95 Zenbakia 2000-10-13 / 2000-10-20

Gaiak

Garapenerako lankidetza, unibertsitatearen ikuspegitik

ONAINDIA, Miren

Garapenerako lankidetza, unibertsitatearen ikuspegitik Garapenerako lankidetza, unibertsitatearen ikuspegitik * Miren Onaindia Unibertsitateak, gizarteko elementuetako bat den aldetik, garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko erantzukizuna daukala ikusten du, eta, horregatik, asmo horrekin sortu diren hainbat programatan dago murgilduta, zuzentzen batzuetan, eta parte hartzen besteetan. Euskal Herriko Unibertsitateak bere departamentuen bidez ematen duen laguntzak gizarteak beren egituretatik aldatzeko xedea dauka, eta bereziki hezkuntzaren alorrera dago bideratuta. Horretarako, hezkuntza, kultura, ikerketa eta ezagupenak zabaltzeko nahiz teknologia transferitzeko programez baliatzen da. Garapen sozioekonomikoa epe ertain eta luzera bultzatu nahia bateragarria da kasu zehatzen aurrean ematen den laguntza humanitarioarekin (Mitch urakana, etab.). Aztertzekoa litzateke, bestetik, aniztasuna eta balore etikoak garatzeko zeharka eragiteko aukera. EHUn hainbat ekintza egiten da garapenaren alde. Garapen bidean dauden herrialdeetako unibertsitateekin daukagun harremana, akademikoki eta zientifikoki aurrerapenak egiteko ezagupenak elkartrukatzean oinarritzen da batik bat. Horretarako lehenengo baldintza, departamentuak interesatuta eta laguntzeko prest egotea da; eta programek behar bezala funtziona dezaten, komenigarria da proiektuen inguruko erabakiak hartzeko eta hauek exekutatzeko orduan erantzukizuna bi alderdiena izatea, eta ekintzak ez etetea, laguntza jasotzen duten herrialdeetako gizartean benetan eragin ahal izan dadin. Garapen bidean dauden herrialdeen politika, ekonomia eta gizartea pluralak direnez, ezinezkoa da ekintzak eskema bakar batean adieraztea. Nolanahi ere, garatzen laguntzeko helburuak berberak dira guztietan. Latinoamerikako unibertsitateetan ezarri berri diren Doktorego Programek eta Graduondoko Ikastaroek arrakasta handia lortu dute. EHUn HEGOA Institutuaren bitartez (Nazioarteko Lankidetzarako Garapenaren Ikasketen Institutua) bideratzendira lankidetzarako proiektuak, bi bitarteko nagusiren bidez: Nazioarteko Lankidetzarako Kooperante eta Adituak Trebatzeko Plana, eta Garatzen Laguntzeko Dokumentazio Zentrua. Institutu hau da, era berean, EHUk garapenerako bideratzen duen 0,7aren fondoa kudeatzen duena. AECI (Agencia Española de Cooperación Internacional) agentziaren laguntzarekin, doktore tesiak egiten ari diren ikasleak etortzen dira gure unibertsitateko departamentuetara. Datorren ikasturtean garapen bidean dauden herrialdeetako 24 ikasle bekadun izango ditugu gure artean, beren doktoregoak EHUn egiteko. Etorkizunera begira, lankidetzarako ekintzak zuzenduko dituen Nazioarteko Lankidetzarako Zerbitzua sortzeko asmoa dago. Bere eginkizun nagusiak, garatzen laguntzeko EHUko proiektuak kudeatzea, zentru eta departamentuei lankidetzaren arloan teknikoki laguntzea, kanpo finantziazioa bilatzea eta sentsibilitate ekintzak prestatzea izango lirateke. Bestalde, Nazioarteko Harremanen Batzordeak, CRUEren delegazioz (Conferencia de Rectores de la Universidad Española), "Garapenerako Lankidetza Unibertsitarioaren Estrategia" izeneko agiria onartu zuen martxoan. Garapen bidean dauden herrialdeen garapen sozioekonomikoan unibertsitateek zenbaterainoko garrantzia daukaten ematen du aditzera agiri horrek, eta arlo horretan jarduteko ildo batzuk finkatzen ditu. Horrela, nazioarteko lankidetzan unibertsitateek egiten dituzten ahaleginak koordinatzeko marko bat zehazten du, eta datozen urteetarako helburu batzuk adierazten: garatu gabe dauden herrialdeetako bizi eta lan baldintzak hobetzea, garatzen laguntzeko agenteen ekintzak koordinatzea eta herrialde garatuetan solidaritza sentimendua piztea. Programa hauek guztiak martxan jarri eta aurrera eraman ahal izateko, finantziaketa eta kudeaketa egokiak behar dira. eta ahalegin horretan tartean izango da euskal unibertsitatea. Gauza asko daudenez egiteke, ikasleak, irakasleak eta administrazioko langileak lankidetzarako jardueretan parte hartzeko beharraz jabetzekoekintzak bultzatu behar dira. Izan ere, proiektu hauek beren helburua lortu ahal izateko, behar beharrezkoa da unibertsitatea osatzen dugun guztiok laguntzeko prest egotea. Miren Onaindia dr., EHUko Nazioarteko Harremanetarako zuzendaria Argazkiak: "Jóvenes del Tercer Mundo" webgunetik Euskonews & Media 95.zbk (2000 / 10 / 13 20) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria