Euskal Idazleen Elkartea: E.I.E
Traducción al español del original en euskera
Andolin Eguzkitza

Euskal Idazleen Elkartea 1983an sortu zen, lehenago horrelako elkarte bat sortzeko saio batzuk egin baziren ere, eta data horrez geroztik 4 lehendakari eduki ditu, Anjel Lertxundi, Josemari Vélez de Mendizabal, Patri Urkizu eta Joserra Garzia, ni neu orain dela urte t'erditsu jaso nuela zuzendaritzaren lekukoa.


Elkartearen bidez euskaraz idazten dugun idazleen interesak defendatu behar ditugu, hori da gure lehenengo betebeharra, baina Euskal Herriaren egoera zein den eta zein izan den azkenengo ehunka urteean kontuan harturik, euskal idazleen aldeko burruka euskararen defentsa bihurtzen da gure betebeharrik behinena, honako kasuon euskal literaturaren zabalkundearen aldeko ekintzen bidez betetzen duguna.


Gaur egun 220 bat bazkide dauzkagu, baina euskaraz idazten duten guztiak bazkide eginen balira, 500 bat izan gintezke. Izan ere, igazko eta aurtongo gure ekintzetako bat bazkide gehiago erakartzea izan da, Euskal Herrian egon baitago hainbat jende, sorkuntzazko testurik ez idazteagatik, beren burua idazletzat jotzen ez dutenak. Horretara, kazetariak eta testu zientifikoen egileak, apurka eta astiro bada ere, hasi dira elkartean sartzen.
Bestalde, gaur egungo gure ekimen nagusia -gaur egungo hizkera erabiltzearren- lau programa nagusitan gauzatzen da: lehenengoa "idazleak ikastetxeetan" izenekoa, bigarrena "idazleekin solasean" deritzoguna, irakurzaletasuna zabaltzea helburu daukana, hirugarrena "Komatxoartean" irratsaioa, eta "Hegats literaturaldizkaria" laugarrena.


Lehen programa horren bidez idazleak ikastetxeetara joaten dira ikasleen aurrean euren lanak aurkeztearren. Horretarako, Herkidego Autonomoan, hots, mendebaldeko hiru herrialdeetan, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat izenpetuta daukagu, eta oraingoz eskabideak 1.100dik gorakoak badira ere, dauzkagun baliabide ekonomikoez 220 bat bisita bakarrik egiten ditugu.
Nafarroan ez daukagu hitzarmenik, baina hango gobernuaren azpiko euskara-zerbitzuak halako eskaintza bat egiten du, ikasturtero 30-40 bisitetan gauzatzen dena. Iparraldean, azkenez, duela hiru urte hasi zen programa eta astiro bada ere sendotuz doa. Han elkarte bik zuzendu dute programa orain arte, Ikas eta Euskal Kultur Erakundea; heldu den urtetik aurrera, haatik, elkarte horiekin sinatzea espero dugun hitzarmenaren bidez, E.I.E.k ere parte hartzea espero dugu.


"Idazleak solasean" programaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin hitzartuta, kulturetxeetara joaten dira gure idazleak euren lanak irakurri eta aurkeztera alde batetik, eta bestetik literaturlantegiak antolatzen ditugu, non arduradun batek zuzendua, irakurle talde batek lau bat liburu irakurtzen ditu 12 saiotan zehar, inoiz edo behin liburuen egileak ere beren aurkezpenak egitera gomitatzen direla. Aurton, esate baterako, 6 bat lantegi antolatu ditugu.


"Komatxoartean" irratsaioa Gipuzkoako Herri Irratiarekin egiten dugu, horretarako laguntza Gipuzkoako Diputaziotik jasotzen dugula. Urtean zehar ordubeteko 35 bat saio egiten dira. Aurton, aurreko urtean bezala, Jon Mikel Arano izan da programaren arduraduna. Horretaz gain, Urriarekin Baionako Gure Irratiak Iparraldeko beste irrati birekin batera astero zabaltzen duen literatursaioan laguntzen hasi gara.


Azkenengo ekintza nagusia "Hegats" izena daukan gure literaturaldizkaria da, nahiko era irregularrean argitaratu eta gero, kanpoko itxura aldatuta aldizkakotasun finko bat hartu duena. Urtero lau zenbaki ateratzen ditugu bi aletan, orain arte hiru ale argitaratu ditugularik. Izan ere, hurrengo zenbaki biak Abendurako prest egotea espero dugu.
Bestelako ekintzak ere bururatzen ditugu, hala nola Galeuzca Biltzarra, joan den urtean Miarritzen antolatu genuena, edo aurton, Urriaren azkenengo egunetan Donostian antolatu dugun "Haur- eta Gazteliteraturaren Biltzarra". Bestalde, etorkizuneko projektuak ez dira guti, baina ekintza burutuez berba egitea hobe delakoan, hemen uzten dut gure elkartearen berri emateko lantegia.



Andolin Eguzkitza, Euskal Idazleen Elkartearen Lehendakaria


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved