752 Zenbakia 2020-07-15 / 2020-09-16

Gaiak

Bertsolaritzaren historia: hedabideratzea komunitate subalternoaren eragiletzaren eta proiektuaren ispilu (1823-2018)

AGIRRE, Antxoka

Bertsolaritzak euskal kultur sisteman duen pisuak hainbat gogoeta eragin izan ditu denboran zehar, eta atzerriko adituak ere harrituta gelditu ohi dira bere oihartzun sozial eta mediatikoa ikusita. John Miles Foley estatubatuarrak, esaterako, 2005ko finala BECen bertatik bertara bizi izan ondoren, horrelakorik inoiz ikusi gabea zela zioen (1).

Zer da bertsolari ezohiko oihartzun hori ekarri diona? ‘Bertsolaritzaren historia: hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018)’ doktore tesian bertsolaritzaren historia mediatiko bat osatu da singulartasun honi azalpen historiko bat eman nahian. Historiala seriala baliatu da azterketa kuantitatiborako metodo nagusi gisa, prentsa historikoko 4.159 testu bildu eta aztertu direlarik, hauei prentsa garaikideko beste 2926 testuren azterketa gaineratuz. Azterketa kualitatibo nagusia, aldiz, bertsolari, kazetari eta eragile erreferentzialei eginiko elkarrizketa sakonen bidez gauzatutakoa izan da.

Lore-Jokoez haratagoko arrastoa

Bertsolaritzaren historia modernoaren hasiera 1935ean eta 1936ean Basarrik eta Txirritak irabazitako txapelketetan jarri ohi da. Prentsa historikoan topa daitezkeen lehen arrastoak, ordea, askoz ere lehenagoakoak dira.

Honela, bertsolaritzaren inguruan topatu den lehen testua 1823koa da, Etienne Boucher de Crèvecoeurrek ‘Souvenirs’ izenburuarekin Journal des Voyages, découvertes et navigations modernes ou archives géographiques et statistiques du XIXe siècle paristar bidaia aldizkarian argitaratua. Testuaren izaera goiztiarra erakusten duen datua: euskara beranduago agertu zen lehen aldiz prentsan, hain justu, 1834ean, Donostiako El Correo del Norte kazetan (2).

1851an sortu Antoine Abbadiek abiarazi zituen Lore-Jokoak hartzen dira euskal kulturgintza modernoaren lehen plataforma antolatu gisa (3) eta ordurako bertsolaritza ukitzen zuen testu mordoxka bat argitaratua zen prentsan: Etxahunen epaiketen kronikak (1828), Jean Baptiste Chahok Etxahuni buruz argitaraturiko erreportajea (1838), Jean Duvoisinek bertsolaritzaz argitaratutako artikulua (1841), Agosti Chahoren apologia (1844)….

Bertsolaritzaren presentzia jasotzen duen prentsako testu zaharrena (1823).

Halabeharrez eta korrontearen kontra

Burkek azaltzen duen bezala (4), XV. mendetik aurrera, inprentaren sorrerarekin, idatzian oinarrituriko kultura jasoa garatu zuten eliteek, kultura hori modernitatearekin eta herriaren ahozko kultura atzerapenarekin identifikatuz. XIX. mendean, ordea, joera horri aurre egingo dio Europa mailan Erromantizismoak, kultura popularraren balioa aintzatetsiz. Sustraiak berreskuratzearen aldeko mugimendu horren baitan euskal arraza eta euskararekiko interesa piztuko da Europan baita. Iztuetak jada 1824an aipatzen du bertsolaritzaren inguruko interesa: “Artikaste aundiakiko gizon jakinti askori aditu izan diotet esaten, guziz ikaragarria dala eskolatu gabeko itz neurtulari oen alainzo edo talentu jakinduriazkoa.” (5).

Euskal kulturgintza modernoa bere lehen pausoak ematen hasten denean, estatu-nazioek XV. mendetik aurrera eta estaturik gabekoek Erromantizismoaren bultzadarekin egingo duten bezala, kultura nazional moderno bat eratu nahiko du kultura idatziaren alorrean bide bat irekiz. Euskararen komunitatearen ertzekotasuna dela eta oso nekeza suertatuko da, ordea, prozesu hori. Ez dago komunitatea bere hizkuntzan alfabetatzeko botere nahikorik, eta hori gabe ezinezkoa suertatzen da kultura idatzi popular bat. Honenbestez, halabeharrez, eta Europak erakutsitako interesa kontutan hartuz, ahozkoa birmoldatzeari ekingo diote.

Honela, Abbadiek, inguruko Lore Jokoetan ez bezala bapateko lehiaketa txertatu zuen berak antolatutakoetan. Lehen Pizkundeko olatu foruzalean Campionek (Revista Euskara, 1879) eta Manterolak (‘Cancionero Vasco’, 1880) euskararen ertzekotasuna eta literatura idatziaren tradiziorik eza espresuki lotzen zituzten, baina ordainetan ahozko tradizioa bizi-bizia zela seinalatu eta honen garapena sustatuz. Edota Aitzol-ek, jada gerraurreko olatu jeltzalean, Lizardi, Lauaxeta edo Orixeren olerkigintza modernista ez zela irakurtzen ikusirik, bertsolari txapelketak antolatzeari ekin zion .

Korronte nagusiak, garaiko diskurtso hegemonikoak, kultura idatziaren nagusitasuna aldarrikatzen zuen, baina bestelako bide bat esploratzen asmatu behar izan zuten kulturgile guzti hauek.

Bertsolaritza ikur hedabideratu

Euskararena bezalako komunitate ertzekotuak bertsolaria bezalako ertzeko figura nortasun ikur gisa hartu zuen eta honek indar handia eman zion kulturgileen hautuari. Chahok funtsezko bultzada eman zion ikur izaera honi 1845ean Ariel aldizkarian argitaratu zuen Aitorren kondairan euskaldunon patriarka gisa bertsolari bat jartzean. Eta urte gutxira, Iparragirre mito bihurtuko zen euskal askatasunen kantari gisa, ikurrari behin betiko bultzada emanaz (7). Aurrerantzean etengabe aipatuko zen prentsan bertsolaria herriaren ahotsa zela. 

Garaian garaiko eragileek orduko jendartean kultura modernotzat ulertzen zenaren janzkera eman nahi izan zioten bertsolaritzari: Abbadiek sagardotegietatik frontoira eraman zituen bertsolariak, Campion eta Manterolak frontoitik antzokira, eta Aitzol-ek egungo txapelketaren formatua asmatu zuen. Eta hedabideratzea kultur fenomenoa modernitatean txertatzeko funtsezkoa zela jakitun, ahalegin nabarmena egin zuten alor honetan ere. Honela, Abbadieren Lore Jokoetan, esaterako, presentzia mediatiko jarraitua lortu zen, eta aldizkari espezializatu baten proiektua landu zuen Duvoisinek. Hegoaldeko Lore Jokoetan, aldiz, Manterolaren Euskal-Erria aldizkariaren eskutik biderkatu egin zen presentzia mediatiko hori eta bertso-kronikaren generoa finkatu. Halaber, Gerraurreko eragileek euskarazko lehen irratsaiora (Euzkel Irratsaioa, 1932) edo euskal gaia jorratzen bertako lehen filmera (Euzkadi, 1933) eraman zuten bertsolaritza.

Lehen Modernitatearen aurrean Erromantizismoak emandako erantzunaren baitan kokatua, euskal nortasunaren eta euskal kulturaren irudikapen antimoderno bat hedatu zuten eragile hauek, baina, aldi berean, erabat modernoa zen euren kulturgintzarako estrategia eta praktika.

Eragiletza eta proiektuaren ispilu

Historia mediatikoa testuinguratu eta behar den bezala ulertzeko bertsolaritzaren historia soziala jorratu du ikerketak, gaiaren inguruko bibliografiaren errepaso xehe bat eginez. Bi historiak uztartuz, lau ziklo handitan artikulatzen den bilakaera eta formatu berrietara egokitzeko gaitasun deigarria bistaratu dira: Lore Jokoen zikloan lehen pausoak emango dira prentsan; Euzko Pizkundean eredu garatu bat lortuko da prentsan eta lehen pausoak eman irratian; Frankismo garaian irratian lortuko da eredu garatua eta lehen pausoak ikus-entzunezkoetan; ziklo garaikidean ikus-entzunezkoetan eredu garatua lortzeaz gain Interneten lehen pausoak emango dira.

Bertsolarien presentzia duten prentsako testuen, irratsaioen edo filmografian barna, garaian garaiko bertsolaritzaren eragile nagusiak identifikatu daitezke eta baita euren proiektu kulturalean sakondu ere. Honela, azken hamarkadetan bizi izandako loraldi ikusgarria neurri handi batean bi mendetan zehar moldatzen eta aberasten joan den proiektuaren jarraitasunari zor zaiola ikus daiteke: bilketaren eta lehiaketaren ardatzak Lore Jokoetatik datoz; bertso eskolen bidezko transmisioaren lehen zantzuak Euzko Pizkundean topa daitezke... Azken zikloaren ekarpen nagusia, eta erabakiorra, irudikapenaren berrikuntza izango da: eragiletzaren bertsolarien lidertza duen gizarte mugimenduaren esku jarri da eta ulerkera esentzialista-antimodernoak baztertu.

Txirritari egindako elkarrizketa Estampa aldizkari madrildarrean (1836).

Masa kulturan lehiakor

Berrikuntza hau Bigarren Euskal Pizkundetik dator, hortik jariatzen baita euskal kulturgintza gizarte mugimendu gisa eratzea eta mundu ikuskera aurrerakoiago bat dakarren abertzaletasuna. Berebat, Pizkunde honek Beranduko Modernitatearen erronka kulturalei erantzuten die: masa kulturaren alorrean lehiakorra izaten asmatu behar du kultura popularrak.

Gandarak (7) eta Gabilondok (8) azaltzen duten bezala, bertsolaritza funtsezko elementu bat izango da Bigarrenen Pizkundean ere, eta azken honek gehitzen du bertso-mundua izango dela, telebistaren bidez masa kulturan txertatuko den euskal kulturaren adierazpen bakanetako bat. Amezagak ere azpimarratzen duen egokitzapenerako enegarren arrakasta hau (9) izango da, aurrekoen jarraidurarekin uztartuta, John Foley bezalako mundu-mailako aditua aho zabalik utziko duen oihartzun sozial eta mediatikoa ekarriko dituena.


(1) FOLEY, J.M. (2007): Basque Oral Poetry Championship. Oral tradition, 22/2. zbkia., 3-11 or.

(2) DÍAZ NOCI, J. (1995): Euskal prentsaren sorrera eta garapena (1834-1939). Donostia: Eusko Ikaskuntza.

(3) URKIZU, P. (2000): Siglo XIX. Non: URKIZU, P. (Arg.) Historia de la literatura vasca, 297-388 or. Madril: UNED.

(4) BURKE, P. (1991): La cultura popular en la Europa moderna. Madril: Alianza.

(5) IZTUETA, J.I. (1990): Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia. Mari Jose Ezeizabarrenaren edizioa, Euskal Editoreen Elkartea. Klasikoen Gordailua.

(6) Deigarriak suertatzen dira oso Chahoren Aitorren eta Iparragirreren arteko antzekotasunak. Atharratzekoak bere kondaira idatzi zuen garai berean elkar ezagutu zutela ikusi ahal izan da, eta fikziozko pertsonaia artean hain ezaguna ez zen pertsonaia errealean inspiratu zela suma daiteke. 

(7) GANDARA, A. (2015): Euskal ondare kulturalaren moldatzea (1960-1990), egungo Kultur Sistemaren oinarri. Baliabide eta forma sinbolikoak. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.

 (8) GABILONDO, J. (2016): Before Babel: A history of Basque Literatures. AEB: Barbaroak.

— (2009): Euskal poesiaren historia postmoderno baterantz: ahozkotasunaz eta performantzeaz. Egan: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Boletinaren Euskarazko Gehigarria, 3-4. zbkia., 5-52 or.

(9) AMEZAGA, J. (1994): (1994): Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak. Bilbo: UPV/EHU.


Eusko Jaurlaritza