Hazparneko herriak hartuko du, maiatzaren 15ean, .omenduaren
izaerarekin bat eginez samurra izan nahi duen bilkura, Manuel Lekuona Sariaren
aurtengo emate ekitaldia. Kultura arloko bere ezinbesteko lana da bereziki
goretsi nahi den aldea, bihotz harbera eta zabaleko idazle honen beste hainbat
giza-ekarpen goraipatzeko modukoak badira ere. Piarres Xarrittonena da 1983tik
saria jaso dutenen zerrendan sartuko den izen berria. Lehen mailako gizon-emakume
talde hori aberastera datorrena.
-Zeremonia handiak gogokoak ez badituzu ere, laster jasoko duzu Eusko
Ikaskuntzak urtero ematen duen Manuel Lekuona Saria. Zernolako esanahia
du zuretzat?
Manuel Lekuona sariak gogoratu dit lehenik Lekuona bera eta haren anaia
Martin 1936an fusilatua, bai eta sari horren karietara aipatuak izan diren
adiskide zendu batzuek, hala nola Aita Riezu, Eugene Goyhenetche edo Karlos
Santamaria. Ohore handia da niretzat horien sailean aipatua izaitea.
- Iazko maiatzean ere izan zinen omendua.
Beste zazpi idazlerekin batera ohorezko bazkide izendatu zintuen EIZIE-k,
itzulpengintza profesionala euskarara iritsi aurretik egindako ekarpen eskerga
gogoratu nahian, garai itzaltsuetan ekin baitzenioten lanari. Ilunaldi hura
gaindituta, oskarbi ala hodeitsu dugu zeruertzea?
Itzultzaileen sailean sartu nauela EIZIE-k egia da. Ez dut ukatuko besteen
lanak biltzen eta argitaratzen edo batzuetan horiek euskararatzen gehiago
bermatu naizela berriak asmatzen baino, baina sormena ez zaie orori emana
eta bestalde lehentasunak badira eta ene iduriko sortu edo birsortu berri
den gurea bezalako kultura batek behar ditu lehenik beste kulturen ekaiekin
bere zimenduak finkatu.
- Duela egun batzuk burutu zen Saran
Euskal Idazleen Biltzarra. Ba al dakite Frantzian euskal literatura badagoenik?
Ni nago frantses batzuek ba ote dakiten euskal herririk badenetz ere.
-Europarren
Euskal Herria Atxagaren "Obabakoak"-en bidez aurkitu dutela esan
du batenbatek. Hala uste al duzu?
Baliteke. Nihonek ezagutzen dut euskaldun bat bere sorterria "aurkitu"
duena "Mourir à Madrid" F. Rossifen filmea ikusi duelarik.
-Zein da zure ustez kulturaren garapenean
Iparraldean garrantzi gehien izan duen pertsonaia?
Menturaz "Gure Irratia" ren sortzailea.
-Mugazgaindiko harremanak etengabe jorratzen
dituzten bi erakundetako kide zara, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiakoa
hain zuzen. Ez dira ugari horrelako iharduera egunero eragiten duten taldeak.
Hain handia al da oraindik Iparraldea eta Hegoaldea urruntzen duen tartea?
Bai handia da oraindik iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen tartea.
1659.eko tratatu deitoragarriaz geroz, zenbat aldiz eta zenbat gisaz ez
gaituzte elkarretarik urrundu Paris eta Madrileko agintariek edo haien hemengo
eskumakilak.
Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortu zirenetik mugaz gaindiko bi erakunde
horien buruorde Piarres Broussain, Hazparneko auzapez eta kontseilari orokorrak
erran zuen Donostian 1920 "Bidasoako ura ugari izan arren ez dauka
gure odolak bezinbat indar". Orduz geroztik egin dute lan ederrik bi
erakundeek, askatasuna eta laguntza doia eman izan zaien urteetan.
Baina bada oraindik zer egin bai kultura sailean bai ekonomian, ez erraiteko
orobat herrigintzan.
-Esanik duzu ez duzula zure burua poeta
ikusten. Bai, aldiz, "ehiztari edo arrantzari". Zeren atzetik
zabiltza?
Erran omen dut ez naizela poeta, arrantzari edo ehiztari bat besterik ez.
Badaiteke. Gogoratzen zait ordea, Zulaika antropologaren arabera, badutela
zer ikusirik bi ofizio horiek "erotikarekin". Eta poesiak beraz!
-Zure ingurua aski ongi ezagutzen duzula
dakigun arren, XVIII. edo XIX. mendeko idazle zaharretara joz gaurko mundutik
ihes egiten duzula aitortu izan duzu. Zerk eramaten zaitu ihesaldi horretara?
Zerk eramaten nauen XX. gizalditik aintzineko mendeetara? Menturaz XX. mende
honetan ere herriarentzat asmatu eta amestu xedeak nihonek ezin bete izanak.
Ene ametsari uko egin aitzin ikertu nahi izan dut zer aldaketak gertatu
diren gurearen iduriko XVI. mendetik XVII.era; hortik asmatu nahiz zer berri
ekar diezaioken ikusiko ez dudan XXI. mendeak gure herriari.
-Berrogeita hamar urte pasatxo igaro
dira zure lehen bi liburuak plazaratu zenituenetik. Iraganari begirada bat
emanez, zure iritziz, nork finkatu zuen Uztaritzeko Seminariora abiatu zen
laborari seme harren idazteko zaletasuna?
Ene idazteko zaletasuna ene irakurtzeko zaletasunean finkatzen dela iduritzen
zait. Eta ene irakurtzaletasuna ene etxekoei zor diet: gure ama Gaxuxari
eta izeba Marianari bereziki.
-Pariseko Euskal Etxearen sortzaile
izan zinen. Gaur asmatzekotan, zer sortu zitekeen? Zer aldatu da bertan
urte guzti hauen ondoren? Pariseko etxea sortu zelarik,
Parisera zoazen euskaldun mutil eta neska gaztek zuten eraiki etxe hori
duela 50 urte. Anitz gauza aldatu dira geroztik. Ez da gaur gazte anitzik
Parisera bizi beharrez joaten. Han direnak ere bospasei ordu barne etxera
daitezke; baina iduritzen zait Pariseko euskaletxeak baduela oraino zeregin.
Izan zen aspaldi lehen ere Parisen Nafarroako kolegio aipatua; Geroztik
euskal etxea sortu zelarik euskal artista batzuk etorri zaizkidan, Oteiza
buru zutela, Nafarroako diputazio autonomoa interesatua izan zitekela Nafartar
ikasleentzat aterpe bat aurkitzeko. Zergatik ez asma gaurregun horrelako
zerbait Euskal Herri osoko eta gure diasporako ikasleentzat.
-Maiatzaren 15ean, nor aurkitu nahiko
zenuke zure jaioterrian? Lehenik jakina hor izanen ez diren,
ene etxeko buraso, haurride, adiskide eta lagun zenduak, horien eskertzeko
eta barkamendu eskatzeko ere, bereziki Manuel Lekuonari berari, Baionako
erakustokian elkarrekin izan genuen eztabaida gogor batengatik, euskara
batua zela etabar elizak gai horretan bere bide berezia herritik aparte
hartu behar zuen ala ez jakiteko.
PIARRES XARRITTON
(Hazparne, 1934) |
*Bibliografia*
- Eskualdunak.(Eskual
Herria, 1943; Xabier Gasteiz ezizenaz).
- Petite Histoire Religieuse du Pays Basque. (1946)
- Le droit des peuples à leur identité. (ed.
Fides, Montréal, 1979)
- Pierre Broussain(Editions du CNSR, 1985)
- Resurrección María de Azkue eta Pierre Broussain-en
elkarridazketa.(Euskaltzaindia, 1986)
- Les idées philosophiques et religieuses de Pierre
Lafitte.(Bulletin du Musée Basque, nº 113-114)
- Fonds Lacombe: Les lettres du docteur Jean Etchepare.( J.
Casenaverekin batera), (Bulletin du Musée Basque, nº 98-108-109-110-111-140-141-142-143-144)
- J.M. Moulier "Oxobi".
(Eusko Jaurlaritza 1990)
- Piarres Broussain, eusko ikaskuntza'ren lehendakari ordea.(RIEV,
1990, 35-1)
- Xabier Diharce "Iratzeder". (Eusko Ikaskuntza, 1994)
- Jean Etchepare Mirikuaren Idazlanak.(1877-1935,
Elkar, 4 tomo)
- Piarres Larzabalen Idazlanak.(Elkar, 7 tomo)
- Hiztegia. (Xabier
Kintanarekin batera, 1997)
|
|