Jose
Antonio Etxenikek 20 urte daramatza Donostiako Hamabostaldiaren
zuzendaritzan. 48 urte ditu eta, dioskunez, musika klasikoa erabat
maite du. Edonola ere, jotzen dakien tresna bakarra kalkulagailua
da. "Aurrekontuei fidela izatea gogoko dut" esan digu.
Txikitatik zaletu zen musikarekin baina, zalantzarik gabe, Zuzenbideko
ikasketak burutu zituenean, bere gurasoek egin zioten opariak
betiko utzi zion bihotzean musika ezagutzeko eta entzuteko gogoa:
Berlineko musika jaialdietarako bidai bat, alegia. Huraxe izan
zen jaialdi ospetsu batera egindako lehendabiziko "ihesaldia".
Urte batzuk beranduago, eta erakunde ezberdinetarako hainbat
musika ikuskizun antolatu ostean, Donostiako Musika Hamabostaldiko
zuzendari izendatu zuten. Kargu horretan jarraitu nahi luke,
duen ilusio eta irudimenak jarraitzen duten bitartean.
-Musika Hamabostaldiak
60 urte beteko ditu aurten. Zein helbururekin jaio zen?
Musika zaletu batzuen eta merkataritza eta ostalaritza hainbaten
ekimena izan zen.
Finean, mende hasierako Donostian musikarekiko zegoen tradizioa
berreskuratu nahi zuten. Bestetik, udako turismo eskaintzarekin
bat egingo zuen erakargarri berri bat eman nahi zitzaion hiriari.
Mende hasieran, musika tradizioa oso aberatsa zen: Donostiako
Orfeoia 1897an jaio zen, Usandizaga urte bete beranduago. Pablo
Sorozabal eta Nicanor Zabaleta garai horietakoak dira ere. Egun,
Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak
antolatzen dute Hamabostaldia. 1991ean, Elkarte Anonimo bat sortu
zuten. Elkarte horren lehendakaria Donostiako alkatea da.
-Donostiako Musika Hamabostaldia
Europako musika jaialdi zaharrenetakoa da. Hamabostaldiak aro
ezberdinak ezagutu ditu. Zeintzuk izan dira izan dituzuen oztopo
nagusienak?
39 urtetik 79 urtera bitartean, hemendik interprete eta orkresta
arrakastatsu franko igaro ziren: London Symphony-a, Berliner
Philarmoniker-a, Riccardo Muti, Sergiu Celibidache eta Igor Markevich
bezelako zuzendariak eta Placido Domingo, Luciano Pavarotti,
Mirella Freni kantariak....70ko hamarkadaren bukaeran, transizioarekin,
jaialdiak indarra galdu zuen. 79an, Hamabostaldiak beste norabide
bat hartu zuen. Ordura arte, kontzertuen % 90 Victoria Eugenia
Antzokian egiten ziren. Guk jaialdiaren gidaritza hartu genuenean,
hiriko beste guneetara zabaldu genuen. Horrez gain, beste genero
garaikide batzuen inguruko zikloak antolatzen hasi ginen. 89
urtea, oso garrantzitsua izan zen guretzat, izan ere, mende erdia
ospatzeaz gain, urte berean, erakundeek hamabostaldiaren finantzaketaren
konpromezua hartu zuten. Hori erabakiorra izan zen jaialdiaren
sendotzerako. Beharbada, izan dugun oztopo nagusiena, hasieran
ikusleek ekipo berriarengan sinesgarritasun gutxi zuela da. Era
berean, eta aldaketa politiko eta sozialak zirela eta, gogorra
egin zitzaigun egoera berriari eustea. Nolanahi ere, pixkanaka
ikuslegoaren eta erakundeen konfidantza berreskuratzen hasi ginen.
Egun, batek 80ko hamarkadako egitaraua 90koarekin alderatzen
badu, ikusiko du, kalitateari dagokionean, jauzi handia eman
dugula.
