LABURPENA:
"Asko hitzegin genuen haiekin kanta
berriaren mugimenduari buruz. Harreman haren ondorioz beste kantari batzuk
izan dizkiagu. Nola nahi ere, esango nikek, sekula ez direla harreman
estuak izan, sakonak pertsona artean bai, amistadeak sortu hituen, baina
bi mugimenduen arteko harreman sakonik ez duk sekula egon."
(Xabier Lete, "Jakin" aldizkaria,
1977ko abendua, bigarren aldiko 4.alea)
Aipamen hau izan
nuen lanaren abiapuntua eta euskal eta katalan taldeen arteko harremana
zein izan zen aztertzea, haien arteko azterketa konparatiboa egitea, helburua.
"Bartzelona-Donostia zubia" deitu dudanaren
bila abiatu nintzen, halako loturarik benetan egon zen jakin nahi nuen eta
izan bazen nolakoa izan zen.
Taldeok ulertzeko ezinbestekoa da beren garaian
testuinguratzea, hirurogeigarren hamarkadan mundu mailan eman zen fenomeno
zabalago baten barnean kokatu behar baitira, Kantagintza Berriaren barnean.
Garai eta leku bakoitzari bere kantagintza mota dagokio, hots, une eta toki
bakoitzean gizarteak bere islada aurkitu ohi du kantagintzan. Hirurogeigarren
hamarkadan ideologia eta ikuspegi berriak zabaltzen hasi ziren munduan zehar
eta, tokian-tokiko ezaugarriez, hauek beren islada aurkitu zuten kantautoreengan.
Hainbat izen datozkigu burura, batzuk aipatzearren: Argentinan, Atahualpa
Yupanqui Héctor Roberto Chavero-;Txilen, Violeta Parra, Victor
Jara edo "Quilapayún" taldea; Estatu Batuetan, Bob Dylan,
Pete Seeger, Joan Baez edo "Simon and Garfunkel"; Ingalaterran,
Tommy Steel edo "The Beatles"; eta abar.
Estatu espainiarrean lehen kantari "ofizialak"
1959 aldean hasi ziren beren ahotsa entzunarazten, merkatu arauak medio
ekonomia, politika eta, beraz, kulturan bere lehen integrazio urratsak ematen
hasi baitzen Espainia. "Dúo dinámico" bikotea eta
José Guardiola katalana izan ziren joera berriko lehen ahots horiek.
Baina hauez gain,orduan indarrean zegoen errejimen frankistaren aurrean
, berpizkunde kulturala, eta zenbaitetan linguistikoa, aldarrikatzen zuten
zenbait eskualde mugimendu sortu ziren. Raimon-ek "recuperación
de la memoria colectiva" deritzona zuten helburu. Ofizialak ez
ziren beste mugimenduon artean lehena Kataluniakoa izan zen, 1961eko abenduaren
19an "Els Setze Jutges" taldea izango zenak Bartzelonako CICFen
lokaletan egindako aurkezpen publikoarekin. Euskalduna jarraitu zitzaion,
"Ez dok Amairu" 1965ean biltzen hasi baitzen, bere lehenengo jendaurreko
emanaldiak 1966ean emanaz. 1968an, gazteleraz egindako Kantagintza Berriaren
abiagune bezala, Madrilen "Canción del Pueblo" sortu zen,
Ipar amerikako "People´s song"en omenez. Eta, azkenik, Santiagoko
Xavier eta Benedicto ikasle unibertsitarioek "Voces Ceibes" sortu
zituzten Galizian 1969 aldean.
"Ez dok hamairu" taldearen partaideak 1970. urtean
(Argazkia: Auñamendi Entziklopedia)
Zenbaitek, 1965 inguruan ezartzen dute Kantagintza
Tradizionalaren eta Berriaren arteko mugarria. Ordurarte, XIX.mende bukaeratik
Gerrate Zibilera arte eta baita gerora ere -, ia erabat hedaturik
zegoen "marco polifónico y coral" delakoa; Kantagintza
Tradizionalaren garaia osatzen zuten: koruek, zortzikoteek, kantutegi tradizionalek,
musika klasikoaren ildoari jarraitzen zitzaizkion zenbait tenorino eta opera
kantariek...Kantagintza Berriak, arestian aipatutako ideologia berriak abesteaz
gain, kantautorearen irudia ekarriko du eskenatokira. Taldeetan abesteko
ohituraren aurrean, kantautoreak "bakardadearen aroa"ri emango
dio hasiera J.A.Artze-ren hitzetan; kantautorea bakarrik dago taulen gainean,
munduari, bizi dituen arazoen aurrean, askatasun mezu bat kantari.
Oinarrizko girotze-sarrera honen ondoren,
azterlana nola egituratu dudan azaltzera noa.
Erabilitako baliabideen artean elkarrizketena
dago, eta hau hautatu dut ,hain zuzen, lanean barrena gidatuko gaituen hari
moduan; hots, egindako elkarrizketa galderen arabera egituratu dudala lana.
Hona ikututako puntuak:1) Harremanak; 2) Jaiotza;3) Komunikabideak; 4) Politika;
5) Talde batasuna; 6) Profesionalizazioa; 7) Eragin musikalak (jasotakoak
/ hartutakoak); 8) Kritika falta; eta 9) Desegitea.
* Lanak, gehigarritzat, data garrantzitsuenen KRONOLOGIA bat eta DISKOGRAFIA
dakartza.
Ezinezkoa zait azalpen labur honetan hauek guztiak bat banaka azaltzea,
horregatik azterlanean ateratako ondorio orokorra ekarriko dut sintesi gisa.
Nolako harremana izan zuten Euskal Kantagintza
Berriaren hastapeneko "Ez dok Amairu" taldeak eta Nova Cançó
Catalana-ko "Els Setze Jutges"-ek? Edo lanaren izenburuari erreferentzia
eginez, nolakoa izan zen "Bartzelona - Donostia zubia"?
Uste izatekoa da Mikel Laboa kantariak 1964ean Bartzelonan egindako egonaldi
batean ezagutu zuela katalan taldea, eta Euskal Herrira itzultzean bertan
"antzeko zerbait egiteko ideia" ekarri zuen. Ordurako gure lurretan
bazen Berreskurapen Kulturalaren aldeko mugimendu bat hasia, bakarlari nahiz
taldeak beren kasa zebiltzan lanean barreiaturik. Laboak Kataluniatik hauek
guztiak TALDE batean biltzeko ideia ekarri zuela esan daiteke, lehendik
hemen genuena batzeko ideia. Kontaktuak egiten hasi zen, jendea piskanaka
biltzen, taldea eratu zen arte. Hortaz, hasierako txinparta gisa eragin
zuen talde katalanak euskaldunarengan, TALDE ideia aportatuaz. Baina horrez
gain bestelako harremanik egon al da taldeon artean? Taldetik taldekako
harremanik ez da egon, baina bai, ordea, taldeotako zenbait partaideen artekoa.
Ziurrenik helburu amankomunek bideratutako aurresinpatia batek eraginda
urteetan zehar amistadeak sortzen joan dira kantari batzuen artean.
Gauzak horrela, abiapuntutzat hartu nuen X.Lete-ren
aipamena baieztatu beharra daukat nolabait: TALDE ideiaren txinparta
hasieran eta banakako amistadeak ondoren, hori litzateke sintesian zubia.
Belen
Oronoz, irakaslea |