Ez, ezetz, ezina zaidala, erabat lanpeturik nabilela
eta horrelako leloak esaten ez dakienari suertatzen zaizkio noizpehinka
honelakoak, alegia, beste gai garrantzitsuagoei (¡?) edo lehenagokoei
astia kendu eta beste baten gainean zerbait asmatzen ahaleginak egiten hastea,
eta areago oraindik, ia bertsolariek bezala erdi edo osorik bestek ezarritako
gaiaz, hots, feriez eta liburu salduenez jardun beharra. Eta nik zer arraio
dakit, bada. Argitaletxe handi bateko zuzendariari edo galdetu izan baliote
ere, agian, baina zer arraio esan dezaket honetaz. Tira...bada....baiezkoa
emateagatik.
Hartu dut hiztegi bat, ez edozein, noski. Literaturarekin zer ikusia
duen bat, eta aurkitu dut hitza. Hementxe ageri zait. Irakurri dut zer dioen
eta ohartu naiz ez duela gauza handirik esaten, eta Robert Escarpit-engana
bidaltzen nauela. Ez dakit nola baina Literaturaren soziologia hementxe
daukat. Que sais-je saileko 61. alea da, eta oroitu naiz nola ibili zitzaigun
(zenbaitek zioetenez lehendakari izateko jaioa zenaz, zorigaitzeko beribil
istripu batek gure artetik eraman izan ez balu) duela hogeita hamar urte
juxtu, Rikardo Arregi antzeko zerbait sortu nahiz eta nola bultzatu gintuen
lehen liburuxka idaztera... eta nola gazte belaunaldia ginenok Durangoko
eliza arkupetan hotzak akabatzen egoten ginen liburu ttipi haietxek saldu
nahirik edo.
Ordudanik zenbat ur zubipetik eta zenbat tinta eta odol isuri den!
Urte guzti hauetan, ordea, beti izan dut Durango derrigorrezko eta nahita
nahiezko udazkeneko peregrinazio lekutzat, utzi ezinezko zita legez, egun
batez bederen euskal kulturaren ahots eta zurrunbiloan murgiltzeko parada
eskaini baitit. Bertan, euskal idazleek elkarrekin topo egiteko aukera baitugu,
- gero eta gutxiago, egia esan, hain baita jende multzoa ugaria, non erraz
galdu daitekeen nornahi, eta bestalde, urtetan aitzina goazenok gero eta
ez dakit zuhurrago baina bai otso bakartiago baikara. Dinot, Durangokoa
parada ona izan ohi dela adiskideak agurtzeko, berriak komentatu, liburuak
erosi, trukatu edota oparitzeko.
Neurri batean euskal gizartearen, agian zehatzago litzateke esatea euskal
kulturaren oihartzun bilakabide zen lehen. Orain, aldiz, komunikabideak
hainbeste ugaritu direnean, ez dakit bada zer esan. Ene ustez, handitu eta
zabaldu den heinean murriztu ere egin zaio feriari bere garai bateko eragin
sakon hura. Dena den, badirudi euskal liburugintzak pairatzen duen durangitisaren
eritasuna, - bestela nola deitu euskal liburuaren hiru laurdenak okasio
honetarako prestatzen direla -, sendatze bidean dagoela edo.
Duela urte batzuek Velez Mendizabalek zioskunez, kantitatetik kalitatera
pasatu beharrean geunden eta horretarako azpiegiturak sortu behar ziren,
argitaletxeek mugimendu berriak sortu behar zituzten, behar izanez gero
erakundeek lagundurik... bestetik jendea zaletzeko moduko liburuak behar
genituen, klabe errazekoak... Best-sellers-ak?
Ez dakit. Aitortu behar dut, nere zalantzak ditudala honetaz, eta esango
nukeela batzuetan kontrajarriak daudela bi kontu horiek.
Euskal literaturaren historiari soladi arin bat ematen badiogu, - ikerketa
sakonago bat mereziko luke, noski, harrera gora behera honek -, ohar gaitezke
XIX. mende bukaeran, oker ez banabil, idazki salduenak, prezioaren arabera,
bertso paperak zirela, eta gero egutegiak, almanakak, dotrinak, Santa Jenobebaren
bizitza eta horrelakoak. Mendea pasata, aldiz, azken urteotara begiak zuzentzen
baditugu Gabriel Arestiren Harri eta Herri (1964), Joseba Sarrionaindiaren
Narrazioak (1983), - honek urtero eskaintzen digu urrundik iritsitako best-seller
atseginen bat -, eta Bernardo Atxagaren Obabakoak (1989) eta ondorengo emaitzak
emango nuke direla ezpairik gabe salduenetakoak.
Eta zergatik hauek eta ez besteak?
Heldu diot berriro Escarpit-i. Idazlea eta irakurlea gizatalde berekoa direnean,
baten eta bestearen helburuak bat izan daitezke eta literatur arrakasta
bat etortze honetarik sor daiteke. Bestela esanda, gehien leitzen den liburua
gizataldeak, jendeak esperotakoa adierazten duena dela.
Hala ote da aipatu ditudan hiru obra horietan? Memento bakoitzean gizataldearen
indarren erakusgarri eta oihartzeun izan daitezke, noski, baina zelango
oihartzuna? Argia, iluna, grisa, zaratsua? Konpreni daiteke ongi bere mezua?
Eta noski, esanahi anitza izan dezake...
Baina harreman honetan literatur lanaren barne balioez at, kanpo arrazoiek
badute zerikusi handia, dudarik gabe, eragiten dutenak saldua, - beste zerbait
da irakurria-, izan dadin liburu bat.
Badirudi Francfurt-en, munduan egiten den liburu feria handienean ere
aritu direla best-sellers-ei buruz hitzegiten Arturo Pérez Reverte,
Ken Follet eta beste, eta Albert Zuckermann, honetaz asko dakienak zioela,
Europan liburu gutxi itzultzen direla inglesera, pertsonalegiak direlako.
Badirudi gizonaren barne irudia, barne aberastasuna ez zaiola axola gehiegirik
ingeles irakurle arruntari, eta soilik ekintza, martxa duela maite.
Hala bada, eta beldur naiz gurean ere antzeko zerbait gertatzen ari denentz,
etorkizun beltza du benetan euskal gizarteak.
Patri Urkizu
Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) |