-Aurten lehendabizikoz, emankizun
batzuk Kursaaleko auditorium-ean egingo dira. Zer suposatzen
du zuentzako hain garrantzitsua den gune horretara joateak? Nire aburuz, lehendabiziko
aldiz, Donostiak eta Gipuzkoak oro har, espreski musikari zuzendutako
gune bat izango du. Bertako ezaugarriak direla eta, musikari
zein ikusleek erabat gozatuko dute musika eginez eta entzunez.
Bestalde, orain lehen baino %50 plaza gehiago izango ditugu.
Hori guztia, guretzat erronka handia da. Etorkizunari begira,
publizitatea handitu egin beharko dugu, eta orain arte ez bezala,
kanpora begira ere egin. Horrek esan nahi du, programazioa askoz
ere lehenago itxi beharko dugula. Gure ametsa, 2.000 urteko kartela
irailean aurkeztea da. Ameztoi margolariari eskatu diogu.
-Carmelo Bernaola maisua
omenduko duzue aurten. Zer azpimarratuko zenuke musikari handi
horren obraz? Bere obra oso aberatsa
da. Zinemarako musika egin du, kamarakoa, sinfonikoa...Gainera,
pedagogo handia da, Gasteizko Jesus Guridi musika eskolan irakatsi
zuen. Oso musikari garrantzitsua da. XX. mendeko zikloaren barruan,
bere ikasle izandakoek hainbat estreinaldi egingo dituzte
-Zein irizpide erabiltzen
dituzue egitaraua egiteko orduan? Bi korronte izan
dira. Lehen, garrantzizko izenak ekartzen ziren. Orain, berriz,
beste gauza batzuei erreparatzen diegu, egitaraua egiteko orduan.
Gure asmoa, lerro bat finkatzea da. Alde horretatik, esan daiteke,
gai bati edo mende hurren bati heltzen diogula nagusiki. Lehen
ez bezala, ez diogu horrenbeste erreparatzen izenei, gaiei baizik.
-Zeintzuk dira aurtengo
berrikuntza nagusiak?
Beethoven-en bederatzi sinfoniak interpretatuko dira. Gainera,
Santiago bideari estu lotutako egitaraua dugu. Ibilbide berezia
antolatu dugu. Alde batetik, Zumaian kontzertu pare bat egingo
ditugu, elizan eta hondartzan. Bestetik, Orreagara joango gara,
bidearen abiapuntura, eta bertan jai erraldoi bat egingo dugu.
Denetik izango da horretan: dantzariak, aktoreak, musika kontzertuak
eta abar luze bat. Donostian, Donejakue bidearen zikloa, hiriko
komentu zaharrenean egingo dugu, Santa Teresa.
-Hamabostaldiko zikloak
aipatu dituzu. Hitz egiguzu horiei buruz. Zein ezaugarri ditu
bakoitzak? Bakoitzak bere berezitasunak
ditu. Nolanahi ere, ziklo ezberdinak antolatzearen arrazoi nagusia
da, genero ezberdinak ukitu nahi ditugula. Aipagarriak dira interprete
gazteen zikloa eta Kamara zikloa. Azken honetan, hainbat interprete
handik jardungo dute: The Scholars, Hesperion XX, Gianluca Cascioli,
Frank Peter Zimmermann eta abar. Kursaalean, orkestra garrantzitsu
batzuk entzun ahal izango dira: Radio Baviera, Tenerifeko Orkestra
Sinfonikoa...Opera antolatu dugu ere, hain zuzen, Strauss-en
"Saguzaharra" eta Purcell-en "Erregin maitagarria".
Nire ustez, ziklo bakoitzak bere zentzua eta bere ikusleak ditu.
-Aurten musika klasikoarekin zerikusi
gutxi duten hainbat musikari izango dira, hala nola, Mikel Laboa,
Josetxo Silgero, Iñaki Salvador eta Jesús Arce.
Zer dela eta, sartu dituzue egitarauan?
Musikari horiek oso ezagunak dira beren estiloan. Hori dela eta,
jaialdian egon daitezen nahi izan dugu. Horrekin batera, normalean
etortzen ez den ikuslegoa hurbildu nahi dugu. Finean, jaialdia
musika genero ezberdinetara irekitzea da gure asmoa.
-Hamabostaldiko egitarauaren
barruan Euskal Herriko musikari zein taldeek leku handia dute.
Horien lana errekonozitzea eta bultzatzea al da zuen asmoa?
Jaialdi honetako erakargarri nagusietako bat da, kontzertuen
erdia baina gehiago etxeko interpreteenak direla. Horrek kulturaren
aldetik, garrantzi handia du. Bai, finean, euren lanaren errekonozimendua
da.
-Ikusleek entzun ahal izango
dituzten musikari gazteen artean ospea hartzen ari diren Euskal
Herriko hainbat interprete eta talde daude: Cuarteto Ur-klang,
Juan Carlos Rodriguez, Zuriñe Fernandez, Antonio Lauzirika,
Ainhoa Garmendia...Maila oneko musikari gazte asko ditugu, ez
da horrela? Konpetentzia handia
dago. Nolanahi ere, uste dut Euskal Herriko musikari gazteen
artean maila handia dagoela. Horietako batzuk etorkizunean arrakasta
izango dutelakoan nago. Ildo horretan, Hamabostaldiaren helburuetako
bat da, musikari gazte horiei jaialdian parte hartzeko aukera
ematea da. Hemendik urte batzuetara esango da, Ainhoa Garmendia
sopranoak edo Josetxo Silgero musikariak hemen izan zirela. Beraien
Curriculum-arentzat ere, ona da hemen aritu izana. Beraz denontzat
da ona gazte horiek hamabostaldian egotea.
-Aipatu gazte horietako
asko nolanahi ere, atzerrian ikasten dute, eta baita bertako
taldeekin jardun. Beste aldetik, Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoko
partaide gehienak atzerritarrak dira. Ez da hori kontraesan bat? Gaur egun gauzak
horrela dira. Batzuk kanpora doaz eta beste batzuk kanpotik etortzen
dira. Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta Bilboko Orkestran, pixkanaka
hemengo musikariak sartzen ari dira. Horrez gain, Euskadiko Gazte
Orkestra sortu da, gure musikari gazteei leku bat eman nahian.
Gaur egun, Europako kontzeptua nagusitzen ari da. Beraz, badira
hemen Europako musikariak eta baita Europan, hemengo musikari
ugari ere. Ez dut uste hori kontraesan bat denik. Edonola ere,
onena izango litzateke etxeko jendeak etxean lan egin ahal izatea.
Dena dela, konpetentzia handia dagoenez, horrelako gauzak gertatzen
dira.
-Zer egin liteke, orduan,
etxeko musikariak etxean gera daitezen? Uste dut pixkanaka
etxeko musikariak etxean geratzen ari direla. Datu bat ematearren,
Euskadiko Orkestra sortu zenetik, urtez urte gora doa hemengo
musikarien kopurua. Hala ere, uste dut, administrazioak gehiago
bultzatu beharko lukeela hemengo musika.
-Egitarauarekin jarraituz,
hitzaldien zikloan, bada Aristide Cavaillé-Coll organoei
eskainitakoa. Zer nolako garrantzia izan dute horiek hemengo
musika erromantikoaren bilakaeran?
Euskal Herrian Cavaillé-Coll organo franko daude. Horiek
oso garrantzitsuak dira musika erromantikoaren bilakaeran. Guk
ziklo horren bidez, omenaldi bat egin nahi diogu enpresari, horrek
egindako organoak Hego Euskal Herriko herri askotan daude eta:
Donostia, Irun, Azpeitia, Loiola, Usurbil, Lekeitio eta abar
luze bat. Cavaillé-Coll organoak oso garrantzitsuak dira,
nazioarteko mailan proiekzio handia dute. Bitxikeria moduan,
Hego Euskal Herria da marka horretako organo gehien biltzen dituen
munduko herrialdea. Guk Donostiako Musika Eskolan organo katedra
dugu. Horri esker, aspalditik ikastaro ezberdinak antolatzen
ditugu. Horietan Europako hainbat tokitatik etorritako irakasleak
izaten ditugu.Organo mota honi zuzendutako hitzaldi zikloan hainbat
adituk parte hartuko dute; hala nola, Daniel Roth, Jose Manuel
Azcue, Kurt Lueders eta Esteban Elizondo.
-XX.mendeko musikaren zikloaren
barruan, Alfonso Garcia de la Torre Gasteizko Jesus Guridi Musika
Eskolako elektroakustika saileko arduraduna izango dugu. Zein
garrantzia du elektroakustikak gaur egungo musika ekoizpenean?
Gaur, lan askok elektroakustikaren laguntza behar dute. Pixkanaka
elektroakustika musika munduan sartzen ari da. Ez da atzo goizeko
kontua, 25 urtetik hona elektroakustika indar handia hartzen
ari da.
-Ikusleei dagokienean, Musika Hamabostaldiak
erantzun paregabea du. Bataz beste, zenbat ikusle izaten dituzue.
Zeintzuk dira ikusle gehien biltzen dituzten zikloak? Bataz beste, %90
betetzen dira areto ezberdinak jaialdian. Bada ikuslego gutxiago
duen zikloa, XX. Mendeko musikari zuzendutakoa, hain zuzen. Datu
horiek aintzat hartuta, esan liteke, oro har, jaialdia ikusleen
gogokoa dela. Zorte onez, sarrerak ateratzeko lehen ematen ziren
ilara luzeak desagertu egin dira. Sarrerak saltzeko sistema hobetu
egin da, zalantzarik gabe.
-Beraz, urte guzti horietan
zehar egin duzuen lanak merezi du, ez da horrela? Nire ustez, bai.
Esaterako, haurrei zuzendutako kontzertuan, 2000 haur ikusten
ditudanean edo, kanpora atera garenean jaso dugun erantzuna ikustean,
jendeak gozatzen duela ikustean, ni erabat pozten naiz. Nik musika
zaletu legez, ikusten dizkiot gabezia batzuk, muga batzuk jaialdi
honi, baina horiek konpontzen saiatzeko asmoa dugu. Zalantzarik,
gabe, egindako lanak merezi du.
-Zeintzuk izango lirateke
gabezia eta mugatze horiek? Lehendabizikoa alde
ekonomikoa egongo litzateke. Gure aurrekontua 340 milloikoa da,
eta noski, zenbat eta diru gehiago orduan eta kalitate gehiago.
Gainera, nire ustez, antolaketan jarduten duen taldea indartu
beharko litzateke. Bestalde, musika klasikoaren inguruan antolatutako
jaialdi guztietako antolatzaileek, kontuan hartu beharko lukete
ikuslegoa zahartzen ari dela. Beraz, ikuslego berria aurkitu
eta erakartzeko moduak aztertu beharko ditugu. Beroi izango litzateke
XXI. Mendeari begira, gure erronka nagusia.
-Euskal Herri mailan, gero
eta ugariagoak dira musika jaialdiak. Finkatzen ari al da musika
jarduera?
Zalantzarik gabe. Herri hau txikia da, edonola ere, gero eta
jaialdi gehiago ditugu hemen. Kontzertuen bi denboraldi handi
ditugu: Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarenak,
EAEko hiriburuetan ematen direnak. Horrez gain, beste jaialdirik
ere bada: Abaoko Opera Jaialdia, Donostiako Bach Jaialdia, Abesbatzen
Jaialdia Tolosan, Aldundiek herrietan antolatutako ziklo ezberdinak,
Gasteizko Antzinako Musikako Jaialdia eta abar luze bat. Beharbada,
gertatzen dena da, ez dagoela erakunde bat edo elkarte bat egiten
diren jaialdi guztiak biltzen dituenik. Bestalde, orain Euskalduna
jauregiarekin eta Kursaalarekin, musikari eskainitako programazioa
handitu egingo delakoan nago. Argazkiak: Ainhoa Irazu eta Irutxulo |