Eskualdeko komunikabideen hizkera
Bertako euskara, bertzetako euskara, euskara batua, euskara ustez batua...
Patxi Petrirena

1. METODOLOGIAZ
Gai honi, guk hartu dugunaz bertzelako alderdi batzuetatik ere lotzen ahal zaio edozein. Konparazio batera, irakaskuntzaren sailean aukeratu den bidetik egiten ahal zen, komunikabideetan lanean ari direnengana zuzenean joz eta honelako galdemoduak eginez, adibidez:

  • Zer euskara erabiltzen duzu zure lanean? Euskalkia, batua edo bien arteko bat?
  • Zer arazo ikusten dituzu bertako euskara erabiltzeko garaian?
  • Eredurik edo material lagungarririk baduzu? Zer gehiago behar litzatekeela uste duzu?

Eta bertze hainbertze galdera. Baina, irakaskuntzak ez bezala -ez ginen ba ikasgelaz ikasgela ibiliko ea nolako mintzoak edo kalakak aditzen genituen han- komunikabideek bide ematen dute haietan erabiltzen den hizkera kanpotik aztertzeko, eta, jakinik ere egiten den edozein balorazio partziala eta subjektiboa izanen dela, hortik jotzea erabaki genuen, pentsatuz azkenean izanen dugula hasierako galdera horiekin lotzeko aukera.

Hasiera batean, irakurritako eta entzundako zati mugatu batzuen transkripzio osoa egitea pentsatu genuen, baina azkenean lagin zabalxeagoa hartu eta han-hemenkako oharrekin egin dugu. Nire ustez, ikuspegi baliozko bat ematen ahal da horrela, orokorrean hartuta eta zirta batzuetan ohartuz.

2. SARRERA
Inguru mugatuko komunikabideak izanik, argi ikusten da irizpide nagusia zein den: euskara hurbila erabiltzea. Oro har, aski inpresio ona egiten dute, goxoa, eta hori egokitasunaren seinale da, dudarik gabe. Hala ere -elkarri loreak botatzeko ez baikara bildu- aitzakiak ateratzeari lotuko gatzaizkio, ahal baldin bada aholkuren bat emateko haien arrimuan. Lan honen helburua gerora begirako bidaxkaren bat irekitzen laguntzea da batez ere, eta hemen azalduko dudana ez da inola ere kritika sail bat; gehiago da kontzeptu batzuen inguruan gogoeta egiteko saioa eta agian erabaki beharreko gai batzuen zerrenda, nahitanahiez murritza baina hasteko balio dezakeena.

Ikusi ditudan gauzak pixka bat esplikatu eta denen artean komentatu ondoren, gerora begira eman beharreko pausoez mintza gaitezke. Nire iduriko, egin daitezke gauza batzuk, egin behar lirateke. Eta paperean idatzi eta komunikabideetako langileen artean zabaldu. Material idatzi zerbait izatea nahitanahiezkoa da behar bezala aitzinatzeko. Ez da hain zaila, gainera.

3. ANALISIA
Hemen egin dudan sailkapena aski subjektiboa da, eta helburu didaktikoarekin egina betiere, ez baita hau doktore tesiendako tokia.

3.1. Hutsak
 gure zonaldeko hainbat herrietan hainbat herritan


Egon lasai, horrelako gutti agertuko da eta. Gainera, ez dut uste hau denik gure gaia. Horrelako hutsak huts dira Beran eta Sunbillan, Bermeon eta Orozkon, Larrañen eta Saran, Egunkarian eta Euskadi irratian... (nonnahi agertzen dira eta). Egia errateko, ematen du deklinabide mugagabearekin arazoak ditugula bazter guzietan. Pentsatzekoa da bereziki kazetariendako prestatutako gramatika ttiki batek -eta kazetarien arreta zorrotzak- lagunduko lukeela arazo hori eta ondotik aipatuko ditudan bertze batzuk konpontzen.
Bertze adibide bat ere berexi dut, ordea, larrixeagoa iruditu baitzait: inguruko euskarako forma bat gaizki erabiltzea.

 haietako batekin solastuko dugu gaur solastuko gara


Ez dut hagitz luzatu nahi sail hau, baina bertze adibide batzuk ere sartuko ditut, inork interesik balu.

Mugagabeen arazo gehiago

ze asmoak dituen
ze(r) asmo dituen

agiria kaleratu zuten atzo zenbait alderdi eta sindikatuek
agiria kaleratu zuten atzo zenbait alderdi eta sindikatuk

zenbat kantak eta dakizkizun
zenbat kanta eta dakizkizun

errepidearen bi aldetan
errepidearen bi aldeetan

larunbat arratsaldetan
larunbat arratsaldeetan

elkarte edo enpresen batek
elkarte edo enpresaren batek

zenbait fabriketako sarrerak
zenbait fabrikatako sarrerak

 

Bertzelakoak
egunak

igandean, uztailak 19an, ...
igandean, uztailaren 19an, ...
igandean, uztailak 19, ...

benetako, egiazko, zinezko

benetazko profesionalak gara
benetako, egiazko, zinezko profesionalak gara

ere

Irunen bada ere piso bat salgai
Irunen ere bada piso bat salgai

Doinua hartzeko ez da bakarik burua behar, bertze zerbait behar da ere bai.
Doinua hartzeko ez da bakarik burua behar, bertze zerbait ere behar da.

halako egunetarako, ...; egun bererako ere, ...
halako egunetarako, ...; egun bererako, ...

hobe / hobeki

azkenean, uste baino hobe atera zen
azkenean, uste baino hobeki atera zen

erlatibo gaizto samar batzuk

Aste honetan ditugu Saldiasko bestak ere, ekainaren 20tik 24ra ospatuko direnak
Aste honetan ditugu Saldiasko bestak ere, ekainaren 20tik 24ra

Eta adierazpenak ere bildu ditugu, albistegi honetan jakinen dituzuenak
Adierazpenak ere bildu ditugu, eta albistegi honetan jakinen dituzue?

-elarik

«Duela hogei urte askatasun batzuei uko egin genien, orain bertze aukera bat dugularik».
«Duela hogei urte askatasun batzuei uko egin genien, eta orain bertze aukera bat dugu».

-elarik (ona)

Arizkungo eskolan pailazoen emanaldia izanen da, inguruko eskoletako haurrak bertan (izanen) direlarik.

[Izanen-ekin errana, gabe hobe]

3.2. Bertako euskara / bertzetako euskara
Hemen sartzen gara gure gaian bete-betean, eta ez dadila inor harritu euskalkia / euskara batua hitzak erabili beharrean bertako euskara / bertzetako euskara erabili dudalako. Entzun eta irakurritako adibide batzuekin, saiatuko gara bi aukerak jartzen, norberak ikus dezan. Jakina, erabilitakoa euskara ona da, dudarik gabe (eta euskara batua, gehienetan, baina ez beti); ez da, ordea, bertako euskara. Baina, egon erne, ondoan paratuko dudan bertze aukera euskara batukoa da kasu guzietan, eta gainera bertako euskara.
Korapilo handi samarra iruditzen al zaio hori norbaiti? Ez da hainbertzerako; lehenbiziko adibidearekin esplikatzeko, jokalari onena eta jokalari hoberena biak dira euskara batua, baina bietako bat hemengoa da eta bertzea ez. Laugarren adibidearekin, berriz (baserritar denak / baserritar guziak) guttienez dudakoa da lehen forma euskara batukoa ote den; bertze aukera, hemengoa, seguru baietz.
Honekin ez dut erran nahi erabili dena ezin erabili denik; erabaki hori hartzekotan, norberak edo norberaren komunikabideak hartu beharko du. Gainera, denak ez dira zaku berean sartzekoak, nik uste. Eta malgutasuna ere beharrezkoa da, komunikabide hauek zubi lana ere egiten baitute.

