Hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasuna herri aldizkarietan
Ibon Sarasola

Duela hilabete gutxi, Maizpide euskaltegiko kide batzuek ikastaro moduko bat prestatu zuten Euskadi Irratiko langileentzat. Horrelako zerbait izan zen kontua: bakoitzaren akatsak aztertu eta erakutsi eta, jakina, zuzendu. Euskadi Irratiko arduradun batek kontatu zidanez, ikastaroaren hartzaileak nahiko pozik gelditu ziren. "Premia handiena zutenak ez ziren azaldu, jakina" gaineratu zuen.
Uste dut hori dela euskalgintzak une honetan duen arazo latzenetako bat; idazle eta irakasle piloa dugu euskaraz ongi idazten ez duena, baina bere euskara hobetzeko ezer egiten ez duena. Duela hamar edo hamabost urte bezain gaizki idazten dute, edo okerrago, erderakada berriak direla eta. Ikasi zituzten bere garaian ikasi beharrekoak, harrezkero lanen bat lortu dute euskararen inguruan, dela funtzionario, dela irakasle, dela idazle gisa, eta ikasi zutentxoari aski iritzirik planto egin zuten hartan. Ez dituzue horrelakoak hemen ikusiko. Ez dute, jakina, Euskaltzaindiak azken urteotan kaleratu duen arauen eta gomendioen berri. Ezta ere, noski, idaztean egiten ditugun akatsei buruz azken bolada honetan idatzi diren liburuena.
Horiek dira, berez, horrelako saioen premia handiena dutenak. Eta horiek dira, ni bederen, kezkatzen nautenak.

2. 1973 edo, Euskara Batuaren hasi berri hartan, bilera batean, gauza bat entzun nion Piarres Xarritoni erabat harritu ninduena, eta urteetan buruan erabili nuena. Hegoaldeko bi irrati entzuten omen zituen garai hartan, bata bizkaierazkoa eta bestea Donostiako Herri irratia, euskara batuan ari zena; kontua da hurbilagoa eta ulerterrezagoa gertatzen omen zitzaiola bizkaierazkoa.
Urteen buruan hartu dudan eskarmentuarekin ulertu uste dut, azkenean, zer esan nahi zuen, edo, hobeki esan, zer gertatzen den askoren euskara batuarekin: euskalkien arteko aldeak, oro har, axalekoak dira eta, euskaldun ikasi batentzat, ia ezdeusak; baina euskalki horien eta askoren euskara batuaren arteko aldea, aldiz, hizkuntzaren mamiari dagokio. Nabarmen ikusten da hori Gotzon Garate-ren Erdarakadak liburu bikaina irakurtzean. Esapide eta esamolde gehienetan, alde batetik doaz euskalkiak, eta bestetik, arras bestetik, berak salatzen duen euskara batu errotik erdaldundu hori. Liburu horretan ez datorren adibide bat jartzeko, sartaldeko ongi etorri!-tik erronkarierazko onki xin!-era, aldea axalekoa da, hotsei edo hiztegiari dagokiona; aldaera horiek guztiek errotiko batasuna dute, mugagabeak direnez gero. Oraingo askoren ongi etorria(k)! aldiz, marraren beste aldekoa da, arrunt bestelakoa. Kontu honek gorabehera handia du, nire ustez, beherago ukituko dudan puntu batean.

 

3. "Hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasuna" dio hitzaldi honen izenburuak. Hizkuntza zuzena definitzeko orduan denok bat gatozke, "hizkuntzaren arauak betetzen dituena" dela esaten. Dena dela, euskara batuaren historian, bi hitzetan esateko, Euskaltzaidiaren hasierako arauekin -ortografia, deklinabide eta aditzari buruzko arauekin- nahasi da askotan euskara zuzena: horiek betetzen zituenak ongi idazten zuen, besterik gabe. Eta arau horiei begiratzen zieten zuzentzaileek, ia horri bakarrik. Gainerako guztia libre zen.
Bestalde, euskara zuzena eta euskara ona nahasi genituen, eta nahasten ditugu. Gizonak egin dute euskara ona da, literatura tradizioko idazle bikain askok -bizkaitar eta gipuzkoar ia guztiek, gutxieneko kontuan- joskera hori erabili baitute; baina ez da euskara zuzena, estandarrak gizonek egin dute eskatzen duenez gero. Bilbon finkatu zen bere familiarekin esaldiak, aldiz, ez die arauei kontra egiten, baina euskara gaiztokoa da, hori euskaraz Bilbon kokatu zen bere familiarekin esaten delako. Hala ere, lehen esan dugunaren ildotik, gure zuzentzaileek lehena zuzentzen dute eta ez bigarrena.
Horiez gainera, euskara egokiaren kontua dugu. Joxe Ramon Zubimendik Euskera aldizkarian, 1977an, zuzen zioenez, horrelakoa izan behar luke euskara egokiak:

Zurruna -zuzenagatik- izateaz gain, malgua da euskara egokia: mailaz mailako errejistroak eta lekuan lekuko berezitasunak onartu eta bideratzeko bezain malgua; baina txokokeria nahasgarriak gaitzetsi eta zapuzteko bezain zurruna.
Bakarra -zuzenagatik- izateaz gain, anitza da euskara egokia: funtsezko batasunak ez baitu galarazi behar aniztasun oparoa (errejistro, berezitasun eta estilo ezberdinen emankortasuna).
Zehatza -zuzenagatik- izateaz gain, iradokizun-eragile ere izan daiteke euskara egokia: esaterako, literaturan. Poesian badira pasarte ilunak, hala nahita, nahas-mahas adierazitakoak: horiek egokiak dira beren horretan. Horrelakoak argi eta garbi itzultzea, adibidez, oso desegokia da; ez baita "nahi edo behar denaren araberakoa".

Beste era funtzionalago batean ere defini daiteke euskara egokia: oro har, euskaldun ikasiak lehen irakurraldian ulertzen ez duen esaldi bat ezin da izan euskara egokikoa, zuzentasuna edo gramatikaltasuna gorabehera; eta alor jakinetara igaroaz, esaldi bat ez da euskara egokia, dagozkion irakurleek lehen irakurraldian ulertzen ez badute. Esaterako, euskal hiztegi batean irakur daitekeen definizio au: "lursaila itxi, gela, etxe eta abarren murruak eratu nahiz edifizio baten teilatuari eusteko eraikuntza bertikala", euskara gaiztoa da hizkuntzaren alderdi nagusitik, hots, komunikazioaren alderditik, eusteko-ra heldu arte bide okerretik eramaten baikaitu joskerak. Nahiz gramatikak ez, komunikazio beharrak "lursaila ixteko, ... murruak eratzeko ..." eskatzen du hor. Orobat, hiztegi bereko beste definizio hau: "barruko arrenkura, kezka edo amorrua, negarrez zein sentitu eta pentsatzen dena beste pertsona bati kontatuz nerbioak baretu" definizioa, non negarrez.... kontatuz dela maila nagusia konturatzeko bizpahiru irakurraldi behar baitituzu.
Era berean, euskara desegokia iruditzen zait herri aldizkari bateko izenburu honetakoa:


INDUSTRIETAKO HONDAKINAK NORA?
Olioak eta pinturak dira sortzen dituzten hondakin kutsakorrenak

Izan ere, bi edo hiru aldiz irakurri arte ez zara jabetzen bigarren esaldiaren mendeko perpausaren subjektua -hau da, dituzten-en subjektua- industriek dela.
Hortaz, herri prentsako testu bat ez da, berez, egokia izango, dagozkion irakurleek lehen irakurraldian ulertzen ez badute. Adibidez, idazten ari naizen testu hau, ez dakit euskara egokian -hots, zuentzat egoki den euskaran- ari zaidan ateratzen, baina ziur asko euskara desegokikoa izango litzateke euskararen aldetik herri aldizkari batean.

