Laia, lurra iraultzeko garai batean erabiltzen
zen lanabesa da. Museoetan ikusita ezagutzen dugu hogeitabatgarren mende
atariko kalekumeok, askoren ustez laiaren garaian geratu behar zuen hizkuntza
lanabes dugunok, barne. Laia eta euskara parez pare jartzen dituztenen alde
esan beharra daukat, badutela antza biek, lanabes diren neurrian, ez beste
ezertan. Laia aspaldian desagertu zen, lurra iraultzeko tresna erosoagoak
sortu ziren neurrian, eta euskara, aldiz, laiaren ondotik Interneten bide
zidorretaraino heldu da, garaiari egokitu nahian. Horixe baita lanabes batek
bizirauteko bide bakarra: garaian garaikora egokitzea.
Kuriosoa da, eta esanguratsua seguruenik -sikiatraren batek aztertuko
balu segituan aterako luke ondorio jakingarriren bat- Euskonewsen Euskadi
Irratiari buruz hitz bi egiteko laiaz hizketan hasi beharra. Sikiatrari
lana errazteko esango dut, hogeitalau orduz euskaraz ari den komunikabide
batean lan egiteak beti eramaten gaituela euskaraz, euskara lanabesaz, hizketa
egitera, komunikabidearen ezaugarrietako bat, ezaugarri nagusiena oraindik,
bera delako. Ezaugarri nagusi den hori bera, askotan oztopo eta muga nagusi
izateak bihur gaitzake sikiatraren bezerogai. Eta ez naiz, euskaraz lanean
aritu beharrak egunerokotasunean sor ditzakeen arazo txiki eta gaindiezinak
diruditen horiei buruz ari, Euskadi Irratiaz edozein hausnarketa egiteko
orduan euskarari buruzko hausnarketa egin beharraz baizik. Eskizofreniko
bihurtzeko modukoa izaten da batzutan egoera: hogeitalau orduz euskaraz
ari den komunikabide izatetik, hogeitalau orduz ari den komunikabide izatera
pasatzeko irrika sortzen du horrek. Eta ez, bere ezaugarri nagusia baztertzeko
daukagulako. Baina bai, bereizten gaituena lanabesa delako, eta ez helburua:
lurra iraultzea, edo pixka bat gaurkotuz, komunikatzea.
Hemen idazten aritzeak desoreka beretsua sortzen dit: aldizkari elektronikoak
izango dira akaso datorren mendeko aldizkariak. Aldizkari elektronikoa eta
Euskadi Irratia, bidea besterik ez dira. Komunikatzea dute ezinbesteko iraungo
badute, eta komunikazioaren legeak ez dira laiaren garaitik aldatu: komunikatzeko
nork komunikatua, zer komunikatua eta nori komunikatua izatea dira derrigorrezko.
Hiruretakoren batek hutsegin ezkero, alferrik dira komunika-biderik modernoena
edota lanabesik gaurkotuena. Lanabesa baztertuta gera ez dadin garrantzitsua
da berritzea, gaurkotzea, ahalik eta erosoena izatea, baina lantzeko lursailik
ez duenak beti izango du laia sobran, bai lehen eta bai orain.
Esango nuke hor dagoela Euskadi Irratiaren etorkizunaren gakoa: ze lur
sailetan ari garen ondo aztertu eta ze eratara irauli nahi dugun ikertzean.
Lanabesa aurrez erabakita dago. Gure esku dago lanabes horren erabilpen
egokia egitea eta datorren mendean jendeak, irauli dugun lurrari erabili
dugun lanabesari baino garrantzia gehiago ematea.
Horrek esan nahiko baitu, azkenean, lortu dugula komunikatzea.
Arantza Iturbe, Euskadi Irratiko esataria |