Eukal Herriko itsasertza 200 km baino luzeagoa izanda, ez da
harritzekoa bertako gizartean itsasoak eragin handia izatea. Harreman hau
ez da ogibide baten sortze eta garapenera bakarrik mugatzen (arrantzarena
hain zuzen ere), herri baten bizimodua, sukaldaritza edo-ta beste herrialde
batzuekiko harremanak ere baldintzatzen ditu.
Betidanik lantoki bihurtu dute itsasoa kostaldeko euskaldunek.
Badirudi bale eta makailao arrantzaleen mitoa ezagunena dela, baina ezin
da ahaztu euskaldunak garraiolari eta untzigin trebeak ere bazirela.Eraikitzen
zituzten untziak ez ziran oso handiak (normalean hamabi pertsonentzat eginak),
baina beraien gaitasunari esker aurrerapen teknologiko batzuk ezartzea lortu
zuten. Untzi honeek Atlantikoaren iparraldetik zabaltzen ziran ibilbide
luzeagoetan hartzen zuten parte, Euskal Herriko portuak Hansa, Hamburg,
Nantes edo-ta Brugess-eko portuekin lotuz. Portu euskaldunak Europako iparraldetik
garraiaitzen ziren produktuen biltegiak zirala esan daiteke.
Balearen arrantzagaiatik ziran eukaldunak famatuak batipat. Arrantza
mota hau zihurtatzen duten lehenengo dokumentu idatziak XI. mendean kokatu
ditzakegu. Hasiera batean balea ez zan arrantzatzen, hustiratzen baino.
Hau da, hala beharrez untziak baleaz topo egiten zuenean harrapatzen saiatzen
zan. Aurrerago, balearen baliogarritasuna ikusirik (koipea erretzeko eta
sendagai bezela erabiltzen zan, bizarrekin kortseak eta itzalkiak fabrikatzen
zituzten, mihia asko estimatzen zuten janari bezela, hezurrak altzariak
egiteko,...) animalia hauen "ehiztari" ekin zioten. Hau dela eta,
baleen atzetik mendebalderantz eta iparralderantz habiatzen hasi ziran.
XVI. mendean hasi ziran euskaldunak Ternuara (Terranova) itsasuntzi handiagoetan
bidaiatzen. Bertara makailaoa arrantzatzen joaten ziran baina han ere baleak
aurkitu zituzten. Lortzen zutena bai Europako portu garrantzitsuenetan baina
baita Gaztelan saldu egiten zuten. Oso mende oparoa izan zan eta orduantxe
izan zuten arrantzaleen kofradiek indar eta eragin handiena. Erdi aroan
sortutako gremio honeek eskumeneko konpetentziak zituzten, arrain freskoaren
salmentaren monopolioa kontrolatzen zuten, gatzite eta eskabetxe prozesuak
beraien eskuetan zeuden, arrantzaleak babesteko asistentzia maila handia
zuten... Baina XVIII. mendean Gaztelako Koroiaren ahultzea emon zan, eta
honekin batera hego Euskal Herriko arrantzaleen egoeraren ahultzea etorri
zan. Utrecht-eko Itunarekin galdu zituzten Ternuako kalak eta honeek Ingalaterra
eta Herbehereen eskuetan gelditu ziran. Egoera honen aurrean irtenbide ezberdinak
aurkitu zituzten euskal arrantzaleek. Iparraldekoak baxurako arrantzari
ekin zioten eta hegoaldekoak merkataritzarekin jarraitzen saiatu zira. Gipuzkoarrak
aurreko mendeetan Ternuan makailaoa arrantzatzen espezializatu ziran, zeregin
hau itsas lapurketekaz tartekatzen zutelarik. XVIII. mendeko krisialdiaren
aurrean merkatal konpainia batzuk sortu zituzten (Compañia de Ballenas
de San sebastián,
Compañia de Caracas, Compañia General de Pesca Marítima,
...), baina ez zuten arrakastarik izan. Krisialdi honek XIX. mendeko erdialderarte
iraun zuen, horregaitik arrantzale askok nekazaritzari ere ekin zioten.
Bizkaian barriz krisialdia ez zan hain gogor sentitu. Alde batetik
Bilbo merkatal zentru garrantzitsua zan oraindik eta bertatik Sevillako
eta Hego Ameriketako komertzioa kontrolatzen zan. Bermeo eta Lekeitio indar
handiko portuak ziran eta beste portu txikiago baztuk (Ondarroa, Elantxobe)
baxurako arratzan ihardu zuten. Lortzen ziren harrapakinak Gipuzkoakoak
baino handiagoak ziran eta horren inguruan gatzite industria handia eraiki
zan.
Orokorrean, XIX. mendea arrantzaleen kofradien krisialdiaren
mendetzat izan behar dugu, erdi aroko erakunde honeek eta garaiko ideologia
liberala aurrez aurre jartzen ziralako. Ez ziran guztiz desagertu baina
pribilegiorik garrantzitsuena galdu zuten: arrainaren eraldatzearen monopolioa.
Honen ondorioz hainbat industria txiki sortu ziran portu askoren inguruan.
XX. mendea ere ez da bat ere erreza izan arrantzaren mundurako.
Alde batetik teknika eta teknologi barriek itsasuntzien ahalmena indartu
dute, baina honekin batera arrainen desagertzearen arriskua azaldu da, baliabide
mugatuetaz hari bait gara. 60-ko hamarkadako Garapen Planek arrantzaren
hazkunde bortitza sortarazi zuten eta untziak Afrikako eta Mediterraneoko
uretara habiatu behar ziren bertoko kostaldean arrainik ez zegoelako. Honen
ondorioz 70 eta 80-ko hamarkadetan krisialdi gogorra
pairatu zuen Euskal Herriko arrantza sektoreak. Gaur egun ere krisialditik
irten gabe jarraitzen du eta Europako Batasunak ezarri dituen baldintzen
bete beharrak erronka berrien aurrean jarri ditu arrantzale euskaldunak. |