Badira hamar urte Arrasate Press sortu zela
edo Ttipi-ttapak bere doaneko hamabostekari izateko asmoari heldu ziola.
Dagoeneko euskarazko herri prentsan arrakasta izan duen eredua ere identifikatuta
dago: astekari-hamabostekaria, dohain, autoedizioz landutakoa, diru-laguntza
publiko eta publizitateari esker finantziatzen dena, etxeetako buzoira banatutakoa,
edukietan ia inori min egiten ez diona eta euskara batuan
idatzitakoa. Jakina, orokorrean hartutako ezaugarri perfila da hau eta noski,
herri edo eskualde bakoitzak egokitu egin du eredu- tipo hau bere inguruaren
izakera propiotara.
Ospea eta entzutearen ostean hedapena etorri zen. Asmakizun berri baten
ohiartzuna izan zuten haserako aldizkariek eta gripearen birusa baino azkarrago
zabaldu zen euskarazaleen artean berri ona. Makina bat proiektu desberdin
hasi dira urrengo urteetan, baita ahulenak agortu ere osasuntsuenaren teoriari
jarraituz, eta egun bolada baretu egin da olatu guztiekin gertatzen den
moduan.
Datu nagusiak, ordea, ezagunak dira euskal aldizkarigintza
lokalean: 50-en bat aldizkari, 400.000 bat irakurle.
Beste bat gehituko dut nik hemen: 100 bat langile soldatapean. Eta aldizkarien
egileak eurak direnez, euskal prentsa lokalean lanean gogor dihardutenei
begira gelditu nahi nuke gaur.
Lan-kontestua ezagutzen ez duenarentzat behar beharrezko ohar bat: euskal
prentsa lokalean bi langile mota nabarmen dago, soldatapean diharduen tituluduna
eta borondatez, herrigintzan edo ametsak betez lanean diharduena. Honek,
jakina, ez du esan nahi soldatapean dauden guztiak tituludunak direnik (normalean
hala den arren) eta ezta borondatez dabiltzanak titulurik ez dutenik (euki
ez daukatena diru-ordaina da).
Aldizkariaren maiztasuna zenbat eta bakanagoa (hiruhilabetekari,
bihilabetekari ...) orduan eta borondatezko lan gehiago eta soldatapeko
gutxiago. Halere, astekarietan ere produkzioaren lan haundiena ordaindutako
talde batek bere gain daukan arren, beti da dohainik bere denbora eta lana
ematen duenik.
Borondatez egindako lana lagungarri da nire ustez, beharrezkoa eta eskerronez
mimatu beharrekoa. Zalantzarik ez honetan. Baina erantzunkizuna langileek
hartu behar dute euren gain. Beste edozein jardueratan bezalatsu, asteroko-hamabosteroko-hileroko
aldizkaria etxeetara txukun helarazteko lanak profesionalen esku egon behar
du. Borondatez diharduten den-denak elkarrekin zirkora trapezistak ikustera
joan edo karibeko eguzkitara tekila
edan eta dantza egitera txangoa eginda ere, hemen gelditzen direnek irakurleen
etxeetan utzi behar dute tajuz aldizkaria puntual. Hori da xedea, bolondresen
bizi-aldaketen mende ez egotea alegia.
Baina helburu hau betetzeko duintasuna behar du euskal herri
aldizkarigintzan lanean dabilenak bere kontratu kondizioetan.
Egia da garai batean esperentzia askorik gabeko lizentziatu berrien lehenengo
lanleku izan zela herri aldizkarigintza; egia da baitere gazteak zirela
orain hamar urte langileok; egia da lan-talde txikiak direla eta espezializazioa
ez dela oso erraza; egia da zenbaitzuk igerileku haundiagotara jauzi egiteko
erabili duten tranpoliña izan dela zenbaitetan eskualde aldizkarigintza
... Bai, baina egia guzti hauek errealitate aldakorra baino ez dira noski.
Esperientzia ez zeukatenek makina bat karakter idatzi, orrialde
maketatu edo iragarki saldu dituzte honez gero; hamar urte eta gero guztiok
zahartu gara neurri berean, baretu eta lotu sarri; komunikabide haundietara
bene-benetan balio duenak beti egingo du alde suertea eta egarria lagun
baditu; baina lan-talde txikiak izaten jarraituko dute aldizkari lokalek
luzaro.
Errealitate honen inguruan, bada, hausnarketa pare bat. Lan-talde
txikiak izanik liderraren izaerak izugarri markatzen du aldizkariaren edukia,
itxura eta norabidea. Lagunarte, espedizio edo parrokietan ere gauza bera
gertatzen da. Erne beraz aldizkari horretako zuzendaria aukeratzerakoan,
irakurgaia bera neurri haundi batetan arduradunaren izaeraren isla izango
baita (kirol asko, diseinu hauskorra, euskalgintza nagusi, ideologi markatua,
gutarrak/besteak eskema, euskalkia ...).
Beste datu bat, soldatapean lan egiten duten 100en bat
langileetatik erdiak pasatxo egun-erdiko edo ordukako soldatarekin dira,
euren artean hainbat kontratu idatzirik gabe. Produktua profesionalen eskuetan
utzi nahi badugu, erantzunkizuna eta eszelentzia eskatuko badiegu, lan-egoerak
ere duina behar du izan, derrigor. Lana bait da, ez militantzia.
Eta bukatzeko beste gogoeta bat, kazetari-diseinugile-gerente- publizista,
guztiek dituzte seguru egundoko intuizio eta ideiak (nire amak dio, kuadrillan
esan didate, neskalagunak aipatu zidan ...) baina sarri irakurleei eurei
galdetzea komeni da, beharrezko da aldizkaria norentzat egiten dugun kontutan
hartzea eta behar
bezala ikertzea, badira horretarako bide zientifikoak.
Izan ere aldizkaria bera ona, erakargarria eta irakurgarria nahi
badugu onenen eskuetan utzi beharra bait dago. Gutxi baina onenak.
Asier Aranguren, kazetaria, EHUn
irakasle. |