"Hace muchos años
viviendo yo en Zarauz, se me ocurrió que el verano podría
alargarse un poquito. ¿Cómo? Haciendo el 9 de Septiembre,
día de la virgen de Aránzazu, Patrona de Guipuzkoa, una importante
y llamativa fiesta (...) Se me ocurrió, pues, hacer una grandiosa
fiesta vasca, con premios a las mejores carrozas, para los grupos mejor
presentados y las parejas vestidas con mayor gusto (...)
Lo curioso es que desde entonces [1924] y eso que
ha pasado más que un cuarto de siglocontinúa haciéndose
todos los años y se puede decir que es una de las fiestan que gustan
más"
Mauricio Flores Kaperotxipi (1)
Hitz hauek argitzen digutenez, Mauricio Flores Kaperotxipi zarauztar
pintoreari otu zitzaion 1924.eko irailaren 9an parekorik izango ez zuen
Euskal Jaia sortzea, euskal usario eta ohituretan erroturiko Euskal Jaia,
hain zuzen ere. Ideia horri, ordea, berehala lotu zitzaizkion Jose Zinkunegi,
medikua; Nikolas Mugika, pintorea; eta Bonifacio Echegaray, idazlea.
Sortzaileen bizi-xehetasunek erakusten digutenez, guztiek hartzen dute
parte kultur mailako ekintzetan. Esate baterako, guztiak biltzen omen ziren
Zarauzko "La Reja" zeritzan elkartean eta, dirudienez, elkarte
honek Primo de Riveraren diktadurapean, Zarauzko herri-kultur bizitzari
zegokionez, eragin eta indar berezia izan zuen.
Gisa honetako jai bat urtetik urtera indar handiagoarekin antolatu ahal
izateko ez zen aski antolatzaile batzuk egotea; Zarauzko Udalak emandako
baimenaz gain, ezinbestekoa gertatu zen herri osoaren partaidetza. Izan
ere, herritarrak ziren sariak erosteko diru-laguntzak ematen zituztenak;
herritarrak ziren esku-programa eta kartel dotoreak txoko guztietara barreiatzen
zituztenak; eta herritarrak ziren, azkenik, ordu askotako lanaren izerdiz
lehiaketetan parte hartzen zutenak, bai gurdiak prestatuz, bai ahal zen
tokietatik euskal usarioan atonduz, eta baita, soinu eta dantzari esker
giroa etengabe alaituz ere.
1924.eko urte honetan goiz partea, txistu eta danbolin
soinuz "biribilketak" eta "trikitiak" dantzatuz pasa
zuten zarauztarrek. Ondoren, 3:30etan, aldez aurretik prestatuak zituzten
gurdien laguntzaz Iñurritzarantz (2) abiatu
ziren. Urte honetan, "Trastorno" kuadrila herrikoiak prestatu
zituen gurdiak, eta festa honen helburu nagusia uda luzatzearekin
bateraeuskal ohitura eta tradizioa berreskuratzea zela kontutan izanik,
talde honek euskal ezkontza zahar bat irudikatu omen zuen, bere "arreo"
eta guzti.
Harrez gero ere, ezkontza zaharrak behin eta birritan antzeztu izan dira,
baina, bereziki, 1978 koa izango da aipagarriena. Hauxe baita gaur egungo
Euskal Jaiari bizitasuna ematen dion "Alproja" antzerki-talde
herrikoiaren aitzindari.
Urteetan zehar egin duen ibilbidea:
Guda zibileko epe laburra kenduta bai baita1939-40 urteetan ospatu
zireneko testigantzarikurtero-urtero etenik gabe egin izan dira Euskal
Festak. Ez dira, haatik, beti sasoi betean agertu. Inolako kanpo edo barne
eragilerik gabe ere, Euskal Festak gorabeherak izan ohi zituen; gerta zitekeen
garai bertsuan Zarauzko Euskal Festak ekintza ugariz horniturik sasoi betean
egotea, nahiz hutsune nabariak sumatzea ere.
Hala, berrogeita hamargarren hamarkadan hainbat hutsune zeudenez gero,
Goiztarrak taldea izango da, Zarauzko Euskal Festak suspertzeko asmo sendoa
bere gain hartuko duena. Talde honek goiz partea, piper eta gatz gehiagoz
zirtatzeko, aintzinako ohitura zahar bat berreskuratu zuen; hau da, alkate,
mikelete, mediku eta abarren papera hartuz, garai batean, festetan, korporazioak
izaten zuen eginkizuna burutuko dute.
Alabaina, aldaketarik bortitzena 60. hamarkadan sumatuko dugu. Izan ere,
ordurarte Euskal Festak irailaren 9ko egunera mugatzen baziren, 1964.urtean,
egun bakarra izatetik aste osoa izatera igaroko dira EUSKALZALEAK taldearen
eskutik. Hala, Euskal Astea eta Umeen Euskal Jai Eguna sortuko dira: Umeen
Euskal Jaia irailaren 9aren aurreko igandean egitea erabaki zen; eta, beraz,
irailaren 9ko Euskal Festa eta Umeen Euskal Jaiaren artean geratzen zen
tartea Euskal Asteari eskainiko zitzaion.
Umeen Euskal Jaia:
Euskalzaleak taldeko Manolo Urbieta eta Joxe Antonio Azpeitia izan ziren
Umeen Euskal Jaiaren sortzaile nagusiak. Manolo Urbietak, beti etorkizunari
begira, umeen ahotan euskara eta euskal kantua jarriko ditu, umeen bihotzetan
euskal hazia ernalduz; eginbide garrantzitsua bezain latza izango da, beraz,
Frankismo garai hartan bere egin zutena.
Euskalzaleak taldea:
Talde honek indarrean 1964-1978 bitartean iraungo du, nahiz eta bertan
bi loraldi nagusi nabarmendu: 1964-1972 bitartekoa bata, eta 1972-1978ra
doana, bestea. Talde honek, herri giroa, euskal giroa sortu nahi zuen: "Bide berrriak urratu, argi egin, ispilu izan, herri-esnale...
au da gure eginkizuna" ( Zeruko Argia, 1968ko irailaren 9). Taldearen
helburua herria euskalduntzekoa zen. Eta, beraz, helburu hori ez da Euskal
Festetara soilik mugatuko. Ez, behintzat, irailaren 9ko egun horretara,
ez eta talde honen eskutik sortuko den Euskal Astera ere. Urte osoan zehar
egiten zuten lan: "Konturatzen gera euskal
asteko erriaren jokaera ez dala une batzuetako berotasunak sortzen duen
emaitza, ta jai auek berak laguntza bat dirala euskal-giro ori sortzeko"
(Zeruko Argia 1968, "Euskal Jaiak Zarautzen").
Euskalzaleak taldearen berrikuntza nagusia zortzikoteen eta euskal irudien
lehiaketak izango dira (3).
Azkenik, gogoeta gisa aipa dezadan, Zarauzko Euskal Jaiak ez direla txukun
eta ederki bildurik, hauts apurrik gabe kanpotarrei erakusteko gorde behar
ditugun bitxi eta jostailuak; nortasun-sustrai sakonak berreskuratuz eta
geure eginaz herritarrok gozatzeko eta bizitzeko direla. Horretarako urteen
ibilian bizi dugun gizarteari egokitzen eta gaur egungo beharretara gaurkotzen
saiatu beharko dugu.
(1) Floreskaperotxipi, M., 1963 Pablo Uranga. Vida,
obra y anécdotas del pintor Pablo Uranga, Donostia, Auñamendi.
(2) Iñurritza edo San Pelaio Zarauzko auzo bat da:
Iñurritza --garai hartan eta gaur egun ere bai, agian-- espazio publiko
zabalena eta naturalena zen, auzo-herria, auzo-nekazaria; eta baita Zarautzko
herriko auzorik aldenduena ere. Bertan, ermitaren atzeko zelaigunea ospatzen
da erromeria.
(3) Esan dugunaren berri zehatzagoa eta osoagoa nahi duena
jo beza liburu honetara: Aranzabal, M. & Azpeitia A. Zarauzko Euskal
Jaiak (1998 Irailea argitaratuko da) |