Gaur egun txalaparta izenarekin ezagutzen
dugun soinutresna-ohitura honek baditu Euskal Herrian antzeko
itsura eta joera hartzen dituzten beste aldaerak. Ikus dezagun
orain eta hemen, denak batera azken garaietan izan diren txalapartaren
hiru bertsio nagusiak.
TXALAPARTA-TOBERA-KIRIKOKETA
Bere itxura eta funtzioa ikusiz,
oso zaharra dela pentsatzera garamatza; honela izango da, baina
ez dugu antzinako berririk ohitura honen gain.
Aita Donostia, Manuel Lekuona eta J.M. Barandiaran izan dira,
nagusiki, hiru izenekin (eta hiru modu desberdinetan) agertzen
zaigun soinutresna eta ohitura hauen antzinako aztarnak eta historiari
buruz, berri ematen dizkigutenak. Datu gutxi badira ere, horiei
esker jakin dugu garai bateko txalapartaz dakiguna.
Baina dakigun gehiena, ezagutu ditugun txalapartari zaharrengandik
guk zuzenean jasotakoa da.
Aipatutako ikertzaile horiek idatzitakoetan, ez da garbi ikusten
ez geografikoki ez sozialki, zenbateraino zabaldua zegoen eta
esan dezakeguna zera da: gure mendearen hirurogeigarren hamarkada
bitartean, kultura mailan, bazterturik egon dela eta ez zitzaiola
eman beste soinutresnei eman zitzaien garrantzia.
Ikus dezagun dokumentazio zahar eta zuzenean jasotako ikerketan
txalapartari buruz bildu ahal izan duguna.
Non erabili izan da?
Gipuzkoako Donostia-Urumealdea, Lasarte,
Usurbil, Hernani, Ereñotzu, Urnieta, Altza-Intxaurrondo,
Astigarraga, Ergobia, Andoain, Oiartzun, Orio, Bidania, Elduaien,
Alkiza, Nafarroako Lesaka eta Bidasoa-Baztanaldea izan dira garai
batean ohitura hau ezagutu duten lekuak. Azkeneko garaietan jasan
duen atzerakada kontuan harturik, suposa dezakegu lehenago beste
zenbait tokitan ere ezagutuko zutela.
Beti baserritar inguru edo giroan agertzen da eta bere bizimoduarekin
erlazionaturik.
Hirurogeigarren hamarkadan, bikote
gutxi geratzen ziren eta hauek halako eskualdeetan: Donostia-Urumea
inguruan: Lasarte, Hernani, Astigarraga, Ergobia, Altza,...(txalaparta),
Oiartzun, Lesaka (tobera) eta Bidasoa-Baztanaldean (kirikoketa).
Toki guzti horietan ikasi dugu txalapartaz dakiguna, baina denen
artean, Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar
eta Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko Asentsio eta Ramon
Goikoetxea anaiak izan dira gure berriemaile eta irakasle nagusiak.
Noiz eta zertarako erabili izan
da?
Bi ekintza sozial mota desberdinetan
agertzen da: Auzolanetako eginbeharrekin eta ezkontza ospakizunarekin
lotua, hori bai, beti festa giroan.
Donostia-Urumealdean sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu
dute bertakoek bizirik ohitura hau. Sagarra jotzearen ondotik,
lanean aritutakoek afaria eginez, festa bat ospatzen zuten. Batzutan
afari dotorea izaten zen, bestetan ez hainbeste. Ramon Goikoetxeak
dioenez:"batzutan makailoa, bestetan sardin zaharra",
baina festa beti egiten zen. Falta ez zena sagardoa zen, sagardoa
edo zizarra (sagardo egin berria).
Afaldu ondoren jendea piska bat berotzen zen, kargatu ere bai,
eta orduan, han bertan montatzen zuten txalaparta. Normalean
atarian, kanpoan, eta berehala txalaparta jotzen hasten ziren.
Orduan hasten zen festaren zati berri bat, ordurarte etxean zeuden
afalkideekin eta hortik aurrera txalaparta entzun ondoren inguruko
baserrietatik etortzen zen jendearekin, gazteak gehienbat.
Esaten dute txalaparta 5 kilometroko erradio batean entzuten
zela eta horren barnean bizi zirenetako asko inguratzen zirela
festa horretara.
Ramon Goikoetxeak dioenez:"Tolaretik sagarra jotzerakoan
txalaparta jotzeko aukeratzen genuen ohola bustia egoten zen,
hezea, eta teilatuan jartzen genuen lehortzeko, hots hobea eman
zezan. Bide batez jendeak ikusi eta jakin han aurki festa izango
zela. Jendea erne egoten zen, Erbetegi-Etxeberrin noiz antolatuko
zuten festa hori jakitearren". "Han
egoten ginen, saltoka, oihuka, sagardoa edaten eta txalaparta
jo eta entzuten eguna zabaldu arte". Ikusten denez, garai
batean ere gaupasak egiten ziren eta ez nolanahikoak, sasoi horretan
gauak luze eta gogorrak izaten dira eta. Hango festa giroa ulertzeko
hona hemen R. Goikoetxeak kontatzen duen beste bitxikeria: "Gure
aitona atzeraka okertuta, oholaren azpitik pasatzen zen anaia
ta biok jotzen genuen bitartean".
Migel Zuaznabarrek ere sagardoaren inguruko festa hauei buruz
kontatzen ziguna berdintsua zen eta txalaparta inguruko giroa
ulertzeko beste gertakizun bat kontatzen zuen. Behin, "kinto"
afaria egin omen zuten Lasarteko jatetxe batean eta afaria bukatutakoan
txalaparta jotzea okurritu zitzaien, baina han ez zeuzkaten txalaparta
osatzeko behar zituzten gauzak. Zer egin zuten? Donostia-Bilboko
trenbideko "Paso nivel"ean zegoen kaseta desmontatu
eta material horrekin txalaparta osatu eta segidan jo eta ke
ihardun omen zuten jotzen.
Joaldiaren inguruan:
Txalapartarekin batera beste osagai
batzuk erabiltzen dira. Lasarten esate baterako, joaldi guztien
aurretik adarrak jotzen zituzten.
Nafarroan ere, sagardoa egitearen
inguruan berdintsu egiten zuten. Han jaso zuen orain dela urte
asko Aita Donostiak "Kirikoketa" izenarekin ezagutzen
den joera (oraindik zenbait herritan, zaharrek gogoratzen dutena).
Han ezagutu da jotzearekin batera lelo bat kantatzea.
Kolpe bakoitzeko silaba bat sarturik honela dio lelo horrek:
Alakiketa alakiketa
Alakiketa kiketa kiketa
Sagarra jo dela sagarra jo dela
Sagarra jo dela jo dela jo dela.
Joaldi honek garbi adierazten du
baduela mezu baten kutsua. Mezu bikoitza behar bada: alde batetik,
sagarra jotzearen lana bukatu dela eta bestetik festarako deia.
Karobietako inguruan ere askotan
agertzen dira halako ekintza edo ospakizunak. Karea egiteko elkartzen
ziren eta gauez, karobien inguruan suak pizturik, "karobi
eztaya" izeneko festa ospatzen zen. Hau, afaria, bertsolariak,
irrintziak eta musikaz osatzen zen eta txalaparta jotzen zuten.
Ezkontza inguruan eta modu desberdinetan,
toki askotan erabili izan da. Batzuetan ezkontza egunean, bestetan
aurretik egiten den "pregoi egunean".
Gazte kuadrila, gehienetan palanka bizkarrean harturik, andregaiaren
etxera inguratzen dira. Han, atari aurrean palanka lurrean sartzen
dute, askotan zinta eta lorez apaindurik eta jotzeko garaian,
lurretik atera, alderik alde bi muturretatik zintzilikaturik
jotzen dute.
Ezkontzetako joaldietan, joaldiekin
tartekatuz, koplak kantatzen dira. Hauek hiru motatakoak izaten
dira: zaharrak, egun horretarako jarriak eta bapatean egindakoak.
Horretarako trebea den norbait aukeratzen da eta tarteka kuadrilak
halako leloa kantatzen du:
San Martin de la Moja
Moja de San Martin.
Toberak jo ditzagun
Ordu onarekin;
Ordu onarekin ta
Birjin Amarekin.
Txalaparta toki batetik bestera mezuak
bidaltzeko tresna izan delako ustea ere oso zabaldurik dago eta
jaso dugun informazio guztien artean, hau da halako kutsua duen
kasu bakarra, horrelakorik ez baitugu beste inon topatu eta ezagutu
ditugun txalapartari zaharrek ez dute sekulan, beraien joaldietan
inongo mezurik eman. Mezuak ia jotzen zituzten galderari honela
erantzuten zion R. Goikoetxeak:"Soinujoleak nola jotzen
dute Andre Madalen, ba, guk berdin, txalaparta jotzen genuen".
Honekin ez dugu esan nahi sekulan ez zela erabiliko funtzio horretarako
eta ez zirela egongo kodigo desberdinak (kanpaien kasuan bezala)
abisuak pasatzeko. Alakiketa kasutik aparte, guk ezagutu ditugun
txalapartariek, jendea entretenitzeko eta soinutresna gisa, festa
giroan musika eta beti bapatekotasun puntu horrekin joku erritmikoak
egiteko erabili dute bakarrik.
Txalapartak badu beste berezitasunik.
Idatzitakoetan eta zuzenean guk ezagutu ditugun kasu guztietan,
gauez jo izan dela azaltzen da. Sagardoaren inguruko festak,
karobi eztaiak eta ezkontza inguruko ospakizunetan. Salbuespen
bakarrak azkeneko urteetan, bere ingurutik kanpo eta erakustaldi
gisa txalapartari zaharrek emandako joaldiak.
Hau sakonki aztertu beharko da, ez baitzaigu iruditzen kasualidadez
ematen denik, mundu zabalean ezagutzen ditugun txalaparta antzeko
ohituretan gauza bera gertatzen da eta.
Txalapartarekin musika egiteko
joerak
Bi izaten dira joleak. Bien artean
osatzen dute musika. Tokian tokiko jole bakoitzak izen desberdina
hartzen du:
ttakuna herrena
tukutuna urguna
bia pikatzailea / bata
Izen hauek adierazten duten bezala,
jole bakoitzak bere funtzioa du. Batek orden-oreka jartzen du
eta besteak lagunak jarritakoa hausten, desordenu-desoreka sortuz.
Horrela, joaldian zehar erritmoa egin eta deseginez, gero eta
azkarrago orden-oreka hautsiezinezko batera iritxi arte.
Gaurko egoera
Gaur
egun, txalapartaren egoera asko aldatu da. Txalapartarien kopurua
handitu egin da eta zabalkunde geografikoari buruz, zera esan
dezakegu, Euskal Herriko eskualde guztietan antolatzen direla
era bateko edo besteko ikastaroak eta eskolak. Eskola horietatik
txalapartari ugari ateratzen dira eta non eta noiz nahi entzuten
da hauek emandako joaldiak.
Txalapartaren funtzioak, musikalki eta sozialki asko zabaldu
dira ere. Mota eta estilo ezberdinetako musika taldeetan agertzen
da beste soinutresnekin batera. Sortzaileek soinutresna honekin
kontatzen dute kasu askotan beraien lan berrietan. Ekintza edo
ospakizun politiko, familiko eta festakoetan maiz ikus eta entzuten
dugu tresna honen hotsa.
Joera aldetik asko aberastu egin da. Txalapartari berriek azken
urteetan egindako lan sakonen bidez, joaldi gero eta konplexuago
ematen dute.
Materiala aldetik lehen toki batzuetan zura eta besteetan burnia
erabiltzen bazen, orain, bi horiek gehi beste batzuk (harriak,
beirak, ....) nahasturik edo bakarka erabiltzen dira.
Gero eta txalaparta talde iraunkor gehiago daude, lana sakonki
egiten dutelarik.
Guzti honengatik eta zalantzarik gabe, esan dezakegu txalapartari,
iragana eta oraina dituen bezala, geroa ere osasuntsua ikusten
diogula.
Juan Mari Beltrán Argiñena,
Director del Centro de Documentación de musica popular
Soinu edizio digitala: Elena Moreno Zaldibar |