Gabonak, pluralean
dagoen berba bat dugu eta halaxe da. Abenduaren 24ko Gabon Gauetik
hasi eta harik eta Erregeenak igaro arte.
Gaurko honetan, Bizkaia osoko ohiturak barik, Gorbeia ingurukoak
aipatuko ditut, neure "Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak"
liburuko 2.12 atalean batutakoak laburtuz.
Gabonak ospatzeko, gabonkariak behar izaten dira eta, jakina,
gure munduko denpora ez doa alperrik eta horrexegatik, ohiturak
ere aldatuz doaz.
Lehengo gabonkariak, gehienak behintzat, baserrietan bertan lortzen
ziren, esate baterako, txerrikia, zezina, karetako arraultzak,
egaztiak, intxaurrak, eztia, labe-ogia, ortuariak, aza batez
ere, eta abar luzeago bat.
Guzti hori lortuta ere, beti egiten ziren aparteko erosketak
Gabonak ospatzeko, adibidez, orloa, arraina, gozoak, berba baten
esanda, baserrietan lortu ezin zena. Ohituretariko bat Gabon-otzara
da. Baserrietatik, apurka-apurka seme-alabak ezkonduz joaten
ziren eta Gabonetan berriro etorri gurasoenera. Baina, jakina,
lehenagoko familietan etxekadak bizi zitzaizkigun eta ezkondu
eta ume berriak ekartzean, zer? Ba sendia ugaritu egiten zela.
Horrexegatik, gurasoenera zetorren seme-alaba bakoitza, gabon-otzara
eta guzti etortzen zen gero denen artean jateko. Gabon-otzara
hauetan baserrian lortu ezin ziren gabonkariak ekarteko ohitura
zegoen.
Behin gabonkariok itxuraztu eta Gabon Gaua heltzen zenean, errosarioa
errezatu ondoren, afariari ematen zitzaion garrantzia.
Lehengo janarien artean esanguratsuenak bakarrik aipatuko ditut.
Hasteko labe-ogia. Gabon gaueko afaria hasi baino lehen, errezatu
egiten zuen etxeko aititak. Gero, hartu ogia, aiztoaz gurutze
bat egin eta lehenengo ebagiten zuen ogi kuzkurrari mosua eman,
berarekin aitearen egin eta mahaiko mantelpean gordetan zuen
txakur amorratuaren haginkada osatzeko ona zela eta. Lehen platu
bezala, orio-aza zen zabalduena. Orioa dinogu eta ez koipea.
Lehen sukaldaritzan, txerri-koipea edo ganadu-seboa zen orio
ordezkoa, baina Gabon Gauean orioa botatzen zitzaion azari bigilia
gordetzeko. Kopla bat ere badugu orio-aza adierazteko. Hauxe:
"Aite Joaniko seme Periko
zer daukak afariteko
orio-aza gozo gozoa
opil beroagaz jateko."
Gero karakolak tomate saltsan. Janari honek ere, bere arrazoia
du. Lehen Gabon eguna bigilia-eguna genuenez haragi ordezko bat
ipini behar izaten zen. Postreetan ezagunena Intxaur-saltsa zen.
Gaurko adelanturik ez zegoenez almerizean joten zen intxaurra
ehoteko. Intxaurrak direla eta, hainbat gauza konta daiteke.
Esaterako, intxaurra intxaur-saltsa zein aginaldoetarako erabilten
zen. Horretarako zakutoetan ondo gordeta eukiten zituzten zein
umeak jan eta bat ere barik geratu Gabonetarako.
Baina, umeak haragoan ere ume direnez, intxaurrondoa, garauen
mintza arrankaldu eta dariola hasten denean, eratzi egiten da
eta, jakina, umeak zoli-zoli ibilten ziren lehenengo intxaurrak
harrapatu eta jaten. Baina intxaur-mintzaren kortikea oso gatxa
da kentzen eta gure parajean behintzat hauxe esaten ziguten bildurtzeko:
"Loituten badozuez eskuak, badatoz intxaurmantxeruak."
Afalostean, kantatu ere egiten zen baina gehienetan kartetan
ume eta ame goizaldeko orduak jo arte.
Hurrengo egunean, Natibete eguna. Jai handia eleizearentzat.
Goizean, gaueko biharamuna kentzeko, txokolatea egiten zen eta
berarekin barausi, horixe zen Natibete eguneko barauskarria.
Abesti eta guzti egiten zen. Zein? eta hauxe:
"Natibete bete-bete
San Esteban txokolate".
Gabonzarretan beste afari bat. Ezkonduen kasuan, Gabonak batarenean
egiten baziren, Gabonzarrak bestearenean. Janariak antzera.
Baina bada gauza aipagarri bat. Antza denez, Gabonzar gaueko
hamabietan herriko gazteloak astakeriak egiten zituzten. Gurdiak
arboletatik eskegi, bedarmetak apurtu eta holakoak, baina, jakina,
gero gerokoak! Hobe bakean ibili bestela?
Dena den, urte batean, begira nolako broma egin zuten Zeberioko
gazte batzuek han Uriondo auzunean. Gazteok urten zuten gauez,
hartu asto bat eta ermita portaleko kanpai-kateari lotu. Aurreragoan
bedar sikua jarri harrapatu egin ez egiteko distantzian. Eta
zer? Ba, astoa, bedar sikua jan nahian zegoenez mogimendu bakoitzeko
kanpaiotsa ateraten zuela. Eta ene! auzune guztia egon omen zen
buruko ileak artezturik beste mundukoren batzuk ote ziren pentsatuz.
Gabonetan umeak dira pozen bizi direnak, lehen zein gaur. Lehen,
opari aukera gutxiago zegoenez, beste era batera pozten ziren
umeak.
Urteberrietan, etxerik etxe joaten ziren umeak aginaldoa batzen
baina horretarako kantatu egin behar izaten zuten. Hauxe hain
zuzen:
"Urte barri
txarri belarri
daukanak ez daukanari
nik ez daukat eta niri."
Urteberrietako aginaldoa andrazkoena zen. Dirua ere bai, baina
batez ere, intxaurrak, hurrak, mahaspasak, txokolatea, gaztainak,
etab. eskuratzen zituzten. Errege egunean, beste hainbeste egiten
zuten umeek. Gizonezkoei eskatzen zitzaien aginaldoa kanta hau
kantatuz:
"Apalazio zaldune
iru erregen egune
iru erregenetatik zotzak eta paluek
Martin Antonioren kontuek,
Martin Antoniori eroan deutsoz
iru ollada katuek
orrek azurrok batu ezinda
ak darabizan saltuek
saltu ta saltu katuek."
Hona hemen ba, laburbilduz, Gorbeia inguruko gabon-ohiturei
buruzko aipamentxoa. Hauek ohitura hauek, gaurko aitita-amamen
garaikoak dira baina gaur ere etxe askotan bizi bizirik dauzkagu
horiek ohitura horiek, euretariko batzuek sinboliko mailan baino
ez badira ere.
Urteak aurrera doaz eta ohitura asko eta asko zaharkitu eta galduaz,
baina hausnarketa bidean zera esango nuke: gure ohiturekin bat
batera bizikera horren euskara bizi da eta euskararen bizi-euskarriari
galtzen uzten badiogu, nola bideratu etorkizunera? Zergatik ez
dugu zubi-lana egiten gaurkook, lehena etorkizunera bideratzeko?
Gure geure esku dago! 1998 Gabon, 1999 Zorion! Juan Manuel Etxebarria Ayesta, Etniker
taldeko kidea |