1992ko Gabon Egunean BARRENek estrainakoz
argia ikusi zuenean, ez genuen asko pentsatzen handik sei urtera Arrasaten
KALITATEAri buruzko azalpenak ematen jardungo genuenik. Baina antolatzaileek
hala eskatu digutenez, gustura azalduko dugu zertan ari garen.
Izan ere, kalitatea zaintzearen beharra orain dela gutxi sumatutako ipuina
da. Hasierako ardura bakarra BARREN ostiralero banatzea zen, barixakuero
elgoibartarren etxeko buzoietan lekutxo bat izatea. Ez zen desafio makala,
sekula Elgoibarren izan ez den bezalakoa. Baina beste herri batzuetan ere
ari ziren eta sekula ez dugu pentsatu beste batzuk baino gutxiago garenik.
Eta horrela, ilusioak, konfidantzak, ondo egindako lanak eta herritarren
berotasunak posible egin zuten hasieran ezinezkoa zirudiena.
Eta egia aitortu behar badugu, ez zen hain lan zaila izan. Jende askok
barre egiten bazigun ere, astea joan eta astea etorri eta erraz samar moldatzen
ginela ikusi genuen. Eta astero kalera irteteko arazorik ez genuela ikusi
genuenean, BARREN DENON GUSTUKOA egitea izan zen hurrengo erronka. Zorioneko
herri honetan edozein proiektuk aurrera egingo badu lortu beharreko neutraltasuna
eta pluraltasuna ziren buruko min berriak. BARRENek ezin zuen inolako etiketarik
izan, markarik gabekoa izan behar zuen. Gure marka bakarra euskara zen,
baina honen aurrean inor gutxik altxatu zuen ahotsik.
Lau urte pasatxo bete genituenean, BARRENek bidean aurrera egiteko behar
den onarpen soziala bazuela konturatu ginen. Jendeak estimatzen zuela, ez
ziola errezeloz begiratzen eta gustura zabaltzen ziola bere etxeko atea.
Beraz, bidean topatu genuen bigarren harritzarra ere gainditzea lortu genuen.
Aurrera egiteko moduan ginen.
Baina gure inguruko batek dion bezala, "gaurko lorpenak bihar hasi
behar dugun lanaren abiapuntua baino ez dira". Eta aurreko erronkak
nota onarekin gainditu ostean, duela 16 hilabete BARRENen kalitatea zaintzeari
ekin behar geniola erabaki genuen. Zelako kalitatea ote dauka gure astekariak?
Astero -astero ikusten genuen hankasartzeak egiten genituela, beti ihes
egiten zigula detailetxoren batek. Baina, zergatik ez ditugu hutsegite hauek
identifikatu eta jasotzen?
Gauzak ondo egiteko, aurrez gaizki zer dagoen jakitea ezinbestekoa dela
sinestuta hasi zen BARRENeko KALITATE KONTROLAren historia. Nahi baduzue,
historia honen lehen kapituluak ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.
1.- KALITATE KONTROLAREN HELBURUAK
Gure helburua kalitatezko astekari bat egin eta eskaintzea da. Ezin gara
astekaria ateratze hutsarekin konformatu, eta, ondorioz, BARREN ahal dugun
edo dakigun ondoen egitea da gure nahia.
Izan ere, gauzak ondo egitea izango da astekariaren eta irakurleen arteko
harremana mantentzeko eta sakontzeko bermea. Jendeak ez du BARREN eskuetan
hartuko euskaraz eta dohainik delako bakarrik. Ez, bi ezaugarri hauek ez
dute, besterik gabe, astekariaren eta irakurleen arteko harremana ziurtatzen.
Beraz, kalitatezko astekari bat lortzeko xedearekin martxan jarritako
kalitate kontrolaren helburuak honako lau hauek dira:
a.- Egiten ditugun hutsegiteak identifikatzea eta jasotzea.
b.- Hutsegiteak aztertzea eta komentatzea.
c.- Hutsegiteak ez errepikatzeko soluzioak bilatzea.
d.- Hutsegite kopurua jaistea.
Hala ere, gure helburua ez da garai batean modan egon zen `zero akats`
lortzea. Badakigu astero izango dugula hankasartzeren bat eta hauekin aurrera
egiteko prest egon behar dugula.
Bestalde, lan metodologia hau BARRENeko langile profesionalen tentsio
puntua mantentzeko ere bada. Lantaldeak badaki euren lanaren segimendua
egiten dela eta honek, lehenaz gain, erantzukizun gradu bat eransten dio.
Hala ere, gure kalitate kontrola ez da polizia lana, ez dugu langileak kontrolatzeko
egiten; BARRENen eta Elkartean dihardugun langile profesionalok badakigu
non eta zertan ari garen eta kontziente gara kalitate kontrola ez dela inoren
lana kontrolatzeko (bere zentzurik txarrenean), gure lanari etekin handiagoa
ateratzeko baizik.
2.- ZER ZAINTZEN DUGU?
Astekari baten kalitate maila neurtzerakoan gauza asko har daitezke kontuan.
Gure kasuan dozena bat arlo aukeratu genituen eta hauek zaindu eta hobetzeko
ahaleginari ekin genion. Ondorioetan aipatzen dugun bezala, arlo batzuk
apropos laga ditugu beste fase baterako, arlo garrantzitsuren bat ere ahaztuko
zitzaigun akaso, baina berriekin hasi aurretik dauzkagunak hobetzen badaukagu
nahikoa lan.
Ikus dezagun, beraz, batetik, zein diren (eta zergatik aukeratu ditugun)
BARRENeko kalitate kontrolean zaindu eta neurtzen ditugun arloak, eta, bestetik,
zer den arlo bakoitzean bereziki zaintzen duguna:
- IDAZKERA: BARREN irakurtzea ezin da sufrikario bat izan. Irakurketa
arina eta atsegina izatea lortu behar dugu. Gainera, badakigu jende askok
ez duela sekula euskaraz irakurri eta beste batzuei asko kostatzen zaiela.
Beraz, jende hau erakarri nahi badugu BARREN erraz irakurtzeko bezala idatzi
behar dugu. Irakurlea lehen irakurketan jabetu behar da bertan esaten denaz
eta ez du esaldi bat bi aldiz irakurtzeko premiarik sentitu behar.
Zer zaintzen dugu?
- Esaldiak ulerterrazak izatea.
- Esaldien mezua argia izatea.
- Esaldiak erakargarriak izatea.
- Esaldiak ondo egituratuta eta josita egotea.
- Esaldiak pobreak ez izatea.
- EUSKARA: Euskaraz txukun idaztea da gure nahia. Ezin dugu euskaraz
idazten dugulako kalitatearen maila jaitsi. Euskararen normalizazioa eta
prestigioa ez datoz euskara erabiltze hutsetik, euskara ondo erabiltzetik
baizik.
Zer zaintzen dugu?
- Ortografia, aditzak, deklinabidea,...
- Hitzen egokitasuna.
- Hiztegiaren aberastasuna.
- Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak.
- Elgoibarko berbak eta berbeta.
- Elkarrizketatuen euskara maila.
- MEKANOGRAFIA: Zatarra izaten da irakurketan zehar mekanografia
akatsak aurkitzea, irakurketa eta testua pobretzen dute, kalitatea jaisten
da. Astekariaren izen onak behera egiten du horrelako hutsegiteak ikustean.
Izan ere, azkar eta ondo idatzi nahi izaten dugu eta hau ez da batere erraza.
Gero ikusiko dugun bezala, atal honetan egiten dugu hutsegite gehien.
Zer zaintzen dugu?
Astekarian azaltzen diren testu guztiak (publizitatekoak ere bai) aztertzen
dira dena zuzen idatzita dagoen ikusteko. Halere, titularrei eta azpi-titularrei
atentzio berezia eskaintzen diegu.
- KAZETARITZA: BARRENeko kazetariak proiektu profesional bateko
parte dela konturatu behar du. Hau ez da eskola bat. Ezin dugu pentsatu
astero 28 edo 32 orrialde bete eta banatzearekin gure eginbeharra burutu
dugunik. Kazetariak kontziente izan behar du bere lana esku askotara iritsiko
dela eta ezin duela lana edozein modutan egin.
Zer zaintzen dugu?
- Ematen dugun informazioa zuzena, osoa eta argia izatea.
- Notizia garrantzitsurik ez ahaztea.
- Notiziaren tratamendua orekatua izatea.
- Titularrek eta azpi-titularrek informazioaren muina jasotzea.
- Notizia bakoitzari eman behar zaion tratamenduan asmatzea.
- MAKETAZIOA: Neurri batean, astekariaren itxuraren arabera erakarri
edo uxatuko dugu irakurlea. Aldizkariak bistarako atsegina, garbia, argia
eta erakargarria izan behar du. Eta honetaz jabetuta, maketatzailearen
lana ere sartu genuen kalitate kontrolean.
Zer zaintzen dugu?
- Azaleko maketazioa (kolorea, erretratua, ...).
- Aurretik definitutako maketazioarekiko errespetua.
- Letra: bai tamainak eta baita tipoak ere.
- Titularren eta azpititularren maketazioa.
- Testu eta erretratuen konbinazioa.
- Taulen eta infografiaren garrantzia.
- Erretratuen manipulazioa.
- Orrien garbitasuna.
- Estilo eta aukera ezberdinak lantzea (monotonia saihesteko).
Bestalde, bi urtetik behin edo, astekariko maketazioa aldatzea gustatzen
zaigu, betiere irakurlegoari gauza berria eta hobea eskaintzeko helburuarekin.
- AGENDA: Herrian dagoen mugimendu soziokulturalaren ispilua izan
nahi du BARRENeko agendak. Baina, askotan, daukana baino garrantzia gutxiago
ematen diogula iruditzen zaigu. Etxetik irten aurretik hitzaldia zein ordutan
den jakiteko BARRENeko agendan begiratu duenari ezin diogu kale egin. "Eske
BARRENeko agendiakin ezin da ibili!" entzun izan dugu, eta hau astekariaren
prestigioaren kaltetan dator. Astekariko agendak irakurleen sinesgarritasuna
eta konfidantza izan behar du.
Zer zaintzen dugu?
- Agendan azaltzen diren jardueren data, ordua, tokia eta antolatzaileak
zein diren zuzen egotea.
- Herrian antolatzen diren jarduerak gure agendan egotea.
- Agendaren alboan izaten den testuetako informazioa osagarria izatea
eta agendakoarekin bat.
- Jarduerak agendan argitaratzeko data ondo aukeratzea.
- AZALA: Azalean hutsegiterik ez izateari garrantzia berezia ematen
diogu. Esan ohi den bezala, "lehen inpresioa" inportantea izaten
da, eta astekari batean azala izaten da irakurleek ikusten duten lehen
gauza.
Zer zaintzen dugu?
- Kolorea eta erretratu nagusia erakargarriak izatea.
- Titularra erakargarria izatea eta ondo irakurtzeko bezala egotea.
- Informazio gehigarria ondo egotea.
- Beti azal antzerakoa ez izatea.
- INPRENTA: Hau gure esku ez badago ere, inprentako hutsegiteak
ere zaintzen ditugu. Izan ere, jendeari berdin zaio hutsegitea zeinena
den, irakurlearentzat gaizki dagoena gaizki dago eta ez zaio inporta hanka
zeinek sartu duen. Adibidez, orain dela gutxi kale inkestako erretratuak
eta izen abizenak oker argitaratu genituen. Hutsegitea inprentarena izan
zen baina astekariaren prestigioa da behera egiten duena. Horrelako kasuetan,
hutsegitearen arrazoia zein izan den azaltzen dugu hurrengo zenbakian.
- ESKELAK: Pozik gaude BARRENek eskelekin lortu duen estimazioarekin.
Astero izaten dugu eskela edo eskertzaren bat. Baina poza ardura ere bihurtzen
da. Izan ere, atal hau berezia da, une gogorretan ematen da, bihotzak bigun
dauden momentuetan, alegia. Horrelako kasuetan huts egiteak min gehiago
ematen digu.
Zer zaintzen dugu?
- Heriotz eta elizkizun datak zuzen argitaratzea.
- Erretratua eta izen-abizenak bat etortzea.
- Eskelan azaltzen diren datuak ondo egotea.
- Itxura aldetik ondo egotea.
- PUBLIZITATEA: Publizistaren lana ez da merkatariarekin kontratua
lotzen duenean amaitzen. Kontratatutako publizitatea merkatariaren gustura
eta beharretara egokituta argitara irteten denean amaitzen da gure eginkizuna.
Hau lortzea oso garrantzitsua da gero berriz joan behar dugunerako. Gainera
ez ahaztu publizitatearen atzean dirua dagoela, astekariaren aurrekontuaren
% 50.
Zer zaintzen dugu?
- Merkataria gustura geratzea.
- Merkatariaren datuak (telefonoa, helbidea,...) zuzen ematea.
- Publizitatea erakargarria izatea.
- Koloreak eta erretratuak ondo argitaratzea.
- Mezua ondo eta argi argitaratzea.
- ERRETRATUAK: Zenbat aldiz entzun dugu "nik erretratuak
eta titularrak bakarrik begiratzen ditut". Astekari batean erretratuek
aparteko garrantzia daukate, batetik jende asko dagoelako BARREN erretratuen
bidez `irakurtzen` duena (erdaldunak bereziki), eta bestetik, erretratuek
oso leiho garrantzitsuak direlako jendea testura sartzeko.
Zer zaintzen dugu?
- Erretratuen kalitatea eta kolorea.
- Erretratuen tamaina.
- Erretratua eta informazioa osagarriak izatea.
- Erretatuak ondo enkoadratuta egotea.
- BESTERIK: Amaitzeko, badira hutsegite batzuk guk aurreko ataletan
sailkatzen ez ditugunak. Adibidez, behin horrela idatzi genuen: `Euskadiko
jai garrantzitsuenak diren San Ferminetan (...)`. Euskadi eta Euskal Herria
bereiztu egin behar ditugu. Zer egiten dugu horrelakoetan? Gure artean
berba egin eta aurrerantzean kontutan izan beharreko irizpideak definitu.
Beste batean, gaueko hamabi eta erdiak adierazteko "24:30etan"
idatzi genuen. Hutsegite bitxia, ezta?
3.- KALITATE KONTROLERAKO LAN METODOLOGIA?
Metodologia aztertzen hasi aurretik, gogora dezagun gure kalitate kontrolaren
oinarriak zein diren: egiten ditugun hutsegiteak identifikatzea, zergatiak
aztertzea, soluzioak bilatzea eta hankasartzeak fitxa batean jasotzea.
Kontrolerako metodologia
Ikus dezagun zein diren kalitate kontrolean ematen ditugun urratsak:
- Alea argitaratu ostean, Elkarteko suspertzaileak aste osoa izaten du
`lupa` eta boligrafo gorria hartu eta alea goitik behera poliki-poliki
eta arretaz aztertzeko. Lau ordu inguru ematen ditu zeregin honetan. Zuzentzailearen
lana, ahalik eta hutsegite gehien topatzea dela esan dezakegu.
- Ostiral goizetan, zuzentzailea BARRENeko zuzendariarekin eta kazetariarekin
biltzen da aste horretan identifikatu dituen hutsegiteak zein izan diren
erakutsi eta eurei buruz berba egiteko. Bitxikeria bezala esan daiteke,
batzuetan eztabaida sutsuak izaten ditugula hutsegiteak definitzerakoan.
Gertatu izan zaigu zuzentzailearentzat hutsegitea dena beste bientzat ez
izatea. Lan metodologia honetan suspertzaileak "txarraren papera"
betetzen du eta zuzendaria eta kazetaria ez dira beti bat etortzen bere
irizpideekin. Beraz, kasu batzuetan negoziatu egin behar izaten ditugu
hutsegiteak.
- Hutsegiteak ikusi eta aztertu ondoren, BARRENeko kalitate kontroleko
fitxa betetzen du suspertzaileak (ikus KALITATE KONTROLEKO FITXAK atala).
- Kalitate fitxa BARRENeko zuzendariak jasotzen du eta BARRENeko lantaldean
erakusten eta komentatzen du.
- Bi hilabetetik behin Elkarteko Zuzendaritza Batzordean aurkezten dugu
kalitate kontroleko fitxa (zortzi asteko datuak biltzen dituen fitxa daukagu).
Zuzentzailearen profila
Funtzio hau bete behar duenak edo dutenek, gure ustetan zein baldintza eta
ezaugarri bete behar dituen edo dituzten aipatuko dizuegu jarraian:
- Aldizkariaren proiektuarekin identifikatuta egotea eta lana gogo onez
hartzea.
- Zeregin honi astean lau ordu inguru eskaintzeko prest egotea. Bat baino
gehiago badira gutxiago, noski.
- Nolako aldizkaria egin nahi den garbi izatea.
- Aldizkariko atal guztiak ondo ezagutzea.
- Kalitate kontrolaren funtzioa ondo ulertzea.
- Herrian dagoen mugimendu soziokulturalaren berri izatea.
- Ahalik eta euskara maila altuena edukitzea.
- Aldizkariko lantalde profesionaleko kide ez izatea.
Halere, zuzentzailea onena izanda ere, oso zaila izango da hutsegite
edo erru guztietaz jabetzea.
4.- KALITATE KONTROLERAKO FITXAK
Guk ez daukagu kalitate kontrola sistematizatzeko programa informatikorik.
Fitxa sinple eta erraz bat diseinatu genuen eta berarekin jarraitzen dugu.
Gero, onera ala txarrera egin dugun ikusteko, hamabi hilabetetik behin hutsegiteen
eboluzioa erakusten digun grafikoa egin eta aztertzen dugu. Hurrengo bi
grafikoetan hutsegiteak jasotzeko daukagun fitxa eta kalitatearen eboluzioa
erakusten digun grafikoa ikusiko ditugu.
Hutsegiteak jasotzeko fitxa: |