Komunikazio
Fakultateetako gelak ikasleez gainezka daude, bai Euskal Herrian, baita
Espainiako estatuan ere. Komunikazioaren sektoreak azken urteotan izan duen
hazkunde ekonomikoa harrigarria izan bada ere beren irabaziak hirukoiztu
egin batituzte 1992-1997 urtealdian, mezubideetako plantillak ez dira
apenas gehitu. Zer egingo dute gure ikasleek?, nondik nora joko dute? langabezira
joanen dira beste hainbat eta hainbat lizentziadun bezala?
Panorama ilun horren aurrean, artikulu honetan espezializazioaren fenomenoak
kazetagintzan gaur egun eskaintzen duen errealitate sendoa erakusten da.
Gogoetarako datuok.
Gaur egun, Espainiako estatuan 22 komunikazio fakultate daude, eta berorietan
20.000tik gora ikasle ditugu matrikulaturik (Daniel E. Jones, 1999:22-26).
Bestalde, eta Fape hau da Espainiako Prentsa Elkargoen Federazioa
erakundeak emandako datuen arabera, 1997ko urtearen amaieran, gizarte-komunikazioaren
sektorean 14.183 kazetari zeuden (kazetak, ikusentzunezko medioak eta prentsa-agentziak
sartuta). Kopuru horri, beste 3.900 kazetari gehitu behar zitzaion; hots,
komunikazio enpresarialean eta instituzionalean (Komunikazio Kabinete edo
Prentsa Bulegoetan) ziharduten profesionalak. Beraz, une honetan Espainiako
estatuan 18.000 tik gora kazetari daudela esan daiteke.
Zifrok, komunikazioaren sektoreak azken urteotan izan duen garapenarekin
alderatu behar dira. Adibidez, 1992-1997 urtealdian, sektore honek izan
zituen irabaziak ikaragarri hasi ziren (%342,38, Fapek egindako ikerketa
baten arabera). Bizkitartean, eta aipatu urtealdia aintzat hartuta, idatz-geletako
enplegua %0,71 hasi zen. Beraz, errealitate horiek alderatuta atera daitekeen
lehendabiziko ondorioa ez da batere baikorra: gaur egun lanean diharduten
kazetariak langabezira joango balira (guztiz ezinezkoa, bestalde), Kazetaritzako
ikasle guztiek ez lukete lanik izango.
Horrezaz gain, enpleguaren kalitatea, Espainiako estatuan, benetan kezkagarria
da: ehun kazetarietatik, 60 lan-baldintza normalizatuetan dauden bitartean,
gainerako 40ak ekonomia murgilduan edo prekarietate hutsean daude. Euskal
Autonomia Erkidegoan ditugun datuak ez dira hobeagoak, hemen ere lan-baldintza
kaskarrak baititugu nonahi. Horren adierazle, datu hau: kazetari guztien
%38,8k duen lan-egoera egongaitza da.
Testuinguru honetan beharrezkoa da oso gogoeta serio egitea: zertarako
ari gara hainbeste milaka eta milaka ikasle prestatzen?, zeintzuk dira une
honetan komunikazioaren munduan gorabidean doazen sektoreak?, zein da etorkizuneko
profesionalaren lan-profila?
Azken urteotan komunikazioaren merkatuak izan duen bilkaera ikusita,
datozen urteotan Kazetaritzako ikasleek, lan egiteko orduan, aukera gehiago
izango dituzte ondorengo hiru esparruotan: Kazetaritza espezializatuan,
Kazetaritza elektronikoan, eta Komunikazio Kabineteen munduan. Ondorengo
lerrotan gatozen espezializazioaren fenomenoaren inguruko xehetasun batzuk
eskaintzera.
Espezializazioa, alternatiba gisa.
Espainiako estatuan egunkarien salmentak kontrolatzen dituen erakundeak
OJDk emandako datuen arabera, kazeten hedapenak zertxobait behera
egin du azken urteotan (1996 eta 1997an). Jaitsiera hori %0,4ko izan da.
Prentsa espezializatuan, berriz, ez da jaitsierarik egon; alderantziz, igoera
%5koa izan da. Prentsa espezializatuan barruan kirol prentsa eta prentsa
ekonomikoa dugu. Lehenengoak azken hamarkada honetan izan duen hazkundea
ikaragarria izan da, neurri handi batean futbolak izan duen gorakadari esker.
Dena den, aipatu bi urte horietan kirolezko kazetek izan duten igoera %3,3ko
izan da. Gure gustukoa izan ala ez, kirolezko prentsa masa-prentsa bilakatu
da, gaur egun 3,5 milioi pertsonak irakurtzen dituzte egunkari horiek egunero
(Marca egunkaria dugu salduena, egunero 458.441 kopia kaleratzen
baititu). Azpimarragarriagoa da oraindik prentsa ekonomikoak izan duen garapena,
aipatu urtealdi horretan (1997-1997) %23,6ko igoera izan baitu. Hazkunde
horretan zerikusi handia izan du, ezbairik gabe, ekonomia igarotzen ari
den susperraldiak.
Beraz, argiro azaltzen da aspalditik berresten ari zen joera: informazio
orokorreko egunkariek beherako joera hartzen duten bitartean, prentsa espezializatuak
gora egiten du.
Egunkari espezializatuez gain, aldizkari espezializatuen merkatuak berak
ere nabarmen gora egin du. Une honetan 1.179 aldizkari espezializatu daude
Espainiako estatuan, AIPET (Kazetari Espezializatu eta Teknikoen Elkarte
Iberoamerikarra) erakundeak emandako datuei erreparatuta (Mompin, 1999).
Jakina, argitalpen horien artean denetarik dago: etxeapaiketari buruzko
aldizkarietatik hasita web orrien diseinuari buruzko argitalpenetaraino.
Nagusi dira aldizkari txikiak, hau da, 10.000 aleetatik behera saltzen dituztenak.
Guztira 3.200 kazetarik egiten dute lan bertan. Kazetari espezializaturen
profila honakoa da: gaztea (%80 25 urtetik 40 urtera bitartean kokatzen
baita) eta teknologia berriekin ongi moldatzen dena (%80k ordenadorea erabiltzen
du normalean).
Herritarron irakurketa-azturak ere aldatzen ari dira. Esanguratsua oso
da Bernardo Diaz Nosty irakasleak bere azken txostenean (1998:149) aipatzen
duen joera: aldizkarien artean hilekariek gora egin dute, bestelako maiztasuna
duten aldizkariek behera egin duten bitartean. Hilean behin plazaratzen
diren argitalpenek faktore asko dituzte bere alde: irakurtzeko aldia eta
kioskoetan egoteko denbora ere luzatu egiten dira, besteak beste, eta horrek
jakina gehiago errazten du oraindik beren kontsumoa.
Aipatu irakasleak dioenez (1998:33) "gaur egun merkatuan dagoen
eskaintza espezializatuak sektore sozio-ekonomiko eta kultural oso desberdinetara
iristea ahalbidetzen du. Espezializazioak, gainera, afinitate kulturala
eta tematikoa bilatzen du hartzaileengan (bereizgarritasuna, espezializazio-iturri
legez)". Eta noski, bereizgarritasun-ukitu horrek, askotan, herritarren
konplizitatea lortzen du kioskoan ere.
Ondorio nagusia.
Beraz, datu hauek guztiak kontuan hartuta, atera daitekeen ondorio nagusia
hauxe izango litzateke:
Espaniako estatuan Kazetaritzako datu orokorrak kezkagarriak izan arren
(plantillak, ikasle kopurua, enpleguaren kalitatea
) Kazetaritza espezializatuak
eskaintzen duen etorkizuna itsaropentsua da, urterik urte gorabidean doan
sektorea dela berresten ari baita.
Bibliografía
DIAZ NOSTY, Bernardo, Informe anual de la Comunicación 1997,
1998. Estado y tendencia de los medios en España, Zeta taldea,
Madril, 1998.
FAPE, Periódico de las Asociaciones de la Prensa, "El
empleo periodístico mantiene el encefalograma plano, mientras crece
la precariedad", in FAPE, 34. zenbakia (18 eta 19 orr.), 1999.
JONES, Daniel E. "Investigación sobre comunicación
en España. Evolución y perspectivas", in Zer, komunikazio
ikasketarako aldizkaria, 5. zenbakian, EHU-UPV, Bilbo, 1999.
MOMPIN Josep, "Los periodistas especializados y técnicos
en España", in VI CIPET (Congreso Iberoamericano de Periodistas
Especializados y Técnicos), Bartzelona, 1999.
Txema Ramirez de la Piscina,
EHUko irakaslea |