Hona, bada, adibide sailtxo bat:

 jokalari onenaren saria jokalari hoberenaren saria
 denera ez dakit zenbat bildu ziren denetara ez dakit zenbat bildu ziren
 pasa den astean joan den astean
 baserritar denak ez dira bat etorri baserritar guziak ez dira bat etorri
 esne-biltzaileak jarraituko du ogia banatzen / segituko du
 datozen egunetarako  ondoko egunetarako
 alde batetik... bestetik... alde batetik... bertzetik...
 egingo da eginen da
 berri nagusia Xorroxin Irratitik datorkigu  / heldu zaigu
 datorren igandean  heldu den igandean
 irudiak Elizondoko plazan jasotakoak dira (jota)  / hartuak dira
 jasotako datuak  bildutako datuak
 lantegiaren aurrean lantegiaren ai(n)tzinean
 herri sarreretan kartelak jarri herri sarreretan kartelak paratu (itxeki)
 kalera irten dira kalera (karrikara, kanpora) ater(a)(i) dir(a)(e)


3.3. Komunikabide handiei 'erositakoak'

Hemen oska bat goiti eginen dugu: horrelako gairik ez lukete erosi behar, ahal dela, herri komunikabideek. Baina kulpa erdi bana dute, seguraski, erostunak eta saltzaileak... edo saltzaileak handiagoa. Badakizue, erostera joatean erne ibili behar da, erbiaren izenean katurik ez sartzeko.

 atzo ospatu zen finala atzo jokatu zen
 gure zonaldeko zenbait gaztek gure eskualdeko, inguru honetako
 gaiz aldatuko dugu orain gaia aldatuko dugu

Sail honi akabila emateko, bi arazo batera biltzen dituzten bi esaldi paratuko ditut, nire ustez guzietan adierazgarrienetakoak: komunikabide handiek saldutako pare bat perla biltzen da esaldiotan, eta gainera haietako bat 'bertakotua' ageri da, ikusiko dugun bezala.

zerua oskarbi mantendu da egun guzian barrena
konponketa lanek aitzinera darraite

Horrelako adibideeei jarriko nieke nik euskara ustez batua seinalea, edo euskara ustez batua eta bertakotua (lasai, hitz jokoak dira batez ere). Lehenbizikoa da biribilena:

 - mantendu izan, egon... (kasu honetan)

 - egun guzian barrena
 egun guzian

 (egun guzian zehar bertakotua)


Gezurra badirudi ere, lehenbiziko esaldi hori inor guttik entendituko zuen (imajinatu, agian bai, zer eguraldi egin duen ikusita). Izugarria da, batez ere, zehar horrekin gertatzen ari dena: beti lekuei buruz erabili da (salbuespenen bat kenduta, hala nola mendeetan zehar), eta bazter guziak kutsatzen ari da; egin proba barrena-rekin -mendian barrena, herrian barrena... baina ez egun guzian barrena-. Begira bertze adibide hauek ere:

egun guzian barna giro ezin hobea izan zen

audizioak antolatzen ditu ikasturtean barrena

ikastolaren eguna ospatuko da egun osoan zehar

Komunikatu hau, astia izanez gero, gure saioan zehar, hamekak eta hameka t'erdiak bitartean irakurriko dizuegu.

Aipatutakoez gain, pentsatu behar litzateke ea oskarbi erratea komeni den edo garbi, baina hori bertze kontu bat da.
Bigarrenean, berriz, aurrera darraite bertakotu egin dugu, aitzinera darraite, baina bi formek ere arazo bera dute: ez dira errealak. Asmakizuna da darraite hori -alferreko asmakizun aunitzek bezala erakarmen handia duena-, eta aski erraza da ongi erratea:

konponketa lanak aitzinera doaz(i)

Hona hemen euskara ustez batuaren bertze adibide batzuk

morfosintaxian

modu atsegin eta errez batetan
modu atsegin eta errez batean

18 gradutako tenperatura
18 graduko tenperatura

saio txukun bat egin asmoz, eskolaren lana hobetu asmoz
saio txukun bat egiteko asmoz, eskolaren lana hobetzeko asmoz

lexikoan

kontzentrazioak burutu ziren gure eskualdean
kontzentrazioak egin ziren gure eskualdean

Euskal presoen senideek gaurko geldialdirako deia luzatu zuten.
Euskal presoen senideek gaurko geldialdirako deia egin zuten.

Gonbitea luzatua gelditzen da.
Gonbitea egina dago.

