Goitizenen araberako pertsonen kategorizazioa
Mikel Aranburu Oiarbide, Luis Mari Sainz de Murieta
Nortasunaren teoria inplizitoen berri jakin nahi dugunean, galdekizun irekiekin joaten gara sarritan herriko jendearen sailkapenak ezagutzera. Beste batzuetan, atsotitz eta errefrauetara edo ipuinetara jotzen dugu. Ahozko nahiz idatzizko literaturan isladaturik gelditu dira, mendeetan zehar gure herrietako jendeak pertsonen izaera deskribatzeko erabili izan dituen konstruktuak.

Bada, ordea, pertsonen izaerari dagozkion jendearen teoria inplizitoak ezagutzeko beste bide bat ere: goitizenen erabilerak erakusten diguna, hain zuzen ere. Pertsona guztiok ditugu geure izen-deiturak, erregistro ofizialetan agertzen direnak, eta administrazioarekiko harremanetan darabiltzagunak. Baina, sarritan, gure lagunartean beste izen batzuez deitzen gaituzte: goitizenez, hain zuzen ere.

Goitizenen arabera jendean kategorizatzeko ohitura nahiko zabaldua gure gure kultura tradizionalean. Goitizenak aukeratzerakoan erabili izan diren irizpide inplizitoak honako hauek dira: 1) Jaioterria, jaiotetxea, jaiotauzoa, bizitokia. Herrien goitizenak. 2) Itsasontziaren izena, familiaren ogibidea, norbere ogibidea. 3). Izaera, tenperamentua eta jokaera. 4) Hizkera. 5) Janzkera. Orrazkera. 6) Goputzaren ibilera edo mugikera. 7) Funtzio eta disfuntzio fisiologikoak. 8) Gorputzaren edo gorputz atalen tamaina eta forma.

1. Jaioterria, jaiotetxea, jaiotauzoa, bizitokia, itsasontziaren izena

Izengoitiak asmatzeko irizpide bezala, sarritan erabili izan da izengoitiz bataiatu behar denaren jaiotetxea edo baserria. Kanpoko herri batera bizitzera joana baldin bada, jaioterria edo jatorrizko eskualdea hartzen da sarritan izengoitia asmatzeko iturri bezala. Beste probintzi batera bizitzera joan bada, jatorrizko probintzia hartzen da sarritan. Herriaren edo hiriaren auzoen izenak ere sarritan erabiltzen dira. Bere baserriaren edo bizitokiaren kokagunea deskribatzen duen goitizena ere sarritan erabiltzen da. Ibiltariak diren pertsona edp taldeak izendatzeko, aldibaterako bizitokia kokatu izan duten tokiaren izena hartzen dute sarritan. Hona hemen adibide batzuk:

  • "Koxkeroa": Donostiako Alderdi zaharrean jaiotakoa (Donostia).
  • "Joxemaritarra": Donostiako Alderdi Zaharrean jaiotakoa (Donostia)
  • "Bidegoikoak" eta "bidebehekoak": bidearen alde batera edo bestera bizi direlako (Zizurkil).
  • "Zubiaurre": zubi aurrean bizi direlako (Goierri).
  • "Errotakoa" (Zestua).
  • "Pasai": pasaiarra (Hernani).
  • "Bixkai": bizkaiatarra (Getaria).
  • "Kaiser": baserriaren izena (Urnieta).
  • "Poxta": baserriaren izena (Urnieta).
  • "Egañania": Egaña baserrikoei (Hernani).
  • "Loiarte" (baserritik feriara loiaz beterik etortzen) (Hernani).
  • "Karrero" edo "karreteroak" (Karreroko jauregi zaharrean edo inguruan akanpatzen zuten ijituen ondorengoak) (Hernani).
  • "Juanito Attaun" (Lasarte-Oria)
  • "Goierri" (Lasarte-Oria).
  • "Naparra" (Nafarroatik etorria) (Zumaia).
  • "Larreanekoak" (baserriaren izenetik) (Donostia)
  • "Ostatukoak" (Donostia).
  • "Goiko torreku" (Ondarroa).
  • "Beheko torreku" (Ondarroa)
  • "Mendigorri": mendi idor eta hareaz nahiz lur gorriz betean zegoen etxea (Loiu).
  • "Akarate": baserriaren izena (Areatza).
  • "Las pitonas" (Casa Piton-ekoak; pitón = kanika) (San Martin de Unx).
  • "Las pericas": Casa Pericoko alabak (San Martin de Unx).
  • "Cuco": Lergakoak. Horregatik, San Martin de Unx-en, Lergatik etorriak zirelako, "Casa la Sabina Cuco".
  • "Mejikano": gaztea zela Mexikon izan zelako (Zegama).
  • "Katza": bere ama Arroako Katzaola baserrikoa zelako (Zumaia).
  • "Endañeta": izen bereko baserrikoei (Zumaia).
  • "Errotakua": Zumaiako Erribera kalean, etxea eta taberna eraikitako lekuan antzinan errota bat zegoelako (Zumaia).
  • "Iturri": bera bizi zen kalean antzina iturri bat zegoelako (Zumaia).
  • "Torreberri": herriko frontoi atzean zegoen "Torreberri" etxean bizi zelako.
  • "Orma": Ormaiztegikoa delako (Urretxu-Zumarraga).
  • "Navarrico": Nafarroakoa delako.
  • "Gorostin": bere baserriak "Gorostin" izena du, inguruan gorosti asko dagoelako (Goizueta).
  • "Arano": Arano herrian bizi delako (Goizueta).
  • "Txukalda": "Txukalda" baserrikoa delako (Goizueta).
  • "Axkueta": baserriaren izenetik (Segura).
  • "Markitegi": baserriaren izenetik (Segura).
  • "Malkorranekok": beren etxetik behera malkorra dagoelako (Segura).
  • "Baxarri": baserrian bizi delako eta bere portaeragatik baserritarra dela antzematen zaiolako (Azpeitia).
  • Gazteluko goitizenak, jatorrizko baserriaren izenetik hartuak: "Borda-Txuri" (Borda-Txurikoa), "Teiletxe" (Teiletxekoa), "Gootxe" (Gootxekoa), "Elandei" (Elandeikoa), "Iriarte" (Iriartekoa), "Goienetxe" (Goienetzekoa), "Apaztei" (Apaztegikoa), "Endreki" (Endrekikoa), "Prasene" (Prasenekoa), "Gabiondo" (Gabirondokoa), "Zapatei" (Zapaterikoa), "Araor" (Aragorkoa), "Gibalde" (Gibaldekoa), "Argate" (Argaratekoa), "Uxurbu" (Uxurburukoa), "Ixurrene" (Ixurrenekoa), "Tomasene" (Tomasenekoa), "Aina" (Aginakoa), "Osto" (Ostokoa), "Osto Txiki" (Osto-Txikikoa), "Kopuru" (Kopurukoa), "Mikelene" (Mikelenekoa), "Martinene" (Martineneakoa), "Santione" (Santiagonekoa), "Elketa" (Elketakoa).
  • "Bedaio": Bedaiokoa zelako (Gaztelu).

Aipatzekoak dira, atal berezi bezala, herri osoei eman izan zaizkien goitizenak. Goitizen horiek aukeratzerakoan, landareen edo animalien izenak erabili dira eskuarki. Hona hemen batzuk:

  • Azak: Ordizia
  • Pikuk: Legorreta.
  • Antzarrak: Lazkao
  • Barek: Beasain.
  • Zopajalek: Segura.
  • Zartagi zaharrak: Baliarrain.
  • Txintxarrik: Alegi.
  • Otsok: Ataun.
  • Arkakuxok: Zaldibi.
  • Zapok: Gaintza.
  • Txalburuk: Abaltzisteka.
  • Zakurrek: Altzaga.
  • Eulik: Amezketa.
  • Eltxok: Orendain.
  • Axarik: Idiazabal.
  • Belek: Zegama
  • Ijitok: Itsasondo
  • Txerrik: Mutiloa
  • Xapuek: Azpeitia.
  • "Sardineroak": Santurtzi.
  • Xakelak: Azkoitia.
  • Akerrak: Larrabetzu eta Errezil.
  • "Perretxiko ustelak" (Zamudio).
  • "Zorriztoak" (Lezama).
  • "Bareak" ("Limacos"): Otsagitarrak.
  • "Zapoak": Jaurrietakoak.
  • "Marraskiloak" (Ezkaroztarrak).
  • "Salamankinoak" (Itzaltzukoak).
  • "Pekuak": Viñaspretarrak.
  • "Bubilak": Lantziegotarrak.
  • "Mentortak": Kripautarrak (Mentorta menditik).
  • "Haberoak": El Billarrekoak (Amabirjinaren irudia baba-zaku batzugatik aldatu omen zutelako).
  • "Babazorroak", "patateroak": gasteiztarrak.
  • "Txantxikuak": Oinatikoak.

2. Itsasontziaren izena, familiaren ogibidea, norbere ogibidea

Arrantzale herrietan, lana egiten duen itsasontziaren izena ere erabiltzen da izengoiti iturri bezala. Beste izengoiti-iturri agortezin bat, izengoitia eman behar zaionaren edo bere arbasoren baten lanbidea izan ohi da. Gizartean bete dituen funtzio eta rolak ere sarritan izaten dira goitizen iturri. Bizitzan zehar praktikatu izan duen kirola ere ez da gutxitan gertatzen goitizena smatzeko aitzakia.

Hona hemen adibide batzuk:

