Euskarazko herri prentsaren bilakaera
Traducción al español del original en euskera
Joxe Aranzabal

Arrasate Pressen aurretikoak
Euskarazko herri prentsa gizarte eta kazetaritza fenomeno moduan 1988ko abenduaren 2an sortu zen, Arrasate Press astekariaren lehen zenbakiarekin batera. Dena den, ez dago esaterik Arrasate Pressen aurretik ez zegoela ezer. Bazegoen.

Orri parrokialak
Euskal Herriko zenbait herritan maiztasun eta iraupen aldakorrekin argitaratu ziren orri parrokialek bazuten zerikusia guk egin nahi genuen tokiko aldizkariarekin. Batzuetan herriko apaizak edo maisuak idazten zituen, euskaraz edo gaztelaniaz. Gaiak hurbil-hurbilekoak ziren eta jasotzen zituzten ia guztiek goitik behera irakurtzen zituzten. Baztanen, esate baterako, horrelako hainbat argitaratu izan dira.

Berripaperak
Arrasaten bagenuen bat, oso ona, Gorabeherak, Eskola Politeknikoan argitaratzen zena. Bi orrialdetan, hamabostean behin edo, eskola eta kooperatiben inguruko berri mordoa argitaratzen zituen Juanito Leibar, eskolako idazkariak. Albisteak, jakina, hurbil-hurbilekoak ziren. Estilo azkarra, argia eta umoretsua nahasten zituen, taula eta grafikoen erabilerarekin batera. Mundu guztiak irakurtzen zuen.

Egunkarietako kronikak
Gaztetaik geure herrietako kronikak irakurtzeko ohitura hartu genuen Euskal Herrian argitaratzen ziren egunkarietan. Konforme egongo ginen edo ez, baina azkenean ohitu egin ginen garai bateko El Diario Vasco, La Voz de España, Hierro, Unidad, El Correo Español eta La Gaceta del Nortek eskaintzen zizkiguten kronikak irakurtzen. Guretzat hori zen beste erreferentzia puntu inportantea.
Garai bateko Zeruko Argiak ere, egunkari itxura zuenean, bazituen Euskal herrietako kronikak.

Herria
Herria egunkaria ez zen hain ezaguna guretzat, baina aspalditik zegoen lanean. 50 urte bete ditu, Eskualduna izan zena kontuan hartu barik. Zalantza barik, hauxe dugu Euskal prentsan izan dugun aurrekaririk argiena. Hor zegoen, bai, baina aldi berean aitortu beharra dut guregan eragin gutxi izan zuela Arrasate Press sortzeko orduan.

1988ko testuingurua
Euskarazko herri prentsaren sorrera hobeto ulertzeko, garai hartan eman ziren lau fenomeno garrantzitsu aipatu behar dira:

o Autoedizioaren sorrera. Autoedizioaren iraultza 80. hamarkadaren erdialdean hasi zen. Alde batetik ordenadore belaunaldi berriak agertu ziren, ordura arte denbora mordoa eskatzen zuten lanak askoz ere azkarrago eta merkeago egiteko gauza zirenak. Bestetik, Hewlett-Packard eta Apple etxeek laser inprimagailuak kaleratu zituzten. Ordura arte gutxi batzuen eskuetan zegoena, oinezkoon eskura jarri zuten. Iraultzak aurrera egin zuen Aldus etxeak Macintosh ordenadoreetan erabiltzeko zen PageMaker programa kaleratu zuenean eta Xerox etxeak IBM bateragarriekin erabiltzeko balio zuen Ventura Publisher atera zuenean. Ondoren, beste programa batzuk agertu ziren.

o Euskararen batasuna. Arrasate Press sortu zenerako euskara batua finkatua zegoen eta haren erabilera zabalduta zegoen bai irakaskuntzan nola administrazioan eta komunikabideetan ere.

o Euskara taldeak.. 80. hamarkadaren erdialdean ere gerora Euskal Herrian zehar hedatuko ziren euskara taldeen eredua sortu zen Arrasaten: AED. Bere helburua Arrasate euskalduntzea zen. Hasieran lanik handiena kontzientziazio lana izan bazuen ere, gerora, heldu ahala, funtzio berriak hartzen joan zen. Euskarazko komunikabideak sustatzea adibidez. Arrasate Press AEDren babesean sortu zen. Gerora ere, Euskal Herrian zehar sortu diren herri aldizkari asko eta asko antzeko taldeen itzalpean plazaratu dira: Berrigara eta Jardun Bergaran, Eraz eta Berbaro Durangaldean, Barren eta Elgoibarko Izarra Elgoibarren, Irutxulo eta Bagera elkartea Donostian, etab.

o Herri erakundeen irekitasuna. Udalak eta foru aldundiak demokratizatu ondoren eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua sortu eta gero, euskararekiko eta Euskal kulturarekiko jarrera irekiagoak azaldu ziren erakunde horietan.

o Euskal kazetari berrien agerpena. 80. hamarkadan belaunaladi berriak agertu ziren. Hortik aurrera, gure aldizkarietan lan egin zezaketen kazetari profesional euskaldunak hartu ahal izango genituen. Ordura arte Euskal kazetaritza larru gorritan zegoen.

Arrasate Press, 1988
1988. urtearen hasieran AED (Arrasate Euskaldun Dezagun) elkartearen baitan edo inguruan genbiltzan zenbait pertsona aldizkari bat euskaraz argitaratzeko aukeraz hitz egiten hasi ginen.
Zergatik?
o Egunkari salduenek herriko kroniketan erabiltzen zuten euskara portzentaia zeharo testimoniala zen, batezbeste %5 bakarrik, eta egoera hori aldatuko zen itxaropenik ez zegoen.

o Euskarazko prentsaren salmenta oso urria zen: 1989an 143 Argia, 148 Ipurbeltz, 65 Aizu, 58 Jakin, 55 Elhuyar eta gainerakoak 50era iritsi barik. Hemen eta Eguna ere gutxi saltzen ziren.

o Bestalde, irakurlego potentziala nahiko zabala somatzen zen, 1986ko erroldako datuen arabera, ia 12.000 lagunek aitortzen baitzuten "zerbait edo ongi" irakurtzeko gai zirela.
Bi erronka genituen aurrean: alde batetik euskaraz ezer gutxi irakurtzen zuten irakurle potentzial horiek gehiago irakurtzea. Bestetik, herri mailako informazioa aberastea, integraziobide izan zedin. Bigarrena ondo eginez gero, lehena lortzeko amua izango litzateke.
"Honetarako", jarraian datozenak Iñaki Mendigurenen hitzak dira, "laster ikusi zen ordura arteko ohiko ereduetatik urrundu beharra zegoela, ezin zela aldizkaria betiko gutxiengo euskaltzale militante edo kulturzalearentzat bakarrik planteatu, euskarari eta Euskal kulturari buruzko diskurtso ideologiko eta kontzientziatzailea zuzenean egin gabe, euskaldunen gehiengoa erakarri eta irabazi behar zela euskara idatzira. Beraz, aldizkari herrikoi, sinple, praktiko, irakurterraza egin behar zen; albiste erakargarri eta artikulu laburrekin, argazki eta elementu grafiko askorekin, etab.".
Poliki-poliki, hausnarketa eta gogoeta askoren ondoren -eta Tuterako La Ribera Navarra bisitatu eta gero- proiektua zehaztu genuen: beti oso argi egon zen euskara hutsean izan behar zela. Puntu honetan esan beharra dut bost minutu baino gutxiago behar izan genuela erabakitzeko euskara batuan idatziko genuela, beti ere Arrasateko euskararen kutsua emanez. Egitura profesionaleko astekaria izango zen, doanekoa, publizitatea eta ?nantziazio mistoa izango zituena, etxez etxe banatzekoa, eskatzen zuten herritarren guztien artean, edukietan Arrasatera mugatua eta autoedizioz burutua.

Eragina
Aldizkariak sekulako arrakasta izan zuen herrian. 1.700 alerekin hasi ginen eta bi urtean 7.000 aleko tirada lortu genuen. Horrek dena esaten du. Garai hartan eskualde aldizkaria bihurtu zen Arrasate Press: Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Bergaran, Oñatin eta Aramaion zabaltzen zen. Baita Euskal Herri osoan zehar ere, 1.140 ale astero, batez ere herritik kanpo bizi ziren arrasatearren artean. Espainian 88 ale banatzen ziren, Katalunian 18 eta munduan zehar 40.
Bilakaera honekin, ez zen harritzekoa Arrasate Press jende askoren mintzagai eta eredu bihurtzea. Guk goitik behera sinesten genuen proiektu hartan eta gure eginkizunen artean inportanteenetariko bat berri ona zabaltzea izan zen, Euskal herrietan zehar.
o Medio guztietako kazetariei bidali genien geure aldizkaria.
o Aurkezpen partikularrak egin genituen hainbat kazetarirekin.
o Azalpen luzeak eta zabalak eman genizkien Arrasate Press ezagutzera etorri ziren talde guztiei.
o Parte hartu genuen herri prentsaz antolatu ziren hitzaldi, mahainguru eta eztabaida guztietan.
o Deitu zitzaigun herrietara joan ginen, berri ona azaltzera.
o Hasteko ziren zenbait aldizkariren maketak egin genituen.
o Aurrerago herri komunikabideen berri emango zuen berripapera, Herri.KO, sortu genuen.
o Bi jardunaldi antolatu genituen herri komunikabideen fenomenoa finkatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin.

Euskarazko herri aldizkarien garapena
Zabalkunde lan honekin eta aldizkariak herrian izan zuen arrakasta ikusirik, emaitzak berehala etorri ziren. Hurrengo urtean, 1989an alegia, 11 herri aldizkari sortu ziren; 1990an 10; 1991n 5; 1992an 5; 93an 7; 94an 4, 95ean 4 eta iaz 6. Denera 52 herri aldizkari euskaraz.
Ordura arte zeuden gehienak erdarazkoak ziren edo elebidunak. Baziren beste batzuk euskara hutsean, Irungo Plazara eta Berako Ttipi-ttapa bezalakoak, baina hauek literatur kutsu handia zuten.

Arrasate Pressen eraginari esker,
o Hortik aurrera argitaratutako herri aldizkari gehienak euskara hutsezkoak izan ziren.
o Lehendik zeuden hainbat aldizkariren planteiamenduak aldatu ziren, herri aldizkariak bihurtzeko: Nafarroako Ttipi-ttapa eta Oñatiko Kontzejupetik kasu.
o Ondoren etorritako herri aldizkari gehienak autoedizioa erabiliz egin ziren, doanekoen eremuan ?nkatu eta ekimen pribatu eta publikoaren elkarlanari esker atera ziren.
Herrietara ezezik, EHP Hego Euskal Herriko hiriburuetara ere iritsi da. Gasteizen, Geu Gasteiz. Donostian, Irutxulo.

EHP herrialdeka
Euskarazko herri prentsaren loratzea Hego Euskal Herrian gertatu da batik bat. Iparraldean aldizkaria baino berripapera den argitalpena kaleratu zen, BAM izenekoa, baina desagertu da. Gipuzkoan 30 herri aldizkari daude. Bizkaian 12. Nafarroan 6 eta Araban 2. Astekari gehien Gipuzkoak ditu. Baita hamaboskariak, hilabetekariak eta bestelakoak. Honek badu zerikusirik euskararen ezarpenarekin ere, Gipuzkoa baita herrialderik euskaldunena.

EHP, maiztasunaren arabera (1997)
o Astekariak: 8 dira. Eurak dira eragin eta tiradarik handiena dutenak. Hauen artean Donostiako Irutxulo zen, 7.000 alerekin, tiradarik handiena zuena. Kobratzen hasi zenetik, harpidedun gutxiago ditu. Hauetako bi, Herria eta Eraz, eskualde aldizkariak dira.
o Hamaboskariak: 7 dira eta tirada polita dute.
o Hilabetekariak: 23.
o Bestelakoak: hiruhilabetekariak, urtekariak, etab. Beste 14 dira. Hauetako gehienak ez dira autoedizioan egiten.
Denetara 52 aldizkari, 125.350 aleko tirada dutenak.
EHP eta irakurleak
Hainbat herri aldizkarik ikerketak egin dituzte beren irakurleei buruz: Arrasate Press, Berrigara, Barren, Ttipi-ttapak… Denetan aldizkariaren ale bakoitza hiru lagunek irakurtzen dutela ateratzen da. Zenbaki hau kalkulu zuhurrak eginda ateratzen da. Izan ere, egunkariei 4tik gora irakurle kalkulatzen baitzaizkie. Beraz, EHPk 125.350 aleko tirada baldin badu, 375.000 irakurle ditu. Euskarazko prentsak inoiz lortu duen irakurle kopururik handiena.
Nola esplika liteke EHPren erakargarritasuna?
o Albisteen hurbiltasuna. Hau da, nire ustez, arrazoirik nagusiena. Zenbat eta lotuago izan albisteak inguru hurbilarekin, hainbat eta arrakasta handiagoa.
o Doanekoa izatea. Honela askoz ere jende gehiagorengana iristen da eta, ondorioz, askoz ere errezago lortzen du publizitatea.
o Publizitatea eramatea.
o Egitura profesionala izatea.
o Herri erakundeen laguntza izatea.
Hauxe da, labur esanda, orain hamar urte modu berrian hasi zen euskarazko herri prentsaren bilakaera.



Joxe Aranzabal, Kazetaria eta Arrasate Press Aldizkariko Zuzendaria


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved