Gure gizartean iadanik leku bat duten herri
aldizkarien zabalkundeari buruz ikuspegi bat eman nahi genuke artikulu honen
bidez.
Gaur eguneko euskarazko aldizkarien garapena inoiz izan den zabalena
da eta beroien artean herri aldizkariek izan dute hazkunderik handiena.
Euskal herriko herrialde guztietan dago aldizkariren bat. Nahiz herrialde
guztietan ez izan indar berdina, errealitate zabaldua dela esan genezake.
Kopuru aldetik, gutxienez 45 euskaraz idatzitako herri edo eskualde aldizkari
badira. Irakurle aldetik harrera ona dute orokorrean eta horren ondorioz,
herri aldizkarien fenomenoa asko hitzeginarazten duenetako gertakari bat
da.
Aldizkari hauek Din A4 neurrikoak dira ia denak. Gehienek hogeitazortzi
eta berrogei arteko orri kopurua izaten dute, herriko jaietako edo beste
egun berezietako aleak izan ezik. Herriko jaietako aleak bereziak izaten
dira: bai kolore aldetik, bai publizitate aldetik eta baita orri kopuru
aldetik ere, urtean bi-hiru aldiz baino gehiagotan ez gertatu arren aldaketa
hori.
Aldizkari batzuen antzinatasuna
Antzinatasun aldetik Baionan argitaratzen den Herria da zaharrena. Azkenengo
gerra ostean berehala hasi zen, 1945ean hain zuzen. Beraz, 54 urte daramatza
argitaratzen. Euskaraz idatzitako aldizkari batentzako ez ahal da marka?
Gure ustez txapela kendu eta zoriontzekoa da bere ahalegina.
Beste aldizkari batzuk geroago hasi ziren argitaratzen eta asko dira desagertu
ere egin direnak. Azpimarragarrienen artean Tolosako Anaitasuna 1950ean
sortua eta 1975ean desagertua, Bilboko Anaitasuna 1953an sortua eta 1983an
desagertua, Othoizlari 1954an sortua eta 1986an desagertua, Zeutzat 1956an
sortua eta 1965ean desagertua eta Goiz Argi 1958ean sortua eta 1986an desagertua.
Aldizkari guzti hauetan, Markina eskualderako argitaratzen zen Zeutzat aldizkaria
zen bere burua herri aldizkaritzat zuena, eta edukiak aztertuta, hala zela
esan daitekeena.
Baina garai hartan sortutako danak ez dira desagertu, Karmel 1951n sortuak,
Zeruko Argia 1954an sortua eta gerora Argia izena hartu duenak eta Jakin
1956an sortuak, gorabehera ugari izan arren bizirik diraute. Herri edo eskualde
aldizkari gehienak bost urtez honuntza sortuak dira, bakarren batzuek hamar
urteak gainditu badituzte ere.
Herri aldizkarien tirada eta herrialdekako banaketa
Herri aldizkarien tiradetan alde handiak daude: batzuk 7.000 aleko tirada
badute, beste batzuk 1.000 ale ingurukoa dute. Tirada hauek badituzte mugak
eta muga garrantzizkoenak bi dira. Lehenengo muga aldizkariak hartzen duen
eskualdeko biztanlegoa da, baina eremu horrek beti ez du mugatzen tiradaren
kopurua. Askotan finantziatu ezinak mugatzen du aldizkariaren tirada, baita
bere maiztasuna eta orri kopurua ere. Galde bestela topea zerk jarri dien
hirietako aldizkarien kudeatzaileei. Finantziazio arazoa, aldizkari askorentzat
oso larria gertatzen da.
Astekariek banatzen duten tirada 38.100 alekoa da. Hauetatik %76a Gipuzkoan
zabaltzen dira eta bat bera ere ez Nafarroan eta Araban. Hamabostekariek
banatzen duten tirada 26.900 alekoa da eta hauetatik ere, Gipuzkoan zabaltzen
da %68a. Hilabetekarien kasuan, banatzen den tirada 61.000koa izanik, Gipuzkoan
%50a eta Bizkaian %34a zabaltzen dira. Hilabete baino gehiagoko tartearekin,
bakanago alegia, argitaratzen diren aldizkariak ere hamar bat badira. Hauek
ez ditugu haintzakotzat hartu aipatutako kopuruetan.
Herrialdeen arteko aldeak
Herri edo eskualde aldizkarien banaketan alde handiak agertzen zaizkigu
herrialde batetik bestera. Zabalkunde handiena Gipuzkoan dutela garbi nabaritzen
da: bertan eginak eta zabalduak dira zortzitik sei astekari, zazpitik bost
hamabostekari eta hilabetekari edo bakanagokoetan hirutik bat inguru.
Zabalkundea begiratzen denean ikus daitekenez, Gipuzkoa dago ondoen hornitua
eta Bizkaiaren atzerakada nabaritzen da, batez ere euskaldunen kopurua Gipuzkoan
baino zerbait handiagoa dela kontuan izanez gero. Beste herrialdeetan eskasia
gogorra dagoela esango genuke. Eta batez ere azpimarratu behar da hiriburuetako
egoeran agertzen den eskasia, biltzen duten euskaldun kopuru handia kontuan
izanik.
Lehen esan dugun bezela herrialde batetik bestera alde nabariak daude. Batez
ere Bizkaiko eskasia azpimarratuko genuke. Gipuzkoan 100 euskalduneko 8,65
astekari, 5,42 hamabostekari eta 8,74 hilabetekari zabaltzen dira. Bizkaian
ordea, 1,46 astekari zabaltzen dira, 0,67 hamabostekari eta 5,85 hilabetekari.
Araba Bizkaian antzera dago eta Nafarroan Bizkaian baino gehiago zabaltzen
dira, euskal hiztun bakoitzeko.
Herrialde batetik besterako aldeak ikusirik, batek pentsa dezake gizarte
zibilaren ahultasunaren neurria izan daitekeela. Gure ustez, batez ere politikarien
jokabidearen ondorioa da. Bizkaiko Foru Aldundiak Herri Aldizkarientzako
ez du apenas diru laguntzarik luzatzen. Ez behinik behin Gipuzkoako Foru
Aldundiak edo Nafarroako Gobernuak euskal hiztun bakoitzeko aurrikusten
duten kopuruekin alderatzeko proportziotan. Aldizkarien ezinak argi salatzen
du bidegabekeria.
Euskarazko beste aldizkariei buruzko aipamena
Euskarazko aldizkarien mundua ez da Herri Aldizkariekin bukatzen. Badira
hainbat Aldizkari eta Berripaper euskaraz idatziak, euskararen eremu zabalean
banatzen direnak eta kontuan hartu beharrekoak.
Aldizkari hauen artean azpimarratu nahi genituzke Argia astekaria 10.000
aleko tiradarekin, Aizu hamabostekaria 2.000 ale inguruko zabalkundearekin,
Ikastola hilabetekaria 43.500 ale familiz-famili zabaltzen dituena, Administrazioa
Euskaraz hilabetekaria 10.000 aleko zabalkundearekin, Elhuyar, Jakin, Zer
eta abar, gutxienez 40 aldizkari diferente osatu arte.
Eragin aldetik pisu tikiagoa izan arren, hainbat erakundek euren
intereseko albisteekin ateratzen dituzten Berripaperak ere, zortzibat, aipatzekoak
dira. Piskanaka-piskanaka euren lekua hartzen ari baitira.
Gaztelaniazko prentsarekin alderaketa
Gaztelaniaz idatzitako prentsa irakurleak Hego Euskal Herriko audientzia
potentzialaren %53,9ko esparrua hartzen du. Irrati entzuleak %55,2 eta telebista
ikusleak %83,4. Orokorrean audientzia kopuru aldetik telebista ikusleek
dute parterik garrantzitsuena. Herrialde batetik bestera ez dago nabarmentzea
merezi duen besteko alderik. Telebista ikuslea da gorantzaka egiten ari
dena eta irrati entzulea berriz, orokorrean, beherantzako joera duena, nafartarren
artean batez ere.
Azaldu dugun eguneroko prentsaren audientziaren datuak kontuan izanik, esan
daiteke hedabideek nolabait gizartearen giltzarria ere badirela. Beste era
batera esanda, nahiko zaila dela edonorentzat hedabideen eraginetik kanpo
bizitzea.
Baina ikus dezagun euskaraz idatzitako prentsarekin alderaketa. Hego Euskal
Herrian ehun sendiren artean gaztelaniaz idatzitako 54 egunkari, 113 astekari
eta 29 hilabetekari hartzen dituzte. Euskaraz zabaltzen den prentsa, aldiz,
juxtu-juxtu ez bada ere, oker handi gabe, honela da: ehun sendiko 1,3 egunkari,
8,5 astekari eta 6,1 hilabetekari. Zabalkunde hau ez da berdina eskualde
guztietan ez eta ere herrialde guztietan. Ez da orekatua. Baina orokorrean
euskaraz idatzitako prentsaren zabalkundea
gaztelaniaz idatzitakoaren zabalkundarekin Hego Euskal Herriko eremua alderatuz
gero, ia larrugorritan dagoela ikusten da. Arduragarria da benetan.
Gaztelaniazko kopuruetara iristeko, euskarazko prentsaren zabalkundea biderkatu
egin beharko litzake: egunerokoetan 41 aldiz, astekari eta hamabostekarietan
13,3 aldiz eta hilabetekarietan 5 aldiz. Honetaz ari garenez, kontuan hartzeko
gauza da gaztelaniazkoen balizko irakurleak, euskarazkoenak baino 2,7 bider
gehiago direla Hego Euskal Herrian. Baina hau kontutan hartuta ere, zabalkundean
koska handia dago gaztelaniaz idatzitakoen alde.
Sustapen indarrak
Euskaraz idatzitako Herri Aldizkarien hazkundea Euskara Elkarteen eskutik
etorri da gehienbat. Euskalerriko gizarte zibilak izan du ekimena, beste
arlo askotan bezela, euskarazko komunikabideen ezarpenean: prentsa idatzia
dela, irratia dela edo telebista dela. Baina euskarazko prentsa idatziaren
garapena litzateke azpimarragarriena. Batez ere euskararen normalizaziorako
eginkizuneko arloan ikusentzuneko esparrua EITBk betetzen du, baina prentsa
idatziaren esparrua betetzeke
uzten du eta hutsune hori betetzen duelako. Zeregin honetan EITBren osagarri
suertatzen dela esango genuke.
Euskarazko prentsa idatziko parte diren herri aldizkariek, gaur egungo egoeran
ezingo dute indarrik hartu eta aldizkarigileek alkarrengana hurbiltzea behartuak
daude euren proiektua bideragarria egingo duen erakundea egituratzeko.
Joxemari Muxika, Euskonews&Media
aldizkariaren erredakzio batzordekidea |