Behin eta berriro "euskarari bai" esanez euskaraz bizitzeko
konpromisoa berritzeko tenorean gara euskaldunok. ETAk iragarritako su-etenaren
eta Lizarrako akordioaren ondoren, endemas. Arnasberri euskarak eta euskalgintzak.
Esan beharrik ez euskararik gabe ez dagoela benetako herrigintzarik gurean
eta, haatik, euskarak gure hedabideetan ere duen garrantzia, gizarte euskaldun
eta libre bat eraikitzen laguntzeko. Hau horrela, iduri luke gizarte euskaldun
bat egiteko prest gaudenok inoiz baino argiago jabetu garela gizarte libre
hori egiteko praxian ere elkarrekin batera jokatzearen komenentziaz. Utikan,
beraz, besteak beste, euskara ideologia ezberdinen zerbitzura jartzeko tentazioa
ere.
Euskalgintzaren aldeko apostua hedabideen ikuspegitik aztertzen hasita,
denon artean adostutako proiektu bat gaurkotu beharrean gaude. Gaurkotu
eta bateratu beharrean. Nori zer egitea dagokion esan gabe, soil-soilik
gogoeta orokor batek aurrikusi beharreko asmo nagusia aipatuz, bistan da
elkarlan iraunkor eta oparoagoan jarri behar direla gaurko euskarazko komunikabide
publiko eta pribatuak. Izan ere, multimedia egiturapeko jardunik inork behar
izatekotan euskarazko gure irrati, telebista eta prentsak behar dute bereziki,
hizkuntza sozializatzeaz batera informazio eta entretenimenduaren kontsumoa
ere gizartean gehitu dadin.
Jatorri ezberdinekoak izanik ere, euskararen eta euskalgintzaren zabalkundean
behintzat helburu bereko izan beharko dute euskal hedabideek gizarte osoaren
zerbitzura. Gure hedabide nagusiari dagokionez, nekez uka daiteke EITBren
gaur egungo eredua, ETB 1ena bereziki, birplanteatzeko premia, telebista
moderno eta normalizatuago baten parametrotara egokitzeko. Euskarazko egunkariari
dagokionez, euskal gizartearen aniztasuna kontuan hartuz, euskaldunen arreta
eroso beregana dezaketen albisteetan euskara egoki bisualizatzean legoke
Egunkariaren arrakasta. Irrati ezberdinek, beren aldetik, elkarrekin lankidetzan
burututako espazio eta programa gehiago airera ditzakete euskalki guztiei
irrati-esparru amankomunago bat zabalduz. Orobat, arreta berezia eskatuko
luke erdarazko komunikabideetan euskararen presentzia ugaltzeko ahaleginak.
Oraindik behar bezala landu gabeko arloa dugu hau baina, euskararentzat
arnasbide bat gehiago denez, erdal medioekin adostu eta euskararentzat irabazi
beharrekoa.
Aipamen labur hauek kontuan hartzea aski euskararen hedabideratzeak zabalgune
handiko plangintza baten aurrean jarririk gauzkala ikusteko. Ezin litezke
gure ahaleginak bakoitzak geure txokotik egiten dugun eguneroko lan eta
ikuspegira mugatu; denok ditugu gure interesak baina geure apostua bakarra
da.
Euskaran sinesten dugun ala ez dugun sinesten galdezka daukagun apustua,
hain zuzen ere. Bai baititu bere eskakizunak euskaran sinesteak. Hedabideei
dagokienez, euskararen gaur egungo balio sinboliko eta testimoniala gaindituko
bada, behar-beharrezkoa dugu ohiko jatorrismoan oinarritutako hizkuntza
folklorizatuan geratu ordez, informazio arlorik nagusienetan berriemate
eta mezugintza jaso bat garatzea, kazetaritzaren profesio-ikuspegirik goranahikoenaren
eraginpean beti ere. Gaurko euskal kazetaritzaren erronketako bat horixe
baita: erdarazkoaren itzulpen izateari utzi eta hainbat mezu eta edukiren
zero mailako lautasuna gainditzea; hots, pertsonetan inbertituz eta programa
eta egitura berriak eraikiz, euskal kazetaritza profesionalago bat bere
diseinu, bitarteko eta eguneroko lanketan.
Horrekin batera, ordea, gure irakurle eta ikusentzuleen jakinmin eta
informazio-beharrak zeintzuk diren asmatu behar, sarriegitan egiten baitiogu
muzin komunikazio arloko gure hainbat aukera eta eskaintzari. Gertakizun
honek, audientzien halamoduzko salmentatik urrun, gure komunikabideen gizarte-eragina
kuestionatzera garamatza, nabarmenegia baita gaur gaurkoz komunikazio arloan
gure eskaintza-eskarien arteko kontraesana. Badirudi ez gaudela eskatzen
dugun hura kontsumitzeko prest.
Azkenik, komunikabide bakoitzak euskararen zabalkundea bere eginkizuntzat
hartu eta, ondorioz, euskararen presentzia gehitzen joateko konpromisoari
eustea da euskaran sinesteak komunikabideentzat duen beste eskakizuna. Jakina
da maila eta abiapuntu berean ez gaudela, baina bakoitzak egiten duena edo
egin dezakeentxoa onartu eta aprobetxatzea dagokigu, euskararen aldeko ahaleginak
oro medio bakoitzak duen ideologiaren ikuspegitik baloratzeari uko eginez.
Antton Aranburu |