| 
  Datorren abuztuaren 17an euskal kixoterik handienetakoaren
 bizitza itzali zenetik hogei urte beteko dira. Eta efemeride
 horren inguruan ekitaldi batzu burutuko direla iragarrrita dagoenean,
 bidezko iruditu zait Iokin Zaitegi zenaren gaineko zenbait zertzelada
 izkiriatzea, folio gutxi batzuetan sartzen direnak, euskal literaturaren
 ezinbesteko mugarri dugun arrasatearra historian behar bezala
 koka dezakegun. 
Arrasaten 1906ko uztailaren 26an
 jaioa, lehendabiziko hizkiak herriko eskolan ikasi zituen Iokinek,
 Juan Arana "Loramendi" izango zena ikaskide zuelarik.
 Atera beza kontua irakurleak: hogeitamar-berrogei ikasle inguruko
 areto hartan, euskal letrek emandako bi poetarik bikainenetakoak
 esertzen ziren. Hori da, hori, marka! Zaitegik berak, Euzko Gogoa-n
 argitaraturiko idazki batean zioen bezala, Juan Arana umeak arazoak
 zituen maisuak exigitzen zion gazteleraz hitzegiten, baina -Zaitegiren
 inbidiarako- egundo ederki ezagutzen zituen hark belar, zuhaitz
 eta txorien izenak. Iokinek, aldiz, eta "Orixe"-ren
 mugaketa bati nagokio, kalekume zango zuri zirudien, euskaldun
 bai baina ezelako eragozpenik gabe espainieraz ere trebe aritzeko.
 Zaitegi, garai hartako maila ertaineko sendi batean jaio zen
 eta horren eragina nabaria da seme guztiengan. 
Erlijio-debozioak ikutua, josulagunen
 bidea aukeratu zuen eta 1920ko uztailean Durangon dago, urtebete
 oso bat egiteko. Handik Loiolara, eta bertan topo egiten du bere
 zirkuluan, laster batean euskal zeru bitxian argi bereziz nabarmenduko
 ziren izar batzuekin: Andima Ibinagabeitia, Esteban Urkiaga "Lauaxeta",
 Iñaki Goenaga, Korta anaiak... Denen artean, bazkun antzeko
 bat sortu zuten, hain zuzen ere euskararen bidez euskal kulturaren
 garapenean jarduteko. Klasikoetan oinarrituta, gerkera eta laterazko
 idazleak euskaratzeari ekin zioten, eta baita uzta ederra bildu
 ere, batik bat Andima eta Zaitegiren lanei bagagozkie. Elantxobearrak
 Bergili (Virgilio) aukeratu zuen eta Zaitegik Sopokel (Sofokles).
 Ordudanik bi gizon horien bideak elkarren ondoan agertzen dira
 urte luzetan. Zaitegiren bibliografiari helduz, 1946an ageriko
 da lan horren lehen alea, Sopokel´en antzerkiak I (Mexiko)
 eta 1966an bigarrena, Sopokel´en antzerkiak II (Baiona). 
Zaitegik 1926ko udan aldegin
 zuen Loiolatik Oñara. Ordurako olerkigintzan hasia zen,
 eta santutegian ikasle euskaldunek kudeaturiko DEYA aldizkarian
 Donokiko Ama deritzan poema argitaratu zuen, 1926ko azaroaren
 25ean. Zaitegiren aurreneko lan ezaguna da. 
Oñan hiru urtez egon behar
 izan zuen eta Burgosko lurralde hartan abiadura exponentzialean
 garatu zituen euskararekiko bere abileziak. Langile nekezina
 izanik, genero desberdinak landu zituen. Itzulpengintzarekin
 jarraitu zuen, buru belarri, eta klasikoei bezala natur zientziak
 edota matematikari ere heltzen zien, hainbat lanek egiaztatzen
 duten legez. Bitxienetakoa, Oñako lanaren uzta gisa, Eusko
 Ikaskuntzaren RIEV-en 1933ko XXIV idaztiaren lehen zenbakian
 Kizkiña deritzan lana ageri zen, zitologiaren gaineko
 itzulpen bat dena. 
Oñan, Filosofiako titulua
 lortu ondoren, Lagundiak Ameriketara bialdu zituen, "euskal
 gaiak bihotzez hartzen genituenak beste bakar batzuekin nahasita".
 Loiolako urteetatik lagun mina zuen Andima Ibiñagabeitia
 Colombiako Bucaramangara igorri zuten eta Iokin Venezuelako Meridara.
 "23 urteko gizonak ginen, ez haurrak, baina esanetara jarriak,
 noski..." 1929an gertatu zen hori. Urtebete lehenago bien
 beste adiskide handia zen "Lauaxeta"-k Lagundia utzi
 zuen eta haren irteerak biziki artegatu zuen arrasatearra. 
Hiru urte Venezuelako Meridan,
 eta egonaldia irakaskintzako ariketetan eman zuen Zaitegik. Hala
 ere, ez zuen euskaltzaletasunaren zuzia itzali, ezta urrik ere!
 Olerkigintzari lotu zitzaion gogo handiz, Bolibar mendi erraldoia
 inspirazio-iturri zuen bazter haietan. 
1932an Belgikako Marneffe-ra
 iritsi zen, Teologia ikastera. Han bere pozerako, berriz ere
 Andimarekin du topo egiten. Eta Zaitegi olerkigintzari lotu zitzaion,
 indar handiz, bi urte beranduago garaiko saririk estimatuena
 irabaztera iritsiko zelarik. "Aitzol" zenak eraturiko
 Eusko Olerti Egunak zirela eta, 1934an lehen saria eskuratu zuen
 arrasatearrak, Tori nire edontzia poemarekin. Zaitegiren
 izena, "Lauaxeta", "Lizardi", "Loramendi"
 eta Patxi Etxebarria aurreko urteetako irabazleenei gehitu zitzaien.
 Ez zen txantxetako meritua! 
1935eko uztailaren 31an lehen
 meza eman zuen Marneffen. Eta urtebete beranduago, Belgikako
 beste hiri batera doa, Morialmee-ra, Lagundiaren zehazkizunetan
 trebatzera. Handik Lagundiak Ameriketara bialdu zuen, bigarren
 aldiz, eta El Salvadorrera iritsi baino lehen, sei hilabete eman
 zituen Panaman, ingelesa ikasten. 1938an San Salvadorreko apaizgaitegian
 zegoen, irakasle gisa, eta bertan 1944ko ekainera arte iraun
 zuen, gai pilo bat irakatsi zuelarik, batez ere idazteunak. Zaitegik
 berak dioenez, sei urte luze horien fruitua Bidalien Eginak
 deritzan liburua izan zen, 1955ean (Zarautz) argitaratuko zuena. 
1944ko ekainean Lagundia utzi
 zuen, bere nagusiek euskal kulturaren kontra ageri zuten jarrera
 zela eta. Eta Guatemalako bidea hartu zuen, herrialde horretan
 irakaskintza libreari buru belarri lotzeko. 1945ean Longfelow-en
 Ebangeline deritzanaren euskal bertsioa publikatu zuen
 Zaitegik Guatemalan. 1946an, berriz, gorago aipatutako Sofoklesen
 antzerki lan batzuekin batera, Goldaketan poema liburua
 argitaratu zuen Mexikon. 
Iokin klaseak ematen aritu zen,
 lehenik San Carlos Unibertsitatean, gero Instituto América
 delakoan eta, amaitzeko, Zaitegik bere ikastegia sortu zuen,
 Lizeo Landibar izenekoa, 1951an, beharrezko kapitala San Salvadorreko
 lagun batek utzi ziolarik. Ordurako "Orixe"-rekin ari
 zen harremanetan eta Lizeoa sortzear zuela, Andimarekin ere jarri
 zen harremanetan, honek antolaketa lanetan lagun ziezaion. Ez
 hori bakarrik; lagun minaren premian, Andima Guatemalara eraman
 zuen Zaitegik 1954an, Lizeoan klaseak eman zitzan, nahiz eta
 hiru urte lehenago hasi zitzaion bizkaitarrari harako erregutan. 
Urtebetez egin zuten lan elkarrekin
 Andima eta Zaitegik Lizeo Landibarren, eta arrasatearrak 1955ean
 bere jaioterrira itzultzea erabaki zuenean, elantxobearrari eskatu
 zion Lizeoaren kontu garbiketa burutzea, zenbakitan bere burua
 baino trebeago ikusten baitzuen Andima. Baita honek egin ere,
 elkarri zioten zintzotasunaren barnean. 
Zaitegik, euskal literaturaren
 historian, bi arrazoi nagusirengatik izango du beti toki aparta.
 Lehenik eta behin, sortzaile bikaina izan zelako. Baina, zalantzarik
 gabe garrantzitsuena, literatur eragile paregabea gertatu zelako,
 urtetan zehar. Eta hori, nagusiki, Guatemalan 1950ean sorturiko
 Euzko Gogoa aldizkarian gauzatu zen. Bi belaunaldiren
 arteko zubitzat hartu behar da Euzko Gogoa, gerra ostean euskaraz
 publikatzen den lehen aldizkaria. Eta inoiz Zaitegi euskal kixoterik
 handienetakoaren titulua eman badiot, bereziki aldizkariaren
 bitartez euskal literaturaren alde egindako lan eskergarengatik
 da. 
Iokinek bere osasun eta dirutza
 ikaragarria inbertitu zituen lantegi hartan. Inork ez zion laguntzarik
 txikiena ere luzatu, teorian bederen euskaltzale guztien onespen
 eta txaloak jaso zituen aldizkariaren zama arintzeko. Hasiera
 batetik garbi igarri zuen bere asmo hura burutu ahal izateko
 finantzazio-iturria sendotu behar zuela. Hori zela eta, lehen
 aipatutako Lizeo Landibar eraiki zuen, hortik atera zitzakeen
 dolarrak Euzko Gogoa-ren garapenean sartzeko. 
1950-1955 bitartean, Guatemalan
 kaleratu zuen aldizkaria. Bertara, gerra aurreko idazle eta uhin
 berrikoak hurbiltzen saiatu zen, eta erantzuna ederra izan zela
 azpimarratu behar da. 1956-1960 denboraldian, berriz, Miarritzetik
 hedatu zuen mundu osora aldizkariaren itzal eta edukia. Baina
 1960an erabat itxi behar izan zuen Zaitegik, hamarkada bat lehenago
 ekindako abentura eder haren atea. Euskaltzaleek ez zioten erronkari
 eutsi ahal izan eta beste irtenbiderik ezean, dena bertan behera
 utzi eta berriz ere Guatemalako bidea hartu zuen, bere aberkideekin
 aspertuta. 
 Atzera joko dugu historian, eta Guatemalako
 lehen egonaldiari helduko diogu, hain zuzen ere Zaitegik San
 Carlos Unibertsitatean klaseak ematen zituen egunetara. Sofokles
 euskaratzen ikusi dugu lehen arrasatearra eta, berak dioen bezala,
 gaztetandik hasi zen klasikoak euskaratzen eta horietako bat
 Platon handia izan zen. 1946an Guatemalako Unibertsitatean irakaskintzari
 ekin zionean, besteak beste Platon ere aukeratu zuen ikasgaitzat.
 Eta berriro gerkeraren textuetan murgil behar izan zuenez gero,
 poliki poliki materiala heladeratik euskaratzen ahalegindu zen.
 Lehendabiziko ondorioa, 1962an (Donostia) liburu gisa aterako
 zuen Platon´eneko atarian deritzana izan zen. 
1960an Guatemalara itzuli eta
 berehala, Miarritzen idatzitako poemak poesia liburu berri batean
 argitaratu zituen hango hiriburuan, Berriz ere goldaketan
 titulupean Guatemalan, dena den, bertako indioen aldeko jardunean
 aritu zen, Euskal Herria eta euskara erdi ahaztuta. Minduta,
 nonbait, urte luzetan euskaldunengandik jasotako ordain eskasarekin,
 literaturgintzari uko egin zion erabat aurreneko urteetan. Baina
 barruan zeraman garrak, lehen edo beranduago berpiztu behar zuen.
 Ez ziren gutxi izan, Euskal Herritik eta baita exiliotik ere
 behin eta berriz azaldu zitzaizkionak, arren ostera euskaraz
 idazten jartzeko erregutuz. Eta dei horiek eragin positiboa izan
 zuten Zaitegiren gogoan. 
Eta berriz, hogei urte lehenago
 San Carlos Unibertsitatean hasitako gaiari atxiki zitzaion, Platon
 filosofoaren elkarrizketak euskaratzeari, alegia. Horrela, banan
 banan, 1975etik aurrera sei liburutan argitaraturiko itzulpenak
 burutu zituen: Platon I (1975), Platon II (1977),
 Platon III (1978), Platon IV (1978), Platon
 V (1979) denak Zaitegiren zuzendaritzapean, eta Platon
 VI (1989), azken hori Euskaltzaindiaren ardurapean, Zaitegi
 ordurako hil baitzen. 
Zaitegi 1979ko abuztuaren 17an
 hil zen, eta bere desagerpenak hutsune betezina utzi zuen euskal
 literaturan. Zaitegik bihar etziko euskaldunak zituen gogoan,
 Loiolako urte gazteetatik. Horien aldeko jardun jarraian aritu
 zen etenik gabe, denetariko gai eta arloak jorratzen ari. Oraindik
 ez dakiguna, ordea, gaur egungo euskaldunek Zaitegiri ohore nahikoa
 egin ote diogun da. Eta arrasatearrari egin lekiokeen omenaldirik
 zintzoena, batere zalantzarik gabe, euskararen bidez Euskal Herri
 indartsu eta aurrerakoia eraikitzea litzateke. Horren atzetik
 saiatu zen beti Iokin eta haren lekukotza hartu genuenoi dagokigu
 neurtzea, noraino bete diren haren ametsak. 
Iokin Zaitegiri buruz gehiago
 jakin nahi baduzu, klik egin ezazu hemen. 
  Josemari
 Velez de Mendizabal, Idazlea |