  • "Arrillaga", "Piedad", "San Agustin", "Exekiel": lan egiten duten itsasontzien izenetatik hartuta (Getaria).
  • "Alpargateronekoak" (Getaria).
  • "Remero": arraunean ibiltzen zelako garai batean (Aduna).
  • "Tantandarrak": lehen kanpaiak jotzen zituztelako (Zizurkil).
  • "Frutas": lehen fruten kamioiarekin ibiltzen zelako (Zizurkil).
  • "Tapatxulos": iturgina, linterneroa (Hernani).
  • "Botikas": farmazeutikoa (Hernani).
  • "Guardaríos": bere aitak, ibai ondo bizi zela, ibai inguruak eta ibaia zaintzen zituelako (Hernani).
  • "Mantekilero" : mantekila egiten zutenak (Zumaia).
  • "Praktikonekoak": praktikoaren familiakoak (Zumaia).
  • "Apretone": alpargatak egiten zituztelako (Asteasu).
  • "Zapatero": zapateroa zelako (Mutriku). "Zapateroneku" (Ondarroa)
  • "Olabarro": olagarruak harrapatzen trebeak (Mutriku).
  • "Pastelaneku" (Ondarroa).
  • "Soperón": itsasontzi batean lan egiten zuen, eta oso sopa eta salda goxoak egiten omen zituen (Santurtzi).
  • "Fonta": bere aita iturgina (fontaneroa) zelako (Santurtzi).
  • "Kanillas": iturgina delako (Donostia)
  • "Segapikatarrak" eta "segapototarrak": bi familietan segalari tradizio indartsua dago eta biak lehian aritze dira (Zizurkil).
  • "Alkilerrekoa": garai batean hor bizikletan alkilatzen zituztelako (Segura).
  • "Trinketenekok": familiako aitona garai batean trinketean dirua jokatzera joaten omen zelako (Segura).
  • "Arotxa": bere aitak aroztegia duelako (Goizueta).
  • "Pinttorea": bere lehenengo lana pintatzea izan zuelako (Goizueta).
  • "Armero": bere gurasoek ehiza-denda bat dutelako (Zumarraga-Urretxu).
  • "Poli": matematikako irakasle bati jarritakoa (polinomiotik) (Urretxu-Zumarraga).
  • "Abellanerua": duela urte asko gizon bat herrira etortzen zen, kaleetan zehar hurrak saltzera. Bere semeak honela deitzen dituzte orain (Mutriku).
  • "Aguas": uraren kontadoreak ikusten dituen udaletxeko langileari (Mutriku).
  • "Eskopetero": garai batean eskopetak saltzen zituelako (Mutriku).
  • "Joxe Barberua": bere ogibidetik datorkio (Mutriku).
  • "Matxet": "kabo matxo" zen hasieran eta hortik "kabo matxet" eratorri zen. Orain, "Matxet" (Mutriku).
  • "Pako Diretoria": musika bandaren zuzendaria izan zen urte askotan (Mutriku).
  • "Talaixero": beren aita herriko talaieroa izan zen urte askotan zehar (Mutriku)
  • "Zemento". etxe eraikitzaile bati (Mutriku).
  • "Pana": bere gurasoek okindegia dutelako (Zumaia).
  • "Txurrero": kiosko baten jabea izanik, kioskoari "txurreria" deitzen diote eta jabeari "txurrero" (Zumaia).
  • "Kiko": arrautzak saltzeko postua dute, eta oiloek egiten duten soinuagatik familiako semeari honela dei egiten diote (Zumaia).
  • "La trapos": egun guztia leihoan trapua astintzen pasatzen duelako (Lasarte-Oria).
  • "Magdaleno": bere lanbidea magdalenak banatzea delako (Lasarte-Oria).
  • "Mitxubisi": telebista konpontzailea (Ondarroa).

3. Izaera, tenperamentua, ohiturak eta jokaera.

Izengoitia ezarri behar zaionaren jokaera eta ohiturak informazio iturri ezin hobeak izan dira. Batzuetan, ez-ohiko jokaera konkretu eta bereizi batean oinarrituta asmatu izan da goitizena. Beste batzuetan, pertsonaren ohiko jokaeran oinarrituta asmatu izan da. Hona hemen adibide batzuk:

  • "Xoxua": gerra garaian zuhaitzetatik xoxuak bezala alde egin zuelako (Hondarribia).
  • "El cabra": piska bat zoratua dagoelako (Derio).
  • "Pollino": behi txikitan oiloz mozorrotu zelako (Zamudio).
  • "Oscar el Malo": Txikitan oso gaiztoa zelako (Zamudio).
  • "Pika": txikitan asko pikatzen zelako (Lezama).
  • "Abanderado": bandera bat eraman zuelako (Areatza).
  • "Santos el agüero": saldu behar zuen esneari ura botatzen zion (La Arboleda).
  • "Alma negra": abere saltzailea zen eta tranpak egiten zituen (Loiu).
  • "Zatu": ardo zahatoa eramaten zuelako (Asteasu)
  • "Contras": beti kontra egiten duelako (Azpeitia).
  • "Tirrin": urduria delako (Azpeitia).
  • "Peligro": pertsona zakarra, kontrol gutxikoa delako (Arantza: Nafarroa).
  • "Azeria": beti mendian, jendearengandik izkutuan ibiltzeko ohituragatik (Arantza).
  • "Zartakos": begietan tika duelako, zartadazko keinuak egiten dituelako (Arantza).
  • "Submarinoa": bere buruaz beste egin nahiz, errekara bota zuen bere burua eta gehiago aguntatu ezin zuenean, burua atera zuen (Oihartzun).
  • "Tempranillo": beti berandu dabilelako (Oihartzun).
  • "Cagaportales": behin txikitan portal batean kaka egin zuelako (La Alberca: Salamanca).
  • "Pocaleche": maixu bat herri batera joan zen eta laster izengoiti bat jarriko ziotela esan. Berak erantzun zuen: A mi poca leche me van a poner!. Orduan, "Pocaleche" jarri zioten (La Alberca: Salamanca).
  • "El codena": egun batean esan zuelako: "Este condenado tiempo" (Pampliega: Burgos).
  • "El bubillo": ehizera zihoanean bubilak imitatzen zituelako (Pampliega: Burgos).
  • "Sandiosenekoa": beti elizan zegoelako (Zumaia).
  • "Arrapaxenekoak": lapurretan ibiltzen zirelako (Zumaia).
  • "Etsaia": beti biraoka aritzen zelako (Urnieta).
  • "Betitzuk": bildurtiak eta jendearekiko tratu gutxikoak zirelako (Urnieta).
  • "Tonttor": izaeraz beti besteen gainetik egon nahi izaten zuelako (Urnieta).
  • "Tongo": tranpak egiten zituelako (Urnieta).
  • "Gose": besteena ere berarentzako nahi izaten zuelako (Urnieta).
  • "Mataburros": behin astoa hil zuelako (Hernani).
  • "Parras": bere farrea oso ozena zelako (Hernani).
  • "Kaskarin": buru arina zuelako (Aduna).
  • "Xaldabero": xoxoa zelako (Aduna).
  • "Putrienekoak": lapurtzen ibiltzen zirelako (Zumaia)
  • "Perrerías": beti gaiztakeriatan ibiltzen zelako (La Alberca: Salamanca).
  • "Las perdias": basoan galdu ziren bi ahizpa (La Alberca: Salamanca).
  • "Batzarman": bilerak egitea, klaseko ordezkari izatea izugarri gustatzen zitzaion bati (Bera).
  • "Suspelako harakina": azterketetan txuletak erabiltzeko zuen trebetasunagatik (Bera).
  • "Birusa": izaera bereziko mutil haserrekorra, istiluetan sartuta ibiltzeko trebetasuna aparta zuena (Bera)
  • "Ozpin": pertsona haserrekor bati (Bera)
  • "Lady Di": emakume oso-oso fina delako (Zegama).
  • "Taison": txikitan beti eta denekin burrukan ibiltzen zelako (Zegama).
  • "Roldan": herriko lantegian izugarrizko dirutzak lapurtu zituelako (Zegama).
  • "Bokalilo": lantokira bodakilo handia hartuta joaten zelako (Segura).
  • "Jodionorte": Frankoren garaian udaletxean lan egiten zuen eta haren aldekoa omen zenari, Euskadi "jodionorte" deitzen zutelako (Segura).
  • "Eztilehorra": kontutan oso suabe aritzen da, baina eskatutakoan emateko oso lehorra da (Segura).
  • "Astafelipe": lanean alfer edo asto samarra zelako (Segura).
  • "Xatan": txikitan nahikoa gaiztoa zelako (Urretxu-Zumarraga).
  • "Toia": arrantzale amorratua, toiak harrapatzen espezialista (Zumaia).
  • "Tanatana": danborra jotzen zuelako (Zumaia).
  • "Tiburones": beti tiburoiak asko gustatu zaizkion eta ongi ezagutzen dituen pertsona bati (Lasarte-Oria).
  • "Txe": Che Guevararen antzeko pentsakera duelako (Lasarte-Oria).
  • "Zomorro": inork ez du sentitzen, baina beti antenak jarrita besteen gainetik dagoenari (Lasarte-Oria).
  • "Merenge": oso gozozalea da eta bereziki merengea oso gustokoa du (Lasarte-Oria).
  • "Patxi kontra": beti kontra egiteagatik (Ondarroa).
  • "Kesigaelentierro": alferra delako (Ondarroa).
  • "Atxitxe kalatraba": Ondarroako kalatraba zubian beti egoten den gizon zaharra (Ondarroa).
  • "Santateresa": beti gomendioak ematen dituen pertsonari (Ondarroa).
  • "Txiribiton": oso isila eta handia den neskari (Ondarroa).
  • "Rocky": burrukan askotan dabilenari (Ondarroa).
  • "Don geldi": behin neska batzuk kotxez eramaterakoan, denbora gehiagoz beraiekin egotearren poliki-poliki eraman zituelako (Ondarroa).
  • "Tienda kanpaina": gauean beti altxata zuela oheratzen zela esaten zien neskei (Ondarroa).
  • "Juxta": juxtua delako gauza guztiekin (Ondarroa).
  • "Xaturbo": Xabier izena du eta autoak eta abiadura asko gustatzen zaizkio (Azpeitia).
  • "Demonio": liskar eta saltxa guztietan sartuta ibiltzen delako (Azpeitia).
  • "O´Xan": beti buruzagi izan nahi, egozentriko hutsa, "Josean" izenaren deformazio bezala, jarraitzaileek buruzagiari deitzeko modu bat bezala (Errenteria).
  • "Tirillas": izaera ahula eta kemen gabea; nortasun biguina; beti besteen mesedetan makurtzen dena; ausardia gabea (Errenteria).
  • "Tonny": Antonio izena du eta beti oso dotore ibiltzen da, emakumeekin ligatzea asko gustatzen zaio.
  • "Ventiuno": gezurtia eta fantasiatsua den pertsona batek bere zakilaren tamaina txikia zela, hogeita bat zentrimetro bakarrik zituela esan zuen egun batean (Errenteria).

