Duela 20 urte 1978an Jose Migel Barandianek Eusko Ikaskuntzaren ibilbide
berriaren hastapenean Oñatiko Batzarrean "Eusko Ikaskuntzaren
kondaira laburra" idatzi zuen. 1918an nola eta zergatik sortu zen azaldu
eta gero balorapena egin zuen eta etorkizunari begira programa agertu ere
bai : "Gure Eusko Ikaskuntzak ala behar du izan: Ikerketa oinarritzat
darabillen elkartea".
Euskal Herriko XX mendeko historian Eusko Ikaskuntza komunitate zientifikoaren
islada izan dugu eta berebiziko garrantzia hartu zuen eta du, azken batean
Euskal Herri guztian onarpena irabazten jakin duelako, euskal nortasuna
zientzi ikuspegitik lantzeko eta garatzeko erakunde nagusienetarikoa bihurtzen
jakin duelako.
Oñatiko Unibertsitatea XVI mendean sortua izan zen mendetan goi mailako
erakunde zientifikoa eta XIX mendearen lehen herenean garapen haundia lortu
arren, 1841an lehenago eta 1901an gero Espainiako gobernuaren itxiera jasan
behar izan zuen. Beste erakunde zientifikoa, goi mailako hezkuntzari loturik,
Bergarako Erret Mintegia dugu 1776koan sortua baina ibilbide laburrekoa.
XX mendean, goi mailako eskola bereziak izan arren, unibertsitate sistemarik
gabe zegoen Euskal Herria eta bestalde eusko ikasketen azterketak amateurismotik
goi mailako ikerketa mundura jauzia egiten ari ziren. Giro honetan eta 1917an
Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Diputazioko kideekin batera egindako
bileraren ondoren agerturiko manifestu politikoa, autonomia politikoaren
aldeko abagadunean kokatu beharra dugu, 1918ko Eusko Ikasketen lehen Kongresua
eta Eusko Ikaskuntzaren erakundetzea.
Hiru aldi bereiz genitzake eta hiru zientzi gizon aipatuko dugu aldi bakoitzeko
gidari eta islada izan diren heinean:
1.- Sorrera eta bilakaera: Anjel Apraiz. 1918-1936
2.- Berrerakundetzea eta ikerketa gune: Jose Miguel Barandiaran. 1978-1991.
3.- Berriztapena eta garapen berria: Gregorio Monreal.1992.
1.- Sorrera eta bilakaera : Anjel Apraiz. 1918-1936
Anjel Apraiz, Gasteizeko Ateneoko idazkaria eta Salamancako Unibertsitatean
Katedraduna 1917an Bilbon eman zuen hitzaldia euskal unibertsitatearen premia
aldarrikatuz besteak beste eusko ikasketak garatzeko. Ideia horren ildotik
Gipuzkoako Diputazioko lehendakariak Eusko Ikasketen Kongresua proposatu
zuen eta 1918an hego Euskal Herriko lau Diputazioen eraginez eta Baiona,Gasteiz
eta Iruineako elizbarrutietako apezpikuekin batera Kongresua antolatzeko
patronatoa sortu zen. Iparraldetik kultur ikerlariak eta diputatuak heldu
ziren Oñatira eta Espainiako Erregeak ere lehen egunean parte hartu
zuen, hots, Espainiar Estatuko buru. Arrakasta handiko euskal Kongresua
izan zen. Ekimenaren iraunkortasuna lortzeko sortu zen Eusko Ikaskuntza.
Berez Eusko komunitate zientifiko berria antolatzeko era bat bihurtu zen
eta helburu garbi bi: Euskal Herritarren kultura maila garatzea, Euskal
Unibertsitatea eta autonomia politikoa lortzea eta aldi berean Euskal Herriko
ideia desberdinetako ikerlariak biltzeko erakundea sendotzea. Giro honetan
hurrengo urtean, 1919an, Eusko Ikaskuntzatik Euskaltzaindia sortuko zuten.
Ordurarteko ikerketa eta kultur ekintza asko ohizko lore jokoetara loturik
aurkitzen ziren, kutsu erromantikoan murgildurik. Baina 1918an unibertsitatetako
irakasleak eta kategoria zientifiko berrietan adituak belaunaldi berria
heziturik zegoen. Honela Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos kategoriak
zeresan berezia hartzen zuen.
Anjel Apraiz izendatu zuten E.I.ko idazkari nagusi eta erakundearen gidaritza
18 urtetan berea izan zen. Hainbat kongresu, bilkura zientifiko, ikastaro,
argitaralpen eta ikerketa burutu zituen erakundeak. Eusko Ikasketak goi
mailako zeregin zientifikoa bihurtu ziren. Eta horrez gainera 1931an Estatuto
general del Estado Vasco izenburupean autonomiarako proiektu integratua
proposatu zuen.
1936ko gerra zibilak erakundea erabat puxkatu zuen. Eta Eusko Ikaskuntzako
lehendakaria zen Julian Elorza eta elkarrteko beste kide batzuk karlista
izan arren, hau da, gerraren irabazleak, gerraostean ezerezean gelditu zen.
Dena dela, beste kide batzuek, iparraldean Nazioarteko Eusko Ikaskuntza
izenpean beste elkarte bat sortu zuten. 1948an Biarritzen eta 1954an Baionan
Eusko Ikaskuntzaren 7 eta 8garren kongresuak antolatu zituzten. Jose Miguel
Barandiaran ikerlarien artean agiri zen ekitaldi hauen eragile, baina gerora
ez zuen jarraipenik izan. Hego Ameriketan beste kide batzuek Instituto Americano
de Estudios Vascos sortu zuten.
2.- Berrerakundetzea eta ikerketa gune: Jose Miguel Barandiaran. 1978-1991.
1976an aldaketa politiko sakonaren ibilbidea bere abiadan zegoen eta Jose
Miguel Barandiaran eta Agustin Zumalabe lehen garaiko bazkideen kemenez
eta lau Diputazioen laguntza ofizialaren laguntzaz 1978an 1936ko Junta Permanente
delakoaren kideen deia Oñatin antolatu zen batzarrea eta berriz indarrean
ezarri zen Eusko Ikaskuntza. Jose Miguel Barandiaran aukeratu zen lehendakari
eta bere hitzaldian garbi azaldu zuen Eusko Ikaskuntza garai berrira egokitzen
jakin behar zuela: " bainan oroi behar degu, oraingo mundu hau ez dala
guda aurrekoa bezala. Orain teknikak, erainkinak, nagusialdeak, lantegiak
eta mila eratako estugarriak edo erazoak darabillela gizaki bakoitza aizeak
orbela bezala; bainan geldiur gabeko igitze hontan ere zenbait gauza beti
dirauten dutenak badirala ta berak oinarritzat hartu bearra ezagutu"
Unibertsitate berriak zeuden eta ikerketa gune ugari. Eusko Ikaskuntzan
ikerketa elkargotzat jotzen zuen bere jomuga nagusia mundu berrian.
Jose Miguel Barandiaranen zuzendaritzapean, berriz indarrean ezarri ziren
ikerketa sailak, aldizkariak argitaratu,besteak beste RIEV, Kongresuak antolatu
eta bazkideak bi milatik gora egin ziren. Baina urteak joan ahala erakunde
publikoen partaidetza ahultzen joan zen eta bazterrean gelditzen, ulerturik
gabe Eusko Ikaskuntzaren moduko zentzu akademikoko erakundeak gizarte zibil
modernoetan duten funtzioa eta garrantzia. 1980ko hamarkadaren bukaeran
hausnarketa eta kezka zegoen bazkideen artean.
3.- Berriztapena eta garapen berria: Gregorio Monreal.1992.
J.M. Barandiaran hil ondoren gogoeta biztu zen Eusko Ikaskuntzak erronka
berriei aurre egiteko, bereziki bazterketatik ateratzeko eta euskal gizartearen
ekimenei erantzuteko. G. Monreal aukeratua izan zen, bere programan ekintzabide
zehatza aldarrikatzen zuelarik. Ordurarteko ohizko ekintzabidea ontzat harturik
erronka berriak ezarri ziren: eusko komunitate zientifikoaren artikulatzeari
ekitea, eusko ikasketen maila igotzea, nazioartekotasuneko sarean sartzea,
kultur zabalkundeari ekitea, ikerlarien taldeak sendotzea eta kopuruz gehitzea,
egiten ziren lanen zabalkunde eta komunikazioari irmoki eustea. Horrez gainera,
Eusko Ikaskuntza erakundeen aurrean harreman berri bat sortarazi behar zuen
eta zehazki ikerketarako finanziazio bideak ugaldu behar ziren. G. Monrealen
lehendakaritzapean helburu berriak lortu ziren, Eusko Ikaskuntzaren onespena
berriztu zelarik euskal erakundeen aldetik eta baita ere Espainiako Gobernuaren
eremuan. 75 urteurrena Oñatin ospe handiz antolatu zen eta ohizko
erakunde publikoen goi mailako partaidetzarekin, benetan Euskal Herri osokoak
eta azpimarratzekoa Unibertsitate guztien goi mailako ordezkaritza. Eusko
Ikaskuntzaren Kongresuak berriz bi urterik behin egin dira, sariak sortu
dira, Unibertsitateekin hitzarmenak sinatu dira, aipatu behar dira bereziki
Oxford eta Nevadakoarekin sinaturikoak. Goi mailako ikastaro unibertsitariak
ere antolatu dira, Jakitez izenekoa adibidez eusko ikasketetan trebatzeko,
100 irakasle desberdin erabiliz. Azken batean ildo berrian zientzi erakunde
legez Euskal Herri mailan berrantolaturik gelditu da Eusko Ikaskuntza eta
bere onespena zalantza barik ezarria.
Juan Jose Goiriena de Gandariasen lehendakaritzapean ildo beretik garatzen
ari da Eusko Ikaskuntza eta erronka berriak ezarriz: Ikerketa zentru legez,
guztira urte honetan adibidez 48 ikerlari ari dira lanean Eusko Ikaskuntzan
eta 160 kidek laguntzak jasotzen dituzte ikerketak burutzeko. Bestalde une
honetan Eusko Ikaskuntza birtuala sortzen ari da eta modu honetan mundu
mailan zabaltzeko ekimen berria dugu. Nahietaezkoa bihurtu da erakunde berria,
Eusko Ikaskuntza birtuala. Komunikazio sare berriei garrantzia ematen zaie
kultur zabalkundean premiazkoa bihurtu delako eta ezagutzan oinarrituriko
gizartean hainbat gehiago. Horrez gainera beste proiektu enblematikoa Eusko
Enziklopedia berria sortzea da.
Beraz mende berriari begira, Eusko Ikaskuntza zientzi ikerketa gune legez
sendo agiri da eta Eusko Komunitate zientifikoaren erreferentzi gune izanik
kultur industriarena ere bada jadanik, euskal gizartean eta Euskal Herriko
erakunde publikoen aurrean. |