Jorge Oteiza Enbil Orion jaio zen 1908an. Arkitekturak
tiratu zuen txikitatik, eta arte plastikoaren bideak jorratu zituen gazte
zenetik. 1933an bere lehen saria lortu zuen Gipuzkoan eta erakusketak eratzeari
lotu zitzaion, Euskal Herrian eta Hegoameriketan ere. 1950ean Arantzazuko
Saindutegiaren estatuak egiteko lehiaketa irabazi zuen. 1957an Sao Pauloko
Biurteko Nazioarteko Saria lortu zuen, eskulturan. Euskal Eskolaren bultzatzailerik
adierazgarriena dugu. GAUR, EMEN eta ORAIN artista taldeen sortzaileetakoa
da. 1963an "Quosque Tandem...! Euskal gogoaren interpretaziorako saioa"
liburua argitaratu zuen eta 1983an "Ejercicios espirituales en un túnel".
1985ean Espainiako Kultura Ministeritzaren Artederretako Domina eskuratu
zuen eta 1988an Artederretako "Principe de Asturias" Saria egokitu
zitzaion. Jorge Oteiza, euskal arte plastikoak eman dituen artistarik ezagunenetakoa
da, mundu osoan.
Manuel Lekuona Saria eskaini zitzaion 1996an, eta bi urte beranduago,
haren emate-ekitaldiaren gaineko erreportaia grafikoa bere eskuetara iristarazteko,
Jorge Oteizarengana hurbildu ginen, aurtengo uztailaren amaieran, Zarautzko
bere etxera, Euskal Herriko Unibertsitatearen Honoris Causa titulua jaso
berri zuelarik. Eusko Ikaskuntzarekiko beti azaldu duen abegitasun zintzo
berberarekin errezibitu gintuen, eguerdi eguzkitsu batean.
Ondoren doazen zertzeladak, elkarrizketa informal hartatik ateratakoak
dira, batez ere bizitzaren alderdi ludiko eta epikureoa izan genituelarik
hizpide. "Kote" Ormazabalek, 1996ko maiatzean Oñatiko Unibertsitatean
ospaturiko ekitaldi hari buruz prestatutako argazki bildumaren aurrean Jorgeren
lehen erreakzioa, On Manuel Lekuona zenaren gaineko gogoeta bat izan zen:
- Manuel Lekuona Saria, jaso ditudan ohoren artekorik minenetakoa
da, On Manuel biziki estimatzen nuen eta -aitortu zigun Oteizak-
Nahikoa sakona izan zen gure harremana... Larrosantzeko koloreko bere azalak
bakea adierazten zuen, komunikaziorako gogoa... Inoiz probokatzaile samarra
ere gertatu zitzaigun!
Argazki bildumarekin jarraituz, emate-ekitaldiko lehendakaritzaren mahaian,
hizlarien izenekin ipinitako karteltxoak aldatuta daudela ohartu zen, Sainz
de Oiza-ren ondoan Gregorio Monreal-i zegokiona zegoelarik eta alderantziz.
- Ederto dago, noizean behin gauzen ordena aldatu beharrean aurkitzen
baikara, osterantzean bizitzak zentzu monotono irenstezina hartuko bailuke.
Begira erretrato honetan ere -bera agertzen den bati buruz ari zen-
Nire aurpegiak bakea eta anaitasuna isladatzen ditu..., justu ohikoaren
kontrakoa, amorruzko betartearekin ateratzen bainaute beti. Argazki honetan,
beraz, Oteizaren aurpegi izkutua ikus daiteke.
Eguerdia gainditua , hangoen gorputz eta gogoek bazkaltzeko ordua iristen
ari zela igerri balute bezala, elkarrizketa tonu epikureoa hartzen zihoan.
Hori gutxi bailitzan, "Zubi Ondo" jatetxeko Joseba adiskidea,
dozena bat ostrarekin agertu zitzaigun, artistarentzat. Oteizari begiak
biziagotu egin zitzaizkion. Josebaren jatetxean liburutegi txiki bat da,
Jorgeri buruzko zenbait liburu eta bere eskultura estilizatu batzuekin.
- Atornillatuta daude! Bestela... Ostrak, eta orohar itsaskia, betidanik
gustatu zaizkit... Badakizu, Orion jaioa nauzue! Holandatik ekartzen dizkidate
ostrak, berma osokoak, izan ere nire adinean estu zaindu behar dut elikadura.
Ostrak jaten txapeldun izan nintzen Txilen eta Rio Janeiron! Eta ostrei
laguntzeko, ezer ez hobeagorik Getariko txakolina baino... Getariko txanpaña!
Getari, ezkutari!!
Une horretan Juan Garmendia Larrañagak, Jorgeren aspaldiko adiskidea,
jatun on eta kirolzale aparta betidanik izan dela oroitu zion artistari.
Alzuzatik zehar, Jorgeren 2CV zahar batean eginiko txangoen erreferentziak
berpiztu ziren bien baitan.
Juan Garmendia eta Jorge Oteiza, azken honen etxean
- Juan -bota zion bapatean Oteizak- Zu bai ogi puxka zarela!
Eta oso ondo kontserbatzen zara, gainera! Nola egiten duzu? Ni berriz, hemen
nago, haginik gabe, burutik zilborreraino neukan artifizialkeria guztia
zakarrontzira bota baitut! Zilborretik beherakoa, berriz, berez eroriko
da... Baina ez noa presaz ibiltzera! Osasunez makaltxo nabilen arren, nola
demontre osatuko naiz laurogeitamar urterekin, egunero hiru zigarro puru
erretzen baditut? Benetan, bizitzen jakin izan dut.
Eta Jorgek langelako ahapaletan miatu zuen jarraian, erdi izkuturik utzitako
kaxa baten bila. Erretzeko pipak erakutsi nahi zizkigun, berak asmatutako
eta Londres eta Buenos Airesen patentatutako modeloak. Edozein pipazale
txundituta utz dezaketenak, tabakoa erretzeko duten sistema guztiz atzekoz
aurrerakoa baita.
- Lehen Juanek esan duenez, kirolzale ere izan zara... -gogoratu nion.
- Uzkudun boxealaria miretsi nuen, batez ere. Horra hor, adibidez,
errezildarraren burua, harriz landu nuena. Behin apustu bat egin nuen, munduko
edozein boxealariren kontra jokatzeko prest nengoela, baldin eta ring-a
biribila bazen. Guretzat, euskaldunentzat biribiltasuna sakratua da. Begira,
bestela, cromlech-a. Baina, horrezaz aparte, traineruek ere tiratzen naute,
eta diseinu berezi batzuk burutu ditut, gai horren inguruan.
Argazkiak errepasatzen amaitu zuenean, Manuel Lekuona Saria emate-ekitaldiko
prentsa mozkinei iritsi zitzaien txanda. Egun hartako kazeta batek, "Eusko
Ikaskuntzak Oteizaren esfortzu humanistikoa sariztatu du" zioen. Ez
dirudi Jorge oso ados zegoenik izenburu horrekin.
- Nik ez dakit zer den esfortzua... den-dena esfortzua izan baitut
bizitza osoan. Esfortzuak garaitu ninduen hasiera hasieratik eta, beraz,
esfortzatuaren kontzientzia ez zen nigan inoiz sortu.
Juan Garmendiak, bientzat ezagun diren zenbait pertsonen aipamenak egiten
jarraitu zuen. Oteizak, katilu bat kafe eskuan eta zigarro purua ezpainetan,
gustora egiten zuen barre Juanen ateraldiekin. Jose Miguel Barandiaran,
Julio Caro Baroja eta beste adiskide batzuen gaineko anekdotak azaldu ziren,
denak umore onean.
- Inpaktatua geratu nintzen Pio Baroja ezagutu nuenean -esan zigun
Oteizak- Oso gaixorik zegoen, Madrilen, eta bere etxeak "bisiten
arkipielagoa" zirudien, egun guztian jendez beterik baitzegoen. Nik
ez nuen inolako asmorik bisitatzera joateko, baina behin txilear lagun bat
etorri zitzaidan eta, arren eta arren, Don Pío ikustera laguntzeko
eskatu zidan. Hara joan ginen eta gaixoarengana hurbildu ginenean, han zegoen
batek "Zer iruditzen zaizkizu Arantzazuko apostoluak?" galdetu
zion Barojari. Hark bota zuen ostikada! Eta, noski, jota utzi ninduen. Baina,
handik aterata gero, "Zergatik jakin behar du Barojak eskulturaz?"
galdetu nion neure buruari eta lasai geratu nintzen.
Ordu t´erdiz iraun zuen gure elkarrizketa biziak, hain zuzen ere
Alberto Gisasola doktoreak, Jorgeri eguneko masaien dosia ematera etorri
zitzaion unerarte. Elkarrekin azken erretratoak atera eta Oteiza handiak
lanean lasai jarrai dezakeen, topa egin genuen. |