Zenbait ideia biodibertsitatearen inguruan Zenbait ideia biodibertsitatearen inguruan * Traducción al español del original en euskera Arturo Elosegi Lau mila milioi urteko eboluzioaren ondorioz, gure planeta biziaz gainezka dago, honek, mota, itxura eta kolore guztietako oldetan, Lurra azken zirrikituetaraino estaltzen baitu. Biziaren dibertsitate itzelak onura handiak dakarzkigu, ekonomiko, estetiko, ludiko zein kultural. Jende kopuruaren gorakada jarraiak, ordea, Lurraren historian izan den suntsipenik bortitzena jarri du abian, aguro moztu ezean mundua arras txirotuko duena. Suntsipen hori gerarazteko, azkar jardun behar dugu, biodibertsitatearen atal ugarien arteko loturak kontutan hartuz. Hortaz, hemen eta orain, biodibertsitatea, bere maila guztietan, kontserbatu beharra dugu. Mailarik apalenean gene dibertsitatea dugu, populazioetako banakoen artean dauden desberdintasun genetikoak, alegia. Hau murrizten ari zaigu, populazioak urritu eta zatitzearen ondoriozko odolkidetasunagatik. Dibertsitate genetikoa galtzeko zorian, eta hortaz, ingurune aldaketei erantzun ezinik geratzeko arriskutan daude Euskal Herriko zenbait animalien populazio txiki eta isolatuak, hartzetatik hasita erbinude zurietara. Baina hau gutxi ez, ugariak diren beste espezie askotan ere dibertsitate genetikoak behera egin du. Interes ekonomiko handieneko espezietan da hau argien, mendetako hautespenak populazioak homogeneizatzea ekarri baitu. Azken urteotan joera hau areagotu egin da, eta klonazioa bezalako zenbait teknikek, era egokian erabili ezean, dibertsitate genetikoaren galera azkartu egin dezakete, honek dakartzan kalteak areagotuz. Maila altuagoan dibertsitate intraespezifikoa dugu, populazio desberdinen artekoa, alegia. Arlo honetaz dugun informazio ia bakarrak, abereei eta nekazaritzako landareei buruzkoak, argi uzten du Euskal Herria asko txirotu dugula, lekuan lekuko baldintzetara moldatuta zeuden hainbat arraza eta barietate galdu egin baitira, merkatu homogeneoaren mesedetan. Honekhamarkadetako utzikeria isladatzen du, eta bertako produktuak (gure burua, azken batez) behar bezala estimatzen ez dugula jakin izan. Tamalez, galdutako barietateak ezin berreskura daitezke, eta oraindik beste asko (betizuak, pottokak, hainbat sagar mota) bide beretik doaz. Beste eskail maila bat igota dibertsitate espezifikoa dugu. Euskal Herriko zenbait espezieren egoera kritikoa da: igaraba, lepahoria, ur satorra, uhandre alpetarra, bonelli arranoa, batzuk aipatzearren. Hauetako asko kalitate altuko habitata behar duten espezialistak izaki, beren gainbeherak ingurunearen egoera orokorrak txarrera egin duela, eta tamalez, egiten jarraitzen duela adierazten digu. Egia da zenbait espezie, basurdea, zapelatza edo orkatza, esate baterako, gorantz doazela, baina honek gehiago isladatzen du ehiza presioaren beherapena (edo gutxienez ehiza garai batean baino selektiboagoa dela), eta ez ingurugiro kalitatearen hobetzea. Atal honetan diru asko gastatu dugu, baina zalantzak ditut ingurunea ez ote dagoen gero eta narriatuagoa. Baina dena ez dira espezieak. Hauek komunitateak eratzen dituzte, lekutik lekura arras aldatzen direnak, munduari dibertsitate espazial izugarria emanik. Hemen ere egoera nahiko larria da. Gero eta gehiago, gizakiaren laguntzari esker barreiatutako landare eta animalia exotikoak aurkitzen ditugu nonahi, poluzio biologikoa deritzona hedatuz. Noski, kontua ez da zenbait espezieri eusko labela ematea, eta beste guztiak arrotz kontsideratzea, betirako Euskal Herritik desterratuz. Baina tamalez, jendea ez da oraindik konturatzen zeinen kaltegarria izan daitekeen espezie exotiko bat naturara askatzea. Ibai karramarro amerikarrak eginiko triskantzak, lutxoak eta black bass ak sorturiko kalteak, hainbat landare espeziek denbora gutxira izan dezaketen hedapenak, argi utzi beharko liguke ez gaitezkeela arinki espezieak mendiratzen ari. Garai bateko administrazio guztien jarduera penagarria izan zen arlo hontan, baina zorionez, badirudi gaur egun argi dutela exotikoekinahalik eta experimentu gutxien egin behar dela. Orain jendea jabearaztea falta zaigu, etxean dituen arrain tropikalak edo dortoka amerikarrak mendian askatu baino, ekologikoagoa dela haiek hiltzea, edo zeresanik ez, etxean mantentzea. Berdin, oporretatik itzultzean, hobea dela oroigarritarako argazki batzuk ekartzea, eta ez musker bat. Eta antolaketa maila handienean paisaia dibertsitatea dugu. Paisaia hitza konnotazio estetikorik gabe erabiltzen dut, lurraren antolaketa motak azaltzeko. Hau, noski, kultur dibertsitatearen menpe dago (bizia antolatzeko molde desberdinen menpe), baina kultura ez da biodibertsitateak duen patu lazgarritik libro. Izan ere, ustiaketa modu zaharrak desagertu eta berriak sortzen dira, paisaia guztiz aldatu, soka luzean biodibertsitatearen maila guztietan eragiten duen prozesua bultzatuz. Gipuzkoa eta Bizkaian iralekuak ia guztiz desagertu ziren, baserria krisian dago, txaletak nonahi sortzen dira, komunikabide gero eta erraldoiagoak sortzen ditugu. Aldaketa ez da berez txarra, baina bai lekuan lekuko berezitasunak galtzea. Mundu osoan kultura bakar bat hedatzen ari den modu berberean, hiri mota bakar bat ari gara eraikitzen, edo paisaia bakar bat leku guztietara zabaltzen. Honek, berriro ere, mundua txirotzea dakar, dibertsitatea berez baita ona. Idiazabal gazta indartzeari esker artzantzak azken urteotan izan duen susperraldiak, eta noski, honek gure mendien egoeran izanen dituen ondorioak, argi uzten dute aldaketa kulturala, paisaia eta biodibertsitatearen arteko lotura. Ez nuke ezkorregi izan nahi. Asko galdu dugu eta askoz gehiago galtzeko arriskuan gaude, baina era berean, gero eta argiago dugu zeinen garrantzitsua den biodibertsitatea kontserbatzea. Horretarako, ezinbestekoa da honen atal desberdinak batera hartzea kontutan, gure ohituren aldaketa xumeenak ere epe luzera ekar ditzaketen ondorioez jabetuz. Ez dugu tradizionalismoan erori behar, aldaketa eragotzi ezina ezezik, ona eta biziaren sortzaile ere bai baita. Baina gure egunerokobizimodua errotik aldatzen ez badugu, gure ondorengoek jasoko duten mundu txiro eta homogeneoa ez da bizitzeko oso leku liluragarria izanen. Gure eskuetan dago. Arturo Elosegi, Euskal Herriko Unibertsitatea Argazkiak: Lur Hiztegi Entziklopedikoa Euskonews & Media 81.zbk (2000 / 6 / 2 9) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.euskoshop.com http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.