Azkoitiko Parrokiak
web orrialde bat jarri zuen iragan azaroan. Web orrialde hau, astero idatziz
argitaratzen den aldizkari baten edizio elektronikotzat har daiteke. Gaur
egun aldizkariaren edizio elektronikoaren edukia, idatzizko edizioak duen
eduki berbera da.
Aldizkari honek bi atal nagusi ditu. Alde
batetik astean asteko irakurgaiak aipatzen dira eta gai zehatz bati buruz
idazten da. Beste alde batetik, Parrokiaren inguruan izan diren azken gora-beheren
berri ematen da: Ezkontzak, bataioak, hiletak, hitzaldiak, organo kontzertuak,...
Aurrerantzean edizio elektronikoari atal gehiago
erantsi nahi dizkiogu. Parroki mailan dabiltzan talde guztiek beren txokoa
izango dute. Horrela talde bakoitzak bere gora-beheren berri eman ahal izango
du, nork osatzen duten taldea, agin asmo dituzten gauzak etab. Aldi berean,
aldizkariaren idatzizko edizioan argitaratu diren editorial guztien artxibo
bat osatu nahi dugu, editorial guzti horiek web orrialdearen bidez, denen
eskura egon daitezen.
Internet: komunikabide bat gehiago
Elizak era guztietako komunikabideak erabili
ditu bere berriak emateko eta, orohar, Jesusen mezua zabaltzeko: Liburuak,
aldizkariak, artikuluak egunkarietan, irrati eta telebista saioak (ETB-ko
Egi bidean, adibidez). Beraz, komunikabide guzti hauen erdian, internet
beste komunikabide bat gehiago besterik ez dela deritzogu. Hala ere, oso
komunikabide berezia dela ezin dugu ukatu. Gaur egun, oraindik, Internet
askorentzat ezezaguna da, gazteak garelarik gehien erabiltzen dugunak. Gainera,
munduko edozein txokotatik sar zaitezke, ez dago distantziarik.
Ondorioz, Internet gure Parrokiarentzat bereziki
erakargarria da, gazte jendearengana hurbiltzeko modu bat delako eta munduan
zehar sakabanaturik dauden azkoitiarrek beren Parrokiko gorabeherak jaso
ditzaketelako.
Hala ere, Internetek duen beste alderdi on
bat zera da: erabiltzaileak nahi duena bilatu eta irakurtzen duela. Web
orrialde bat edukitzeak ez du esan nahi mundu guztiko milaka lagunek irakurtzen
dutenik. Gure erronka da, web orrialde erakargarri bat egitea, kristau herriari
zerbitzu bat ematea, eta azken batean, teknologia berri honi ahalik eta
etekinik onena ateratzea Ebanjelioaren zerbitzurako. Horretarako ere balio
behar du, zergatik ez.
http://www.geocities.com/Athens/Styx/8688
Iñigo Zubizarreta,
"Parrokiatik" aldizkari elektronikoaren arduraduna |