Eleizaldek, hizkuntza errealitate zabalago eta konplexuago baten barruan
(oro har, "Euskal Herriaren Auzia" deritzon horretan) kokatzen
du. Hala ere, bere garaiko eragile politikoek ez bezala, Eleizaldek "nazio
kontzientzia" esnatzeko asmoz, lehendabizi kulturagaiei (hezkuntzakoei
zein hizkuntzakoei) ematen die lehetasuna. Hona hemen, bere pentsaera azaldu
dezakeen eskema erraz baina argigarria:
Euskal Herria nazioa da zeren eta arraza eta odoleko elementuak amankomunean
edukitzeaz gainera, beste asko baitauzka bereizgarri; argien eta berebizikoena
bere hizkuntza (euskara) da. Dena dela, gizarte eta historiaren gorabeherengatik
Euskal Herriari dagokion guztia txokoratua zegoen. Beraz, beharrezkoa da
geure arrazaren gogoa suspertzea, birsortzea eta berpiztea, batez ere geure
eskolak (ikastolak) sortuz (estatuak ez baitauka ekintza horretan parte
hartzeko trazarik). Ikastola horietan, euskarak irakasbide izan behar du,
euskaraz irakatsi behar da alegia, Euskal Herriaren hizkuntza izateagatik
eta dakartzan abantaila pedagogikoengatik.
Hizkuntzaren auziari (euskararenari) ekin, nazioen teoriaren ikuspuntutik,
ekiten dio. Izan ere, beste nazio-errealitate batzuekin dauzkan harreman
eta ezagutza dauzkala, saiatzen da beti esperientzia eta eredu horietaz
baliatzen baita geure egoerara egokitzen ere.
Alderdikeriaz beteriko irizpide interesatu batzuen kontra aritzen da zeren
eta interes horiek ahalegintzen baitira geure hizkuntza (euskara) dialektoaren
mailara beheratu eta geure nazioa eskualde gisa eratu dadin.
Bestetik, hizkuntzaren arloan soilik, Eleizalderen ardura praktikoa da (euskarak
iraun dezala); horretarako bere berreskurapena eta bere eguneroko erabilpena,
gizartean, premiazkoa da. Aldi berean, burutzen dituen azterketa guztiak
(zientifiko zein ikertzekoak) aipaturiko helburu horri daude begira.
Euskararen kasuan eta dagoen egoera ikusita, "berreraikitzeko"
lanari eman nahi dio, aditza eta gai lexikalak oinarritzat hartuz. Adizkien
"berrezartze" horretan, indukzioz iharduten du, hots, diren eta
erabiltzen diren formak aztertu, amankomuneko hainbat erro atera eta beraietatik
adizki berriak, ordura arte ez zirenak, sortzen ditu. Eleizaldek, adizki
berri horiek literaturan baino ez erabiltzea proposatzen du eta herri-hizkeran
soilik, herriak bereganatzen baditu. Hortaz, Eleizalde sistematizatzaile
dugu, "hizketa" desberdinen metodogile alegia eta horrela aditz-joko
horien ikaskuntza errazagotzen du. Puntu horretan, beraren ekarpen batzuek,
gaur egun ere, indarrean diraute (gaur egun, adizkiak aztertzeko modua eta
Eleizaldek proposaturikoa antzekoa da, baina nomenklatura aldaturik).
Lexikogintzan "galbahetu eta garbitze"ko ahaleginetan ibiltzen
da, euskararen hitzak arrotz edo besteenetik bereiztuz; latin edo grekoetatikoak
baztertuz eta ordezkatuz hasten da, zeren eta euskara besteen familiakoa
ez baita. Azken batean, euskal hitz berriak sortzearekin batera, zenbait
autore klasikorengana (beraren ustez, jakina) jotzen du (P. Mendibururengana
kasu)
Lehen idazki eta argitalpenetan, Arana-Goiri bere "maisu"ari zintzo
jarraitzen diola egia bada ere, are borobilagoa da apurka- apurka bere teoria,
Aranak aldarrikatutako ideia batzuen aspektuetatik urruntzen joango dela.
Eleizalde eta bere lanari buruz eman diren iritziak denetarikoak izan dira;
hona hemen haietako batzuk:
Mitxelenaren ustez, oro har garbizaleek eta Elizaldek batik bat, literatura
tradizioari eta herri-hizkerari bizkar ematen diote logikak horrela eskatzen
badu. Konklusio bat ateratzeko dudarik ez daukate baldin eta konklusio hori
ezarritako printzipioetatik datorrela ematen badu (Esan dugunez, hau ez
da erabateko egia Eleizalderen kasuan, zeren eta adizki errotuak baziren
erabileran, horiexek gordetzen baititu, logikari uko egin behar badio ere).
Urkijok azpimarratu du, Eleizaldek sorturiko hitzak edo adizkiak bereiztu
behar direla, aurreko idazkietan nahiko dokumentatuta zeuden horietatik.
Onaindiak, aditz trinkoa larregi erabiltzetiko gaitzak onartu arren, olerkigintzan
-batez ere- adizki trinkoei ondo deritzo.
Dena dela eta iritziak iritzi, Eleizaldek sorturiko zenbait forma edota
hitz, arruntak dira eta erabiltzen dira edo gramatika- liburuek, behinik
behin, ekartzen dituzte; adibidez, hainbat aditz trinkoren paradigmak ahaleran
eta subjuntiboan.
Honengatik guztiagatik, uste dugu garrantzitsua dela Eleizalde ezagutu,
preziatu eta goratzea, herri honen biografia eta bibliografietan merezi
duen tokia ematen diogula eta berari buruz eman zitezkeen aurriritziak baztertzen
ditugula.
Patxi Orcasitas García, "Juan Mateo Zabala"
euskaltegiko irakaslea |