Bai Euskarari kanpainaren
itzalean sortu zen Korrika. 1980ko jaialdi erraldoiak indarberritutako gogo
euskaltzale- nazioeraikitzaile haren kumea da. Euskaltzaindiak antolatutako
ekitaldiak sona handia lortu zuen, jendetsua izateaz gainera, laguntza ekonomikorik
ere eskuratu baitzen euskalgintzaren mesedean. Bai euskarari hura kasik
mitifikatu ere egin zela esan liteke. Garai hartan AEK-k ere dirua eta gizartearen
bultzada lortzeko moduko zera asmatu beharra zuen azkar baino lehen. Larria
zen egoera. Bere gordinean esanda, AEK-ko herrialderik sendoenak, Bizkaikoak,
bost milioi pezetako zuloa zuen jada eta instituzioek koordinakundearekiko
zuten harremana ere trakesten hasia zen.
Egun, belaunaldi baten ostean, gauzak errepikatu egiten direla dirudi;
zikloak jada buelta osoa emana duela ematen du. Oraintsu, Kontseiluak deituta
eta bigarren Bai Euskarari kanpainaren baitako ekitaldi gisa, Euskal Herriko
bost estadio jendez gainezka egiten ikusi ditugu. Eta oihartzuna oraindik
isildu ez delarik -euskararen alde lanordu bat eskatzen da- Korrikaren edizio
berri baten atarian gara. Estadioetan bildutako 100.000 lagunek egin dezaketen
indarraren kontraposizioa, AEKri dagokionez bederen, Espainiako
Justiziak jarri nahi izan zuen Pinotxeten aferari heldu baino zertxobait
lehenago.
Ziklo hau, ordea, ez da zirkuitu itxia izan. Xabier Amurizak lehen aldiz
Euskal Herriko txapela jantzi eta "Bat korrika, bi korrika, mila korrikari,
zazpi euskal herrietan. Denok bai euskarari" kantatu zuenez geroztik
hamar Korrika joan dira. Zakur zaharra da, beraz, helduko den hamaikagarren
hau. Bide luzea urratu du eta gauza asko ikasi ditu ibilian. Jakin badaki,
lehen edizioak hala erakutsita, negu gorriko elurtea ez duela lagun aproposena
bere lasterketaldian, eta arriskuak alde batera uztearren, korrikarako data
zehatza finkatzerakoan egokiagoak zaizkiola martxoa edo urria bezalako hilabeteak.
Badakigu, bestalde, puntualitatea zein gauza ederra den. Herriz herriko
joanean ezinbestekoa dela hitzartutakoa betetzea. Umorea, giro ona,
korrikarako kemena eta baita pazientzia ere zapuzten direla berandu iritsita
edo behar baino lehen helduta, Korrika 3n ikusi zenez. Korrikak ongi aski
ikasia du erne eta zorrotz jokatzen, gainontzean ezusteko akatsak larrutik
pagatzen direla. Lehen edizioko gertakizun tamalgarri hura gogora ekarrita,
lekukoak zeraman mezua galdu izanagatik, Rikardo Arregiren hitzak irakurri
ez eta bestelako esloganak oihukatu izanagatik, Korrikak Euskaltzaindiaren
babesa galdu zuen eta EAJk hurrengo Korrikari laguntzarik ez ematea
erabaki zuen.
Baina muturtze hura ez zen istriputxo harengatik bakarrik areagotu. Gure
gizartearen inguruan jira-biran dabiltzan arazoen ispilu izan da Korrika
eta ikuspegi hori kontuan hartuta bakarrik uler daitezke gertatutako nahaspilak
eta gorabeherak. Azken finean, Korrikari ezinbestekoa zaio herri osoaren
partehartzea; koloreari begiratu gabe, pertsona, erakunde eta
indar bizien batura beharrezkoa du. Aurreko edizioei azaleko begiratu bat
emanda, Korrikak gure herriaren gaisoaldi guztiei jarri die termometroa.
Aurreraxeago esan bezala, belaunaldibeteko zikloa ez da zirkuitu itxia izan.
Zorionez, bada hamaikagarren edizio honetan errepikatuko ez denik. Eta konparaziorako
abiapuntu eta helmuga bera izan zuten edizioak hartzen baditugu, alegia Iruñea-Donostia ibilbidea egin duten Korrikekin alderatzen
badugu, martxoaren 19an abiatuko den honek ez du Nafarroako gobernadore
zibilaren debekurik jasoko, Korrika 2n gertatu zen antzean. Eta azken aldi
honetan lortutako kontsentsuari esker, alderdi abertzale eta euskaltzaleak
ere ez dira diputazio eta udaletxeetan dirua biltzearen aurka agertuko,
Korrika 6n EAJk, EAk eta EEk egin zuten moduan.
Ez da askorik behar, beraz, hogei urteotan gizarteak gainditu dituen
oztopoak handiak izan direla konturatzeko (abantailaren bat aitortu beharko
zaio atzera begiratzeari). Bestalde, ez da xamurra jabetzea beste horrenbeste
traba gelditzen dela oraindik gure herria euskalduntzearen aldeko kontsentsua
eta indarra lor daitezen; eginahala kilotan neurtuko balitz, tonaka beharko
dugula datozen Korrikak eta dena delakoak aitzinatzeko. Azken finean, zer
da, bada, belaunaldi bakar bat hizkuntzaren berreskurapenaren prozesuan?
Zertan izango ote gara hogei urte barru?
Garbiñe Ubeda, kazetaria.
"Euskal Herria 10 korrika" liburuaren koordinatzailea. |