 

4. Terminologia onen arabera -euskara ona, euskara zuzena, euskara egokia- azter dezakegu herri aldizkarietako euskara. Nafarroa edo Bizkaia aldeko aldizkarietan, benetan euskalkian idatziak dauden testuen euskara ona da, oro har; baina ez da zuzena, jakina. "Benetan euskalkian" diot, ez direlako gutxi sartaldeko herri aldizkarietan itxuraz soilik daudenak bizkaieraz. Adibidez:

Diska iazko maiatzean aurkeztu genuen eta berehala hasi zitzaizkigun deitzen. Horrenbesterainoa izango zenik ez genuen planteatzen. Beraz, iazko udaberri eta udan lan eta lan ibili ginen ia gelditu ere egin barik.

Azken barik hori gorabehera, testu hori euskara batuari dagokio erabat, gorago aipatzen genuen euskara batu erdaldundu horri, hain zuzen.
Bestalde, niretzat, testu hau ere ez da bizkaierazkoa:

Bidean arazoak ere izan ziran, batzuk ez eutsoen eutsi partaidetzari (udal erakunde txikiek uko egin eta zama osoa XXeko Udalaren lepoan gelditu zen) eta lehenengoetan dirulaguntza mardula izanda lan-taldekideek ordain-saritxo bat baeben, azkeneko urteetan diru-iturriak moztu egin ditu nabarmen Eusko Jaurlaritzak eta oraingo arduradunek musu-truke diraute hilabetekari bihurtu den aldizkaria argitaratzen.

Nolanahi ere, beherago mintzatuko naiz kontu honetaz.

 

5. Euskara zuzenari dagokionez, zenbait gauza argitu behar dira. Utz dezagun oraingoz "euskararen arauak betetze" hori, gauza aski labaina baita izan ere, eta demagun "Euskaltzaindiaren arauak betetzea" dela, besterik gabe, euskara zuzenaren ezaugarria. Baina zer dira "Euskaltzaindiaren arauak"? Hasierako arauak -ortografia, deklinabide eta aditzari buruzko arauak- soilik hartzen baditugu aintzat, esan behar da aski zuzena dela herri aldizkarietako euskara. Kontuan izan behar dugu, ordea, Euskaltzaindiak araugintzari ekin diola berriro 1992az gero, eta 86 bat arau berri eman dituela harrezkero. Eta, jakina, arau horiek betetzen ez dituzten testuak ez daude euskara zuzenean idatziak. Hortaz, esan behar da herri aldizkarietako testu askok, gaur egun, akats ugari dituztela zuzentasunaren aldetik. Hona, akats horietatik, maizen aurkitu ditudanak.

- konpondu asmoz eta kidekoak, ez dira euskara zuzena: konpontzeko asmoz eta kidekoak erabli behar direla esaten du Euskatzaindiaren arauak. Beste kontu bat dira konpondu asmo dut hori bezalakoak, erabat zuzenak direnak
- guzti hau, guzti hartan eta kidekoak, ez dira euskara zuzena: hau guztia, hartan guztian eta kidekoak -edo hau guztiau, horiek guztiok eta kidekoak- erabili behar dira Euskaltzaindiaren arauaren arabera.
- eman aditzari dagokionez, galera handia eman zen, ez dira baldintza egokienak ematen eta kideko joskerak, ez dira euskara zuzena: galera handia gertatu zen, egoera ez da egokia erabili behar dira Euskaltzaindiaren arauaren arabera.
- dagokionean, denborazkoa ez denean, ez da euskara zuzena: horri dagokionean eta kidekoak ez dira zuzenak: horri dagokionez eta kidekoak erabili behar dira Euskaltzaindiaren arauaren arabera; dagokionean egiten du lan eta kidekoak zuzenak dira, jakina.
- batetan, batetarik, batetara, batetako, ez dira euskara zuzena: batean -edo baten-, batetik, batera, bateko erabili behar dira kasu guztietan.
- batzu, batzuren, batzutan... ez dira euskara zuzena: batzuk (batzuek nork kasuan), batzuen, batzuetan erabili behar dira kasu guztietan.
- kontutan hartu ez da agertzen Euskaltzaindiaren euskara batuko hiztegian, bai, ordea kontuan hartu.
- betirako baino zuzenagoa da betiko, are adizlagun gisa, bakea orain eta betiko eta kideko esaldietan, Euskaltzaindiaren arauaren arabera.
- ezagutu ez da euskara zuzena zerbaitek hazkundea ezagutu; hemen beti ezagutu izan da bola-jokorako zaletasuna eta kideko joskeretan: zerbaitek hazkundea izan; hemen beti izan da bola-jokorako zaletasuna eta kidekoak erabili dira beti euskaraz horrelakoetan.
- langilegoa, entzulegoa, irakaslegoa ez dira euskara zuzena horien bidez giza multzoak adierazi nahi denean: langileria, entzuleria, irakasleria erabili behar dira, edo langileak, entzuleak, irakasleak, besterik gabe.
- burutu ezin da euskara zuzenean "realizar" erdarazkoaren kide gisa erabili -horretarako egin eta abar ditugu-, "amaitu"-ren kide baita, besteak beste.
- islada, atxekimendu, amankomun, filme, diska, motore eta beste hainbat, ez dira euskara zuzena: isla, atxikimendu, komun, film, disko, motor eskatzen du eskara zuzenak.

Ildo beretik, egunen batean esan beharko du zerbait Euskaltzaindiak euskara batuak pairatzen dituen beste zenbait izurritez, desberdin / ezberdin ditxosozkoaren izurriteaz adibidez, herri aldizkariak erabat hartu dituena:

Herri mailan helburu desberdinak lortzeko borroka armatuak duen balio eta erabilgarritasunaren pertzepzio desberdinak.
Pilota klase bakoitzak ordea, neurri eta pisu ezberdinak ditu.

Edo Juan Gartziak arrazoi osoz berberismo esaten diona:

Berauetariko batzuk suaren eraginez gaua beraien etxeetatik kanpo pasa behar izan zutelarik.
Egia da egoera kezkagarri honen errua ez dela erabat herri aldizkariena eta idazleena, baina uste dut badutela zer eginik herri aldizkarien arduradunek alor horretan. Beherago mintzatuko naiz horretaz.
Beste kontu bat dira herri aldizkarietan noizean behin -batez ere aldizkari jakin batzuetan- agertzen diren zenbait testu, inondik ere onargarriak ez direnak:
Azken aldiotan sariak jasotzen hasi da [XX artista], eta panorama on bat datorkiola esatea ez da hain arriskugarria. Gure aldetik zorte ona edukitzea besterik ez zaigu geratzen.
Egunak oso tristeak dira orain, zeren eta oso azkar iluntzen du. Horrek etxera azkarrago itzultzea suposatzen dizu. Lasai egon, zeren eta familiartean egoteak on egingo dizu tximinearen ondoan.
Hainbesteren artean aukeratu ditudan bi hauek bereziki kezkagarriak iruditzen zaizkit, "Udal Euskara azpibatzorde" bateko kideek "onduak" baitira. Norbaitek zerbait egin behar luke horrelako lotsagarrikeriak eragozteko.

 

6. Testuen egokitasunaren kontua labainagoa da, jakina, herri aldizkarien irakurleriaren auzia tartekatzen baita, eta iralurleen mataza ez baita askatzen erraza.
Dena dela, bada kontu bat, oraingoz -Euskaltzaindiak arau gehiago ematen ez duen artean- egokitasunaren arloan aztertu behar dena. Har dezagun, milaren artean, egungo euskaran -eta herri aldizkarietakoan, jakina- barra-barra agertzen den esapide bat: normalean. Esapide hori ez da inoiz agertzen gure tradizioan, ez ahozkoan ez idatzian. Erdarazko 'normalmente'-k eragindako normalki "kalko"-aren kide "jator" gisa asmatu zen normalean euskara batuan. Baina oraindik ere, euskaraz ongi mintzatzen den herri xeheak, erdararen gehiegizko eraginik ez duten eta ikastolatik pasatu ez diren euskaldun petoek jeneralean esaten dute; eta horren kide jasoa gehiene(t)an izan da. Jeneralean horrek, gainera, badu tradizioa herri euskaran: Perro Errotak, Txirritak eta Uztapidek erabili zuten, besteak beste. Hala ere ikastolakumeentzat erderakada baztergarria da, normalean ez bezala, eta badut susmoa herri aldizkarietan noizean behin agertzen diren pertsona adindunekiko elkarrizketetan ez ote den jatorrizko jeneralean bat baino gehiago normalean ipiniaz "zuzendu".
Ehunka dira jeneralean bezalako esamolde, esapide eta joskerak, oraindik ere egiazko herri euskarak atxikitzen dituenak. Ez al dira herri aldizkariak, hizkuntzaren egokitsunaren izenean hain zuzen, herri xehearen euskara hori aintzat hartu behar dutenak?

 

7. Herri aldizkarien eztabaida nagusietako batera garamatza kontu honek: zer toki behar du herri aldizkarietan tokian tokiko euskarak, eta oro har euskalkiak? Euskalki testuak zein itxuratan eman behar dira?
Nik dakidanez, Aretxabaletako idazkera liburutxoa da auziaren alde teorikoa gehien landu duena. Hortaz, baliagarria gerta daiteke eztabaida bideratzeko. Horrela azaltzen du liburutxoak auziaren mamia:

Funtzino lokalean be estandar nazionala erabili behar ete da? Eta erabili behar da zenbateraino moldatu behar du lekuko hizkerara? Zenbateraino hartu kontuan azpieuskalkien egoera eta gure hiztunen irakurgaitasuna?

Aretxagazeta-ren irakurleen deskripzio hau egiten du gero:

- Gure eskualdeko azpieuskalkian egiten dute berba gehienek.
- Erdiak inguru alfabetatu barik daude gure hizkuntzan.
- Gehienek erdaraz samurrago irakurten dute.
- Askok, kostatu egiten zaielako, baztertu egiten dituzte euskerazko irakurgaiak.

Ondorioz, bitariko formula bat proposatzen du: hitz bitan esateko, grafia eta morfologia estandarrarenak izango dira Aretxabaletako herri aldizkarian, baina "lexikoa eta sintaxia Aretxabaletako euskerarenak".
Niri, esan dezadan lehenbailehen, ez zaizkit gogoko bitariko formulak, desabantailak abantailak baino askoz handiagoak bide direlako horrelakoetan nire ustez.
Hasteko, herri guztietan gazte jendea alfabetatua dago, oro har, eskolaren bidez; adineko jendea da -oro har, hori ere- euskaraz irakurtzeko ohituratik ez duena. Hortaz, ez da ekonomikoa guztiei inposatzea gehienera jota ere erdiei soilik onuragarria -agian- gertatuko zaien eredu nahasi bat.
Bigarrenik, ez dut uste euskarazko irakurgaien zailtasuna axaleko kontu horien mendean dagoenik -eta are gutxiago Aretxabaletan, non gutxienez azken berrehun urtetan gipuzkera izan baita hizkuntzaren goi errejistroa, pasiboki bederen denek ezagutzen zutena-. Zailtasuna sakonagoa da, arroztasuna delako gehienbat. Baina arroztasuna ez da konpontzen, nik uste, joan-en ordez fan ezarriaz: zein da euskalduna joan pasiboki bederen ezagutzen ez duena? Are gehiago: alde horretatik, fan idatzia ikusteak kontrako eragina izan dezake hiztunarengan, fan ziur aski txokokeriatzat baitauka.
Hirugarrenik, aski malgua da Euskaltzaindiaren azken urteotako araugintza, eta estandarra hautsi gabe onartzen ditu Aretxabaletako idazkera liburutxoa-n eskatzen diren hainbat gauza, hala ei da, eurak izan dira, guretako, gura duzun moduan, esaterako; are gehiago, delako liburuxka baino "ausartagoa" da Euskaltzaindia zenbait puntutan herri txiki baten bizi da onartzean, adibidez. Eta Aretxagazeta aldizkariko praktikari begiratzen badiogu, Euskaltzaindiaren estandarra hurbilago dago aretxabaletar petoen hizkeratik, han ikusten diren hainbat gauza baino: geroago hurbilago dago aretxabaletar petoen hizkeratik aldizkariko beranduago baino, eta orobat hamabi urteko aldizkariko hamabi urtetako baino, tortilla, tortila baino, ondoren, jarraian baino, irudi, imagina [sic] baino, honezkero, honezgero baino, disko, diska baino, antzina, aintzina baino, nagusien proba, nagusien froga baino, lapiko baten, lapiko batetan baino, doan, dohainik baino, gehienean, orokorki baino, haiekin komunikatzeko, beraiekin komunikatzeko baino, erromeria datorren domekan egingo da, erromeria datorren domekan ospatuko da baino, kanpai doinuen erakustaldian, kanpai doinu desberdinen erakustaldian baino, aldaketa izan, aldaketa jasan baino, eguraldiak galarazten ez badu, eguraldiak ekiditzen [sic] ez badu baino... Eta idazkera liburuxkako euskarari dagokionez, noizdanik erabiltzen dira Aretxabaletan kontutan hartu, edo fidel eta fideltasun? Ez al dago aretxabaletarren hizkeratik askoz hurbilago leialtasun?
Izan ere, horrelako formula nahasiek praktika dute alderik txarrena. Ez dugu ahaztu behar estandar erdaldundua baizik ezagutzen ez duen gazteen eskuetan gertatzen dela teoria praktikara eraman behar hori, ehunetik laurogeita hemeretzitan. Goitik behera eta arreta handiz aztertu dut Aretxagazeta-ren ale bat, 1998ko maiatzaren 14koa, eta esan dezaket nabarmena dela idazkera liburuaren esaten denaren eta testuetan irakurtzen denaren arteko aldea. Aurreko paragrafoko adibideez gainera, ale horretakoa da, esate baterako, gorago ere aipatu dudan testu hau

Diska iazko maiatzean aurkeztu genuen eta berehala hasi zitzaizkigun deitzen. Horrenbesterainoa izango zenik ez genuen planteatzen. Beraz, iazko udaberri eta udan lan eta lan ibili ginen ia gelditu ere egin barik.

Izan ere, adineko euskaldun petoak horrelako testu baten aurrean sentitu behar duen arroztasuna ez da kopontzen munduko barik guztiekin ere. Sakonagoa da kontua, lehenago esan dudanez, esaldiaren antolaketari dagokiona baita gehienbat.

Ikus ditzagun orain hiru testu hauek:

Jeneralean karobia leku harritsuaren inguruan egiten zen apropos, harriak ekartzen beharrik ez hartzeko. Bestela kanpotik ekarri behar, idiak eta gurdia hartuta. Inguruan badira leku asko karobiak egondakoak.

Sugaia sartzeko arku formako atetxo bat eukitzen zuten karobiaren oinean, ataka; laguna baino txikitxuagoko zulo bat izaten zen. Ataka azpian, berriz, karobi batzuek kainutxo bat eukitzen zuten hautsa ateratzeko.

Aitak Goizeko izarra izeneko arrantzuntzia zeukan, eta gaztetan berari laguntzen ibiltzen nintzen antxoak eta sardinak harrapatzen. Bateko barkoan, besteko pilotalekuan, horrelaxe ibiltzen nintzen gaztetan. Eskolara, Lekeitioko Nauticara, askotan gabaz joan behar izaten nuen.

Hiru testuok adineko euskaldun petoenak dira eta herri aldizkarietatik atera ditut. Lehenengo biak neuk ipini ditut estandarrean, eta hirugarrena horrelaxe zetorren, nahiz eta Oñatin bizi den lekeitiar batena den. Ez dut uste euskaldun petorik dagoenik gauzak esateko modu hori arrotz gertatzen zaionik. Eta uste dut argi dagoela testu horiek, axaleko kontuak alde batera utzita, bizkaieraz daudela.
Gorago ere aipatu dudan testu hau, aldiz, batuan dago niretzat:

Bidean arazoak ere izan ziran, batzuk ez eutsoen eutsi partaidetzari (udal erakunde txikiek uko egin eta zama osoa XXeko Udalaren lepoan gelditu zen) eta lehenengoetan dirulaguntza mardula izanda lan-taldekideek ordain-saritxo bat baeben, azkeneko urteetan diru-iturriak moztu egin ditu nabarmen Eusko Jaurlaritzak eta oraingo arduradunek musu-truke diraute hilabetekari bihurtu den aldizkaria argitaratzen.

Niretzat, aditzak bizkaieraz jarri zaizkion euskara batu gordin samarra da goikoa. Ez dut esaten gaitzesgarria denik idazteko era hori, baina Bizkaia aldeko euskaldun petoei arrotz gertatu behar zaie ezinbestean. Hortaz, testuak ez du ezer "irabazten" bizkaierazko aditzekin eta bai, agian, galtzen.
Testu hori agertzen zen aldizkari berean inkesta moduko bat egiten zen herrikoen artean, "idazkera hurbila / ulerkorra [sic] suertatzen jatzu?" galdera zuena besteak beste. Erantzunak nahiko sintomatikoak ziren: gazte jendeak "ez dugu inolako arazorik bertan dagoena ulertzeko", "edukinak ondo ulertzen dodaz" erantzuten zuen, baina "pentsiodun" batek "niretzako gatxa da ulertuteko" aitortzen zuen; 25 urteko batek, berriz, "bizkaieraz atalen bat egon behar litzake, jende nagusiarentzat ulergarriagoa izan daiten" esaten zuen: antza denez, goikoa bezalako testuak ez zeuden neska horrentzat bizkaieraz.

 

8. Hortaz, adineko euskaldun petoekin, batez ere sartaldeko hizkeretan daudekeen arroztasun arazoak ez dira, nik uste, barri edo gatxa gisakoen bidez konpontzen. Betiko euskararen baliabideak eta moldeak erabiltzetik etorriko da nire ustez arazoaren konponbidea. Eta betiko molde horiei ez die estandarrak, erabiltzen jakin ezkero, kalterik egiten. Beraz, estandarra erabili behar da herri aldizkarietan nire ustez. Horrek ez du esan nahi orrialde pare bat edo, ezin eman daitezkeenik tokiko euskalkian -ez tokiko hizkeran-, estandarrekoa grafia soilik duela. Oso gai arinak, izkirimiriak edo, izan behar lituzkete orrialde horiek.
Aldizkariaren gainerako orrialdeetan oreka atxikiko nuke gazte jendearen gai eta euskararen, eta herriko euskaldun petoen gai eta euskararen artean. Ahalegina, jakina, bigarren alderdi horretan egin behar da, zeren nahikoa bai baitugu bestela ere gazte jendearen euskara batu erdaldundu horretatik bazterretan. Alta bada, berariazko lana, eta berebizikoa, egin dezakete herri aldizkariek betidaniko euskara erabiltzen duten hiztun onen jardunaren gainean. Lehen esan dudan bezala, euskara batuan emango nuke horien hizkera, eta ahalik eta gutxiena aldatuz, hau da, kontuan izanik hau dela estandarra gaur egun: Euskaltzaindiaren ortografia, deklinabidea eta aditza, eta azken urteotako 86 arauak; eta besterik ez. Ezagutzen dut "zuzentzaile" bat, hau guztia bezalakoak guzti hau bihurtzen zituena euskara batuaren izenean.

 

9. Herri xeheko hiztun onen hizkeraren berreskuratze horrezaz gain, ahalegina egin beharko lukete herri aldizkariek euskara zuzenean -hots, Euskaltzaindiaren arauen araberakoan- idazten. Egokitasunari dagokionez, zailagoaa da, noski, kontua. Dena dela, hor ere urratsak egin beharko dira.
Hau guztia jeneralegia da eta proposamen zehatz bat egin nahi nuke, Katalunian irrati-telebistetan erabiltzen duten sistemaren ildotik.
Aldizkari bakoitzak hizkuntza arduradun bat izan behar luke. Horren betekizuna, argitaragaiak zuzendu baino areago, idazle bakoitzari egiten dituen hutsen berri -eta zuzentzeko moduen berri-ematea izan behar luke.
Aldizkarien zuzentzaile guztiek elkarrekin bildu beharko lukete -hilero, eman dezagun-, arazo latzenak guztien artean eztabaidatzeko eta estrategia komunak bideratzeko.
Herri aldizkarien elkarte edo dena delakoak hizkuntza zuzen eta egokirako bulego bat izan behar luke, Euskaltzaindiaren arau berriak eta beste hainbat material herri aldizkari guztietara helaraziko lituzkeena, besteak beste. Material horien artean bat ikusten dut presakoa: G. Garateren Erderakadak liburuaren laburbiltze bat, erdarakada kaltegarrienentzat aterabideak proposatuko lituzkeena. Adibide bat da, besterik gabe. Uste dut Arrasaten kokatu behar litzatekeela bulego hori.
Ez dut esan nahi hau guztia erabat egin behar denik. Sistemaz ari naiz batez ere. Esaterako, aldizkari ale bateko argitaragai guztiak zuzentzen baino, hobe erabilia iruditzen zait denbora, ordu horiek berak idazle baten akatsak azterten eta zuzentzen ematen badira. Ildo beretik, hiruzpalau -edo bizpahiru- arduradun soilik badaude hilero -edo urtean lautan- elkarrekin biltzeko prest, ez da gutxi: gutxiago da ezer ez egitea.

 

10. Hasi naizen bezala bukatu nahi dut. Badakit azken urteotan nire Euskara batuaren ajeak bezalako liburuak direla medio, hainbat jendek "presiopean" sentitzen duela bere burua. Nik bederen ez dut ezer euskaraz gaizki idazten duenaren edo hainbat huts eta erderakada egiten dituenaren kontra. Akatsik ez duela uste duena, ikasi nahi ez duena da kezkatzen nauena. Are gehiago, uste dut ez zaiola jendeari indar larriegirik egin behar bide horretan. Eta bestetik, ezin zaio idazleari hainbat gauza eskatu. Bestek lagundu behar dio, neurri batean bederen, zuzen eta egoki idazteko egiteko horretan.
Beste alde batetik, azken bolada honetan -eta ez naiz ni bekatari txikiena- hizkuntzari buruz ematen zaizkigun horrenbeste kontseilu, argibide, aholku eta proposamen direla eta, bi gauza esan nahi nituzke. Bata, proposamenon egileek esaten dutenaren bermeak eman behar lituzketela, eta aholku edo araugintzan jarduteko ez dela aski norberaren ustean edo gustuan, ezta ere "logikan", eta ezta ere hizkuntza gaitasunean soilik oinarri hartzea. Adibidez, ikusten dut "puntukaria" soilik dela esaten dutenek erakutsi behar lukete nongo hizkeran eta, batez ere, zein autore eredugarritan oinarriturik esaten duten hori, eta frogatu behar lukete hori dela tradizio hoberena. Egia esan, ez dut uste lortuko dutenik.
Eta bigarrena, aholku horien hartzaileei eskatuko nieke ez dezatela edozein gauza sinetsi, azter dezatela proposamen jakin baten atzean zer erabiliera eta zer autore dauden, eta ikus dezatela ea bestela egiten duten autoreek baino hobeak diren horiek. Esaterako, kontatu ziguten asko maite zaitut oker zegoela, oso maite zaitut behar zuela euskaraz; hori ziotenek ez zuten hartu esaten zutena frogatzeko nekea. Hala ere sinetsi genien. Orain, Orotariko Euskal Hiztegian hamaikagarren liburukian, maite sarreran, frogatzen denez, askoz ere tradizio hobea du asko/anitz maite zaitut esaldiak oso maite zaitut delakoak baino. Ez dakigula berriro horrelakorik gerta.


Ibon Sarasola, euskaltzaina.


Txosten hau Herri Komunikabideei buruz 1998ko azaroan Arrasaten egin ziren III. Jardunaldietan aurkeztu zen.
Txostena, ARKOren, Arrasateko Komunikabideak elkartearen, baimenarekin kaleratu dugu.


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved