Iparraldeko komunikabideetan euskarak tokia
badu aspaldian prentsa idatzian. 90.eko hamarkadan aldaketa bat nabaritzen
da: Hego Euskal Herriko prentsaren garapena eta irakurlegoaren hazkundea
Iparraldean, Euskal Telebistaren ofizializatzea eta denetan ikuskari izatea,
euskal irratien gero eta indartze handiagoa.
* Euskara prentsa idatzian
- Astekariak "Escualduna" astekaria XIX. mende bukaeran Baionan
jaio zen. Egun "Herria" izenarekin dabil, 1944.eko bukaera
geroztik, Lafitte apaizak buruzagitza hartu geroztik. Herriak astero 3000
ale banatzen ditu.
Astekarien artean Enbata eta Ekaitza astekari politiko abertzaleek
euskarari toki egiten diote, elebitasuna erabiliz.
La Semaine du Pays Basque astekaria 6. urtean sartua da. Noizbehinka
artikulu bat edo beste euskaraz ematen du.
- Hilabetekariak Amikutzu, aldizkari berria 99.eko otsailean jaioa da. Benafarroan
iparraldeko berriak, Amikuzekoak (Donapaleuko kantonamendukoak eta Iholdikokoak)
ematen ditu, Hego Euskal Herriko "herri aldizkarien" tankeran.
Ttipi Ttapa, Bortzirietako herri aldizkaria, Saran sartu ondoren,
98.ean Senpere aldera hedatu zen Lapurdin.
ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatak "Laborari"
aldizkari elebiduna plazaratzen du. Honek nekazarien mundua hunkitzen du.
Zuberoan "Le Miroir de la Soule" astekaria plazaratzen
da. Euskarazko kronika txiki bat agertzen da.
Donapaleun "Le Journal de Saint Palais" astekaria mende
honetan zabaltzen da. Euskara noizbehinka piska bat erabiltzen du.
Udal opozisioetako hainbat taldeek ere aldizkari elebidunak plazaratzen
dituzte, hala nola Baionan (Kutzu) edo Donibane Lohizunen(Kitzik).
Aldizkari hauk hargatik noizbehinkariak dira tokiko giroari eta gertakariei
egokituta.
- Hegoaldeko prentsa Iparraldean
Urte hontan uste da 4.000 Hego Euskal Herriko biztanle Lapurdin bizi direla,
jatorriz gipuzkoarrak. Honek irakurlego berri bat ematen dio Hego Euskal
Herriko prentsari Hendaiatik Baionaraino. Diario Vasco, Egunkaria,
Deia eta Gara irakurtzen dira gero eta gehiago. Bestalde,
1990.a geroztik Egunkariak erredakzio bat Baionan jarria du. Garak otsail
honetan gauza beran egiten du. Iparraldeko albisteen tratamendu handiagoa
emanez, bi hauek irakurlego berezia finkatzen ari dute.
Argia astekaria aspaldian ezagutua da, bereziki 80.eko hamarkada
geroztik indar berezia egiten baitu Iparraldeari buruz. Irakurle finkoa
dauka, sendotzen ari dena.
* Euskara irratian
- Euskal Irratiak
1981eko abenduan "Gure Irratia" hasi zen, osoki euskaraz.
1982an, Garazin "Irulegiko Irratia" eta Maulen "Xiberoko
Botza" hasi ziren, frantsesa doi bat erabiliz. Iparralde euskal
irratiek entzumen handia dute, beren kalitatea gero eta handiagoa. Elkarlana
bideratzen ari dute informazio eta kultur sailetan.
- Radio France Pays Basque
Aipatzen bada ere "frekuentzia euskaldun bat" zerbitzu publikoa
obratzen duen irratiarentzat, oraindik toki gutxi ematen dio euskarari.
Arratsaldeko ordu batetik goiti, 45 minutuko magazine bat, albiste eta magazine
batzuekin egiten da astean bost egunez. Goizean, agendaren zati bat eta
informatiboen tituluak euskaraz ematen dituzte.
- Hegoaldeko Irratiak
Hego Euskal Herriko irratiek entzulego gero ta handiagoa dute. Euskadi
Irratiak eta Euskadi Gazteak emisorek entzule jarraikia daukate,
bai musikaren kalitate aldetik bai informatiboengatik, oro har beren profesionalisma
onarengatik.
* Telebista
- Euskal Telebista Euskarak telebistako entzumenean garapen handia egiten ari du 1998az
geroztik, Euskal Telebistak errepikagailuak Iparraldeko toki guztietan jarri
baititu. Frantziako erakunde publikoen (CSA) baimenarekin eta Udalen Sindikataren
laguntzarekin egina da.
Azpimarratzekoa da Jaurlaritzaren laguntzarik gabe ez zela egiten ahalko.
TDF, Frantziako Telebistaren erakunde publikoak ere ematen du mantenimentua,
udalen eta Jaurlaritzaren laguntzarekin.
"Iparraldeko ordua" albistegia, egunero bietan zabaltzen du ETBk,
eta hurbiltasuneko aktualitatea jarraitzen baitute, ikuslegoa indartzen
ari dute.
- France 3 Telebista
Baionan, France 3 telebista gateak tokiko talde bat jarria da Baiona Angelu
Biarritzeko "distrikaren" laguntzarekin. Hiru minutuko euskarazko
emankizun soila baizik eginez, euskal kultur munduaren ase eza nabaritzen
da, etsipena eta haserrea piztuz.
- Aldudarrak
Aldudarrak elkarteak, Alduden (Nafarroa Beherean) garatu ideiak bide egiten
ari du. "Tokiko telebista" proiektua garatzen ari dute,
albistegi-magazine hilabetekari grabatu bat momentukoz aurkeztuz. Iparralde
guzira hedatzeko gogoa du. Beren ekoizpenek euskarari toki nagusia ematen
diote.
Luzien Etxezaharreta,
kazetaria |