Txikitatik oso
maite dudan abestitxo baten berri eman nahi nuke, Zaldibiko plazan
kantuarena, hain zuzen ere. Anttoni Otaegi amoñarengandik jasoa dut.
Frantziska Antonia Otaegi Aroztegi, 1897an
Beizamako Orue baserrian jaio eta 1919an Julian Arzamendi Larrea
erremontelari ospetsuakin Donostiara ezkondu zen.
Haren gaztaroko Beizama inguruko kontu eta
komeriek adi-adi izaten gintuzten hiriburuko bilobok: pasadizo ilunak, mitologiari
buruzko esamesak, txikitako eskola nahiz baserriko xelebrekeriak...
Haien artean, zenbait aldiz entzun izan genion
abesti hau. Behin, hogei bat urteekin, 1978an edo, kantua grabatu nuen,
hitzak idatzi, musika paper lerrotuan jarri. Hona hemen kanta:
Zaldibiko plazan,
Zaldibiko plazan,
Amar atso dantzan.
Amarrak ez dute
Ardi bana poltsan.
Ai! Oi! Ai!
Ardi bana poltsan!
Ai! Oi! Ai!
Ardi bana poltsan!
Kantuz leun hasten bazen ere, interjekzioetan
etenak eginez eta biziki amaitzen zuen. Bi aldiz segidan kantatzen zuen,
eta amaitzeko azken silaba pittin bat luzeago uzten zuen.
Hitzak direla eta, esaldi bitxi bat agertzen
zaigu, bestela ederki uler dezakegun istoriotxoan: "Ardi bana
poltsan". Zaldibian (Santafetan akaso?) hamar agurez osatutako koadrila
omen zebilen, jaietan edo. Baina, ez zutela ardirik poltsan? Patrikan edo
sakelean? Nolatan sartuko zuten, bada, ardi bat poltsan, gainera hamarrek
ardi bana (agian gutxitxo ere irudituko zitzaion kantuaren sortzaileari...)?
Eta erne, hala dantzan aritzeko herriko plazan! Ez da zaldibitarrak izanda
ere!
Eskerrak arratsalde hartan animalia haietaz
galdetu nion!
Misterioa ez zen hainbesterakoa: aintzinako
herri hizkerak ez zuen amoñarentzako izkuturik: mende honetan (lehen
erdian batez ere) hain ezagunak izan diren txakur txiki eta txakur
handien antzerakoen aurrean ginen! Ardia txanpon bat zen!! Hala
zion. Izenaren zergatiaz galdetzerakoan, garai bateko halako txanpon bakarren
batek kate batetik zintzilik arditxo bat omen zuen: Urre Ardilarru
edo, gazteleraz Toisón de Oro deritzan ordenaren ikurrean
ageri zen ardi bera, hain zuzen ere. Bertako Maestre Nagusia (Gran Maestre,
alegia) Espainietako erregea da.
Honela bai, atso dantzari haiek ez zuten diru
gehiegirik jaietan xahutzeko!
Numismatikan zaletua naizen arren, ez nintzen izen hartako txanponaz sekula
entzuna. Arditeaz bai, Aro Modernoko erreferentziarekin, baina ez
ardiaz; gainera, amoñaren adierazpena nuen tiratzeko hari
bakarra, eta ez zen hasieratik baztertu behar. Anttoni XIX. mendearen amaiera
aldekoa izanda, abestia dezente zaharra zela antzematen nuen.
Espainiako txanponen bilduma-katalogoak aztertuz,
Urre Ardilarru sinboloa jantzi zuen azkena 1851koa izan zen, Isabel
II.aren garaikoa. Ikurra zeramatenak lehendik ere baziren, baina ez zegoen
zehazki jakiterik zeini deitzen zitzaion ardia. Gainera, subirano
bakoitzaren hainbat baliotako txanponek agertzen zuten bitxia: zilarrezko
lau errealekoetatik urrezko txanpontzarretara, baina kobrezkoak ez. Azken
honek kezkati ninduen.
Geroztik beste numismatikari batekin solasean
Nafarroa, Aragoi eta Gaztelako txanpona izandako arditea etorri zitzaigun.
Hemen ote zen gure "ardia"? XVI-XVIII. Mendeen diru baten baliokoa
bazen ere, gerora balore gutxieneko edo gutxienetako txanponen izen generikoa
zen, ochavo, obolo, cuarto, cuartillo, perra...
Gero Euskararen Orotariko hiztegian begiratu, eta hara! Kobrezko
txanpontxoa izango zen, eta ez zilar edo urrezko Urre Ardilarrua
zeramaten horietakoa. Honela, ez zitzaigun astakeri iruditu abestiko ardia.
Gipuzkoako herrialdean erabiltzen ziren ardit edo ardite gaztelera
ala nafarrera identifikatzea. Nolanahi ere, ez litzateke zaila bururatzea
abestiaren kontestoan bete-betean datorkigunaren interpretazio hat. Hurrengo
hitza "b" hizkiz hasten zaigula eta, ulergarria litzaiguke ahozko
transmisioan "t" azken hizki horrek sonoritatea galtzea, "ardian"
geldituz.
Kantura itzuliz, 84 urteko Inazio Garmendia
zaldibitarrak ere abesti hau daki, baina ez dut sekula argitu ahal izan
Zaldibiatik bertatik ikasia, ala Anttoniri berari entzunagatik kantatzen
ote duen, izan ere hau amaginarreba izan zuen.
Bi iturri hauetaz gain, ez dut ohiko euskal
kantutegietan inolako erreferentziarik aurkitu. Hala ere, oraintsu izan
ditudan gestio batzuk direla eta, kantu honen beste bertsio baten berri
jaso izan dut, Bruno Imazek armonizatutakoa. Beraz, kanta bezala jasoa dago.
Bertsio hau bitxia eta argigarria zaigu ari garen gaian: ardi edo
balizko arditen ordez txanpon baitio. Gure zalantza gehienak
argitu zaizkigu ...
Amaitzeko, kantatzeko derrigorrezko partitura ere eskainiko dut, gure amoñaren eran,
ustez galtzear genuen abestitxo hau ondorengoengana iritsi, eta ganbaran
neukan aletxoa folklorearen baratzean lora dadin.
Norbaitek beste iturriren batetik edo, kanta
honen berri izango balu, eskertuko genioke informazioa ematea.
Mikel Legorburu,
folklorezalea |