4. Hizkera

Hizkera oso iturri oparoa izan da, izengoitiak aukeratzeko garaian. Hitz egiteko bizkortasuna, garbitasuna, hizkuntzaren ezagutza, ozentasuna, toteltasuna, hizjariotasuna eta hizkuntzaren menperakuntza maila, izengoitiak asmatzeko irizpide emankorrak izan dira. Hona hemen adibide batzuk:

  • "Tarta": hiztotela izateagatik (Aduna).
  • "Txintxarri": oso hiztuna zelako (Aduna).
  • "Kattarro": eztarri txarra zuelako (Aduna).
  • "Tustus": hitzegitean txua botatzen duelako (Lezama).
  • "Mingañas": asko hitzegiten duelako (Zizukil).
  • "Con Yo": gaztelaniaz gaizki hitzegitean, "venga con yo" esaten (Hernani).
  • "Frantses txikia": frantsesak bezala ahoskatzen du "r"-a eta alturaz txikia da (Arantza).
  • "Korneta": irrintzi handiak egiten dituelako (Arantza).
  • "Deporsi": emakume zahar bati gizon batek esan zion: ¡Hola guapa!. Eta berak erantzun: "De por sí".
  • "Kesiga": hileta batean erori egin zitzaien hildakoaren kaxa, eta hau esan zuen: "Que siga el entierro" (Mutriku).
  • "Barandandandandilla": hiztotela zen eta totelka hitz egiten zuelako (San Martin de Unx).
  • "Txapas": beti mundu guztiarekin hitzegiten, isildu gabe jarduten da (Azpeitia).
  • "Telele": hiztotela eta Teiletxekoa delako (Gaztelu).
  • "Traktorea": "r"-a gaizki esaten du, "rrrr...", traktorearen zarata bezala (Gaztelu).
  • "Tete": hiztotela delako (Gaztelu).
  • "Bamotel": askotan "Bai motel, bai, bai motel..." esaten duelako (Gaztelu).
  • "Diexixeis": "dieciseis" esan ordez, diexixeis esan zuelako (Urretxu-Zumarraga).
  • "Ezpol": egun batean "Agente Zipol" esan ordez, "Agente Ezpol" esan zuelako (Goizueta).

5. Janzkera. Orrazkera.

Izengoitien iturburu emankorra izan da, izengoitiz izendatu behar zenaren jazkera, orrazkera, makilaia edo kanpoko itxura. Adibide batzuk bakarrik emanen ditugu:

  • "Ezpain gorri": ezpainak beti gorriz margoturik eramaten dituelako (Arantza).
  • "Sotanas": apaiza izanez, bere jantziari erreferentzia egiten dio (Arantza).
  • "Bittor Beltza": Bittor izenekoa, eta itxuraz zikin samar ibiltzen delako (Arantza).
  • "Txorimalua": bere jazkeragatik (Urnieta).
  • "Zapel": beti txapel handi batekin ibiltzen zelako (Urnieta).
  • "Pintamona": aurpegia izugarri margotuta erabiltzen duelako (Zegama).
  • "Kurro": izugarrizko patilatzarrak dituelako (Zegama).
  • "Moises": ilea orraztean, izugarrizko arrastoa egiten zuen erdian, ileak alde batera eta bestera botaz, Moisesek itxasoa bitan banatzean egin zuen bezala (Zegama).
  • "Toneti": jazteko modu oso koloretsua eta arraroa duelako, eta pailazo moduan ibiltzen delako zapata handiekin (Azpeitia)

6. Goputzaren ibilera edo mugikera

Gorputzaren ibilerak eta mugikerak aztarna asko ematen ditu, pertsona bat ezagutzeko, eta noski, hari goitizen bat ezartzeko garaian. Ibileraren arabera, animalia batzuen izenak eman zaizkie pertsona batzueigoitizen bezala. Pertsona ospetsu batzuen izenak ere eman izan zaizkie. Makina edo motore batzuen izenak ere bai.

  • "Grillo": egun batean izugarrizko jauzia egin zuelako (Zamudio).
  • "Billy el niño": taberna batetako zerbitzari motel bati (Zamudio).
  • "Joxe bihor": bihortute edo okertute ibilten delako (Areatza).
  • "Balantxito": balantzaka, oreka gutxirekin ibiltzen delako (Arantza: Nafarroa).
  • "Turbo": pertsona urduria, erreakzio azkarrekoa delako (Arantza: Nafarroa).
  • "Astapotro": baldarra, axolagabe izateagatik (Aduna).
  • "Bizkar": bizkarra okertuta ibiltzen delako (Aduna).
  • "Perikito": perikitoak ongi imitatzen dituelako (Zizurkil).
  • "Makala": lasaia zelako (Hernani).
  • "Patas": herrena delako (Altzaga).
  • "Tximista": gauzak egiterakoan oso bizkorra delako (Goizueta).
  • "Arranke": oso geldoa eta motela delako (Zumaia).
  • "Basakatu": oso pertsona bizkorra delako eta mendian asko eta azkar ibiltzen delako (Azpeitia).
  • "Maria Potente": beti tente-tente eginda ibiltzen delako (Zegama).

7. Funtzio eta disfuntzio fisiologikoak

Edateko, jateko, pixa egiteko, kaka egiteko eta puzkerrak botatzeko gehiagizko ohituran ere sarritan oinarritu izan dira goitizenak asmatzerakoan:

  • "Mozkortzio": sarritan mozkortuta ibiltzeagatik (Aduna).
  • "Oli": azeitunak asko gustatzen zaizkiolako (Zizurkil).
  • "Imedio": kola jaten zuelako (Zizurkil).
  • "Pixañero": pixa asko egiten duelako (Hernani).
  • "Puxkar lehor": usain gabeko puzkerrak botatzen (Hernani).
  • "Caga-alubias": asko jaten duelako (Hernani).
  • "Bixigua": mozkortzean begi gorriak jartzen zaizkiolako (Hernani).
  • "Puzkar": puzker gehiago nork bota, apustuak egiten zituelako (Urnieta).
  • "Puzto": beti asperenka ari zelako (Urnieta).
  • "Puztokumia": Puztoren semea (Urnieta).
  • "Putzas": puzkerrak botatzearren (Urnieta).
  • "Kafe": kafearekiko zaletasuna duelako (Azpeitia).
  • "Tufus": puzkerlari sutsua delako (Goiherri).
  • "La botella": edatea asko gustatzen zaiolako (Txorierri).
  • "Mokoplaust": muki ugari dituelako (Ondarroa)

8. Gorputzaren tamaina, forma eta gorputzaren zati ezberdinen berezitasunak

Gorputzaren handitasuna edo txikitasuna eta gorputzaren formen egokitasuna edo desegokitasuna, goitizenen asmakuntzarako iturri oparoak izan dira. Bestalde, goitizenak asmatzeko irizpide erabilienetakoa, izendatu behar zenaren gorputzaren ataletako baten ezaugarrietan oinarritzea izan da. Buruan edo buruko atalen handitasun, luzetasun eta forman oinarrituriko goitizen asko daude. Lepoaren luzerari, bizkarraren formari, sabelaren edo ipurdiaren mardultasunari dagozkionak ere ez dira gutxi. Hanken luzera edo loditasuna ere goitizen iturri agortezina izan da beti. Azalaren kolorea ere goitizenak asmatzeko iturburu oparoa izan da.

Hona hemen adibide zenbait:

  • "Moro": oso beltxarana delako (Zamudio).
  • "Pocas pecas": peka asko dituelako (Lezama).
  • "La chinita": begien formagatik (La Arboleda).
  • "Pinotxo": izugarrizko sudurra daukalako (Donostia).
  • "Beltza", "kongi": azal ilunagatik (Donostia).
  • "Kana" (Kanario): ile horiagatik (Donostia).
  • "Txorrotxa": sudur txorrotxagatik (Donostia).
  • "Tambor": sabel handia duelako (Donostia).
  • "Okerra": hanka okerrak zituelako (Urnieta).
  • "Lepo": lepo handia zuelako (Hernani).
  • "Espinete": ilea punki batek bezala eramaten zuelako (Zizurkil).
  • "Kaxkabeltxa": oso ile beltza zuelako (Aduna).
  • "Melu": buru handia zuelako (Aduna).
  • "Hontza": aurpegi zabala duelako (Aduna).
  • "Belarris": belarri zabalak dituelako (Aduna).Belarri handiak dituelako (Goizueta)
  • "Talo": ipurdi zabal eta laua duelako (Aduna).
  • "Musugorritarrak": familia gehienak musu gorri-gorria duelako (Zizurkil).
  • "Mundonekoak": buru handia zutelako (Zumaia).
  • "Burus": buru oso handia duelako (Goizueta).
  • "Ontza": begi handiak dituelako (Goizueta)
  • "Txipiroi": aurpegiaren itxura obalatuagatik (Santurtzi)
  • "Markes de culo hermoso": ipurdi handia zuelako (Zumaia).
  • "Kaxkagorri": ile gorria zeukalako (Albiasu: Nafarroa).
  • "Melokotoia": buru handi eta borobila zuelako (Albiasu: Nafarroa).
  • "Txerri": txerri aurpegia zuelako (Zamudio).
  • "Los pepinos": burua luze samarra zutelako anaiek (San Martin de Unx).
  • "Txatu": sudur motza izateagatik (Ondarroa).
  • "Tuertu": begi bakarrari (Ondarroa). "Tuertua": bere aita begi-bakarra zuelako (Hernani).
  • "Uger": ile gorria duelako (Ondarroa).
  • "Bonbas": bular handiak dituelako (Ondarroa)
  • "Txepas": konkorduna delako, bizkar-konkorduna (Aduna).
  • "Txistu": oso argala delako (Zizurkil).
  • "Xardina": fisikoki iharra zelako (Urnieta)
  • "Joxe Motx": Joxe Handiarengandik bereizteko (Hernani).
  • "Ahuntza": bere bizarraren itxuragatik (Urnieta).
  • "Kojua": txikitatik herrenka ibiltzen zelako (Hernani).
  • "Loritonekoak": sudurra loritoaren antzekoa zutelako (Zumaia).
  • "Hontzanekoak": hontz-aurpegia zutelako (Zumaia).
  • "Zilindro" eta "xilindrin": txikiak eta pottoloak zirelako (Zumaia).
  • "Pino": altua delako (Azpeitia).
  • "Taugres": altuera handia duelako (Azpeitia).
  • "Iherra": fisiko iharra duelako (Azpeitia).
  • "Txaparro": txikia delako (Arrasate).
  • "Martin Txiki", "Juan Txiki": txikiak zirelako (Mutriku).
  • "Luison": Luis izena zuen, eta oso handia zen (Loiu).
  • "Jesukristo": oso argala, elizkoia, Jesukristoren antzekoa (Loiu).
  • "Gallo colorado": oso txikia, lodia eta gorria (Loiu).
  • "Borobile": lodia zelako (Areatza).
  • "Tatxenko": altua zelako (Areatza).
  • "Mari totola": lodia zelako (Areatza).
  • "Kankailu": argala eta altua delako (Lezama).
  • "Casa Esparcica": etxeko gizona oso mehea zen eta formarik gabea (San Martin de Unx).
  • "Casa la Zenona": etxeko emakumea oso altua eta dotorea zen (San Martin de Unx).
  • "Cigüeña": oso altua delako eta hanka luzeak dituelako (San Martin de Unx)
  • "Txonbel": oso lodia delako (San Martin de Unx).
  • "Charlot": neska argala, luzea eta hankak Charlot-enak bezalakoak dituena (San Martin de Unx).
  • "Gus-gus": Haustertxuren (Zenizientaren) ipuineko arratoiaren antza duelako (San Martin de Unx).
  • "Tintin": Tintin-en antza duelako (San Martin de Unx).
  • "Largo caballero": gizon altu eta dotorea (Arantza: Nafarroa).
  • "Zorrotz": fisikoki meharra izateari erreferentzia eginez (Arantza: Nafarroa).
  • "Aza hostoa": belarri handiak dituelako (Altzaga).
  • "Txanpiñon": txiki xamarra den pertsonari (Lasarte-Oria).
  • "Mono": gorputzez tximu itxura duen pertsonari (Lasarte-Oria).
  • "Moro": beltzarana eta higiene aldetik nahikoa utzia (Lasarte-Oria).
  • "Zankos": zango oso luzeak, gorputzarekiko desproportzionatuak dituelako (Lasrte-Oria).
  • "Saltxi": pertsona oso mehe bati, saltxitxarekin alderatuz (Lasarte-Oria).
  • "Kartolas": izugarrizko belarriak dituelako (Zegama).
  • "Peio Kirten": altua eta mehe-mehea delako (Zegama).
  • "Kurrillo". izugarrizko lepoa duelako (Zegama).
  • "Cabestany": izugarrizko burua duelako (Zegama).
  • "Topo": txikia eta potoloa delako (Zegama).
  • "Heidy": ile beltz-beltza eta masailak beti gorriak dituelako (Zegama).
  • "Triku": ileak beti tente-tente dituelako (Zegama).
  • "Sinlepo": leporik ez duelako (Zegama).
  • "Mediometro": oso baxua delako.
  • "Paxa": emakume zaharra, aurpegia paxa antzekoa (Urretxu-Zumarraga).
  • "Peli": ilegorria delako (Urretxu-Zumarraga).
  • "Portze": portzelanazkoa dirudielako (Urretxu-Zumarraga).
  • "Txingu": txikia delako (txingurritik) (Urretxu-Zumarraga).
  • "Unicejo": bekainak bereziten ez zaizkiolako (Urretxu-Zumarraga).
  • "Buru-xuri": ilean metxoi zuri bat duelako (Goizueta).
  • "Kaskabeltxa": ilea beltz-beltza duelako (Goizueta).
  • "Jirafa": oso luzea da eta lepoa ere halaxe du (Goizueta).
  • "Onttoa": bera txikia izanik, txapela handi batekin ibiltzen delako (Goizueta).
  • "Gorritxo": bere azala kolore gorristakoa delako (Goizueta).
  • "Hanka motza": gerratean hanka moztu ziotelako (Goizueta).
  • "Pikotxas": sudur luzea eta kurbatsua duelako (Goizueta).
  • "Tipula": bere buruaren forma luzeagatik (Goizueta).
  • "Begi exkela": begietako bat itxia eta bertatik ikusten ez duelako (Goizueta).
  • "Patillas": patilla oso luzeak erabiltzen dituelako (Goizueta).
  • "Potto": altuera oso txikia duelako (Goizueta).
  • "Txotxa": oso argala eta luze-luzea delako (Goizueta).
  • "Zuriko": oso rubioa delako (Goizueta).
  • "Koxka": ezpainean akats, koxka edo ebaki bat edukitzeagatik (Segura).
  • "Leon Txiki": pertsona luzea zelako (Segura).
  • "Ixko": txikia eta zabala delako, eta bere gizontasuna nabarmentzen duelako (Azpeitia).
  • "Burusoiltxo". ile gutxi eta gaizki orraztua (Azpeitia).
  • "Krilim": ilea rapatuta eta buru borobila duelako, marrazkietako pertsonaiak bezala (Azpeitia).
  • "Txopinko": marrazki bizidunetako pertsonaiak bezala, arrautza formako burua duelako (Azpeitia).
  • "Olentzero": Olentzero itxura duelako (Gaztelu).
  • "Kikas": hortz okerrak dituelako (Gaztelu).
  • "Kizkur": ile motxa eta tentea duelako (Gaztelu).
  • "Borro": buru handia eta ile kizkur txuria duelako, ardiek bezala (Gaztelu).
  • "Txolo": "Potxolo"-tik eratorria, berari ez zitzaiolako "potxolo" gustatzen.
  • "Ziztor": gorputz mehe eta luzea, txistorra bezala (Bera).

Ondorioak

Jaiotzean emandako izenaren bidez edo gurasoengandik jasotako deituren bidez izendatzen ditugu eskuarki pertsonak. Baina, batzuetan, pertsona bati buruzko informazio berri eta berezia erantsi nahiz edo, goitizen bat asmatzen da pertsona horrentzat, eta goitizen hori erabiltzen da, izenaren alboan edo izena ordezkatuz, pertsonari dei egiteko.

Goitizen batzuk iragankorrak izaten dira, eta pertsonaren bizitzako aro batean bakarrik erabiltzen dira, hari dei egiteko; baina, beste batzuk iraunkorrak izaten dira, eta pertsonaren bizitza osoan iraun ezezik, ondorengoetara ere iragaten dira. Hori gertatzen da familiako goitizenen kasu askotan, eta zer esanik ez, herrien goitizenen kasuan.

Eraikuntza pertsonalen Kellyren teoriak dioen bezala, errealitatea sailkatzeko eta antolatzeko gizakiak darabiltzan eraikuntzek, errealitatea bera baino gehiago, gizakiaren hautemateko era deskribatzen dute. Hau da, errealitatea bera baino gehiago, gizakia ezagutarazten digute. Errealitatea sailkatzeko darabiltzagun kategorien antolamenduak geure gogamenaren antolamenduaren berri ematen digu.

Egia da, goitizenak ezartzerakoan, goitizena eramango duenaren berezitasun psikofisikoetan eta jokaeran oinarritzen dela goitizen asmatzailea, baina, errealitate zabal batetik datozkion sentipen ugariren artetik hautespen karikaturizatu bat egiten du. Goitizen karikaturatzaile horien multzoa hartzean dugunean, ordea, errealitatearen dimentsio nagusi batzuen berri ematen digu. Hona hemen, karikaturen bidez isladatzen diren errealitatearen dimentsio nagusi batzuk:

  1. Pertsonaren jatorria: nongoa da, nondik dator, non ditu bere sustraiak galderei erantzuten dien dimentsioa. Jaioterria, jaiotetxea, jaiotauzoa, jatorrizko herrialdea edo bizitokiari aipu egiten dioten goitizenak biltzen dira hemen. Garrantzi handia ematen zaio pertsonaren jatorriari edo jatorrizko inguruneari. Identifikazio indar handia du, beraz, herriak, baserriak, auzoak, inguruneak.
  2. Pertsonaren lana, funtzioa edo rola: ze lan egiten du edo egin du, ze funtzio betetzen du edo bete du galderei loturik doan dimentsioa. Homo faber dimentsioa da. Pertsonaren edo bere aurretikoen lanbidea, betetako edo betetzen dituen funtzio eta rolak, egindako edo egiten dituen kirolak eta dituen edo izan dituen trebetasun bereziak, goitizenak asmatzeko iturri oparoa izan dira.
  3. Pertsonaren izaera eta jokaera: pertsona nolakoa den, berarengandik zer itxaro dezakegun galderari erantzuten dion dimentsioa. Lantokian betetzen dituen eginkizunetatik at ere, hainbat jokaera agertzen ditu pertsonak; ohiko edo ez-ohiko jokaera horien bidez agertzen du pertsonak bere izaera. Horregatik, pertsonaren jokaerak, karakterea eta tenperamentua iturri agortezinak izan dira, goitizenak asmatzeko garaian.
  4. Pertsonaren hizkera: zenbat eta nola hitzegiten du galderei erantzuna ematen dien dimentsioa. Pertsonaren hitzegiteko modua, berbajarioa, hizkuntzaren menperakuntza, ahoskera eta hitzegiteko ozentasuna betidanik izan dira goitizenak asmatzeko aitzakia.
  5. Pertsonaren jazkera eta orrazkera: zerez estaltzen du bere biluztasuna, zerez mozorrotzen da, zerez adornatzen da galderei erantzuten dien dimentsioa. Jazkeraren, makilaiaren, bitxiteriaren eta tatuaiaren dimentsio estetikoa goitizen berezi hauen bidez isladatuko litzateke.
  6. Pertsonaren ibilera eta mugikera: pertsonaren fisiko estatikoari nortasun berezia ematen dion dimentsioa. Pertsonaren gorputz mintzaira. Gorputz mugimenduen oreka eta desoreka, armonia eta disarmonia, fintasuna eta baldartasuna adierazten dituzten goitizenak sartuko lirateke hemen.
  7. Pertsonaren funtzio eta disfuntzio fisiologikoak: elikaduraren barneratzeari eta hondakinen iraizketari loturiko dimentsioa. Jatearekin, edatearekin, mozkortzearekin, kaka eta txisa egitearekin edo puzkerra botatzearekin loturiko goitizenek isladatzen dute dimentsio hau.
  8. Pertsonaren gorputzaren forma eta tamaina: bere fisikoaren handitasun, luzetasun, lerdentasun eta edertasunari buruzko galderei erantzuna ematen dien dimentsioa. Gorputzaren edo gorputz atalen dimentsio, proportzio, desproportzio, forma eta deformazioak isladatzen dituzten goitizenak biltzen dira hemen.

Mikel Aranburu Oiarbide, Luis Mari Sainz de Murieta, EHUko irakasleak


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved