Ruta de los Tres Templos - Hiru Tenpluen
Ibilbideak, Euskal Herriaren bihotza ibilbide monumental baten
bidez ezagutzea eskaintzen du, bertako hiru tenplu adierazgarrienak
elkartuz. Ibilbide hau, Gipuzkoako hiru eskualdeetatik doa, bakoitza
bisitaria egun batzuetan bertan harrapatzeko nahikoa erakargarritasun
turistikorekin.
Eskualde hauetara datozen bisitariek,
beren txoko bereziez, historiaz beteriko herri batzuez, ondare
historiko artistiko baliotsuaz, edertasun paregabezko natur ingurune
batetaz, kultur ondare zaindu batetaz; eta aparteko gastronomiaz
gozatu dezakete. Guzti honek, bisitariaren egonaldia ahaztezina
egingo duen une eta sensazioak bizitzen lagunduko du.
1.- HIRU TENPLUAK
Loiola, La Antigua eta Arantzazu
hiru eraikuntza era oso desberdinen erakusgarri dira, eta une
historiko desberdinetan euskal erlijiositatea sentitu eta adierazteko
moduaren agiri.
Loiolako Santutegia Jesusen Lagundiaren eratzaile izan zen
Loiolako Ignazioren ohoretan XVII. mendean eraikitako arkitektura
multzo izugarria da. Carlo Fontana italiar arkitekto ezagunaren
lana, garaiko euskal maisu ezagun batzuk egin zuten: Zaldua,
Lecuna eta Ignacio Ibero. Bertan oinplano zirkularreko basilika
barrokoa nabarmentzen da, kupula ikusgarriarekin amaitua; eta
Etxe Santua edo Loiolatarren Dorretxea, erdiarokoa. Santutegiko
eskuin hegalean, Museoa eta Diaporama ikusi daitezke, beren edukia,
arte saindu eta Loiolako Ignazioren bizitza eta lanari eskainia
dagoelarik. Basilikatik metro gutxitara Errekarte Baserria dago,
Anai Garate dohatsuaren jaiotetxea, gaur egun museo txiki batean
bihurtua.
Hiru Tenpluen Ibilbideko
bigarren erreferentzi puntua, La Antigua baseliza da.
Euskal arkitektura erlijiosoaren erakusle, baselizen katedrala
izendatua izan da. Babes izakerako kanpokalde xumetik, aipagarri
dira XVI. mendeko sarrera erromanikoa, VX. mendeko konponketetan
eginiko kalbarioa eta iparralde eta hegoaldeko kanpokaldeko gezilehioak.
Baina bere barnekalde harrigarria da tenpluaren nabarmenena.
Landa erako eraikuntza honetan, harri eta egurraren arteko elkartze
bikaina dago. Era berean, tenpluan Ama Birjinaren irudi gotiko
interesgarri bat dago.
Ibilbidearen azken erreferentzi
puntua, Arantzazuko Santutegia da. Lehena bere motan,
mende honetako euskal artearen erakusgarri onena da. Sainz de
Oiza eta Laorga arkitektuen lana, bere itxura lirainean, harri
bitxi puntan landutako kareharrian eginiko hiru dorre nabarmentzen
dira. Aurrekaldean, Jorge Oteizaren Pietatearen irudia eta hamalau
apostoluetako erlaizpea; eta Eduardo Chillidaren sarrerako ateak.
Eliz barnean, Arantzazuko jatorrizko paisaia azaltzen duen Lucio
Muñozek eginiko egur polikromatuzko erretaula-orma nagusitzen
da, XIII.
mendeko Andre Mariaren irudia erdian duelarik. Santutegi honetan,
Xabier Alvarez de Eulateren beirateak, Amabirjina dagoen gelatxora
doan barnebidean dauden Xabier Egañaren margoak, eta kriptako
Nestor Basterretxearen margoak ere ikus daitezke.
2.- INTERES ARTISTIKO-MONUMENTALEKO
BESTE PUNTU BATZUK.
Ibilbide monumental honek Urola
eta Deba eskualdetako ondare artistiko garrantzitsua ezagutzeko
aukera ematen digu.
Loiolako
Santutegia erreferentzi gune bezala hartuz, bertatik oso urbil,
Azpeitian, beste leku ignaziotar interesgarri batzuk ezagutzeko
aukera izango dugu: Ignaziok onespen handia zion Olatzeko
Amabirginaren baseliza; Egibar Baserria, Maria de
Garin iñudeak Santua hazi zuen tokia; Ignazio bataiatu
zuten bataiontzia dagoen Soreasuko Sebastian Deunaren
eliza; katekesia zabaldu eta erakutsi zuen Magdalenako
Baseliza; eta Magdalenako Hospitala, denbora batean
ostatu hartu eta lan egin zuen tokia.
Era berean, Antxieta,
Enparan eta Basozabal Jauretxeak ikus daitezke
Azpeitian, eta Floreaga eta Insausti Jauretxeak, Balda
Etxea, Idiaquez Jauregia, eta Barriken iturria
beste batzuren artean, Azkoitian.
La
Antigua baselizaren inguruetan, Zumarragan hain zuzen, Monumentu
historiko-artistiko izendatua izan zen Legazpiren Dorretxea
eta Euskadi enparantza ezagutu ditzazkegu. Urretxun berriz,
San Martin de Tours eliza, bere zurezko sapai harrigarriarekin;
Areizaga enparantza eta Ipeñarrieta Dorretxea.
Legazpin, euskal gotiko erakoa den eta "Churrigeresko"
erretaula ikusgarri bat duen Jasokundeko Andre Mariaren eliz
nagusia; eta Elorregi eta Bikuña jauregiak,
estilo arkitektoniko desberdinekoak, baina bakoitza oso garrantzitsua
bere motan. Azkenik, Ezkio-Itsason XVI. mendeko Igartubeiti
baserria, euskal arkitektura herrikoiaren erakusle ezohizkoa;
edo Santa Lutziko Pikota, beste batzuen artean.
Arantzazuko
Santutegiak, Euskal Herriko hiri ederrenetariko bat ezagutzeko
aukera eskaintzen digu: Oñati. Herri bikain honetan,
Sancti Spiritus Unibertsitatea aurki dezakegu, renazimendukoa
eta euskal hiri arkitekturaren erakusle nagusiena; baita Mikel
Deunaren eliza; Bidaurretako komentua; Foruen Enparantza
edo Santa Marina Enparantza.
Oñatitik oso gertu, izaera
monumental nabarmeneko beste herri bat dago: Bergara.
Bertan Santa Marina eta Ariznoako Pedro Deunaren elizak
aurkitu ditzakegu; San Martin de Agirre Plaza; Antzinako
Real Seminarioa; Jauregi, Izagirre, Ondartza eta Egino-Mallea
jauregiak eta Arrese zein Agirrebeña etxeak.
Era berean, oso urbil, Arrasate eta Leintz Gatzagako erdi
aroko herriguneak, Apotzagako euskal Ilerria Eskoriatzan,
Pietateko Andre Mariaren eliza Antzuolan, Dorletako Santutegia
Leintz Gatzagan, Jasokundeko Amaren eliza Elgetan, edo
Aretxabaletako Galartza eta Otalora dorretxeak,
beste interes gune batzuren artean.
3.- BESTE BALIABIDE TURISTIKO-KULTURAL
BATZUK
Urola eta Deba Garaiko eskualdetara
datozen bisitariek, bertako herriek zaintzen duten hondare artistiko-monumental
baliotsuaz gain, beste interes gune kultural batzuez ere goza
dezakete: Trenaren Euskal Museoa, Mirandaolako burdinola,
Eskoriatzako Museo Eskola, Azpeitiako Ingurugiro
Etxea, Azkoitian dagoen San Martin de Iraurgiren Museoa,
edo Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoa.
Azpeitian dagoen Trenaren
euskal Museoa, jakitunen esanetan, estatuko onena da. "Aurrera"
bezalako garai bateko lurrin makinazko trenak ezagutu edota bertan
ibiltzeko aukera eskaintzen du, 5 km inguruko ibilaldi txikiak
eginez. Era berean, XX. mende hasierako lanabesak, tresneria,
makinaria, eta munduko trenbide erloju bilduma aberetsenetariko
bat erakusgai ditu (Tfno. 943 15 06 77)
Bigarren interes puntua, Azpeitiako
Ingurugiro Etxea da. Museo didaktiko honek, XXI. mendearen
atean gure planetak jasaten dituen ingurugiro arazo nagusienekin
harremanetan jarri nahi gaitu. Dituen lau gela elkarlotuetan,
ikuspegi desberdinetatik, garapenari buruz tratatzen da, panel
eta maketa tematikoen bidez. (Tfno. 943 81 24 48).
Azkoitian, San Martin de Iraurgiren
Museoa. Baseliza hau, bere ordulari bereziarekin, herria
gain hartzen duten mendi baten gailurrean dago; barnekaldean
Iraurgiren bailaran aurkitutako arkeolojiko eta historiaurreko
aztarnak ikus daitezkeelarik. Agiri hauen bidez, bisitariak haranaren
historia arakatu dezake, eta bertan ezagutuko ditu toki honetan
elkarbizi izan ziren erromatarren azken garaiko aztarnak. (Tfno.
943 85 70 47).
Ikusi beharreko
beste leku bat Legazpin dagoen Mirandaolako burdinola
da. XV. mendeko ola hau, bakarra bere motan, dagoeneko desagertua
dagoen mundu baten adierazpena da. Bere eraikuntzak oso egoera
onean daude eta udazken-negu garaian, hilabetero lehenengo igandean
martxan jartzen da, eta apiriletik urrirarte igandero. Gainera,
Mirandaolan Natur-Artisau parke batetaz gozatu daiteke, Euskal
Herriko burdinaren historia eta kulturaren beste alderdi garrantzitsu
batzuk ezagutu daitezkeelarik. (Tfno. 943 73 04 28).
Urretxuko Mineral eta Fosilen
Museoak, Euskal Herriko mineralen kristalizazioak eta era
geologiko desberdinak azaltzen dituzten fosilak erakusten ditu.
Modu berean, jarriak dauden mineral, fosil eta harkaitzen ulerpena
eta denboran zehar jasan duten aldakuntzaren ulermena errazten
duten panel interaktiboak daude. (Tfno..943 72 41 70).
Eskoriatzako Museo-Eskolak, euskal sustrai eta ohituretan barrena
joatea eskaintzen digu, euskal baserrietako bizitzan garrantzia
izan duten tresnen bitartez. Museo honen gaiak Euskal Herriaren
historiaurrea eta historia, etnografia, eta ingurugiroa dira.
(Tfno. 943 71 46 88).
4.- INFORMAZIO GUNEAK
* LOIOLA
- Loiolako Santutegia, Tfno.:
943 81 65 08
- Iraurgi Lantzen, (Azkoitia),
Tfno. 943 85 08 43
* LA ANTIGUA
- Uggasa (Urretxu), Tfno. 943
72 62 56
- Zumarragako eliza, Tfno. 943
72 07
* ARANTZAZU
- Oñatiko turismo bulegoa,
Tfno. 943 78 34 53
- C.I.T. Deba Garaia, Tfno. 943
78 31 67
Lourdes
Odriozola Oyarbide, Hiru Tenpluen Ibilbidearen koordinatzailea
Itzultzailea: Jaione Arizti Zabaleta, UGGASAko Turismo Teknikaria |