Laburmetraia edo euskaraz egindako zinea bultzatzeko bidea
Traducción al español del original en euskera
Asier Altuna

Laburmetraiei buruz hitzegiterakoan beti esan ohi da hasiberriak derrigorrez ezagutu behar duen formato bat besterik ez dela; hots, luzemetraiak egin ahal izateko emanbeharreko pausua dela. Gaur egungo zinemaren industrian luzera motzeko filmeen errentabilitatea eskasa dela eta, zinemetan sar ezin daitekeen produktu honek, aldiz, bere alde baikorrak eta garrantzitsuak ere baditu, nahiz eta bere egileak momentuan errekonozimendu gutxi eduki eta oparotasunean bizi ez izan. Izan ere, luzemetraiaren lehentasunarenpean dabil laburmetraia eta arrazoi honengatik gutxitan pelikula mota honetako egile kontsagraturik ezagutuko dugu.

Zinea egitea artea egitea dela argi dago baina zazpigarren arte hontan lan bat kaleratzea hain garestia bihurtzen denez gero, diruak aparteko garrantzia hartzen du pelikula bat egitearen prozesu honetan. Zinea industria moduan ikusi ezkero, hau da, artelana izateaz gain diru iturri bat moduan ere ikusten badugu, laburmetraia industria honetatik at geratzen dela konturatzen gara, zinea erakusteko azpiegitura luzemetraiaren explotaziorako pentsatua bait dago. Gauzak horrela, normala da zinegile guztiek luzemetraiak egin nahi izatea, lan honi esker bizi izan nahi dutenek behintzat. Beraz, laburmetraia bigarren arlo baten geratzen da zinearen barruan; baina aldi berean, zinea egiteko ikaste prozesuaren elementu garrantzitsuenetakoan bihurtu da, luzemetraiak egiteko laburmetraiak egin behar direlako.

Bestalde, tristea da gaur egun laburmetraiak berez dituen aukerak ahaztea, aberastasun haundia gordetzen duen produktu zinematografikoa bait da. Laburmetrai baten helburua istorio motzak kontatzea da eta honek ideiak sakonki lantzea eskatu behar izan du hasiera batean, luzemetrai batean aurki daitekeenaren mamia, azken finean, konta dezakeelako. Askotan, luzeagotzearen beharrik ez duen istorio arin, bitxi eta aberats bat lortzen du zinegileak laburmetraiaren bidea aukeratzerakoan. Bertan kontatzen diren eguneroko bizitzako hainbat istorio txiki hauek laburmetrai beraren xarma aurkiarazten diote ikusleari. Laburtasun honek ere arlo guztietan hain beharrezkoa suertatzen den esperimentazioa eta bide berriak bilatzeko aukera ematen dio zuzendariari, industriaren presiopetik kanpo lan egiteko askatasuna duen bitartean.

Laburmetrai bat egitearen abentura definizio hauen koktel bat ateratze soila izango balitz, egile gazte askok ez lukete inoiz luzemetraiaren irudia burmuinean egunero itsatsia izango. Laburmetraiaren arazoa, ekonomikoki errentablea inoiz izango ez den, miloiak kostatzen dituen produktu bat dela da. Zeregin hontan lanean egon den talde batek zorte askorekin bere proiektua burutzeko oztopo guztiak gainditu ezkero eta pelikula eskutartean izaterakoan publiko bat izango zuela ziur egongo balitz, prozesuari garraztasun pixka bat kenduko lioke. Baina zoritxarrez, gaur egun laburmetraiak ikusteko ia modu bakarra lehiaketak dira; zuzendari batek luzera txikiko bere lan bat zinemaldi baten sartzeko aukera galtzen badu, urte oso bateko ahaleginak eta indar guzti hauen emaitza metalezko lata triste baten ikustera behartuta egongo da.

Aldiz, zinegile baten pelikula motz honek arrakasta izatea lortzen badu, bapatean bide asko hasten zaizkio zabaltzen, beste laburmetrai batzuk egiteko dirulaguntza berriak datozkiolako eta bere lanak etorkizuneko lehiaketetan sartzeko erreztasun haundiagoa izango duelako. Luzemetraiarenganako iraganbide ilunaren amaieraren zatitxo bat "agian" ikusten dela esan genezake, momentu hontan pertsona baten lana ezagutzen hasten delako, ordurarte laburmetrai egile bat besterik izan bait da.

Beraz, laburmetraiak bere garrantzia lortu eta bere nortasuna eraiki beharko luke: bai luzemetraieranzko ikasketa bidea izanda, baita luzeera eta berezitasun ezberdinak dituen filmea izanda ere. Kontutan izan behar da, Euskal Herrian euskaraz egiten den zinea oso eskasa dela eta euskaraz egindako luzemetrairik ia ez dagoela. Urtero lau edo bost laburmetrai egin izan ohi dira orain arte. Horra hor euskaldunok zinea euskaraz ikusteko dugun aukera ederra. Gaur egun Ameriketatik etorritako zinea eta honek erakarritako publizitatea inposatzen zaigu, zine "handiaren" distribuzio sarearen barne egotearen emaitza zuzena bait da. Publizitate honek, gure herriko zineak ez bezala, dirua ekartzen du baina ez digu laguntzen bertako istorioak ezagutzera, ezta ere bertako zinegileak bultzatzera. Azken finean, guri inposatutako filmeek hemengo produkzioaren kalitate ona ixiltzen dute, gizarte euskalduna bere herriko filmeak ezagutzeko ia aukerarik gabe geratzen delarik. Gure zinearen arrakasta gure publikoaren eskuetan ere dago, noski, berak ere aukera bat egiten duelako. Izan ere, argi dago gure herrian ere kalitate oneko filmeak egiten ari direla, nahiz eta motzak edo luzeak izan. Iraupena, industriak ezarritako norma bat besterik ez da eta.



Asier Altuna, iazko Bilboko Nazioarteko Laburmetrai Lehiaketan lehenengo saria lortu zuen Txotx laburmetraiaren zuzendarietako bat da.
 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved