
Txistu-danbolina Euskal Herriko eskualde
gehienetan erabiltzen
den tresna bikote berezia da. Batetik txistua, esku bakar batez
-ezkerrez eskuarki- jotzen den flauta. Mokoduna, irekia eta hodiarenaz
gainera, hiru zulo besterik ez duena. Hala ere, bi oktaba oso
ematera iristen da tarteko kromatismo guztiez, baita azpitik
bosteko nota sail grabea ere. Hau lortzen da armonikoen erabilpen
sistematikoaz eta behatzen joku xehetuaren bitartez, zuloak hainbatetan
gradualki hersten edo zabaltzen.
Bestetik, danbolina danbor txiki
eta itxia da, atzekaldeko larruan bordoi bakarra izaten duena.
Ezkerreko besotik eskegitzen da eta eskuineko eskuaz jotzen ziri
izena ematen zaion makila fin bakarrez. Tresna bikote tankera
hau ia mundu osoan eta bereziki Europan, tankera eta itxura desberdin
askotan ezagutzen den Tambourin edo Flûte-tambourin delakoaren
euskal aldaera da.
Bizkaiko
eta Gipuzkoako folklorean erabat errotua dago tresna bikote hau
eta dantza eta ohitura tradizionaletan nagusia da. Baita Arabako,
Nafarroako eta Lapurdiko eskualde batzuetan ere. Nafarroako eta
Lapurdiko beste hainbat ingurutan eta Zuberoa osoan honen kideak
diren txirula-ttunttun bikotea erabiltzen da (familia bereko
flauta txikiagoa eta erritmoan laguntzeko usatzen den salterio
luze-estua).
..........................................................
Tresna hauen jatorriaz ez da berri
zehatz ziurrik. Batzuen ustez historiaurreko haitzuloetan eta
Asiako antzinako hilobietan agertu diren flautak hauen aintzindariak
ziren. Baina ez dago hori baieztatzerik. Datu hau, ordea, segurua
da: XIII. mende arte, ez dago Europan danbolinaren (izen honetaz
tresna bikotea deitzen ohi da) arrasto historikorik. Garai horretan,
aldiz, elizetako erretauletan edo grabatuetan, margoetan, liburuen
marrazkietan... nonahi agertzen da gure musikarien irudia. Eta
hortik datorren ondorioa ere garbia da: urte horietan halako
leherketa gertatu omen zela danbolinaren arrakastan. Orduantxe
iritsi zelako eta berehala zabaldu edo,lehenagotik bazegoen,
gaur egun jakinezinak gertatzen zaizkigun beste arrazoiengatik.
Nonbait XIV. mendean izan zuen sasoinik diztiratsuena. Baina
Errenazimenduaren garaian oraindik ere sendo dabil eta XVI. eta
XVII. mendeetan argitara emandako Organologia liburu gehienetan
bere aipamena egiten da, batzuetan xehetasun handiz gainera.
Barroko garaiko musika kultoan oso egokiera bakanetan agertzen
da, ordea, eta, antza, herri giroan eutsi bazion ere, musikarientzat
flauta eztiak irabazi zion erronka. Horregatik eskualde batzuetan
ezik, XVIII. menderako beherakada nabarmena izan zuen.
Garai
horretan, Frantziako Ilustrazioak ekarritako ideien eraginez
Proventzako danbolinari aupada handia eman zitzaion. Batetik
nekazal inguruko modak gisa bukolikoko musikak eta tresnak beste
talde instrumentaleetan sartzera bultzatu zuen (Tambourin izeneko
eredu musikala sortuz). Eta bestetik herri olgetak ilustratuen
ikuspegitik antolatu nahiak tresna beraien eta jotzaileen homologazio
antzeko batera eraman zuen. Jotzaileei musika ikasarazi zitzaien,
tresnak besteekin batera jo ahal izateko egokitu eta beren errepertorioa
garaiko moduetara ekarri.
Bide beretik eta urte beretsuetan,
Euskal Herrian ere izan zen Ilustrazioak antzekoa egin zuen.
Sociedad Vascongada de Amigos del País sortu zutenek,
Peñaflorida Konteak, Ignazio Manuel Altunak eta beste
askok harreman estuak izan zituzten Frantziako Entziklopedistekin
eta beraien eraginez sortu zen gaur egun euskal txistu-danbolintzat
ematen dugun tresna parea.
Euskal Ilustratu hauek burututako
lanak askotxo izan ziren, beti beren ustez herri olgeta egokiaren
alde ari zirelarik. Tresnak eraberritu zituzten, beren zerbitzuan
zituzten musikarien laguntzaz: tamaina, zuloen kokapena, e.a.
Horrela lortu zuten hots garbiagoa (edo garaiko kultoen belarrientzat
domestikatuagoa) eta beste tresnekin batera jo ahal izatea. Tresna
hauen alorrean armonia egin ahal izateko silbote izenekoa ere
sortu zuten, txistua baino handiagoa, danbolinik gabe eta bi
eskuez jo behar dena, bigarren edo hirugarren bozak egokiro egin
asmoz. Eta horren ondorioz Txistulari Taldea edo Banda (Bi txistu,
silbotea eta atabalaria) antolatu zen. Soinu zaharrak eta Errenazimendu
garaitik zetozen dantzak baztertuz, errepertorioa berritu zuten,
aurreko tradizioan zeuden ohiturazko doinuetan oinarriturik,
baina garaiko modu eta gustuetara egokituz. Horrela, XIX. mendetik
ezagutu ditugun danbolin musikaren jeneroak sortu zituzten: Alkate
soinuak, Idiarenak, Kontrapas-Minuetoak,...
XIX. mendearen erditik aurrera krisis
garaiak izan ziren euskal danbolinarentzat. Piskana, mendea aurrera
zihoan neurrian, ideolojia tradizionalarekin identifikatuz joan
zen eta geroxeago abertzaletasunarekin (bide honetatik ere zabaldu
ziren txistu eta txistulari izenak mende amaieran). Eta identifikazio
horrek alderdi askotan onerako eragina izan bazuen ere (bizirik
mantentzea nagusiena), besteetan bide txarretik eraman zituen
gure tresnak (konnotazio politikoen zama, tankera bakarreko musikan
mugatu,...). Adibide gisako bakarra jartzeagatik, hauxe aipatuko
dut: Santa Cruz apaiz gerrilleroak, bere agintepean jartzen zituen
herrietan, danbolin dantza askea besterik ez zuen onartzen. Bizitza
errealeko olgetan gero eta eginkizun eskasagoa izaten hasi zen,
batez ere berriki baina tupustean herriratutako eskusoinuak arlo
hori irabazten ziolako. Eta folklorearen eta tradizioaren inguruan
erdi fosilizatuta geratzeko arriskua ikusten zitzaion.
Hala ere, azken urteetan, bereziki
Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zenetik (Arrate, 1928.
Hiru hilabetero musika eta literatura biltzen dituen aldizkaria
ematen du argitara: Txistulari), berpizte lanari ekin zitzaion
eta, 1936-39ko gerrak erakarri zuen etena gainditu ondoren, alderdi
askotako lanak egin dira tresna honen alde: afinazioa eta egitura
hobetu, teknika eta pedagogia landu, ikasketen onarpen ofiziala
lortu, konposizioa ugaldu (agian gailurra Tomás Aragüés-ek
egindako Txistu eta Orkesta Sinfonikorako Kontzertua izango da),
tankera guztietako kontzertuak (Kamara, Herri Kontzertuak,...)
eskaini, diskografia bideratu, ikerkuntza folklorikoa sakondu,...
Gaur egun euskal ttunttuneroak asko
dira Euskal Herrian eta horien artean maila eta tankera guztietakoak
daude. Txistulari aldizkariaren 172. zenbakian ikus daitekeenez
(bertan jasotzen baitira 1997.eko irailan Iruinean burututako
ttunttuneroen ihardunaldi batzuen txostenak), mundu osoko beste
danbolinteroen harridura eta inbiria pizten dute.
Jose Inazio Ansorena, Txistulari
- Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza
- Soinu edizio digitala: Elena Moreno Zaldibar
Euskal Txistu-danbolinaren
ikuspegi orokor eta zabalagoa nahi duenak Txistua eta Txistulariak
izeneko liburura jo dezake (Jose Luis Antsorena Miranda, KUTXA
Fundazioa. Donostia, 1996). |