Euskal Herritik urrun
jaio zen Sandy Ott, Estatu Batuetan, eta bere
senar ohiarengatik izan zuen Euskal Herriaren
lehen berri. Euskaldunenganako arreta piztu
bezain laster, 1976an Iparraldera joatea erabaki
zuen, Santa-Grazira, ikerketa antropologikoa
egitera. Bertako kultura ezagutu ez ezik,
zuberera ikasteko gai ere izan da Sandy. Gaur
egun Oxford-eko unibertsitatean egiten du lan,
baina euskal kulturarekin interesatuta jarraitzen
du eta berandu barik hona etortzeko asmoa du. .-Noiz hasi zinen
antropologiako lanetan?
Oxford-en literaturan lizentziatura bukatzen ari
nintzela erakarri zuten nire arreta euskarak eta
euskaldunek. Irlandan ikerlanean aritu ostean,
Europan geratu nahi nuen filosofian doktorego
tesia osatzeko, baina ez nuen Italia, Grezia edo
Espainiara joan nahi bertan jada gizarte
antropologo ugari izan baita. Eskerrak eman behar
dizkiot nire senar ohiari, Peter Riviere-ri,
berak aipatu baitzizkidan euskaldunak. Bill
Douglass-en aparteko lana aztertu ondoren,
berarekin hitz egin nuen Reno-n era berean,
Julian Pitt-Rivers irakaslearekin hitz egin nuen,
garai hartan London School of Economics
delakoaren antropologia saileko burua zen
irakaslearekin alegia. Aspaldidanik Euskal
Herriaz interesatuta zegoen. Billek zera esan
zidan: ikerlanean aritzearren Iparraldera jotzeko;
eta horrela bertara joan nintzen 1976an. Bere
gomendioa aintzat hartuz, Eugene Goyheneche-rengana
jo nuen eta honek Santa-Grazi aipatu zidan bertan
euskarazko hiztun interesgarriak aurkituko
nituelakoan. Hara joan nintzen berarekin uda
partean Santa-Graziko pastorala ikusteko.
- Zerk
erakarri zintuen euskal antropologiatik?
Euskaldunak aztertzen hasi nintzen euren izaera
edo ospearen berri izan eta gero, ohitura
interesgarriak izateaz gain, hizkuntza zaila eta
bitxia hitz egiten zuen Europako herri
misteriotsutzat jotzen baitzuten.
-
Nolatan joan zinen Santa Engrazira?
Nire doktorego tesian eta bestelako
argitalpenetan euskal erkidegoa aztertzen saiatu
naiz, argitaratu diren beste ikerlanak ez
bezalako azterketa eskaintzen saiatu naiz. Bertan,
Santa-Graziko herriaren oinarriko antolaketa eta
gizarte erakundeak aztertzen nituen. 1976an
aldaketa sakonak jasan zituen herria aztertu nuen
baina 1980ko hamarkadan aldaketa handiagoak izan
behar zituen. Nire liburuak herria garai hartan
zen bezala islatzen du.
-Zuberoko
"zure familiarekin" zaudenean, zer
moduz moldatzen zara euskaraz?
Santa-Graziri buruz ditudan lehenengo
oroitzapenak edo inpresioak Eugen eta biok
uztaileko egun eguzkitsu hartan pastorala
ikustera joan ginenekoak dira. Pastorala zelai
berde batean antzeztu zuten, Ehujarreko sakan
atzealdean zutela. Primerako antzezlana.
Santagraztar gehienek esku hartu zuten. Gero
Txomin Peillen-ekin joan nintzen ondoko etxe
batetara, bertan geratzeko etxe baten bila
bainenbilen, eta harrituta geratu nintzen
jendearen harrera beroarekin eta laguntzeko zuten
jarrera prestua ikusita. Bazekiten nik Euska
plana ikasi nahi nuela, horrela esaten diote
euskarari, eta euren jarrera pozgarria iruditu
zitzaidan. Etxe hartan hiru egun eman nituen eta
ordu ezkeroztik harremanetan jarraitzen dugu.
-Nola
ikusten gaitu, zure moduko amerikar zientzialari
batek?
Santa-Grazira joaten naizenean zubereraz hitz
egiten dut. Akats pila bat egiten ditut, nire
gramatika ez baita oso ona, ezta gutxiago ere,
baina beti ondokoei nahi dudana ulertarazten diet
eta gehienetan elkarrizketaren aria jarraitzeko
ez daukat aparteko arazorik. Dena den, hiztegi
aldetik, hutsune handiak ditut, baina ziur nago
herrian bertan aste bete eman ezkero urte hauetan
galdutakoa berreskuratuko nukeela.
-Zer
azpimarratuko zenuke euskal izaerari buruz?
Nire ustez, euskaldunak dira ezagutu ditudan
gizaseme eskuzabalenak. Euskal Herriko hainbat
tokitan izan naiz, aldi ezberdinetan, eta toki
guztietan, salbuespenik gabe, harrera beroa egin
didate. Euskaldunak miresten ditut euren
harrotasun kulturala eta tinkotasunagatik, euren
ardura eta lanerako jarrera prestuagatik.
-Zeintzuk
dira oraintsuko zure egitasmoak?
Une honetan, berez ez daukat astirik ere
ikerlanean aritzeko, unibertsitatean
administrazio lanetan buru belarri lanean ari
bainaiz. Hala ere, Oxford-eko Unibertsitateak
baimena eman dit sei hilabete hartzeko, 2.000.
urteko urtarrilean hasita. Epe horretan 1980ko
hamarkadaren hasieran hasi nuen liburua amaitzeko
asmoa daukat, nazioarteko elkarte akademikoan
esku hartzearren eta idazteak eta irakurtzeak
eskaintzen duen gozamena sentitzearren.
-Ameriketara
itzultzeko asmorik, bai?
Sei hilabete horietan zehar, Oxford-en bertan
geratuko naiz, baina Euskadira ere joango naiz
eta baliteke Nevada-ko Unibertsitateko Basque
Studies Program sailera jotzea. Ez dakit
etorkizunak zer ekarriko digun, baina berriro ere
ikerlanean aritzeko aukera emango didalakoan nago.
-Oxford-eko
zure betebeharrera nola iritsi zinen?
Unibertsitatean administratzaile gisa lehen aldiz
Donostian bertan aritu nintzen, egun USAC izenez
ezagutzen den erakundearen zuzendari bezala. Gaur
egun dudan lanpostua 1989 eskuratu nuen Oxford-eko
Unibertsitateko Etengabeko Hezkuntza Saileko buru
bezala.
-Zer
da Basque Fellowship izatea, Oxford-en? Duela hiru urte Hillhead-eko Lord Jenkins-en
laguntzari esker Oxford-en Bisitari gisa aritzeko
Euskal Beka sortu genuen. Beka hori St. Anthony's
College-en eskaintzen da eta Euskadiko irakasleei
aukera aparte eskaintzen die Oxford-en ikasturte
osoa emateko ikerlanak burutu eta bertako
ikerlari eta irakasleekin harremanak estutzearren.
Gaur egun bekak oinarri sendoak ditu, baina
bisitariek egun duen egituraketari eutsiko
diotelakoan gaude Erresuma Batuko irakasleekin
dituzten harremanak indartuz eta Euskadi eta
Britainia artean ikerlanerako informazioa eta
ideiak trukatuz. Zera gustatuko litzaidake:
Euskadin bertan jardunaldi edo mintegi gehiago
antolatzea Oxford-en burututako ekitaldiei
jarraipena ematearren. Horrek guztiak bion arteko
lotura indartuko luke.
-Zer nolako
eskaintza egin dakioke zientziari Fellowship
horretatik? Estatu Batuetan ere irakasle bisitariei
aukerak eskaintzen dien egitarau ugari dago.
Irakasle bisitariei zuzendutako bekak izandako
arrakasta bekadunei esker gertatu da eta hori ez
da euren kalitatezko ikerlanetan oinarritzen,
aitzitik ingelesez duten erraztasuna, bizitza
akademikoan esku hartzeak, euren interesekin bat
datozen fakultatetan zein St. Anthony's Collegen,
eta EB-ko eta Euskadiko irakasleen arteko loturak
ezartzeko euren esfortzu pertsonalean ere
oinarritzen da.

SANDY OTT
(Corry Pennsylvania - USA)
|
- Ikasketak
- BA (hons.)
Pomona College, Claremont,
California
- Diploma
in Social Antropology, B.
Litt. Social Antropology,
D. Phil
Social Antropology,
Wolfson College,
University of Oxford
- Lan
kurrikuluma
- 1980-1981:
Temporary Lecturer in
Ethnology, University of
Oxford
- 1982-1985:
Temporary Lecturer in
Social Antropology,
Oxford Brookes University
- 1983-1986:
Director of the
University Studies Abroad
Consortium
(University of Nevada and
Euskal Herriko
Unibertsitatea), Donostia
- 1986-1989:
Director of the Ithaca
College London Centre, UK
- 1989
to present:
Departmental
Administrator, Continuing
Education, University of
Oxford
- Argitalpenak
- 1979:
Aristotle Among the
Basque: The Cheese
Analogy of Conception Man,
Vol. 14, 699-711
- 1980:
Blessed Bread, First
Neighbours and Asymmetric
Exchange in the Basque
Country. Archives
Europeennes de Sociologie,
Vol. XXI, 40-58.
- 1981:
The Circle of
Mountains. A Basque
Shepherding Community.
Oxford: Clarendon Press.
- 1989:
Mariage et remariage
dans une communaute
mortagnarde du Pays
Basque. In JG
Peristiany (de) Le prix
de l'alliance en
Mediterranee, 249-270
- 1992:
Indarra: Some
reflextions on a Basque
concept. In J Pitt-Rivers
(de) Honor and Grace in
Antropology. Cambrigde:
Cambridge University
Press, 193-214.
- 1993:
paperback, revised
edition of The Circle
of Mountains (Reno,
University of Nevada
Press)
- 1993:
French edition
- 1994:
Basque edition
|
Argazkiak: Maria
Agirre |