Aurten, lehen aldiz, "Nafarroako Euskal Literatura
Garaikidea" izenburupeko ikastaroa antolatu du Nafarroako Unibertsitate
Publikoak, Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean. Hartan, NUPeko berrogei
bat ikasle, irakasle baten gidaritzapean, gaur egungo zortzi egileren lanak
lantzen ari dira, denak 1997-98 urteetan argitaratuak. Ez dirudi zalaparta
handirik ateratzeko moduko gauza denik, baina, duela hamar urte, ezinezkoa
izanen zen. Seguraski, nekez osatuko zen, NUPen, halako talde ugaria. Are
gutiago delako ikastaroaren antolatzaileek zer aztertua aurkitu; ez, bederen,
horren multzo gizenik.
70. hamarkadaren bukaeran, Joan Mari Torrealdaik, gure kulturaren alderdi
kuantitatiboei eskainitako monografia mardulean ("Euskal idazleak gaur",
Jakin, 1977), "barregarri" zeritzon Nafarroaren presentziari euskal
literaturan. Hogei urte geroago, aurrekoari segida eman beharrez egile berak
eginiko azterketa ez laburragoan ("Euskal kultura gaur", Jakin,
1997), gure letren eremuan herrialde bakoitzak duen pisuaren bilakaera neurtzerakoan,
garbi ageri da Nafarroa hazi dela gehien, ikuspegi erlatibo batetik begiratuta:
hogei urtetan halako bi egin du, nahiz eta kopuru orokorretan (% 3,2tik
% 6ra) gure itzala oraindik sobera ikusgarria ez izan. Apalenetik hasiak
aise egiten du goiti.
Ordutik hona, bada bertze literatur idazle tropa bat, bere lanak berantago
edo monografia horretan islatu gaberik argitaratu dituena. Poetak, bereziki
(Josetxo Azkona, Juan Karlos Lopez Mugertza, Mikel Taberna, Maite Urkia),
baita antzerki-egileren bat ere bai (Xabier Diaz Esarte). Honako 1998 honek
bere azken hatsa eman baino lehen, berriz, hamar-hamabi bat liburu egonen
dira egile nafarren eskutik aurten plazaratuak; mende honetako lehen berrogeita
hamar urteetako produkzio osoa baino gehiago. Eta berriz diot, literaturaz
baizik ez naiz ari; zerrenda are potzologoa litzateke, bertze alor batzuk
ere sartuko bagenitu.
Bitxia da hazkuntza hau. Gizarte faktoreez baliatuz ez da esplikatzen
erraza. Foru Komunitateko erakundeen babesik ez du, eta ez da, Nafarroako
gizarteari dagokionez, hizkuntzaren goititze nabarmen batekin batean heldu.
Hil-lantuak jotzen dizkigutenen damuz, gora goaz hemen, baina apal, ezari-ezarian,
guk nahi baino mantsoago.
Ezustekoa ere bada, frankorentzat. Ez da falta gertaera honi doi-doi
disimulaturiko deserosotasunez begiratzen dionik, gaurdaino hain baliagarriak
izan diren eskemak haustera bailetorren. Eta ez naiz bakarrik kultur establishment
erdaldunaz ari.
Gainera, ez du parekotasunik, kulturaren bertze adierazpideetan, zinemagintzan,
bideogintzan, antzerkian, musikan. Ikusteko handiagoa, noski, hedabideetan
edo itzulpengintzan izandako bilakaerarekin. Idaztearen plazer/sufrikario
bakartiak aiseago kilikatzen ditu, nonbait, egile nafarrak, talde lana eskatzen
duten bertzelakoek baino.
Arestian erran dut. 1998an uzta naharoa biltzen ari gara. Aspaldi diharduten
idazleak: Patxi Zabaleta, Patziku Perurena, Pello Lizarralde, neroni (atrebentzia
ez bada). Berantago argitaratzen hasita ere, abiadan ari direnak: Juanjo
Olasagarre, Jon Alonso (Jokin Muñoz ere bai, honen azken liburua
-hain bikaina, hain isildua- 97koa bada ere). Baita beren lanak argitalpen
bide normalduetan ezagutarazten hasi berriak ere: Isidro Rikarte, Alberto
Barandiaran, Felipe Rius. Erdiek -luze nahiz labur- narratiba dute lan eremua.
Bada saio-egileren bat, generoaren kontzepturik klasikoenean. Gainerakoen
liburuak kazetaritzaren eta literaturaren arteko esparru ez guztiz gardenean
kulunkatzen dira.
Bakoitza bere ukuiluko, neketan atzemanen diegu ezaugarri amankomunik,
eremu geografiko bera partekatzea ez bada. Gehienak hiritarrak dira; bertze
nonahi sortuak izanik ere, Iruña edo Iruñerria dute bizileku
eta, salbuespenak salbuespen, kutsu urbanoz janzten dute beren literatura.
Aunitzek erredakzioetan edo zutabegintzan izan dute lehen probalekua. Deus
harritzekorik ez, Mendebaldeko edozein herri "normalduagotan"
bezala, kazetaritzan trebatzen ari baita -trabatzen?- euskal idazleen hurrengo
belaunaldia, goragoko lerroetako izen andana ere ugarituko duena. Hondarrik,
arestian aipatu guztiez erran daitekeen gauzarik hoberena errateko maneran
gara: gehienak beren onenak eman gabe daude oraino.
Egon erne.
Aingeru Epaltza
Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) |