Albistegia luzatzeko prest [eta hasi gabe zegoen]
Albistegia (albisteak) emateko prest

Mugairi inguruko errepideak mantentzeko lanak
Mugairi inguruko errepideak zaintzeko lanak

neguan errepidea ibiltzeko moduan mantentzea
neguan errepidea ibiltzeko moduan edukitzea

kanpaina bat egiteko asmoa dute Nafarroa mailan
kanpaina bat egiteko asmoa dute Nafarroan / Nafarroa osoan

Zenbait ekitaldi egiten ari da Senideak elkartea. Hauetako bat gaur eguerdiko hamabietan burutu da, ordu laurden bateko geldialdia egiteko deia luzatu baitzuten.
Zenbait ekitaldi egiten ari da Senideak elkartea. Hauetako bat gaur eguerdiko hamabietan izan da, ordu laurden batez (lanetik) gelditzeko deia egin baitzuten.

Erran goizeko 10:30etan gasna lehiaketa, barazki erakusketa, sagardo erakusketa eta eskulangileen erakusketa burutuko dela edo erekiko dela.
Goizeko 10:30etan gasna lehiaketa, barazki erakusketa, sagardo erakusketa eta eskulangileen erakusketa erekiko dela / hasiko dela / eginen dela.

Afari-berenduarekin bukaera emanen zaio Santa eskearen lehenengo edizio honi.
Afari-berenduarekin emanen zaio ..... lehenbiziko Santa eske honi.
Afari-berenduarekin emanen zaio ..... Santa eskearen lehenengo aldi honi.

3.4. Forma arazoak: bertakoa aukeratu?
Entzundako gauza batzuetan ikusten da forma lokal batzuk hobesten direla euskara batukoen aldean, eta uste dut halaxe egin behar dela aunitzetan:

 aste honetan alletuko da aste honetan ailegatuko da
 70 laguneri bidali zitzaien 70 laguni bidali zitzaien

Bi kasu aski diferente dira: lehenbizikoa hitz baten kontrakzioa da, eta bigarrena gramatika kontu bat. Lehenbizikoan denak ados egon gintezke, eta seguraski bigarrenean eztabaida handiagoa izanen da. Norbaiti ausartegia irudituko zaio, agian, baina uste dut zilegi dela itxurazko akats hori egitea (erratean), inguru honetan 70 laguni baino errealagoa delako 70 laguneri (Baztanen?). Hori bai, ahozkoa eta idatzia bereiziko nituzte -eta honekin sarrera emanen diot hurrengo puntuari-: idazteko, forma estandarrak egokiago direla uste dut. Gogoan izan behar da hizkuntza mintzatutik idatzira bazter guzietan dagoela aldea.

Sail hau zail samarra da epaitzen. Adibidez:

ez zaio egokia iruditzeniduritzen ? (idatzirako)iduitzen ? (ahozkorako)

Uste dut -gutxieneko batzuk kontuan hartuta, betiere- lasai joan daitekeela gauzak erabakitzen, eta lehenago eta errazago aztertzen eta konpontzen ahal diren gauzak badirela. Eta gutxieneko batzuk aipatu ditugunez, haietako bat da 'etzaio' erratea eta ez 'ez zaio'.

3.5. Errana / idatzia
Errotuluetan agertutako testua eta gero ahoz erraten dena ez dira berdin-berdinak beti:

 igerilekuak ireki (idatzi) ideki (erran)



Alde horretatik, idatziari lotuegia iruditu zait hitz batzuk ahoskatzeko modua:

behinik behin (beldurrik gabe erran behar lizateke benpin edo benpen)

Sail hau ere irristakor samarra da, zeren eta idazteko garaian ez ditugu zalantzan jarriko ondoko bi puntuok, adibidez, baina ahoskatzeko maneran bai seguraski.

 gaur hasiko dira Iturengo bestak Ittungo ??
 seietatik bederatziak arte seitik bedetzi(a)k arte ??

Hori bai, uste dut 'jota' soinua hemengo moduan eman beharko litzatekeela beti:

berri ona jakin ondoren (jotarekin entzuna)
herri sarreretan kartelak jarri (jotarekin entzuna)
irudiak Elizondoko plazan jasotakoak dira (jota -hitz aukeraz gain-)

3.6. Bertze ohar batzuk
naturaltasuna, bertakotasuna

 bost eta zero bost (bortz) eta huts / eta batere ez
frontoia bihurtu zen eskenatokifrontoira eraman (aldatu) behar izan zen...
 egunari akabera emateko 'akabila' edo 'akabaila' erraten da
 asanblada orokorra batzar orokorra / nagusia, biltzar nagusia
 honek erran nahi du... horrek erran nahi du...
 aipatu autobusa ?? autobusa... ??
 uztailaren 20a arte egin ahalko da uztailaren 20a arte egiten ahal(ko) da
 zenbait ekitaldi iragarrita daude zenbait ekitaldi badira prestatuak...

galdegaia

Arkupekoek, mendian goiz guzia pasatu ondoren, arratsaldea dantzan egin zuten.
Arkupekoek, goiz guzia mendian pasatu ondoren, arratsaldea dantzan egin zuten.

aditza gibeleko puntan ez

Erabaki judiziala ez zaie oraindik Orain enpresaren izenean defentsa eramango duten abokatuei helarazi.
Erabaki judiziala ez zaie oraindik helarazi Orain enpresaren (izenean defentsa eramango duten) abokatuei.

koordinazioen deklinabidea

Doneztebe eta Elizondon gaude.
Donezteben eta Elizondon gaude.

itzulinguruak (aunitzetan, erlatibo bidezkoak)

Hamabietan hasi eta ordu laurden beranduago bukatu zen geldialdi honek presoen sakabanaketa salatzea izan zuen helburu.
Hamabietan hasi zen geldialdia, ordu laurdenekoa, eta helburua presoen sakabanaketa salatzea zen. ( / presoen sakabanaketa salatzeko helburuarekin)

denetik

badirudi aste bat gehiago itxita kontuko dutela (bertze aste bat?)

berriro areagotu dira kamioi istripuak

badirudi hainbertze milioi pezeta bertan gastatu izanak ez duela ziurtasuna bermatzen

zuek izan zaitezte testigu Arkupekoen giro onaz

hemen inguruko edo zonaldeko

 

4. ONDORIOA
Nere lan honen muina eta ondorioa, hiru puntuotan laburtuko nuke:

  • Inguru honetan, euskara batu formala ez da eragozpen. Aski hurbil gaude. Jakina, hemengo euskara batua eta Oriokoa ez dira euskara berdinak, adibidez.
  • Euskara batu formaletik ateratzea ere zilegi da hala erabakiz gero. Zenbaitek arau bereziak egin dituzte beren inguruko euskara idatzirako. Baina ez luke inork itsutu behar axalarekin: zer hitz erabiltzen den, eta modu naturalean josten diren, horixe da kalitatearen giltza. Hori bai, formaren aldetik, libreago joka daiteke ahozkoan, gauzak gehixeago lotu behar dira idatziz. Eta ahozkoan ere erregistro guziak ez dira berdinak: eskakizun zorrotzenak berri emankizunetakoak ditu seguraski.
  • Inondik ahal dela, kazetariendako material lagungarriak prestatu behar lirateke etengabe.

Honako esaldi hau ere lan horren barrenekoa da (nere laugarren ondorioa), baina ez da idatzian agertuko:

  • Kezka hauek tokirik gehientsuenetakoak dira, eta hemengo egoera ez da bertzetakoa baino txarragoa.
    n que perseguir ahora.

MAHAI-INGURURAKO GAIAK

Hasteko, uste dut egoki dela, joan den larunbatean irakaskuntzakoan egin zen bezala, bakoitzak bere esperientziaren berri ematea hasteko. Libre utziko nuke norberak nahi duen alderditik jotzeko, lehenbiziko itzuli batean bederen (ez hagitz luze, lau-bortz minutu bakoitzak). Uste dut aski inportantea dela norberaren pertzepzioa.

Hortik aitzinera, mahai-ingurua berez joanen da seguraski, eta ni saiatuko naiz jomuga honetara eramaten: gerora begira zer egin ote daitekeen.

Bitarte horretan, agian ikusiko dugu nik egindako lantxoaren eta komunikabideetako eguneroko lanaren artean loturarik egiten ahal ote den.

  • funtsik baduen edo axalkeria zerrenda bat den
  • hor botatako ideiek aplikaziorik izaten ahal duten
  • lehentasunak zein diren
  • ...

Ez dut uste arazo teorikoetan katramilatuko garenik -batuan egin behar den edo ez, zer den batua eta zer ez...-, baina hori inportantea dela ikusten bada, solastuko gara horretaz ere.

IRAGANA, ORAINA ETA GEROA

Euskaraz idazten ez ginen gu hasi -inguru honetan ere ez-, eta beti on izaten da lehengoari kasu pixka bat egitea ondorengoari begiratzeko.
Hori dela eta, bi kronikagile handiren testu batzuk hemen ematea pentsatu dugu, haiengandik zer ikasirik badukegulako eta batzuetan barne-kilika samur bat baino eragingarri hoberik nekez izaten ahal delako.
Nor ditugu, bada, kazetari eta idazle handi horiek? Bat, Auritzen sortua eta Baztanen lanean ari izana, eta euskara bertan landu eta bizkortu omen zuena. Bertzea, berta-bertakoa, baztandarra. Mende honen lehen erdikoa bat, bigarrenekoa bertzea, gure lanari dagokionez segurik. Kate bereko bi begi edo maila. Erran behar baita katea ez dela eten. Gure esker ona eta mirespena, beraz, Pablo Fermin Irigarai Larreko-ri eta Mariano Izetari.

 

NAFARROATIK

Iragan ostiralan emengo banketxe batean ebatsi nai zuten.
Lau gizonek galdin omen zuten Tafallako beribilen jabe bati, beribil bat biaramunean Elizondora juateko.

Itz eman zieten baietz eta biaramunean atera ziren lauak eta chofera.

Bide erdian edo pix egin bearretan zaudela, geldiarazi zioten beribila eta orduan lauetarik biek lotu ziren choferari eta arbol bati estekatu meatxatzen zutela, ixilik egoteko, bizia galdu nai ezpazuen.

Lauak eldu ziren Iruñera eta emen sartzean gelditu zuten beribila eta lau gizonetarik biga jautsi ziren eta bertze biak jo zuten aitzina "Hispano- Americano" delako banketxera buruz.

Baño, bidea uts egin zuten eta uste gabean banketxe eretzean "Paseo de Valencia" delako lekuan sartu, nondik gurdik eta abererik ezpaidaike ibili.

An zauden guziak oartu baiziren eta ekeri bea, gelditu autoa an utzi bere armekin eta igesari eman zuten.

Jandarmak arrapatu bide zituzten bertze bi gizon banketxe ondoan, gogan beartuta bertzeen aiduru ote zagozin eta ala izaki.

Oriek aitor eman omen dute banketxean ebasteko zedetan zabiltzala. Baño bertze lauetarik ez dute bakar bat ere atzeman orañik.

Euskaldunak Auritzen daukan berrieltzale "Asto-Bizkar" emen ginaukan aurtemintan, atseginez elkar agurtu ondoan, euskar idaztiari buruz egin dugun astiro, mintzaldi gozoa.

Auritz aldean eman bezala, ostoska eta erauntsika egon ondoan iragan larunbata eta igandean, iparaizea nagusitu dela eta aize mee unek oztu gaituela.

Ba usoek sudur onak dituzte eta orgatik iragan aste osoan, uso iragaitza andia omen zen. Bakarrak il dituzte eta ala ere, iru pezeta eterdi, uso pareak egin du. Nik dakitan batzu etzuten sari erdian, ez eta ere erdiaren erdian erosiko; ain aier dute usoaren aragi beltza!

Iragan igandean, Iruñen bildu zen gazteketa! Fubol delako partida zutela Real Sociedad Donostiakoak eta emengo Osasunak.

Iru gol bati, emengoak nagusi; etsitzen asiak ziren, emengo Osasuna taldea, gainbera itsusi batean errekara zoala, baño... orañik zutitu dire.

