Nafarroako Bidasoako
Beran, Alzateko auzoan, 1899-III-1ean sortu zen, tenore hartan aita, Fermin
Irigaray Goizueta, euskal letretan "Larreko" izengoitiz ezagutua
(Auritz 1869- Iruñea 1949), bertako sendakina baitzen. Ama ere auriztarra
zen, Felisa Irigaray Apat (Auritz 1869-Iruñea 1956).
Laster familia Baztango Iruritara pasa zen, aita bertako sendakina nonbratzearekin.
Lehenbiziko eskolak Iruritako eskolategian ematen ditu; 1909-1915 urteetan,
aldiz, Lekarozko ikastetxean batxilleratoa ikasten du. Aitak etxean sortu
giroa-haurrideen artean ere zabalduerazi zuena- eta Lekarotzko ikastetxean
zegoen garrantzizko talde ttipi baten itzala (A.Celestino Caparrosokoa "Arrigarai",
A. Eusebio Etxalarkoa, eta beste; aitarekin harremana eta adiskidetza zutenak)
haren euskal kontzientziaren hazi eta zutabe izanen dira.
1915 ean, aitak Iruñeako Hospital de Navarra eritegian, garai hartan
Sto.Domingo karrikan zegoen, ebakuntza postua irabazten du eta familia Iruñera
doa. Haurtzaroa eta mutilzaroa, beraz, Iruritan eman zituen; horrengatik
bere burua, gehien bat, baztandartzat zeukan. Tenore hartan, Lekarotzko
ikasketak bukatzearekin, 1915 eko udazkenean, Zaragozara abiatzen da Sendakintza
ikastera. Bertan, 1915-16 eta 1916-17 ikastaroak eginen ditu. Hurrengo lauak,
1917tik 1921era, aldiz, Bartzelonan. Han beste euskal ikasleren giroan trabatuko
da (C.Arnat, L.Apraiz, Ezquieta, J Garate, T Irigoyen, etab.). Denboraldi
hartan euskal literaturaren ezaguera sendotzen hasiko da. Lapurtar klasikoen
irakurtzeak hatz sakona utziko dio betiko, bere literatur ixuriak eta aldekotasunak
finkatuz; eta zaletasun hau bera lagunen artean ere zabaltzen saiatu zen.
Laketu zen Bartzelonan eta beti oroituko da han emandako urteetaz.
Doktor mailako ikasketak, praktika lanekin egin beharrekoak, Bilboko Basurto
Ospitalean egin zituen: 1922ko Maiatzatik 1923ko Urria arte.
Hango lagun giroan Aldasoro, F. Belaustegigoitia, J.Garate -berriz-, T.Hernandorena,
Lasterra -Mañerukoa, antze-ederreko kritikalaria zena-, M.Usandizaga,
J.Viar, besteak beste, adiskideen izan zituen. Denbora labur batez, Arratiako
Diman egon bide zen ordezko sendakin lana egiten. Bizkaian, sendakintza
ikasketaz landa, iraunkor izanen ziren adiskidantzetan trabatuko da, bai
eta bertako euskararenganako zaletasun eta maitegoan ere.
Ondoren, zenbait espezializazioko ikasketak egiten jardun zen Parisen 1924ko
udaberrian, eta gero, baita Alemanian ere.
Iruñera itzultzearekin Udaletxeko Casa de Socorro delakoan sartzen
da.
Euskal kulturaren munduan, bestalde, gero eta gehio sartzen zihoan. Iruñeko
"Euskeraren Adiskideak" elkartekoa zen. Bertan Iruñeko
euskararen aldeko jendeak zebiltzan; hala nola, J.Agerre, B.Arbea, D.Beunza,
J.M Huarte, A.Darnaso Intzakoa, J.Larreche, L.Oliver, P.Roch, M. Paz Ziganda,
E.Zubiri "Manezaundi" eta beste. Denboraldi batez, 1933an batzordekoa
izan eta aita, Larreko, lehendakaria izan zen Eusko Ikaskuntzan.1924ean
bazkide egin eta, zenbait urtez, "Euskararen Adiskideak" elkartearen
ordezakri gisa haren batzordean zen. Haren eginkizunetan parte hartzen du.
Kulturaren eragile haundi eta ospetsuenak ere ezagutzen ditu. (R.M.Azkue,
A.Campion, G.Lacombe, G.Mugica, J.Urquijo, eta abar); horietako batzurekin
adiskidantza ere sortuko da. Etxean, bestalde, E. Zubiri "Manezaundi",
J.Elizalde "Zerbitzari", Enbeitiatar Kepa eta halakoekin adiskidantza
haundia zegoen.
Aldizkarietan idazten hasten da; "R.I.E.V".."Gure herria",
"Yakintza" eta beste; Iruñeako "La voz de Navarra"
egunkari abertzalean ere noizbehinka ere idazten du. Zenbaitetan "Irular"
izengoitia erabiltzen du (Irurita ondoko muno baten izena). Lehenbiziko
idazlana 1926koa da. 1927an J.Urquijo eta G. Lacomberekin batera, Den Haag
hirian ospatzera zihoan filologiari buruzko biltzarrea. Eusko Ikaskuntzak
komisionatua izan zen. Hizkuntzaren geografiari buruzko lehenbiziko iker-lanak
egiten hasten da herriz herri ibiliz eta datoak jasotzen, berriak altxatzen.
Bide horietan denetan, bidenabar, liburu interesgarri frango jaso ahal izan
zuen; urteekin euskal literaturaren liburutegi baliosoa osatuko du. 1929an
Euskaltzaindiko ugazlea nonbratua izan zen.
1933an, Eusko Ikaskuntzaren batzorde iraunkorrekoa egin zen, eta 1934-XII-21ean,
1935-1939 eperako, Lizardiren hutsaren betetzeko, elkarte bereko ordezko
idazkaria zen. Trabatu xamarra zegoen elkarte hartan, bai eta hango elkartekide
eta laguntzaileekin ere. (J. Miguel barandiara, G. Bähr, L. Eleizalde,
J.Elorza, O. Eta A. Apraiz, etab.)
Artean, 1936-39ko gerlarekin, denboraldi latzak hasiko dira. Iruñeko
giro hits eta hertsian zalantza eta arriskua, besteak beste, euskal alorrean
bermatu guztientzat gertatzen da.
Gerla ondoko urte zail haietan, hala ere, euskal kulturaren bideak loratzen
hasiko dira: haiei lotua egonen da bera hatapenetik. Etxean ere euskara
eta kultur maila mantendu ahal izan zituen. 1914ean R.M Azkuek Euskaltzaindiaren
berpiztea erdietsi zuen Bizkaiko Diputazioneko kultur sailaren itzalean;
karia horretarat Nafarroaren izenean Eladio Esparza eta biak-ez zailtasun
gabe bere kasuan zuen kondairagatik- euskaltzain osoak nonbratuak izan ziren.
1941eko apirila eta maiatza zen. Ondoren, Euskaltzaindiaren eginkizunetan
parte hartuko du (literatur eta bertsolari txapelgoak, biltzarretan, mintzaldietan,
etab.). Idazten ere berriz hasten da: Euskera, RSVAP elkartearen Boletina
eta halako aldizkarietan Schuchardt-en itzulpena egiten du. Hots, berriz
ere euskararen alorrean, beste gisa batera, beste egoera batean -gerlak
utzitako hatzak ere sakonak ziren eta-buru belarri sartua.
Jose Angel Irigaray, Bilboko Kafe
Antzokiko zuzendaria eta Aingeru Irigarayren semea. |