Trikitixa eta...
Traducción al español del original en euskera
JoseIna Etxeberria

Sakatu hemen trikitixa entzuteko
Euskal Herrian, musika munduan, azken hamarkada honetan ezer asko ez da aldatu Trikitixa adina. Bi hitzetan esateko, izan zenak eta gaur egun denak, guraso berak izan arren edota odol berekoak izan arren, antzik ere ez dute. Kalean elkarrekin ikusita, inor gutxik esango luke senide direla. Hamar urteko aldez sortutako anaia-arreba hauek, lehen ikusialdian ez dago zaku berean sartuko lituzkeenik. Non geratu dira garai bateko bikote guzti haiek? Non ikusten dituzu gaur egun, duela urte gutxi binaka aritzen ziren trikitijole eta panderojoleak? Eta beste aldera begira jarrita, nork ez ditu ezagutzen Tapia Ta Leturia?, Edota Kepa Junkera?, Edota Maixa Ta Ixiar, Gozategi, Alaitz eta Maider, Etzakit, Iker Goenaga?... Hiru Truku taldea bera ere bai, zergatik ez?.... Trikitixa urte gutxian lehena eta orainaren arteko loturarik gabe geratu da.

Ziurrenik ordurako ere zerbait izango zen, soinu txiki eta panderoekin batera ritmo kutxa eta bestelakoak ikusten hasiak bait ginen, bainan saltsa hau dena martxan jarri dutenak Tapia Eta Leturia eta Kepa Junkera izan dira. Gipuzkoatik lehenek, eta Bizkaiatik bigarrenak hamarkada hau hastearekin batera ekin bait zioten zearo akartonatua geratzen ari zen eskema musikal bati hautsa kentzeari. Zentzu horretan Joseba Tapiak eztabaida batzu ere izan zituen, lehiaketa batzuetan, ortodoxoenetan agian, bere proiektu berria sartzen utzi ez zitzaionean. Hamar urtetan, denetarik egin da trikitixa berritu nahi horretan, pauso garrantzitsu eta baikorrak eman dira, gehienak egia esan behar bada, Gozategi, Alaitz eta Maider... Bainan estrapozoak ere ez dira falta izan, Tapia Ta Leturia Band esaterako.

Eta zertan datza aldaketa hori? Zertan aldatu da Trikitixa hamar urtetan? Nik esango nuke garbikeriak alde batetara utzi eta orainarteko bi instrumentuak, beste batzuekin bateratzerakoan etorri dela dena. Fusioa, nahastea, ezkontzea, elkarlotzea, uztartzea da azken urte hauetan musika gehienen norabide berria. Eta gure artean, bakarti ziren pandero eta soinu-diatonikoari, bajo elektriko, sampler, bateria eta bestelakoak gehitu zaizkie, eta batuketa hori musikan biderketa bilakatzen da. Hor dago gakoa, edo gekoetariko bat.

Bigarren gakoa. Mugimendu estilistiko horrek, beste mila aldaketa ekarri ditu. Eskenatokien aldaketa esate baterako. Garai bateko, plaza, erromeri herrikoi, eta kalejirak.... Gaztetxe, hiriko kale eta nazioartera eraman dira. Gaur egungo euskal trikitilariek, Argentina, Uruguai, Kanada, Erresuma Batu eta bestelako lekuetan jotzen dute. Euskal trikitilariekin batera taula gainean folk eta rock munduko izenik handienak ikusi daitezke, eta edozein areto moderno hiritarretan, edozein festa urbanotan, edozein larunbat gauetan entzungo duzu trikitixa soinurik, euskaldunok eta ez euskaldunek dantzatuko dugun ritmo bizi eta eranskorreko piezarik. Eskenatoki aldaketa honek, gero era berean musikan bertan eragin du. Hau da, horrelako lekuetara joateko "betikoaz" gain beste zerbait ere ezinbestekoa zelako.

Nork ez du gogoratzen Maixa Ta Ixiar-en Bexamela Ta Pastela, edota Alaitz eta Maider-en Txanpon Baten Truke. Edota Kepa Junkera-k bere lan berri eta bikoitz honekin, Bilbao 00:00h, lortu duen nazioarteko arrakasta. Bainan hoien harrera komertzialei ezer kendu gabe, agian kasurik bitxiena Gozategi-rena izan zen. Gozategi hirukoaren Nirekin hura, bai ...Emoiztasu Musutxue.. hura. Hizkuntza mugak berehala gainditu zituen harek. Gaur egun egina izan arren, Euskal Musikagintzaren abesti ia herrikoi bat bilakatu arte, Oskorri-ren Euskal Herrian Euskaraz, Itoiz-en Lau Teilatu, edota Benito Lertxundi-ren Nere Herriko Neskatxa..., eta Laboa-ren Haika Mutil bezalaxe.....

 

Euskal zigilu edota etxe diskografiko batzuk, musika horri berebiziko bultzada eman diote eta oraindik ere ahalegin horretan dira. Elkarlanean esate baterako, orainarte aipatutako artista gehienek beren lanak etxe honen eskutik kaleratu bait dituzte. Lehenago Elkar zena besterik gabe, gaur egun Elkarlanean, da trikitixa berri hauen airerik gehienak biltzen dituen zigilua gaurdaino eta hemendik aurrera ere bide horri jarraitzekotan dira nonbait, Etzakit, Iker Goenaga eta bestelakoen lan berriekin....

 

Eta orain, zer pasatzen da betiko trikitixarekin? Kontsumitu behintzat momentu honetan garai batekoaren aldean, erdia kontsumitzen da. Denbora gutxian trikitixa tradizionala, zuen merkatuaren erdiarekin geratu da. Azken hamarkada hauetan, publiko arrakasta haundiz, trikiti eskolek jarraitzen dute betiko oinarri hori erakusten eta irakasten, gero ikasle hoiek baldin badira ere berritzaileenak. Agian zenbait irratitan ere izango dute tarterik aire tradizionalista hoiek, eta zenbait famili eta giro herrikoietan ere ez dira faltako. Horren froga da Tapia Ta Leturia, beren diskorik berrienean nola itzuli diren ortodoxiaren bidetik... Iraultza hau martxan jarri zutenak, orain berriz ere sustraiei begira jarrita. Kontraesana dirudi ezta? Berritzaileenak, iraultzaileenak azkenean tradizionalista. Hala ere nik uste hau, "itzulera" hau, bikote honen egonezinaren adierazgarri bat besterik ez dela. Gehienak dauden lekuan ez daude eroso beraiek. Bainan lehenago esaten genuena, erdira edota agian erdia bainan gutxiagora etorri da betiko trikitixaren tiroia.

 

Eta hemendik aurrerakoak gustoak dira, zaletasunak besterik gabe. Batzuk, zaharrenek bezala gazteenek, honetan ez bait dago edaderik, nahiago dute betiko trikitixa. Nahiago dute pandero eta soinuz bakarrik egindako musika. Hauen hitzetan, gaur egungo trasteekin egindakoa ez da trikitixa gainera. Trikiti instrumentuekin egindako pop, folk, rock ere bai batzuetan edota dena delakoa baizik, eta horren parean, bustidura eta aire berri hauen aldekoak daude, garaian garaikoa egitearen aldekoak, garbikeriak baztertu eta bide berrietan murgildu nahi dutenak. Ondo edo gaizki, hemendik urte batzuetara gu ere hemen izan ginela erakutsiko duen aztarnarik uztearen aldekoak....



JoseIna Etxeberria, Euskadi Gazteko esataria

Soinu edizio digitala: Elena Moreno Zaldibar

 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved