Diseinuaren kalitatea nola hobeto daitekeen
da ponentzia honetan jorratuko den gaia. Horretarako hainbat elementu aztertuko
ditugu, hala nola:
- Edukien eta itxuraren arteko orekaren beharra.
- Herri-prentsan diseinuaren arazoak.
- Diseinuari garrantzi nahikorik ez.
- Diseinatzailearen profila.
- Hezkuntza egokia eta baliabide falta.
- Diseinua eta talde lana.
- Talde-harremana indartu.
- Diseinuaren zergatiak ezagutu eta adostu.
- Taldean lan egiteko modu berriak bilatu.
- Sorkuntza eta arauen arteko jokoa.
- Argitasuna eta apaltasuna.
- Arrasate Press astekariaren diseinua.
- 1988ko lehenengo zenbakia.
- 1990ko moldaketa. (77. alea).
- 1992ko moldaketa. (164. alea).
- 1996ko birdiseinua. (339. alea).
- Azaletan apostu berezia.
- Diseinuaren kalitate kontrola.
- Ondorioak.
- EDUKIEN ETA ITXURAREN ARTEKO OREKAREN BEHARRA
Garbi dago prentsa idatziaren edozein euskarritan ez dagoela kalitatedun
produktua argitaratzerik, bertan idatzitakoa kalitatezkoa ez bada, hau
da, edukiak ez badu interesik. Ulergarria ez bada, argitalpena ez da ona
izango.
Denok dakigu aldizkari batean eduki onak argitaratzeko zer behar izaten
den, batez ere: "kazetari onak". Eta "kazetari ona"
izatea zer den argitzerakoan ere, gehienok bat etorriko gara definizioarekin:
pertsona independientea, argia, ausarta, ingurua eta helburu-taldea ondo
ezagutzen dituena, hizkuntza menperatzen duena, etab, etab. Beraz, pentsatzekoa
da horrelako kazetariek idatzitako informazio testualaz aldizkari ona izango
dugula. Baina hori, harritzekoa bada ere, ez da beti horrela izaten.
Prentsa idatzian ezin dugu ahaztu edukia eta itxura zenbateraino dauden
lotuta. Informazioa interesgarria eta ulergarria izan behar da, baina erakargarria
ere izan behar da, derrigorrez. Bi dira, beraz, eta ez bakarra, kalitatedun
aldizkari batek bete behar dituen baldintzak:
1) Argitaratutako informazio testuala ona izatea, hau da, interesgarrarria,
ulergarria
2) Edukia modu egokian aurkeztua izatea, hau da, itxuraz erakargarria izatea.
Kalitatea zentzu zabal batean ulertu behar dugu. Eta borobiltasun hau,
"kalitate oso" hau, prentsa idatzian edukiaren eta itxuraren
arteko ezkontzan oinarritzen da.
Oso kritikoak izaten ohi gara aldizkarietan argitaratzen diren informazio
testualarekin (Nahiko argiak edo zuzenak ez direlako, akatsak dituztelako
)
eta, sarriegi, bigunegiak testu horiei ematen zaien tratamendu formalarekin.
Azkenaldian, euskaraz idatzitako herri-aldizkarien itxura asko hobetu bada
ere, oraindik nahiko eskasa da orokorrean. Badira salbuespenak, jakina,
baina orokorrean diseinuak ez du behar duen maila lortu gure artean. Arazo
hau, beste batzuen artean, herri-aldizkarietan oso zabalduta dauden fenomeno
hauengatik ematen dela uste dut: diseinuari ez zaio behar beste garrantzia
ematen, diseinatzailearen profila ez dago garbi eta azkenik, hezkuntzarako
diru-falta nabarmena izaten da.
- HERRI-PRENTSAN DISEINUAREN ARAZOAK
- Diseinuari garrantzi nahikorik ez.
Aldizkari berri bat argitaratu behar dela erabakitzen denean, normala denez
"fisikoki" ateratzeari ematen zaio garrantzirik handiena, baina
itxura aldetik benetan erakargarria egiteko ahaleginari denbora gutxiegi
ematen zaio. Aldizkariak izango duen itxuraz eta itxura horren zergatiaz
ezer gutxi hitz egiten da. Batetik, erdi-purdizko itxura izanda ere, euskaraz
izaki, euskaldunen artean ustez, ongi etorria izango delako, eta bestetik,
pentsatzen dugulako jendeak diseinuaz ez duela ulertzen, ia berdin izaten
zaiola zer-nolako presentzia izango duen aldizkariak. Hori bai, "polita"
izan dadin nahi izaten dugu, baina egia esateko, ia edozer gauzari esaten
diogu "polita" izatea.
Gure aldizkarietako diseinuari garrantzia ematen ez diogunean, gutxienez
bi akats egiten ditugu:
1) Euskaraz izanik dena barkatuta dagoela pentsatzea.
Zelabait ere, ez dugu kontuan hartzen euskaldunok kalitate osoko produktuak
jasotzeko dugun eskubideaz gain, dugun benetako beharra. Agian, gure inguruetako
beste herri batzuek baino behar handiagoa, euskara hutsez ditugun erreferenteak
oso gutxi direlako: nazio mailako telebista kate bakarra, egunkari bakarra,
informazio orokorreko astekari bakarra, zientzia aldizkari bakarra, herri
bakoitzean herri-aldizkari bakarra
, gure artean ez dago konpetentziarik
eta bakarrak garenez, ez gara nahiko ahalegintzen. Nire ustez, kontrakoa
izan beharko litzateke: bakarrak garelako, onak izateko obligazioa dugu.
Gure irakurleak ezin dira gugana etorri gure argitalpenak euskaraz direlako,
onak direlako baizik. Gure "borroka" beste hizkuntzetan egiten
diren goreneko medioen kontra dago. Erronka, helburu modura, hizkuntza
normalizatuetan idatzita dauden aldizkariak baino hobeak izatea da.
2) Uste izatea irakurleak ez direla itxura onaz edo txarraz jabetuko.
Hau modu inkonziente batean bada ere, irakurlea gutxiestea da. Agian jendeak
ez du gustuko den aldizkari baten zergatia adierazteko gaitasunik izango,
baina produktua erakargarria suertatuko zaio edo ez, hori horrela zergatik
den esaten jakin ez badaki ere. Diseinu on batekin bakarrik lor dezakegu
aldizkaria erakargarria izatea eta irakurlea bigarren fase batera pasaraztea,
hau da, informazioa irakurtzera.
Diseinuari garrantzia ez emateaz gain, herri-prentsak jasan behar izaten
duen beste arazo bat indefinizioarena da. Sarritan ez dago garbi aldizkaria
diseinatzeko pertsona egokia zein den, hau da, diseinatzailearen profila
edo hobeto esanda, albisteak diseinatuko duen pertsonaren profila ez dago
garbi, eta ondorioz, diseinua bera kaltetua suertatzen da, produktua bera
ere perfilatu barik ateratzen delako.
- Diseinatzailearen profila.
Gaur egungo diseinu-lanak aurrera ateratzeko orduan, garbi dago jardun
behar dugula teknologiarekin eta informatikarekin elkarlanean, baina ez
da hau prentsa-diseinuan kontuan izan behar den ikuspegi bakarra.
Inork gutxik pentsatuko luke kazetaria izateko nahikoa dela makinaz idazten
jakitea, garbi baitago idaz-makina erraminta hutsa dela. Baina aldiz, samurrago
pentsa dezakegu diseinatzailearen posturako ordenagailua ondoen ezagutzen
duen pertsona dela aproposena, eta hori ez da guztiz zuzena, ordenagailua
ezagutzea eta programa informatikoak menperatzea guztiz beharrezkoa diren
arren, ez da nahikoa, diseinuan ere ordenadorea erraminta bat delako. Ordenagailua
ondo erabiltzen jakitea ez da garrantzia duen gauza bakarra, ordenagailuarekin
zer egin nahi dugun eta nola lortuko dugun dira benetan inportanteak.
Gutxienez, hiru jakintza-atalekin izan behar du harremana:
1. Kazetaritza. Irizpide periodistikoak izan behar ditu. Orriaren iherarkia
kontuan izanda lan egin, tipografiaren ezaugarriak menperatu, argazkigintza
ezagutu behar du
2. Estetika. Irizpide estetikoak behar ditu. Bolumenen konposaketa zaindu,
koloreen teoria ezagutu, irakurgarritasuna kontuan izan
3. Teknologia. Bere lanarekin lotuta dagoen teknologia kontrolatu behar
du.
Labur esanda, kazetaritza, estetika eta informatikaren arteko jokoan eroso
mugitzen jakin beharko du diseinatzaileak.
Gure hurrengo puntua oso lotuta dago profil garbi baten faltaren arazoarekin:
formakuntza eta baliabide nahiko eza.
- Hezkuntza egokia eta baliabide falta.
Ez dugu ezer asmatzen diogunean herri-prentsan hezkuntzari eskaintzen zaion
arreta eskasa dela eta murritzak horretarako apartatzen diren diru partidak.
Kazetariek, publizistek, administrazio langileek, denek jasan behar izaten
dute estutasun ekonomikoa eta formaziorako diru eskasi hau, baina diseinuaren
kasuan, modak, estetika eta jendearen gustua hain azkar aldatzen den gizarte
honetan, egunerokotasun eta formazio falta hori oso nabarmen geratzen da
gero argitaratzen diren aldizkarietan.
Ekipamenduen aldetik, esku artean dauzkagun tresna informatikoekin egin
behar izaten dugu lan, askotan tresna zaharkituekin: kolorea tratatzeko
nahiko ahalmen ez dutenak edo puri-purian dauden efektuak egiteko gauza
ez direnak; eta bestetik, kontsultarako materialen aldetik, ia inongo laguntza
barik: ez libururik, ez aldizkaririk, ez CDrik
horrelakoetarako ez
da ia inoiz dirurik iristen.
Ditugun arazo batzuk ikusita gero, diseinua hobetzeko eta behar duen tokian
jartzeko eman daitezkeen hainbat aurrerapauso ikusiko ditugu ondoren. Batez
ere, taldearen antolaketarekin eta dauden baliabideen aprobetxamendu egokiarekin
zerikusia dutenak zehaztuko ditugu.
- DISEINUA ETA TALDE LANA
Aldizkari hobeak zentzu zabalean (hobeto idatziak, erakargarriagoak, interesgarriagoak,
etab.) eta konkretuki itxurosoagoak argitaratu ahal izateko, oso beharrekoa
da, herri-prentsan gertatzen diren lan egiteko hainbat ohitura aldatzea.
- Talde-harremana indartu.
Lehenik eta behin, erredazio taldearen harremana indartu eta estutu egin
behar da, eta hemen jorratzen ari garenaren haritik, diseinatzaileen, publizisten
eta kazetarien arteko harremana borobildu.
Askotan kazetariek ez dute jakiten diseinatzaileon lan egiteko moduaz,
zergatiaz, ezta pasatzen ditugun estutasunaz (bai teknikoak, bai denbora
faltagatik ematen direnak
) eta orokorrean, koordinazio falta nabarmena
izaten da. Bi mundu independiente izango balira bezala egiten da lan: batek
idatzi egiten du albistea eta besteak forma ematen dio, bien artean inongo
harremanik gabe.
- Diseinuaren zergatiak ezagutu eta adostu.
Gauzak aldatu egin behar dira. Erredaktoreek ezagutu egin behar dituzte
aldizkariaren diseinuaren nondik-norakoak: zein da aldizkariaren barne
antolaketa grafikoa, zein orriaren egitura, bereizketa tipografikoaren
zergatiak, zenbat zutabe sail bakoitzean, zergatik atal baten testua zentratuta
eta bestean ez, eta abar, Hau da, talde osoak ezagutu egin behar ditu diseinuaren
zergatiak. Kazetariak jabetu egin behar dira honetaz guztietaz eta ulertu
nolakoa den eta zergatik den horrelakoa beren aldizkaria.
Diseinatzailearen lana eta betebeharrak ez ezagutzeak ondorio txarrak besterik
ez dakar, eta askotan impass egoeretara bultzatzea. Gure artean ugariegi
ematen da diseinatzaileak artikulua luzeegia dela eta moztu egin beharko
dela esatea eta kazetariak ezin dela moztu eta oso-osorik sartu behar dela
erantzutea. Diseinuaren zergatiak beraganatu ez izateak eta arau horiek
guztionak bezala ez asumitzeak, diseinatzailea kapritxoz lan egiten duen
lankidea bezala ikustera bultza gaitzake.
Jakina, diseinuaren arauak denonak bezala jo aurretik, aldizkariaren diseinua,
nolabait, "adostu" beharra dago. Diseinatzaileon ardura da diseinuarekiko
ulermena eta konpromisoa bultzatzea erredakzio taldean. Guztiei ulertarazi
arte jarraitu beharko du bere ahalegin horretan. Diseinua zaintzea aurretik
aipatutako "Kalitate osoa"ren aldeko bide bakarra dela ulertarazi
arte.
Behin aldizkariaren diseinua landuta dagoenean, errespetua zor diogu, eta
denok geure egin haren arauak. Diseinatzailearen lana izango da diseinuaren
"izpiritua" bizirik gordetzea zenbakiz-zenbaki; eta ausartago
izango naiz, behin diseinuaren zergatiak garbi azalduta eta "adostuta"
daudenean, aldizkarien arau grafikoei buruz agintzeko gaitasuna eduki behar
du diseinatzaileak.
- Taldean lan egiteko modu berriak bilatu.
Maketagilea "trenaren azken bagoia" dela eta dagoen materiala
ahal den moduan sartuko duena pentsatzea zeharo baztertu behar den ideia
da.
Lan egiteko modu berriak bultzatu behar dira. Behin aldizkariaren "barne
antolaketa grafikoa" ezagutu eta gero, eskema berrien aukerak aztertu
behar dira: aurre-maketen aukerak erabili, gai berriak proposatzerakoan
posibilitate grafikoak aztertu, albisteak modu grafikoagoan planteatzen
hasi
Hitz gutxitan esanda, indartu egin behar da idazteko modu grafikoagoa eta
aldi berean diseinatzeko modu periodistikoagoa.
Zenbakiz-zenbaki gordetzen diren arauez eta baita hain beharrezkoa den
sorkuntza-lan aldakorraz ere arituko gara ondorengo lerroetan.
- SORKUNTZA ETA ARAUEN ARTEKO JOKOA
Garbi dago diseinua eta maketazioa lan imajinatiboa dela, eta sorkuntzarekin
oso lotuta dagoela, baina aldizkarietako diseinatzaileak albisteak diseinatzen
ari gara, hau da, berriei forma grafikoa ematen jarduten dugu.
Sorkuntza estetikoaren beste atal batzuetan ez bezala (pintura, eskultura
),
non egilearen aukera estetikoak diren garrantzia duten faktore bakarrak,
aldizkariaren diseinuan, sorkuntza pertsonala eta arau periodistikoak nahasten
dira. Hau da, estetikarekin edo "gustua"rekin nolabait esatearren,
beste faktore batzuk sartuko dira jokoan: irakurgarritasuna, tipografiaren
erabilera zuzena, argazkien posibilitate grafikoen eta periodistikoen aprobetxamendua,
etab.
Mario Garcia
prentsa-diseinatzaile amerikarrak esaten duen bezala, helburu-talde espezifikorik
ez duten aldizkariak dira diseinatzeko zailenak eta agian hauetxek dira
gainera, esker txarrenekoak. Guztiz ados nago. Gu "familia osorako"
ari gara diseinatzen eta gainera euskaraz, honek ekar dezakeen traba praktikoaz.
Eta target berezirik ez duten gure herri-aldizkariak diseinatzerakoan,
diseinu-hizkuntza propioa asmatzera bultzatu behar gaitu. Guztientzako
gustukoa, hori posible den neurrian, edo behintzat guztiontzako ez desatsegina
izango den produktua egitera behartuta gaude.
Ezin izango dugu jakineko helburu-taldeei zuzenduta dauden aldizkarien
baliabide grafiko asko erabili (nahiz eta baliabide horiek ezagutzea komeni).
Gure irakurleen artean, umeak, gazteak, edadetuak, irakurtzeko ohitura
handia dutenak eta baita ere bat ere ohitura gabeak daude
denetarik
dago eta behartuta gaude denak kontuan izanda diseinatzera.
Eta nola diseinatu aldizkari bat hain helburu-talde zabalarentzat? Bi ezaugarri
nabarmenduko ditugu: argitasuna eta apaltasuna. Biak, bere neurrian uztartuz
gero, oso emaitza ederrak lor ditzakegu.
- ARGITASUNA ETA APALTASUNA
Argitasuna eta apaltasuna, hauexek dira, espektro zabaleko aldizkari hauek
diseinatzeko ditugun armarik eraginkorrenak. Aldizkari argiak behar ditugu:
behar ez diren konplikazio gabekoak, tipografia indartsuekin eta barietatean
neurtuak, gune zuriak kontuan izango dituztenak eta argazki onekin hornituta.
Ez da bat ere mesedegarria izango, irakurlea laberinto grafiko baten aurrean
jartzea aldizkaria esku artean jasotzen duen bakoitzean.
Eta argitasunarekin batera, apaltasuna. Apaltasunari etekina ateratzen
ikasi behar dugu, maila eta baliabide guztiekin egin daitezke produktu
duinak. Aldizkariak ez dira hobeak barrokoagoak direnean edo teknikaren
azken lorpenen adibideak dituztenean. Aldizkariak, nortasuna dutenean dira
erakargarriak, eta hori ez doa derrigorrez, alarde teknikoarekin lotuta.
Diseinuz sinplea eta samurra izanda ere, izan daiteke aldizkari ederra.
Gainera, praktikotasunagatik, ezin gara sartzen hasi irteten jakingo ez
dugun zuloetan, adibidez, azal baterako collageak egiteko ahalmen praktikorik
ez badugu, hobe da arazoari beste irtenbide sortzaile bat ematea. Diseinuan
apaltasunak oso emaitza onak eman ditzake eta, gainera, nahitaez, gure
artean, apaltasunarekin luze jolasteko prest egon beharko dugu.
Gainera, argitasuna helburu izanda, beharrezkoa da norberaren eta taldearen
mugak ezagutzea (muga teknikoak, kreatiboak, etab), ez mugak ezin direlako
gainditu, kontrakoa, lan egin beharko dugulako muga horiek gero eta urrutiago
jartzen (ikastaroak eginez, tresna berriak erosiz
) baina lagungarria
da hor daudela jakitea eta horrelaxe dela onartzea.
Herri-prentsaren lan baldintzaz, diseinuaren garrantziaz eta arau eta sorkuntzaren
arteko harremanaz aritu eta gero, joan gaitezen Arrasate Press astekaria
hartuta, adibide praktiko batzuk aztertzera.
- ARRASATE PRESS ASTEKARIAREN DISEINUA
Hamar urte pasatu dira Arrasate Press astekaria lehenengo aldiz kaleratu
zenetik. Ordutik ona aldaketa ugari jasan ditu: profesional ugari pasa
da bertatik, tresneria informatikoa berritu egin da, baliabideak osatu
egin dira
zentzu orokorrean, profesionalizatu egin da aldizkaria.
Lotsa barik esan dezakegu, denbora ez dela alferrik pasatu eta urtetik
urtera hobetzen joan garela bertatik pasatu izan garenok. Hobetze lan horretan,
beti kontuan hartu izan da diseinuaren hobekuntzaren beharra.
Arrasate Pressen diseinuaren historian lau dira data aipagarrienak:
- Lehenengo zenbakia 1988ko abendua.
- 1. moldaketa. 1990ko iraila. (77. alea).
- 2. moldaketa. 1992ko urria. (164. alea). .
- Birdiseinua. 1996ko azaroa. (339. alea).
- Lehenengo zenbakia 1988ko abendua.
Autoedizioarekin batera jaio zen Arrasate Press astekaria. Orain hamar
urteko zenbaki haiek 2 Mg. RAM eta 20 Mg.ko disko gogorreko Macintosh
Plus ordenadore txiki haiekin egiten zen. Hasierako aldizkaria oso
pobrea zen forma aldetik eta maketazioa ia egituratu barik zegoen. Orrialde
batzuk aldizkari batekoak baino fanzine batekoak ziruditen. Azala egunkarietakoen
antzekoa zen, argazki txikia eta testu ugari. Tipo mota aldetik ia Helvetica,
Times eta Souvenir bakarrik erabiltzen ziren.
- 1. moldaketa. 1990ko iraila. (77. alea).
Data honetara iritsi arte, etengabe aldaketa eta ikututxoak egin ziren
astekarian, dena zegoen hobetzeko-eta. Atalen izenen itxura txukundu genuen,
agenda nabarmen hobetu, tipografia aldetik Souvenir tipo mota baztertu
genuen
Ordurako azalak aldizkari baten antza hartuta zeukan: zuri-beltzezko
argazki handi bat eta azpian publizitatea, Frutiger Ultra Black letra mota
erabiltzen genuen azaletan.
Baina, 92ko urrian aurkeztu genuen lehenengo itxura aldaketa orokorra.
- 2. moldaketa. 1992ko urria. (164. alea).
"Hau bai miraria, Arrasate Press berria" leloarekin 1992ko
Maritxu Kajoi egunean jendeaurrean aurkeztu genuen diseinu berria. Oraingo
honetan aldaketak sakonagoak izan ziren:
- Izenburuetako tipo mota aldatu zen. Frutiger alde batera utzi eta Franklin
erabiltzen hasi ginen.
- Azala hobetu zen nabarmen. Publizitatea kendu eta argazkia "a
sangre" ateratzen hasi ginen. Oraindik ere azala zuri-beltzezkoa zen.
- Zutabe kopurua 3 zutabetik 4 zutabera pasatu zen, honek aldizkariari
mugimendu handiagoa eman zion.
- Komikia eta sailentzako ilustrazio ugari sartu genituen.
- Agenda, kirolak eta kultura sailak indartu ziren zeharo.
- Filmazio sistema erabiltzen hasi ginen. Trama grisak askoz hobeto geratzen
hasi ziren. Ordura arte, inprimagailutik ateratako kopia erabiltzen zen
gero inprentan erreproduzioa egiteko
- Birdiseinua. 1996ko azaroa. (339. alea).
Hirugarren aroa aldaketa baino iraultza izan zen, 1996ko azaroan kaleratu
zen alean benetako birdiseinua egin zen, alegia, itxuraren aldaketa, filosofiaren
aldaketaren isla bezala ulertuta. Orduan bai astindu genituen aldizkariak
zeuzkan oinarriak:
Planteamendu periodistikoa aldatu genuen. Aldizkaria etorkizunari begira
jarri genuen. Ordurarte "Atzo gertatu zen" bezalako hitzak irakurtzen
ziren askotan eta ordutik aurrera "Datorren astean gertatuko da"
bezalakoak idazten hasi ginen.
- Aldizkariaren ordena aldatu genuen. Interes aldetik orekatu egin genituen
aldizkariaren aurrealdea eta atzealdea.
- Sail berriak sartu eta zeudenak nabarmen indartu genituen.
o Iritzi pertsonalari toki gehiago eman genion, baita albistearen barruan
ere.
- Kolaboratzaile zerrenda ia osoa berriztu zen.
- Publizitatea hobetzeko ahalegin berezia egin zen. Departamentua indartu,
harremana estutu. Aldizkarian publizitatea ordenatu egin zen eta moduluaren
neurria txikitu. Gainera, barrualdean ere kolorearen erabilera bultzatu
zen.
- Sail bakoitzaren estilo liburu moduko batzuk egin genituen albiste
bakoitza non kokatu behar zen garbi jakiteko.
- Zer da Agendarako?
- Zer da Kulturarako?
- Zer da albiste atalerako?
- Tipografian arreta berezia jarri genuen. Ordurarte erabilitako Franklin
tipo familia bera erabilita, baina bertsio kondentsatuan.
- Aurreko diseinuarekiko loturei eusten saiatu ginen. Horretarako tipo
familia berdineko bariantea erabiltzea ere lagungarri suertatu zen. Aldaketa
sakonak egin nahi genuen, baina irakurlea harritu barik.
- Astero auto-kritika saioak egiten hasi ginen.
Birdiseinua, talde-lan bezala ulertuta eraman genuen aurrera eta denok
garbi geneukanean zer nolako aldizkaria nahi genuen, horri itxura ematen
hasi ginen. Itxuraketa gure kasuan, ziklo osoa borobilduko zuen pausua
izan zen.
Orain hilabete batzuk, azken birdiseinu honen haritik beste ikutu batzuk
egin dira: sail berriak sortu, berrantolatu egin da astekariaren egitura
- Azaletan apostu berezia.
Azalak hobetzeari garrantzi berezia eman genion, azala produktuaren aurkezpen-txartela
zela ulertu genuen eta zentzu horretan, gure asteroko erronka zen azal
berri eta deigarri batekin postontzietara iristea, zenbakiro irakurlea
azala ikusteko irrikitan egon zedila zen gure asmoa.
Erreportajea zein izango zen, eta ohitura bezala azalerako gai horren aukera
grafikoak aztertzen hasi ginen asteroko erredakzio bileretan, eta zazpi
egunero azal on baterako elementuak ziurtatzen saiatu ginen:
- Izenburu egoki bat. Oso inportantea, izenburuak indar grafiko handia
daukalako.
- Elementu grafiko indartsuak:
- Argazkietan plano motzagoak erabiltzen hasi ginen.
- Ilustrazioei toki berezia eskaini genien.
- Tipografia modu sortzailean erabiltzen hasi ginen. Diseinatzaileak
hitzak eta irudiak nahasten ditu, baina hitzek bere aldetik ere indar grafiko
handia dute.
- Barruan aurkitu ahal izango den sumario garbia.
Diseinua, dena dela, zenbakiz-zenbaki zaindu behar den gauza da. Erraza
da errutinaren poderioz gauzak lagatzen joatea. Ez dago zalantzarik horrei
aurre egiteko estilo liburuak landu eta kalitatea kontrolatzeko bideak
jarri behar ditugula.
- DISEINUAREN KALITATE KONTROLA
Berriak kontrastatu egin behar diren bezala, eta edukien kalitatea kontrolatu
behar den bezala, berdin-berdin zaindu behar da aldizkariaren diseinua.
Horretarako, kalitatea kontrolatzeko erremintak erabiltzen hasi beharko
ditugu. Kalitatea zaindu egin behar da aldizkaria argitaratu aurretik,
eta behin kaleratu ondoren, kritika saioak egin behar dira akatsak eta
hobetu behar diren gauzak antzemateko.
Ohitura bezala, argitaratu berri den zenbakia kritikatu egin behar da erredakzioan,
hitz egin behar da edukiei buruz eta baita itxurari buruz. Oso modu polita
da hau taldea produktuarekin identifikatzeko eta orokorrean produktua hobetzen
joan ahal izateko kohesioa ere lortzen delako.
Hona hemen, edizioaren kontrola egiteko baliagarria izan daitekeen orri
maisu bat. SNDren (Society For News Design) 17. kongresuan jasotako informazio
batean oinarrituta eginda dago, bertan argitalpena kaleratu aurretik edizioa
kontrolatzeko jarrai daitezkeen hainbat pausu zehazten da.
- ONDORIOAK
Zer egin, bada, herri aldizkarien diseinua hobetzeko? Hona hemen Karl Kuntz,
Kontrol zerrEnda-ren egilearen zortzi gomendio:
- 1. Estilo liburua sortu.
- 2. Jendea eta herria ondo ezagutzen saiatu.
- 3. Hurbiltasuna aprobetxatu. Jabetu zure aldizkariaren abantailez eta
etekina ateratzen saiatu.
- 4. Ikastea lehentasuna bihurtu. Maila antzekoa lortu behar dute diseinatzaileek,
editoreek, maketatzaileek, kazetariek, argazkilariek
- 5. Kritika saioak egin erredakzioan.
- 6. Lortu kontsultarako materiala: liburuak, aldizkariak, egunkariak,
CDak
- 7. Konparatu zure aldizkaria ingurukoekin.
- 8. Onartu eta eskertu ondo egindako lana.
Borandate onenarekin eta ahalegin handiz, Euskal Herriko toki askotan
kaleratu diren aldizkariei pauso koalitatiboa emateko ordua iritsi zaie.
Dagoeneko ezin gara konformatu aldizkaria ateratzearekin, ondo idatzita
eta baita ere ondo jantzita kaleratzeko ordura iritsi gara. Eta hori horrela
izan dadin diseinuaren garrantziaz ere konturatu behar gara.
Oso itxura ederra baina eduki eskaseko aldizkariak "bluff" estetiko
hutsak dira, baina neurri berean, eduki ona dituzten aldizkariak baina
itxura aldetik jasanezinak direnak irakurleak merezi ez duen zigorra dira.
Euskaldunon Egunkariaren kanpainak zioen bezala, biak behar dira: azala
eta mamia.
BIBLIOGRAFIA
"Sistema de retículas. Un manual para diseñadores
gráficos". Josef Müller-Brockmann.
Gustavo Gili argitaletxea.
"The newspapers designer's handbook". Tim Harrower.
McGraw-Hill argitaletxea
Goio Arana, diseinatzailea.
Txosten hau Herri Komunikabideei buruz 1998ko azaroan
Arrasaten egin ziren III. Jardunaldietan aurkeztu zen.
Txostena, ARKOren, Arrasateko Komunikabideak elkartearen, baimenarekin kaleratu
dugu. |