745 Zenbakia 2019-12-18 / 2020-01-15

Gaiak

Interneteko aukera eta arriskuak hedabideen konbergentziaren aroan

GARMENDIA LARRAÑAGA, Maialen

Egungo haur eta nerabeak hedabideen konbergentziaren aroan bizi dira, non internet eta gailu mugikorren arteko hibridazioa dela eta, euren egunerokotasunean online eta offline esparruen arteko uztarketa erabatekoa den. Lagun zein senitartekoekin dituzten harremanetan ia etengabe ari baitira batean zein bestean eta askotan bietan aldi berean.

Teknologiek gizarteratzea, ikaskuntza, sormena, zein parte hartzea sustatzeko aukera apartak eskaintzen dizkie adingabekoei, baina aldi berean arrisku iturri ere izan daitezke. Izan ere, aukera eta arriskuen arteko muga oso lausoa izan daiteke. Gainera, hedabideen albisteetan gehienetan interneteko arriskuak alde positiboei eta haurren garapenerako eskaintzen dituen aukerei gailendu zaizkien heinean haur eta nerabeen interneteko erabilerak kezka piztu du gizartean.

EU Kids Online europar ikerketa sareak hamalau urte darama adingabekoek egiten duten interneten erabileraren azterketan. Haur eta nerabeen interneteko jokabidearen inguruko azken landa lanean (https://www.is4k.es/de-utilidad/recursos/informe-de-actividades-mediacion-oportunidades-y-riesgos-online-de-los-menores web orrialdean ikusgai) bildutako emaitzen arabera batez beste adingabeek Internet hiru ordu eta erdiz erabiltzen dute, erabilera denboran neska eta mutilen artean ez dago ia alderik. Adinaren araberako aldea, ordea, adierazgarria da eta hainbat eta helduago izan denbora gehiago ematen dute sarea arakatzen. Horrela, 9-10 urteko haurrek egunean interneten 2 ordu ematen duten bitartean 15-17 urte bitarteko nerabeek lau ordu baino gehiago ari dira sarea arakatzen.

Esperientzia digitala areagotu da azken urteetan gailu berrien erabilera gizartean hedatu den heinean. Hala nola smartphone eta tabletak, smart telebistak, bideo-kontsolak, erloju adimentsuak, zein gure ariketa fisikoa kontrolatzen duten aplikazioak edo Gauzen Internet aren gainerako baliabide digitalak. Izan ere, adingabeen %76ak sakelakoa baliatzen du interneten arakatzean, baina %72ak smart TBak ere erabiltzen ditu baita, jarduera desberdinetarako jakina.

Haur eta nerabeen eguneroko jardueretan komunikazioa eta jolas-jarduerak gailentzen dira: familia zein lagunekin harremanetan jarri (%70), musika aditu (%63), bideoklipak ikusi (%55) eta sareko jokoak (%46) dira ohikoenak. Joko hauek arrakasta berezia dute mutilen artean. Bestalde, adingabeen %43ak eskolako lanak egiterakoan internet erabiltzen duela adierazi du baita.

Internetarekiko adikzio edo menpekotasuna hedabideen jomugan maiz ageri den arren, Osasunaren Mundu Erakundeak ez du egun menpekotasun hau aitortu. Horregatik, Soziologia zein Psikologiako ikerlariek nahiago dugu interneten gehiegizko erabileraz aritzea. Honela, Interneten emandako denborak egunerokotasunaren ohiko jarduerak eragozten dituen heinean gehiegizko erabileraz aritzea onartzen da. Adibidez, galdekatutakoen %36ak onartzen du noiz behinka interneten arakatzen ibiltzen dela interes berezirik izan gabe, baina hau ez litzateke bere horretan kezkagarria izango gauza bera gertatu baitzaigu helduoi telebistaren aurrean.

Teknologiek gizarteratzea, ikaskuntza, sormena, zein parte hartzea sustatzeko aukera apartak eskaintzen dizkie adingabekoei, baina aldi berean arrisku iturri ere izan daitezke.

Bullying-a arriskurik kaltegarriena da. Hiru haurretatik batek onartu du offline edo onlineeko jazarpena jasan izan duela azken urtean eta hauen artean %40ak kalte handia hartu zuela onartzen du. Nolanahi ere, aurrez aurreko jazarpenaren maiztasuna teknologikoa baino askoz handiagoa dela nabarmendu behar dugu. Badirudi bullying digitala aurrez aurrekoari gainjartzen zaiola. Aldi berean, adingabeen bostetik batek onartzen du bere kideren bat jazarri izan duela azken urtean.

Bestalde, adingabeen %42ak sexu irudiak ikusi izan ditu interneten ala beste hedabideren batetan. Irudi hauek ikusi izanak haurrei nerabeei baino kalte handiagoa eragiten die, era berean neskek kalte handiagoa aitortzen dute mutilek baino. Gainera, hamar adingabetik hiruk sexu-mezuak (sexting-a) jaso dituzte, joera honek adinaren arabera gora egiten du nabarmen galdekatutakoen artean. Horrela, 15-17 urteko nerabeen %45ak sexu-mezuak jaso ditu azken urtean.

Aldez aurretik ezagutzen ez duten norbanakoren batekin onlineko harremanetan jartzeko joera nabarmen hedatu da baita 2015etik hona. Horrela, adingabeen hamarretik lauk adierazi dute internetez harreman berriak egin dituztela azken urtean. Bestalde, ia hamarretik bik aurrez aurreko harremanak izan dituzte online ezagututako norbanakoren batekin. Deigarria da hitzordu hauen ondoren gehiengo zabal baten esanetan (%83) aseturik geratu dira elkartze hauen ostean.

Erabiltzaileek sortutako eduki negatiboei dagokionez, adingabeek maizen ikusten dituztenak norbanakoen taldeei (beste etnia, erlijio, nazionalitate edo sexua joera batekoei) gorrotoa adierazpenak zein gore edo eduki bortitzak agerian jartzen dituztenak dira. Hainbat eta adingabeak helduago izan horrelako edukiak ikusteko joera handiagoa da, eta bereziki neska nerabeak nabarmentzen dira.

Interneten izandako arazoren baten aurrean askotariko estrategiak baliatzen dituzte adingabeek. Laguntza iturri nagusia lagunak dira (70%) eta familiaren papera garrantzitsua da baita (%46). Baina galdekatutakoen ia laurdenak () arazoen aurrean ez du holakoen inguruan inorekin hitz egiten. Arazoei aurre egiterakoan jokabiderik ohikoenak enbarazu egiten diena blokeatzea (%56), ez ikusiarena egin eta desagertu bitartean zain egotea (%55), zein leihoa edo aplikazio gatazkatsua ixtea (53%) dira. Aldiz, pribatutasunaren ezarpenaren aldaketa (%24) edo arazoaren salaketa (%16) jartzea ez dira hain ohikoak. Datuok agerian  uzten dute alfabetatze digitalaren premia bereziki adin-talderik gazteenetan.

Interneteko aukera eta arriskuak erabilpenaren eskutik datoz. Hainbat eta gehiago erabiltzen duten heinean, ugariago izango dira eskura dituzten aukerak baina litekeena da baita arrisku egoerak ugaritzea ere. Horregatik, haur eta nerabeen Interneteko segurtasun eta ongizatea bermatzerakoan gakoa euren ahalduntze digitalean datza: heziketa ezinbestekoa da hitzaren zentzurik zabalenean sarean ditugun aukera eta arriskuak orekatze aldera.

Batetik, gurasoen inplikazio aktiboa oinarrizkoa da haurren heziketaren erantzukizun nagusia eurei baitagokie. Seme-alabak dituzten ia familia guztiek dute Interneterako sarbidea autonomi erkidegoan (Eustat, 2018); baina, askotan euren gaitasun digital ezaz jabetzeak bitartekaritza/gainbegiratze lana eragozten die helduei. Beraz, gurasoen trebezia eza oztopo bilakatzen da euren erantzukizunari aurre egiterakoan. Haurrei kalean ezezagunekin ez mintzatzeko erakutsi badiete, zergatik ez diete gauza bera esaten sare sozialetan euren argazki eta iruzkinak hedatzen dituztenean? Eta legeak ezartzen duen adina baino gazteago izanik sareetan euren profila irekitzen uzten dietenean zergatik ez dute zertan dabiltzan gainbegiratzen? Digitalki trebeak ez badira ere, haur eta nerabeek beharrezkoa dute familiaren laguntza teknologiaren erabilera eta onlineko elkarbizitza arautzerakoan. Honela, haurren interneteko erabilera goiztiarra gurasoen bitartekaritza lana garatzeko aukera paregabea izan daiteke. Jakin badakigu gurasoon laguntzarekiko jarrera oso desberdina izango dela haur eta nerabeen artean: 10-13 urte bitarteko batek laguntza zein aholkuak onartuko dituen bitartean 15etik gorako batek bere probatutasunaren zaintzan ez du zirrikiturik utziko.

Bestetik, eskola haurren alfabetatze digitalerako biderik eraginkorrena izateaz gain bidezkoena ere bada. Hezkuntzan, teknologia digitalen zeharkako erabilerak aukera berriak eskaini diezazkieke haur eta gazteei. Hala nola, ikaskuntza metodo berriak sustatzerakoan zein egungo gizartean oso baliotsuak diren hainbat gaitasun garatze aldera: talde-lanean aritzea, sormena eta jarrera kritikoa sustatzea, besteak beste. Bestalde, haur guztien alfabetatze digitalerako ahaleginean eskolaren paperak berebiziko garrantzia har lezake egoera sozio-ekonomiko ahulean dauden haurren kasuan.