun ia 3.000 lagun biltzen ditu bere egoitza dotorea Donostiako
Frantzia hiribidean duen Gipuzkoako Medikuen Elkargoak. Tartean
100 urte luzez medikuen babesean eta bide batez, baita gizarte
osoaren babesean ere gogor aritu den elkargoa, beti ere medikuaren
interes soilak defendatzeaz gain, gizarteak medikuntzaren eta
baita osasunaren esparruan ere egindako eskariei erantzun egokia
eman nahian.
Ehun urteko denboraldi horretan
egindako lana ezagutzera emateko eta gure aurretik langintza
horretan aitzindari izan ditugun lankideei ongi baino hobeto
merezi zuten esker ona eta omenaldia eskaintzeko, Mendeurrena
modurik txukun eta dotoreenean antolatzeko Batzorde bat eratu
zen iazko urtearen hasieran. Batzordea lanean aritu da geroztik
eta hainbat ekitaldi eta jarduera jadanik antolatu eta egin diren
arren, asko eta ugariak dira oraindik ere egitekoak direnak.
Guzti horien berri eman nahi genuke lerro hauen bidez.
Etxeko txikiei begira antolatu
zen aurreneko jarduera. 1999ko urtarrilaren 9an TXIRRI, MIRRI
eta TXIRIBITON pailazo ospetsuek 2 emanaldi eskaini zituzten
Elkargoaren ekitaldi-aretoan, bertan bildutako ume guztien gozamenerako.
Apirilaren 23an Mahai-inguru
bat antolatu zen "ONGIZATEZKO ESTATUAREN KRISIA ETA HORREK
SANITATEAN DUEN ERAGINA: PERSPEKTIBAK ETA PROIEKTUAK" gaiaren
inguruan. Munua doktoreak moderatutako Mahai-inguruan hainbat
ikuspegitatik jorratu zen gai ezin interesgarriago hori: alderdi
ekonomikotik (Manuel Escudero ekonomialaria), alderdi penaletik
(Antonio Beristain jurista), eta alderdi etikotik (Diego Gracia
medikua) eta, bestalde Ivan Moseley neuro-erradiologo ingelesak
gertu-gertutik ezagutzen duen Britainia Handiko egoeraren berri
eman zuen.
Maiatzaren 14an ospatu zen ekitaldi
instituzional nagusia. Bertan Gipuzkoan 50 urtetik gora kolegiatuta
egin dituzten elkargokideei domina oroigarri bana eman zitzaien,
eta ekitaldi berean Ohorezko Kolegiatu izendatua izan zen Ignacio
Sanchez Nicolay, gaur egun Espainiako Elkargo Medikoen Organizazio
osoaren buru den mediku donostiarra.
Datorren ekainaren 3an egingo
da Mendeurreneko Batzordeak antolatu nahi dituen eztabaida-mahainguruetako
aurrenekoa. Garai batean telebistan LA CLAVE izenarekin hain
arrakastatsua izan zen programa haren egitura oinarri bezala
hartuz, eta beti gai interesgarri baten inguruan, hainbat adituz
beren esperientziak eta bizipenak kontatuko dituzte, bertara
bildutakoen kezka eta galderei erantzuteaz gain. Lehenengo gaia
"MIR sistemaren iragana, oraina eta etorkizuna" izango
da, eta bertan Segovia de Arana irakasle ospetsuaz gain, Errezola,
Marco, Lapaza, Berraondo eta Azparren doktoreak arituko dira,
Arenas doktorea izanik moderatzailea. Oxido nitrosoa, onkogeneak,
Alzheimer-en gaitza, etab. izan daitezke hurrengo eztabaida-mahainguruetako
gaiak, beti ere elkargokideei utziz azken hitza.
Oraingoz antolatutako azken ekitaldi
gisa, datorren ekainaren 25ean, eta Kutxaren Ekitaldi Aretoan
(Andia kalean, Donostia), Joxe Mari Urkia irakasleak prestatutako
lan bat aurkeztuko da jendaurrean. "EHUN URTE MEDIKUNTZA
GIPUZKOAN" izeneko liburuak ezin hobeto biltzen ditu Medikuen
Elkargoaren 100 urte luze horietako gorabehera guztiak, Gipuzkoa
osoaren bizi eta garapenarekin estu-estu lotua joan den historia
emankor bezain interesgarria eskainiz.
Javier Agirre Lasarte, Gipuzkoako Mediku Elkargoaren Idazkaria |