"Ikono optikoak egin eta erabiltzen
dituztenen artean ere zabalduta dago argazkiek hitz egiten dutela esateko
ohitura. Hori ez da gertatzen subjektura modu serioan eta berezian hurbildu
arte; Hala ere, esaldi horrek gezurra ere baduela ikusten da, argazkiek
ez baitute hitz egiten ez bazaie galdera ondo egiten".
Angelo Schwarz. Photographie au XIXe siècle
et méthode historique, Les Cahiers de la Photographie" 3.
alea. Paris 1981. 39. or.
Argazkiaren inguruan egiten diren definizioetan
beti agertzen den arazoetako bat argazkiak errealitatearekin duen erlazioa
da. Zer egiten du argazkiak errealitatearekin? Den bezala adierazi? Transformatu?
Haren aztarnaren bat gorde? Une jakin batean errealitatearen zati batzuk
eskaintzen dituela esan genezake, eta horretarako garaian garaiko adierazpen
teknikak erabiltzen dituela. Argazkigintza teknika gisa definitzen bada
ere, zerbait gehiago ere izan daiteke: komunikatzeko bide bat, idazketa,
sorkuntza modu bat eta, batez ere, oroimena.
Euskarri mota jakin batean jasotako irudiak
informazioaren transmisio eta banaketa bide gisa erabili izan dira gizakiaren
historian zehar. Irudiek bertan agertzen diren gauzei buruz hitz egin ez
ezik, irudien egileei buruzko datuak ere eskaintzen dizkigute.
Irudia oro har, eta bereziki argazkia, izan
da lehen eta orain ondarea (piktorikoa, arkitektonikoa, antropologikoa,
etab.) adierazteko modu tradizionala, eta mota askotakoa izan daitekeenez
leku askotan aurki dezakegu: museoetan, artxibategietan, liburutegietan,
dokumentazio zentroetan eta mota guztietako instituzioetan. Gainera, gero
eta presentzia handiagoa du zentro espezifikoetan.
Sortu zenetik dokumentu aberats ugari eskaini
ditu etengabe, informazio asko emanez subjektu eta gai desberdinei buruz,
giza zientzien bilakaeran bere eginkizun propioa izanik eta elementu ordezkaezinak
eskainiz gizakiaren eta haren inguruaren ezaguerari buruz. Bestetik, gizartearen
errealitatea deskribatzen lagundu du bere izaera linguistiko eta ikonikoaren
bidez, ez baita erraza irudiak adierazten duen guztia hitzetan ematea. Gainera,
argazkia kultur adierazpen garrantzitsua da berez.
Gizarteak objektu eta adierazpen jakin batzuei
balio artistikoa, dokumentala, estetikoa, zientifikoa edo bestelakoa ematen
dienean objektu eta adierazpen horiei "ondasun kultural" izena
ematen zaie eta etorkizuneko belaunaldientzako ondasun material eta kultural
bihurtzen dira. Normalean material horiek instituzioen eskuetan utzi izan
dira, eta erantzukizuna eskatzen dute, batez ere kultur ondasun horiekiko,
baina baita nagusi, sortzaile, publiko eta bereziki etorkizunarekiko. Printzipio
horiek guztiek batera kultur ondasunak ondo gordetzen laguntzen dute, haien
izaera, egilea, garaia eta abar direnak direlarik ere.
Argazki irudi baten esanahia aztertzeko orduan
analisi elementu batzuk ezagutu behar dira, bai artelan gisa hartzen bada
eta bai dokumentu gisa bada ere. Bestela ezin da ondo integratu ikusten
den ebidentzia diskurtso zabalago batean. Historialariak analisi demografikoa,
ekonomikoa eta abar egiteko elementuak dituen bezalaxe, argazkien azterketarako
ere zenbait elementu izan behar ditu. Garbi egon behar du zein teknikak
erabiliz egin ziren, zein testuingurutan eta nola egin ziren. Irudiek interpretaziorako
hainbat gako propio dituzte beren baitan eta behatzaileak gako horiek ezagutu
behar ditu. Irudi bat sortzeko erabili diren gakoak zuzen ulertu eta ezagutu
ahal izateko hainbat gauza ezagutu behar dira: irudia egitean erabili diren
prozesu teknikoak, irudia egin den uneko errealitate historikoa, une jakin
bateko produkzio grafikoaren portaera orokorra eta noski, irudiak bere testuinguru
orokorrarekin eta partikularrarekin dituen erlazioak.
Irudia (bere ulerkuntza eta esanahia) determinatu
eta baldintzatzen duen informazio fluxua ez dator soilik edukitzailetik,
baita beste iturri batzuetatik ere. Irudiak testuarekin duen erlazioa funtsezkoa
da hura ondo ulertu ahal izateko. Erlazio hori erlaziorik esanguratsuenetako
bat da, irudiak adierazten duenari buruzko datu zehatzak eskaintzeaz gain
esanahiaren funtsezko faktore baldintzatzaile bat ezartzen baitu. Irudi
bati lotutako informazio testualak erabat alda dezake irudi jakin baten
esanahia, beste edozein faktorek baino askoz gehiago, alegia. Argazki irudia
historiaren interpretaziorako eta azterketarako iturri dokumental gisa hartzen
denean ezinbestekoa da erlazio hori kontuan hartzea.
Argazkigintzaren fenomeno historikoak bere ibilbidean
zehar sortu duen materiala oro har hartuta kultur balio anitza duen ondare
patrimoniala da; ondare hori beste ondareetatik garbi bereiz daiteke, berez
adierazten dituen eta grafikoki gordetzen dituen balio eta gertakizun ugariei
esker. Argazkia ez da dokumentu bat soilik, ezta adierazpen artistikorako
euskarria ere. Beraz, ondare material hori ezin da bakarrik utzi denboraren
ondorio kaltegarrien aurka egin behar duen borrokan. Aitzitik, ondare hori
gorde, inbentariatu, definitu eta zabaldu egin behar da, gero eta zabalagoa
eta exijenteagoa den gizarteari eskainiz.
Argazki fondoen arazoak asko dira, eta horrek
nahasketa handia sortzen du argazkien inguruan. Oso zaila da ondare fotografikoaren
inbentarioak aurkitzea; ez dira horren inguruko agindurik ematen, ezta laguntzazko
politikarik egiten, instituzio gutxi batzuetan izan ezik. Gizarteak gero
eta interes handiagoa du ondare fotografikoarekiko, eta ondare horren beharrak
oso garbiak dira: duela hamar bat urte erabat ahaztuta zegoen ondarea ordenatu,
sailkatu, katalogatu eta kontserbatzea. Gainera, gogoan izanik gure eskuetara
negatibotan iritsi diren argazki gehienak 1900 eta 1950 artekoak direla
eta nitrato euskarrian daudela (material hori bere bizi aldi naturaletik
kanpo dago) ulertzekoa da epe laburrean ez bada ezer egiten material horrekin
betirako galduko dugula.
Nahasketa horren arrazoietako bat argazkiaren
kontzepzioaren inguruko problematika da. Normalean ondare fotografikoaren
gaia jorratzerakoan abiapuntua hau izaten da: argazkiak norbaitek egindako
irudiak direla eta haren balio bakarra balio dokumentala eta/edo artistikoa
dela. Tesi mugatzaile horrek zailtasun ugari ipintzen ditu ondarezko multzo
fotografikoak integralki tratatzeko orduan.
Gaur egun fondo fotografikoak lantzerakoan sortzen
diren arazo espezifikoen iturria material fotografikoaren faktore propioak
ez ezagutzea izaten da. Hona hemen faktore horiek: argazkiaren edukia, argazkiaren
edukitzailea, bien arteko erlazioa, multzoaren izaera, izaera dokumentala,
artearen eta dokumentuaren arteko erlazioa, material fotografiko multzoaren
problematika orokorra eta material bakoitzarena eta abar.
Argazki irudi guztietan edukiak eta edukitzaileak
osatutako binomioa aurkituko dugu. Binomio horren barruan erlazio zatiezinak
ezkutatzen dira, bai teorikoak eta bai formalak ere. Argazkiko irudia ulertzeko
binomio horretako bi aldeek hainbat norabideko elkarrekintza dute. Bata
bestearen menpean daude; beraz, ez dira independenteak. Horrek erakusten
digu ezin direla argazkiaren eduki grafikoa eta edukitzailea elkarrengandik
bereizi. Lehenik zera esan dezakegu: edukitzaileak irudiaren sintaxia (itxura
bisuala) baldintzatuko duela eta datari, teknikari, egileari eta abarri
buruzko datuak eskainiko dituela.
Edukitzailetik eratorritako elementuak ezagutuz
beste zenbait alderdi aztertu izango ditu, bai zein baldintzatan egin ote
zen eta bai adierazten duen irudiaren izaera espezifikoa.
XIX. mendeko erdialdean prozedura kalotipikoa erabiliz egindako argazki
batean jenderik gabeko kale bat agertzen bada, horrek ez du esan nahi kale
horretan inor ez zegoenik; gertatzen dena da, esposizioa oso luzea zenez,
mugimenduan zeuden objektuek ez zutela argia nahikoa denboraz proiektatzen
material sentsiblerantz, eta horregatik ez zirela han isladatzen. Beraz,
nahiz eta argazkian agian ez den inor agertzen horrek ez du esan nahi argazki
hori egin zenean handik inor igaro ez zenik; aitzitik, muga edo arazo tekniko
bat dela-eta ez dira jasotzen, eta guk ezin ditugu ikusi. Adibide hau oso
sinplea da, baina ondo isladatzen du irudiaren eta irudia hartzeko prozesuaren
ezaugarrien arteko erlazioa funtsezkoa dela hura bete-betean ezagutu nahi
bada.
Multzo fotografiko patrimonialak kudeatzen dituzten
profesional gehienek argazkia eduki soil gisa hartzen dute. Argazkia ez
da bertan adierazten den subjektu/objektuaren (edukia) eta subjektu ekoizlearen
(artista) menpe existitzen den eta denboran zehar garatzen den fenomenoa;
izatekotan, subjektu horiek argazkiaren fenomenoa garatzen eta sortzen duten
funtzioetako batzuen osagai izango dira, baina argazkiaren determinatzaileak
asko eta aldakorrak dira. Argazkigintza fenomeno historiko gisa fronte askotan
garatzen da. Fronte horien arteko erlazioen mugak zehaztea gero eta zailago
egiten ari da, analisi diakroniko desberdinak elkartu eta argazkiaren fenomeno
integralaren ikuspegi sinkronikora igarotzen garen heinean. Hori guztia
dela eta, ezinezkoa da -eta ez da batere praktikoa- fondo fotografikoen
kudeaketa, kontserbazioa edo errestaurazioa hain ikuspegi estutik egitea,
hau da, argazkiak bertan agertzen den subjektuaren eta subjektu ekoizlearen
arabera soilik baloratzen duen ikuspegitik egitea.
Argazki fondoen artxibo trataera jorratzerakoan
nire ustez akatsak edo ikuspegi mugatuak diren hainbat arrisku saihestu
behar dira, hots: Artxiboa = Dokumentua, Museoa = Arte Lana, Liburutegia
= Arte Lana, Dokumentua. Eta nire ustez material fotografikoaren zaintza
eta kontserbazioa beren eskuetan dituzten hainbat estamentu edo instituzio
ikuspegi oker horretan erortzen dira.
Argazkia ezin da hartu berrikuntza tekniko gisa
soilik, hau da, giro zientifikoan errealitatea bide faksimilen bidez adierazteko
lortutako aurrerapen gisa (argazkia iritsi baino lehen errealitatea zehatz-mehatz
birsortzeko aukera oso txikia zen "marrazkiak eskalan birsortzeko balio
zuen pantografoa..."). Bestetik argazkia ezin da objektu artistiko
soil gisa hartu ere, diskurtso fotografikoan egilea hiperbaloratuz, mende
honetan Newhall-ek eta berak sortutako eskolak egin duten bezala. Askotan
fenomeno sozio-politikoak edo historikoak egilea bera baino askoz garrantzitsuagoak
dira, finean egilea ez baita prozesu zabalago baten katearen agente bat
besterik, argazkia bera bezalaxe. Izan ere, argazkia ideia politikoen zabalkunderako
tresna gisa har daiteke, eta horren adibide garbi-garbia diktadura frankistaren
garaian dugu.
Argazkia esanahiz osatutako mapa gisa hartu
behar da. Nire ustez argazkia ez da artea edo dokumentua edo teknika, artea
eta dokumentua eta teknika baizik, eta horrek eragin handia izango du argazkia
definituko duen fitxa katalografikoaren elaborazioan, argazkiaren sintaxia
osatzen duten elementu desberdinak kontuan hartuko baitira.
Gogoeta hauek ez digute pentsarazi behar eremu
horretan ezer aurreratu ez denik azken urte hauetan. Hainbat profesional
lanean ari dira autodidakta gisa eta ahalegin handiak eginez, eta oso emaitza
onak ematen ari dira. Hala ere, nahasketa nagusitzen ari zaigu, eta zerbait
egiten denean zera azpimarratzen da: ondare fotografikoaren tratamendua
garestia dela eta eremu horretan egiten ari diren inbertsioen onurak alferrikakoak
direla. Arazo nagusia, ordea, Artxibo Fotografikoen eremuan ondare politika
razionalik ez izatearena da.
Arantza Cuesta Ezeiza, Eusko Ikaskuntzaren Mediatekako Arduradun
Teknikoa |