ZAINAK-17: Antropologia-etnografia
saileko lan koadernoan argitaratutako artikulua (267-270 orr.)
LABURPENA
Lan honen bidez Nafarroako
errealitate soziokulturalaren gaineko hausnarketa bat eskaintzen
da, euskal munduak pairaturiko ordezkapen kulturala islatuz.
Geografia arloko kontzeptu historikoek erakusten diguten aldaketa
argigarria erabili da: Mendialdea eta Erribera. Izan ere, agiri
zaharretan hainbat kontzeptu geografiko eta etnografiko euskararekin
loturik agertzen zaizkigu. Ondorioz, antropologia linguistikaren
ikerketarako zenbait bide irekitzen dira. Bertzalde, euskal munduaren
barne antolaketa galdua egungo egoerarekin harremanetan jarri
da, irudia osatuz. Frankotan aipaturiko balizko banaketa historikoa
ere -Mendialde euskaldun elebakarra eta Erribera erdaldun elebakarra-
erlatibizatzen da.
RESUMEN
En este trabajo ofrecemos
una reflexión sobre la realidad sociocultural de Nafarroa,
dando cuenta de la sustitución cultural padecida por el
mundo euskaldun. Constatamos a este respecto un cambio claro
en los conceptos históricamente utilizados para delimitar
el campo geográfico: Montaña y Ribera. Debemos
destacar que en la documentación antigua diversos conceptos
geográficos y etnográficos aparecen vinculados
con el euskara. Como consecuencia se abren caminos para la investigación
en el campo de la antropología lingüística.
Por otra parte, hemos puesto en relación la desaparecida
organización interna propia del mundo euskaldun con la
situación actual, completando una imagen del problema
en su totalidad. La en muchas veces mencionada supuesta división
histórica -Montaña euskaldun monolingüe y
Ribera erdaldún monolingüe- queda relativizada.
RÉSUMÉ
On offre dans ce travail une
réflexion sur la réalité socio-culturelle
de Navarre, en rendant compte de la substitution culturelle qu'a
enduré le monde euskaldun (parlant le basque). A ce sujet
nous constatons un changement évident des concepts utilisés
historiquement pour délimiter l'espace géographique:
Montagne et Rive. Nous devons souligner le fait que certains
concepts géographiques et ethnographiques sont liés
à la langue basque. En conséquence de nombreux
chemins s'ouvrent à la recherche dans le domaine de l'anthropologie
lingüistique. D'un autre côté, nous avons comparé
l'organisation interne propre au monde euskaldun (parlant le
basque) avec la situation actuelle, pour compléter une
approche du problème dans sa totalité. La division
historique, si souvent mentionnée -Montagne euskaldun
(parlant le basque) unilingue et Rive erdaldun (ne parlant pas
le basque) unilingue- s'en trouve relativisée.
Euskal
Herri erdaldunduan oro har eta Nafarroan bereziki hondarrezko
mundu zaharra hiltzen ari dela erraiteak eta, halaber, euskal
mundu berria jaiotzen ari dela adierazteak zentzua du egun, oraindik
euskara bizirik dagoen eremuetako lagunontzat kontrajarria izaiten
ahal den arren. Izan ere, azken urteotako aldaketek zorabioa
eragiten ahal baitute.
Tokitan zegoen Lapurdi zaraitzuarrentzat
eta Azpako benta Iruñerrikoentzat. Egungo haur eta gazte
euskaldunentzat, berriz, Lapurdi Iparraldeko herrialde bat da
eta Azpa ez dute euskal komunikabideetan aipatzen, hots, Azpako
bentarik ez da. Mundu zaharra hiltzear eta berria jaiotzen ari.
Iruñerrian nafar aunitz
bizi da eta, laster, nafarron gehiengo zabala bertan haziko da.
Horien artean euskaldun franko dago, gero eta gehiago. Horiek
guziek El Perdón edo San Cristóbal mendiak zeintzuk
diren ongi dakite. Ez, berriz, Ezkaba edo Erreniega non diren.
Bakan batzuek bai, jakina, baina gutiengoa dira. Gurasoek guri
ongi erakutsi digutenez, mendi berak dira. Edo, hobe erran, ziren,
apika. Ezkaba eta Erreniegak errealitate gizakultural baten islada
baitziren, El Perdón eta San Cristóbal bezala,
azken hauek izan arren euskal mundu berrian sustraiturik daudenak.
Ezkabako hego magalean txakolina
ekoizten zuten duela ehun urteko arbasoek. Ezkabako ipar magalean
Ezkabarte dugu, herri tikiz osaturik. Eta Ezkabarte baitan Lanerri
eta Baserri aldeak, laua eta menditsua dena, Urraulgoitiko mendialdean
ere pardixak Baserri inguruan bizi direlarik oraindik. Irunberritik
Otsagiraino zaraitzuarrak bizi ziren eta Eunateko batzarreak
ez ziren Orbaibarreko jendearentzat arrotzak. "Barkatu,
bidaiaria naiz eta Puente la Reina non dagoen ez dakit. -Ezta
nik ere, baina etorri nirekin eta ostatu emanen dizut, Garesera
bainoa. Ziraukiarra naiz, eta zu?". Ezkaba igo eta Iruñerriari
so egin. Nafarroa zer den baietz argitu.
Lehenik eta behin, geografia
piskat. Egungo banaketa: Mendialdea, Erdi Aldea, Erribera. Honek
ez du oinarri historiko handirik. Ohikoa Mendialdea eta Erribera
izan da. Hezkuntzan nagusitu duten Erdi Aldea kontzeptua berria
da: Lizarrerria, Izarbeibarra, Artaxona, Tafalla, Erriberri,
Orbaibarra, Uxue, Oibar, Zangotzaldea. Bertze banaketa berri
bat ere burutu dute Mendialdea berrantolatu asmoz: Iruñerria
eta Irunberri bitarteko eremua, Auñamendiak eta Nafarroako
iparmendebalde hezea, hots, Gipuzkoaldea, Nafarroako euskaldun
zaharren azken eremua.
Honaino, geografia. Baina geografia
ez da errugabea. Pentsa dezagun. Egun, hainbat lan zientifikotan,
eta gizartean ere ideia bat nagusitzen ari da: Iruñetik
hegoalderantz dena Erribera da. Nolabait, Erdi Aldea kontzeptuak
zuen erranahia aldatzen ari da. Nafar gehienok Iruñerrian
bizi gara eta joera hau sendotzen ari da. Zein da kontzeptu berria?
Iruñerria topagune geografiko-kulturala, gezurrezko mestizaje
zuria. Handik hegoalderantz Erribera dago, Erreniegatik adibidez.
Erdi Aldeak iparralderantz jo du, Iruñerria, Esteribarreko
bi heren eta handik Irunberrirainoko eskualdeak bereganatuz.
Nafarron buruetan Erribera ez dena topatzeko Gasteiz, Lekunberri
eta Belaterako bidea hartu beharra dago, eskiatzera ez bazoaz,
bederen.
Historia piska bat. Zer da Erribera?
Menditsua ez dena. Ondorengo lerrotik hegoalderantz: Alu (Allo),
Mendigorria, Tafalla, Erriberri, Beire, Aragoa Behea. Zangotza
ere bai. Handik iparralderantz dena Mendialdea da. XVI. mendeko
tafallar baten ustez Barasoainen hasten zen Mendialdea; XVII.
mendean Iturbideko Mikel edo Moret ezaguna bat zetorren horretan.
XIX. mendeko Yanguas y Miranda tuterarrak ere iritzi bera zuen.
Historian zehar kontzeptu ezaguna, alegia. Baita euskararekin
lotua ere. XVI. mendean Azkoienen jaioriko Andosillako Martinek
zioenez: lingua montana vel basconica. Hau da, euskara, mendialdeko
hizkuntza.
XVII. mendean Lizarra, Iruñea
eta Irunberri euskaldunak ziren, orduko agintariek benetako hizkuntz
egoera onartu nahi ez zuten arren. Iturbideko Mikelek, Gaztelan
separatista izaiteagatik preso eta eraila izan zen Iruñeko
hautetsiak zioenez: la lengua matriz deste Reyno desde la Ciudad
de Tafalla hasta los pirineos, todo lo que es montaña,
es la bascónica o vascongada. Hau da, Mendialdea euskaldun
eta Erribera erdaldun. Oro har, honek bat egiten du orain arte
argitaratu diren toki izendegiekin. Tuterako Agramont eskribauak
idatzi zuenez: la lengua bascongada, la primera y original destas
Montañas. Urte horietan ere, erdalzalea zen Moreten hitzetan:
la lengua vascónica, la cual en lo antiguo fue común
de todos los pueblos vascones, en nuestros tiempos algunos pueblos,
con el largo comercio con los fronterizos, la han perdido, otros
la hablan promiscuamente con la común de España:
todas las regiones montuosas la retienen como única. Mendialdea
eta Erribera edo hiru eremu? Erdi Aldea jaio da? Hainbat lekukoren
arabera, XVII. mendean gaztelera sartzen ari zen Nafarroan era
zabal batean eta euskara hil zorian omen zegoen. Unibertsitate
bat ere eskatu zuten euskararen gibeleratze etengabea geldiarazteko.
Alta, Nafarroako euskal eremua murrizten ari zen.
Erriberan, batik bat. Erriberri,
1623. urtea: avida causa los muchos vascongados -hots, euskaldun
elebakarrak- que ai en la dicha villa -Erriberrin- y pastores
della están muy desconsolados y se ban a otros lugares
a confesar haciendo mucha falta en sus casas y ganados; y por
ebitar este daño los vicarios, y la villa y sus becinos
desean que el suplicante -apaiz batek- saque y tenga la dicha
licencia para confesar y administrar sacramentos y predicar sin
perjuicio de los curas porque el suplicante sabe la lengua bascuez
y los clérigos de aquella villa no saben.
Agiri honi esker, XVII. mendean,
Erriberan, Erriberrin, euskaldun elebakar aunitz bizi zela badakigu.
Agiri hau gabe ez genuke jakinen. Soziolinguistikoki ondorio
zuzena dugu: euskal elebakartasuna bizirik eta elebitasun zabala
egon beharko. Hau da, Faltzes, Martzilla, Kaparroso, Murillo
el Cuende, Beire eta Pitillas herrietako mugetan euskal elebakartasuna
bizirik. Hitz batez, XVII. mendean euskara ez zen arrotza Erriberan.
Beharbada, Moreten Erdi Aldea hori zen eta Ebro aldea orduko
Erribera.
Baina orduko bertze datu bat
ere aipagarria zaigu. 1627. urtea: El franciscano fray Pedro
de Pinedo afirmaba que la misma situación se daba en Olite,
Villafranca "y la villa de Sos, que es en el reyno de Aragón".
Antza denez, Alesbesen ere euskal elebakartasuna bizirik zegoen
eta horregatik biztanle batzuek erlijioa euskaraz bizitzeko beharra
zuten. Erriberrirekin eginiko hausnarketa soziolinguistikoak
Alesbesen ere balio du. Bere kokapena dela eta, halaber, balizko
Mendialdeko euskal eremua urrutiago zuen, inguruko herrietatik
euskaldun elebakarrak hara bizitzera joaitea, teorian, Erriberrin
baino zailagoa zelarik. Eta, Erriberrin bezala, ez dirudi euskaldun
elebakarrak berehala erdalduntzen zirenik, apaiz euskaldunaren
beharra baitzuten. Kontuan hartzeko bertze datu bat: 1616. urteko
agiri baten arabera, Zaraitzuko artzainek beraien herrietan egiten
zuten aitortza udan, euskaraz egiteko.
Horrela, ez dirudi Alesbeseko
euskaldun elebakarrak Bardeetan aritzen ziren Mendialdeko artzainak
zirenik, Alesbesen bizi ziren lagunak baizik.
Baina Alesbes Tutera merinerriko
eta epaile barrutiko hiria da eta zen, Arga eta Aragoa ibaien
urgurutzean kokatua. Honako hauek dira bere mugak: Martzilla,
Kaparroso, Bardeak, Kadreita, Milagro eta Funes, azken hiru hauek
Ebron bertan daudelarik. Hitz batez, Alesbeseko hegoaldeko mugatik
Ebroraino 5 km. ere ez dago. Erriberan ezezik Ebro gainean eta
Bardeetan ere bagaude, alegia. Bertze datu bat, Erriberri eta
Alesbes herrietan euskaldun elebakarrak bizi ziren eta bi herri
hauen mugetan Martzilla eta Kaparroso daude. Bertze era batera
erran dezagun: Kaparroso eta Martzillako ipar zein hegoaldeko
mugetan euskaldun elebakarrak bizi ziren. Honek, soziolinguistikoki,
bere eragina du, jakina. Nolabaiteko elebitasuna Alesbesen eta,
apika, Erriberri eta Alesbes arteko herrietan ere. Bertzalde,
Aragoako Sos eta Irunberri artean Zangotzaldea dugu.
Bertze agiri bat, 1605. urtekoa. Horren arabera Zaraitzu aldean,
Uskartze eta Ustaitze artean mendetako hizkuntz muga sendo eta
iraunkorra zegoen. Soziolinguistikoki ulertezina: Otsagin nahiz
Irunberrin euskaldunak eta Ustaitzen ez? Auziaren inguruan bi
datu argigarri: batetik herri batzuetan euskara ulertzen zuten
eta bertze batzuetan ulertu ezezik mintzatu ere egiten zuten.
Bertzetik, Uskartzen bizi ziren bi gizonen gaineko aipamena.
Bata Zubietakoa zen eta bertzea Elizondokoa. Lana zela eta aspaldidanik
bizi ziren Uskartzen. Euskaldun elebakarrak ziren: son de su
nación de tierra bascongada y no hablan sino el bascuence,
por ser, como son, de la Montaña, de los lugares de Elizondo
y Zubieta. Elizondo Mendialdea zen eta Zaraitzu aldea ez? Baztandarrak
menditarrak ziren baina Orhipean lanean aritzen zirenak ez? Zeri
deitzen zioten Mendialdea eta zeri Erribera? Alesbesen euskaldun
elebakarrak bizi zirenean Zaraitzu aldeko hainbat eremutan -Romanzado,
Nabaskoze, erdal toki izenak nagusi historian zehar- ez zekiten
euskaraz? Geografia eta hizkuntz egoera bat al datoz datu hauekin?
Antza, ez. Baina Uskartzeko lau gizonek bazekiten sinatzen eta
Ustaitzeko bik ere bai. Urte horietan, Tafalla ondoko Orbaibarreko
hainbat herritan inork ez zekien sinatzen, apaizak salbu. Ikasiak,
eskolatuak, nolabaiteko elebidunak, romanzados ziren eta orduan
haien lurra, haien nazioa ez zen euskalduna, ez zen Mendialdea?
Ikusi dugu Mendialdea-Erribera
muga geografikoa non dagoen, baita ia-ia bat egiten duela euskal
toki-izenen mugarekin ere. Ikerketa itzela eskatzen ari den auzia,
alegia. Bertze datu batzuk muga horren inguruan: ia muga berberetan
euskal izena duten Nafarroako Erromatar aldiko inskripzio guziak
daude kokaturik. Ez iparralderantz ez hegoalderantz.
Muga horretan. Oro har, IX. mendean
Banu Qasi musulmanen eremua ere muga horietaraino hedatu zen.
Ildo beretik, egungo politika arloa kontuan hartzen badugu, NDE(CDN)+HB+EA+EAJ
eta UPN+PSOE+EB(IU) multzoen gehiengoaren muga ere hor dago.
Hitz batez, benetako hizkuntz egoera historikoarekin harremanik
ez du baina sortu den muga geografiko-kulturala soziologiko eta
politiko ere bihurtu da. Mendialdea euskaldun eta Erribera erdaldun,
historiak eta etnografiak Nafarroako zatiketa hori gezurtatzen
digun arren.
Nafarroako euskal mundu zaharra
eta bere barne antolaketa hil zorian dago baina euskal mundu
berria jaiotzen ari da. Kokoeta basko gehiago ez. Mendetan zehar
nafarron artean sorturiko muga artifiziala hausten ari da: ikastolak
Lizarra, Biana, Lodosa, Sartaguda, Tafalla, Tutera, Kortes eta
Zangotzan, euskaltegiak nonahi. Baita erdal kultura barra-barra
baserri munduan ere. Seaskan dagoena Erriberako euskal sen ukatua
ordezkatzen ari. Zutik ikusiko?
Erlantz
Urtasun Antzano, historialaria |