Iragan igandean Erribera aldean egonik, nekazariek matsa biltzen ari ziren: arri erauntsiak leenik eta idorteak gero, matsa lore guzia galdu zuela zioten; baño orañik gelditu bide zen.

Ez dakit geiago berri, zuendako on denik eta orgatik emen geldi.

Jainkoa baitan, urrungo arte.

Pablo Fermin Irigarai, Larreko
Eskualduna
, 1926-10-29

 

 

NERE BIOZMINAREN ANDIA!

Oraiko aldi huntan, gure egin behar guztien artetik, eta gauza guztien gañetik; abertzaleen egin bear andiena, leena eta bearrena, euskararen ikastea eta erabiltzea.

Euskaldunak arjoak ote gauden! gure etsaiak, Euskalerria funditu nai ote duten! ez dakit...

Baño; lelo berbera, alde guztietarik nabari da; euskaldun zintzoenak arrankuraka, gero ta geiago nigarrez ari dire.

Baiki; egi da, euskaldun berezi batzuen indarrak, aundiak direla, euskara piztu bearrez; euskara apaindu eta edertu bearrez. Egia da; euskaldun zintzo bezain argiak eta langileak deika ari direla ortarako, eta euskal idazleak bateraratzeko. Ni baitara beatuz, eta nere ingurueri oartuz nere biozmina!

Leen, nik, nere gogoa ere euskalduntzat naukan eta orai, beldurtzen asi naiz ez ote zaitan bertzelatzen ari.

Leen, gogoan erabiltzen nuena, euskaraz jantzirik eldu zitzaidan batere bortXatu gabe. Barkatu; baño etsitzen asia naiz, gu letradunak, beartuenak gaudenak, euskaraz letraduntzera, eta ala ere, gero ta gutiago, euskaraz itz-egiten eta ikasten. Gure euskar lanak, edozein gairi buruz, errazki bezain argiki egin bear gintuelarik? nolako beaztopo eta motelkeriekin agertzen ditugu?

Aldiz, euskara baizik ez dakitenek ez dute aditu nai, beren umeri euskaraz irakasteko; erdaraz, diote; euskaraz ez daiteke erriko karriketara agertu. Baldin, batek erdaraz ezpadaki; non nai mutu ta gor.

Nafarroako ibar edo aran euskaldunenetarik batean, balleko-etxean idazkariago lekua hutsik zagon eta uste duzue gizon euskalduna billatu dutela? Uste nuke! Uste duzue, ibar untako baserritarrek euskalduna nai dutela? Uste duzue ibar untako seme abertzaleak euskaduna berexi dutela? Zergatik ez? Baldin ezpada, uste dutelakoz, euskara lengua barbara dela, edo artzain izkuntza, ikazkin izkuntza.

Bein; ni nindagon erri bateko sendakintza-lekua utsik zagon, eta sendakin-deia agertu zutelarik, erri artako jaun nagusienari esan nion: emen, baseritar guztiak eta erritar geienak euskaldun utsak direnez gero, sendakin euskalduna bearrezkoa da.

Eta gizon xaarrak esan zidan; ez, sendatzen ona izan dadin eta euskaraz ez badaki, berdin on.

Eta nik uste dutala, oraiko aldi untan, Euskal Erriko letradun ikasia agertzeko, euskara gabe ez daitekela!

Asko euskaldunentzat, euskara deusere ez da! Ikasi gabeak!

Nere biozminaren andia. Gure aberriaz, au ta ura; euskara gora, euskara gurea, euskara eder eta jakintsu... baño, jakintsuentzat. Euskararen aldeko, gure maitetasuna? zein izariz negurtzeko gai ote da?

Nik ezin dut sinetsi, aberria maite, eta euskaraz ikasteko egin aalak egiten ez duena!

Arrigarri dena! zerbeit lan egin dut euskaraz ikasteko; aspaldian, lan hortan nabil eta badakit, zer-ori buruz, zertaratu naizen.

Ikusia-ikusi. Nola nai dut bestek egin dezaten nik baño geiago, baldin, nik izan ditudan aldi-on eta bide onak ikasteko, bestek ezpadituzte!

Gaur, ilun aldian nindagola, euskarari buruz ere, gogoa ilundu zait eta una, lan untan, ilunduraren nabarmena.

Zer den aatik, nere gogoaren aldaketak!

Ilundurik asi naiz gogoeta itsetan, eta orai, nere lan auxe egin dutalarik, nere baitan diot: euskar lan auxe egiteko gai bederen banaiz; nere gogoeten berri adiarazteko gauza banaiz... orañik; Jainkoari esker ez naiz bertzelatu.

Pablo Fermin Irigarai, Larreko
Eskualduna
, 1935-3-8

 

 

LAXOA

Pilota eta bereziki "Laxoa" dugu Euskalerrian jokorik zaharrena hain segur. Mendietan ikusten ditugu zelaiak "Pilota Soro" deitzen direnak. Horrek erran nahi du lehenagoko denboretan artzainak aritzen zirela pilotan "Laxoan", leku berezi hoietan. Orai ez da holakorik. Artzainen arteko partida hoiek aspaldian suntsitu ziren. Lehenagoko denboretan desafiozko partidak izaten ziren eta gure eskualdean Baztan eta Aldude nor gehiagoka aritzen ziren eta sos ainitz jokatzen zutela. Kontu hoiek badauzkate 100 urte bai segurik. Guk ere ikusi ditugu desafiozko partidak, Elizondo eta Iruritaren artekoak eta bai Doneztebeko eta Bertizaranako pilotari Taldeak Baztandarren kontra sekuleko gudukaldiak egiten zituztela. Lehenago ez zen Txapelketik eta partida guziak ziren desafiozkoak. Orai bai eta badu urte andana bat, Txapelketa egiten dutela, baztandar eta Doneztebe alderdikoak nor-gehiagoka. Aurten ere egin dute Txapelketa eta sekulako errekiste erdietsi du. "Laxoak" irauten du eta jendeak maite du.

Erran dugu lehenagoko denboretan partida izigarriak izaten zirela denak desafiozkoak eta sosa ere purrusteka zabilela. Aipa dezagun duela 150 urte, Gipuzkoar eta Lapurtarren arteko gudukaldia guzien gainekoa izan zena. Kondairak dionez 1847-garren urtean Irunen jokatutako partida famatua. Mundu bat bildu omen zen eta sosa purrusteka zabilela. Gipuzkoarrek (probinziarrek) partida galdu zuten eta bai sos aunitz ere. Bai omen ziren ere "miserian" gelditu zirenak zituzten sos guziak galdurik. Sosa eta azienda ere erabili omen zen desafiozko partida famatu hortan. Lapurdiko Taldearekin bai omen zen Apez baztandar bat. Eztakigu nor izaten ahal zen. Arakatu beharko ditugu hemengo bazterrak ea nonbait ere aurkitzen ditugun bere erroak. Partida huni buruz badira bertsuak eta aski interesgarriak.

Bertsu hoietan apez baztandarraren pertsona aipatzen dute baina ez du erraten ez izenik eta ezta ere zein herrietako den. Ameka bertsu badire eta hemen agertuko ditugu biga.

1
Pilota partida bat Irungo herrian
Probintziarren eta Frantsesen artean
Jaun Apez baztandar bat zen Frantsesekilan
Gidari Gobernador, kuraiarekilan
Etorria urrundik molts-onarekilan
Bitoriaren bila Kaskoinarekilan.

2
Probintzian jendia estimagarria
Gazteria guzia da pilotaria
Orai arte bazuten beti bitoria
Azpitik zadukaten Euskaldun Herria
Bainan orai Frantses bat guti iduria
Baztandar Jaun batekin dute Nagusia.

Mariano Izeta
Herria, 1998ko urriaren 1ekoa



Patxi Petrirena, Euskaldunon Egunkariko euskara arduraduna

Txosten hau Herri Komunikabideei buruz 1998ko azaroan Arrasaten egin ziren III. Jardunaldietan aurkeztu zen.
Txostena, ARKOren, Arrasateko Komunikabideak elkartearen, baimenarekin kaleratu dugu.

 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved