(Labayru elkartearen baimenarekin, hona
Piarres Xarritoni Beñat Oihartzabalek besteak beste 1998ko uztailaren
10ean Derioko ikastaroko omenaldian eskaini zion hitzaldia.)
Lehenbizikorik,
eskerrak bihurtu nahi nizkioke Labayru elkarteari, Iparraldeko euskal idazleen
eta kulturaren aldera beti erakutsi duen gogo onaren erakusgarri, egun,
hemen Bizkaian, gorazarre hau antolatu baitu, eta karia horretara P. Xarritonen
omenez zenbait hitzen errateko parada eskaini baitit. Gonbit hori egin zidanean
Adolfo Arejitak duela zenbait egun, erakutsi xedeaz goresmenak eman ondoan,
nekez egin baitzitekeen hautu hoberik, berehala ihardetsi nion segurki baietz,
plazerekin parte hartuko nuela omenaldi horretan, eta eskatu bezala zenbait
solas eginen ere, laburzki erakustera emanez nola ikusten nuen nik Piarres
Xarriton mende honetako Iparraldeko euskaltzale aipagarrienen artean.
Alabaina, Iparraldeko euskaltzaletasunaren
haria mendearen bi buruei lotzeko, eta molde horretan mende guziaren kurritzeko,
ba ote da hura baino egokiagorik ?
Hari esker berriz bereganatu du euskalaritzak
mende honen hastapeneko eukaltzale bat, mendeko goiti-beheiti nahasi eta
tarrapatatsuetan ahantzixea genuena, hots, Pierre Broussain, Xarritonek
Bordeleko unibertsitatean egin duen doktore tesian hain ongi ezagutarazi
diguna.
Halaber, hari esker eskuen artean ditugu,
Iparraldeko bi idazle, mende honetan beren sailetan guziz preziagarri eta
emankor izan direnen lanak : Jean Etxepare medikuaren kronikak alde batetik,
eta Piarres Larzabalen antzerki lanak eta bestelakoak, beste aldetik.
Ez dakit berak zer dioen ideia horretaz baina
iduri zait eni, Broussaini buruz sendi dukeela Xarritonek hurbiltasunik
handiena, ez bakarrik biak hazpandarrak direlakotz, baina oroz gainetik
zeinek bere gizaldian biek erakutsi dituztelakotz euskaldungoaren ikusteko
eta senditzeko ara bertsuak, erran nahi baitu,
- euskaldungo bat mintzairaren gainean finkatua,
- euskaldungo bat estatu mugen gainekoa,
denbora berean bat, eta, orain Harriet zaharrari jarraikiz batzuek erraten
duten bezala, anitza,
- euskaldungo bat, hats gorakoa segurki,
baina beti halere herritarrei lotua,
- azkenik euskaldungo bat gizatasunaren balioak
herritasuna ukatu gabe errespetatzen dituena.
Ez du alferretan seinalatzen Xarritonek Broussaini
buruzko bere estudioan nola lehen gerla handiaren akabantzan Frantziako
parlamentuak lege bat egin zuelarik Frantziako herri guzietan gerlan hil
soldadoen oroitzapenetan harri bat eraikia izan zedin, Hazparneko herriak
herriko oroit hil-harrian ez zituela beste herrietan bezala « Frantziaren
alde » edo « Frantziarentzat »
hil zirenak omendu, baizik ere « Zuzenbidearen eta justiziaren
alde » bizia eman zutenak. Broussain zen orduan oraino Hazparneko
auzapeza eta haren eskua ikusi du Xarritonek egiteko molde, garai hartako
doi bat bitxi horren gibelean. Uste dut euskaldun kontzientzia duen edonork
uler dezakeela zer erran-nahi izan zezakeen horrek Broussain batentzat.
Biek ohitzako eta mende berriko moldeen artean
beren buruak erdi eginak bezala ikusten, baina biek jakin ez dela denbora
gelditzerik eta euskaldunek irautekotz gizarte berriaren pleguei plegatu
behar direla gizartearen antolakuntzan. Ezen Broussain Hazparneko auzapez
gisa eta kontseilari jeneral gisa ari izan bazen herrigintzako lanetan,
Piarres Xarriton ere sail horretan ari izana da, jadanik hogei urtetan arras
garbiki ikusten baitzuen euskararen eta euskal herriaren geroa eta zortea
ororen buru gizarte auzia ere bazela. Aski da Alemanak Frantzian egon ziren
denboran Uztaritzen ateratzen zuten Aintzina aldizkarian Xabier Gasteiz
edo beste goitizen batzuk baliatuz Xarritonek ateratzen zituen artikuluen
irakurtzea horretaz jabetzeko : gizona ez baitu mintzoak bakarrik egiten,
baina gogoak, sinesmenak, bizibideak eta bizimoldeak, bai eta, oroz gainetik
beharbada, besteekilakoek ere.
Geroztik ere, ez dira tipiak izan, Iparraldean
engaiamendu, eta hegoaldean konpromezu, deitzen den horrengatik Xarritonek
izan dituen atsekabeak eta eneguak. Gogoan dut hemen nola 1965ean, Frantziako
agintariak oldartu zitzaizkielarik Hazparneko kolejioan lanean aritzen ziren
Hegoaldeko zenbait irakasle ihesliarri, haien artean Txillardegi zelarik,
Xarritonek ikastetxe hartako buru gisa, eta euskaldun gisa, haien alde agertu
eta auzitegian ere agerian mintzatu zen, ez baitzen eskandala tipia izan,
orduan bereziki, estatuko edo elizako agintarien aitzinean isil eta umil
egotera ohitua zegoen Iparralde hartan.
Gizartean eta berdin politikan engaiatua izanki,
Xarriton ez da halere baitezpada politika gizona, ez hitza bere erran nahi
arruntenean hartzen bada bederen, nahiz hautetsi ere izana den zenbait denbora,
duela ez aspaldi hura izan baitzuten Iparraldeko abertzaleek eta ekologistek
Baionako hiri kontseiluan edo udal batzarrean ordezkari.
Zenbaitek hiru jende mota bereizten dituzte
politikan dabiltzanen artean. Ahalaren arabera aritzen direnak lehenbizikorik,
horiek baitira egoera arruntetan, oraingoan gal, ondokoan irabaz, jokoan
kartak eskuetan aritzen direnak. Nahikeriaren edo nahikundearen arabera
aritzen direnak bigarrenekorik, ameslariak edo iraultzaileak, krisi eta
kraskatze egoeretan bereziki sartzen baitira hauek jokoan, haatik, karta
egile izanik orduan. Eta azkenik, kartarik hartu eta eman gabe, jokotik
kanpo kasik beti, zina ezinaren aztaparretarik kentzera bermatuz egin beharraren
edo eginbidearen arabera aritzen direnak : arrakasta tipia gisa horretako
politikariek, desorduan baitabiltza gutiz gehienetan, noiz norentzat, edo
aitzinegi edo gibelegi baitaude.
Piarres dudarik batere gabe sailkapen horretan
kokatu behar balitz hor eman behar genuke. Horrengatik erran nezake ondorio
handiago izan dutela hark politikatik kanpo egin gizarteko lanek eta sortu
erakundeek, politikan sartuz egin dituen edo egin zitzakeenek baino. Biga
bereziki aipa ditzakegu hemen : bata, Parisen deusetarik sortu zuen Eskual
Etxea deitu euskal gunea, oraindik ere Pariseko euskaldun guzientzat
biltoki eta aterbe dena ; bigarrena, gero Hazparnen sortu zuen langintzako
ikastegia, haren helburua baitzen barneko aldeko euskaldun laborari gazteentzat
eskolabide egokien eskaintzea gero herrian bizi ahal izateko.
Urrundu naiz doi bat euskalaritzako mundutik,
itzul nadin hartara. Errana dut jadanik Xarritoni zor diogula Broussain
berriz gureganatua izana, eta gisa horretan duela ehun urteko euskalaritzako
kontu asko berriz agerian eman izana, dela euskararen ortografiaren ingurukoak,
dela hiztegigintzakoak, dela euskalarien egiteko premiatsuenez izan ziren
orduko eztabaidak. Zinez ekarpen baliosa, esperantza baitut, bere ikerlan
hori baliaturik, Xarritonek eskainiko digula noizpait, euskaraz ordean,
orok preziatzen dugun bere euskara eder aberatsean, garai hartako mugimendu
euskaltzalearen historia.
Baina euskalaritza aipatzen baitut ez nagoke
bi hitz erran gabe Xarritonek alor horretan aitzindari izan zuen beste euskaltzale
batez : Piarres Lafittez. Xarritonek Uztaritzeko apezgaitegian irakasle
izan zuen Lafitte, eta haren gerizapean hazi zuen bere baitan euskararen
eta euskal herriaren alderako sentimendua. Sentimendu hori lehenagotik sortu
zitzaion Xarritoni, lehenbizikorik izeba Maienaren ondoan, honek haurrean
irakurtzen baitzion Laphitzen Bi saindu eskualdunen bizia eta irakurraldi
horietan piztu bide baitzitzaion Piarres tipiari euskararen alderako atxikimendua
; bigarrenekorik, Hazparneko kolejioan, irakurtzea eman baitzitzaion Martin
Landarretxeren liburuxka bat Aphurka deitua, eta mende hastapeneko
euskalaritzaren berri emaiten zuena.
Erran badut lehenago elkarren iduri bide zirela
Xarriton eta Broussain, ez nezake gauza bera erran, haatik, Lafittez eta
Xarritonez.
Traka denaz bezanbatean lehenik, Xarriton
enbor-adarrak sendo eta azkar dituen pagoa badugu, Lafitte, berriz, ez zen
segurki halakoa ; izaitekotz itsas bazterreko tamariz edo milazka, eri aire
beti, erdi-eihartua bezala ; beharrik, itxuraren hitsari kontra eginez,
haren begi erne pindartsuek arteka barneko indar eta bixitasun berezia salatzen
zuten.
Jitez ere, biga, Lafitte eta Xarriton. Ez
osoki desberdin bizkitartean, zein bere gisara kasko gogorren arrazakoak
izanik, ororen buru, biek beti beren kontzientziari obeditu nahi izan diote
beren bizitzetako harat-hunatetan, ondorio mingarriak ere bildu baitituzte
batzuetan, nola batak hala besteak, inguruko zenbaitenganik.
Lafittek, ildo berari jarraikirik ere bizi
guzian, beretako atxikitzen zituen ezinonetsiak zitzaizkionak, bere baitarik
ateratzera utzi gabe, non ez zen zeiharka eta irriño batek eztiturik
edo ozpindurik, ez zenekien zuzen noiz behinka hari edo honi
egiten zion ximiko baten bidez. Behar orduetan, gaixtoa ez izateko amarrukeria
ere baliatzen zitzaion Lafitteri. Ez maiz, egia erran, bereziki 1960tik
aitzina.
Xarritonekin, berriz, horrelako amarru eta
jokutria gutiago oraino. Hark ezin atxik beretzat, makur zaionik. Ez da
on barneko egoste horien isil-isila jasaiteko. Bultaka, zuzenean, bitartekorik
ez goxagarririk gabe, jakin arazten dizkio jakin beharrekoak aditu behar
dituenari, bai eta emaiten ere, gordinki ez, baina garbiki bai, bere barneko
berri.
Haren erasialdien lekuko izan garenek, eta
ez zalantzarik izan lekukotasun bera eman liezakezuela horretaz Xarritonekin
lankidegoan hainbestetan ari izana den Jean Haritschelhar Euskaltzainburuak
ere, badakigu horrelakoetan deus ezin egin daitekeela erauntsia ari deno,
eta atertu arte hoberena dela haren elezko burrusta horren arrazoinari egotea.
Ezen gutiz gehienetan probetxuzkoak izaten
dira hitz galerna horiek, probetxuzkoak Xarritonentzat berarentzat, guk
erraten dugun bezala, purgatzen baita orduan, eta ondotik berehala sosegatzen
eta eztitzen, baina hala-hala probetxuzkoak entzun behar dutenentzat ere,
ez baita sekula Xarriton tipikerientzat edo ego kontuengatik haserratzen,
eta samurtze gorrienetan ere ez baititu sekula jendeak mintzen edo kolpatzen,
ez eta haienganako errespetua galtzen. Gaixtotasuna ez du bere baitan borrokatu
edo goxatu beharrik Xarritonek. Arrazoin soil batengatik : jaidura hori
guziz arrotz duelakotz.
Broussainen eta Lafitteren artean Jean Etxepare
medikua dugu, bien adiskide izan zena, eta Xarritoni esker bereziki orain
hobeki ezagutzen ahal duguna, bost liburutan bildu baititu Eskualduna
kasetan hark eginikako kronikak. Hau idazle gisa izigarri estimatzen badu
Xarritonek, ez naiz segur gogoz harekin beti bat egiten duen, estetikoa
baita oroz lehen Etxeparek euskal mintzairaz eta euskaldunez duen ikuspegia,
eta ez baitut uste ikuspegi hori Xarritonek herrizaletasunaz eta, funtsean,
gizatasunaz ere duen irudiarekin arras ongi ezkontzen den.
Alderdi horretarik, eta kasik beste muturrera
joanez, gogaide hurbilago zukeen Xarritonek Piarres Larzabal, nahiz nekez
erran zitekeen gogo nortasun berekoak genituela bi adiskideak.
Xarritonek gora eta urrun behatzen beti ;
inguru hurbileko, haitzarte eta sasien artean, aldiz, kontrabandista semeak,
norakoaz galderik egin gabe eta, aroa gaixtoenean izanik ere, duda gutirekin.
Besteen baitan ororen dena eta nork berea
duena berdin ezaguturik, kultura aniztasuna errespetatzen duen gizatasun
unibertsal baten bila ibilki hazpandarra ; herriaren hatsa herritarren ezpainetan
eta gogo-bihotzetan biziarazi nahi azkaindarrak.
Biek halere euskaltzalearen eginbideaz ikusmolde
berak ; biak euskaltzain izanik, nork duda, Xarritonek osoki bere gain har
dezakeela J.L. Davanten sartzearen egunean Larzabalek Euskaltzaindiaren
eginbideak aipatzen egin zuen ateraldi hura : Gure euskaltzaindia ez
dadiela sekulan bila hor barnean girenen ohorategi bat, baina beti izan
dadila lantegi bat euskal populuaren zerbitzari !
Bururatzeko aipatuko dudan Xarritonen alderdia,
uste dut den euskaltzaleen artean gutienik ezagutzen duguna : filosofiazalearena,
alegia. Ene aburuz, funtsetara joan eta, hori da Piarresek bereenik daukakeen
jakintza edo gogoetagaia, horretan menturaz Piarres Lafitte irakaslearen
urruneko hatza kausi dezakegularik. Xarritonen zaletasun horren erakusgarri,
hor ditugu alde batetik, azken urteetan eskaini dizkigun Vitoria, Tomas
Morus eta Spinozaren latinezko lan zenbaiten itzulpen miresgarri, merezi
bezala goraipatuak.
Hor dugu, halaber, teologo eta filosofo gisa
Tolosako unibertsitatean egin duen doktore tesia, azterkatzeko kulturak
gizatasunaren ikuspegietan duen, edo ez duen, tokia. Haren tituluak ez du
mamia gordetzen : Les droits des peuples à leur identité
; Lévolution dune question dans lhistoire du christianisme.
Zorigaitzez, Québec-en baizik ez dute haren gogoetek argitaratzailerik
aurkitu eta gutiegi zabaldu da haren lana, ez bakarrik Frantziako eta gure
eskualdeko elizako kargudunen artean, baina bestalde euskal herrizaleen
artean ere, hain segur, euskaldunek filosofia gaien aldera orohar erakusten
ohi dugun hoztasun edo, banago ni, beldurragatik. Nonbait, gauzei errotik
behatzeak euskaldunak lotsatzen gaituelako seinale.
Piarres adiskidea, duela mende erdia abantzu,
Parisen apez gazte laguntzaile zinelarik Saint Pierre de Chaillot parropian,
igandeetan meza eman ondoan, elizaren gibeleko karrika iragan eta euskaldun
hazpandar baten etxera heldu zinen goizeko askariaren hartzera. Hiru mutiko
tzar baziren han, gazteena, ttipiegi baitzen orduan, zure bisita haietaz
oroitzapenik atxikitzeko. Denbora iragan da hartaz geroztik, eta zu bezala
hura ere biziaren itzulikek ekarri dute euskalaritzako larre horietara.
Ez dakizu zer atsegina hartzen duen egun hemen, Derion, Bizkaiko euskaltzale
adiskide horiekin guziekin bat eginik, Aña zure emaztearen, eta Naiara
zuen alabaren aitzinean, Hazparne-Bidekurutxeko urruneko aldaska hark zure
omenaldi honetan esku harturik. Bihotz-bihotzez zorionak Piarres ! Beñat Oihartzabal,
ikerlea |