742 Zenbakia 2019-09-18 / 2019-10-16

Gaiak

Genero-berdintasuna eskolan

REIZABAL ARRUABARRENA, Luixa SARRIONANDIA PEÑA, Ainize

Ez da erraza izan emakumeek hezkuntza formalean sartzeko egin behar izan duten ibilbidea. Egun, eskola mistoetara iritsi gara, non haur guztiek espazio, arau, irakasle, ikasgai etab. berdinak partekatzen dituzten. Baina, zoritxarrez, haurrak ez dira modu hezkidetzailean hezten. Izan ere, eskola mistoa Industria Garaiaren hasieran sortu eta mutilentzat pentsatua zegoen eskola-eredua da eta, ondorioz, androzentrikoa. Horregatik, asko dira eskoletan genero-berdintasunean hezteko kontuan izan beharreko gakoak. Nagusiak aztertuko dira artikulu honetan.

Hasteko, ezinbestekoa litzateke hezitzaileek haur eta nerabeekiko dituzten itxaropenak aztertzea, gehienetan gure jendartean nagusi den generoaren ikusmolde estereotipatu eta sexistak zehazturik egoteaz gain, horien araberakoak izaten baitira haur eta nerabeekiko duten jokabidea, tratua, eskatzen dietena eta beste.  

Ez da hori batere lan erraza, generoaren ikusmolde estereotipatua oso barneratuta izatearen ondorioz, gerta daitekeelako hezitzaileek ez jakitea beren itxaropenak ikusmolde horrek zehaztutakoak diren ala ez. Halakoetan, lagungarri izan daiteke itzulgarritasunaren araua, hau da, mutilak/gizonak jartzea neskak/emakumeak dauden tokian, edo alderantziz: mutilak/gizonak dauden tokian, neskak/emakumeak jartzea. Demagun ume batekin gaudela eta neska dela. Pentsatu behar dugu ume hori mutila balitz harekiko ditugun itxaropenak, tratua eta abar berdinak izango liratekeen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, ondo ari gara. Bestela, horiek aldatzea izango litzateke genero-berdintasunean hezteko egin beharrekoa.

Norberaren azterketa alde batera utzita, berdintasunean hezteko hurrengo urratsa eskolan sexismoa transmititzeko modu nagusiez jabetu, horiek ekidin eta berdintasunean hezteko egin beharreko aldaketak gauzatzea izango litzateke. Horretarako, curriculum formalaren alderdiei erreparatuko zaie lehenengo.

Hasteko, eskolan landu ohi diren edukiak aztertu behar dira. Izan ere, afektuarekin, zainketarekin eta heziketarekin erlazionatutakoak baztertu eta lan ordainduaren arloan baliagarri direnak lehenesten dira egun. Gainera, eduki horiek modu sexistan tratatzen dira, zokoratu egiten baitira emakumezko pertsonaiak eta haien ekarpenak, bai eta emakumeen bizimodu-ereduak ere, eredu maskulinoari jarraitzen ez badiote. Hala, gudei, borrokei eta ekoizpen-moduei ematen zaie garrantzia, baina ez zaintzari, elikadurari, garbiketari, harremanei, afektuari eta antzekoei. Eskolan berdintasunean hezteko ezinbestekoa da lan ordainduaren arloan baliagarri diren edukiez gainera, jendarteek bizirauteko behar izaten dutenarekin zerikusia duten edukiak lantzea. Besteak beste,  autonomia pertsonalerako eduki eta gaitasunak —etxeko eta zainketa-lanen ardura norberaren gain hartzeko gaitasuna; norbera zein besteak errespetatzea eta antzekoak—, hezkuntza afektibo-sexuala, hezkidetza eta arlo sozioemozionala lantzea.

Zenbait estrategia erabil daitezke eskolan eduki horiek lantzeko. Tutore-ekintzan txertatzea izan daiteke bat. Edo horiek jorratzeko une jakin batez baliatzea. Esaterako, Emakumeen Nazioarteko Eguna emakumeek jendarteari egindako ekarpenen ezagutza sustatzeko erabil daiteke. Ikasgaien zati gisa aztertzea izan daiteke beste estrategia bat. Adibidez, Ingurune Natural eta Sozialaren Ezagutzan, jendarteek bizirauteko ezinbestekotzat dituzten lanak irakats daitezke, lan horiei zor zaien garrantzia aitortuz.

Edukiak modu hezkidetzailean jorratu beharko lirateke ikasgai guztietan. Aintzat hartuz emakumeen irudiak, emakumezko pertsonaiak, haiek historian, zientzian, kirolean eta antzeko eremuetan egindako ekarpenak, bai eta emakumeen bizimodu-ereduak ere.

Azkenik, zenbait ikasgai beste modu batean irakatsiz landu daitezke eduki horiek. Esaterako, “Historia” ikasgaian ikasleen artean emakumeen lana aztertzeko ikerketa-lanak sustatuz; historian eta egungo jendartean dauden sexismo-zantzuak atzemateko eduki eta ariketak txertatuz; indarkeria matxista mota guztiei erreparatuz edo historian mugimendu feministak eta LGTBIQ+ (Lesbianen, Gayen, Transexualen, Bisexualen, Intersexualen, Queer-en eta besteren) mugimenduek egindako ekarpenak azalduz. “Ingurune Sozialaren Ezagutza” ikasgaiari dagokionez, besteak beste, lanbideen inguruko ezagutza ez-estereotipatua landu daiteke, haien sexua edozein izanda ere, ogibide guztiak pertsona guztiek egin ditzaketela azpimarratuz.

Eduki berriak txertatzeaz gainera, edukiak modu hezkidetzailean jorratu beharko lirateke ikasgai guztietan. Nola? Bada aintzat hartuz emakumeen irudiak, emakumezko pertsonaiak, haiek historian, zientzian, kirolean eta antzeko eremuetan egindako ekarpenak, bai eta emakumeen bizimodu-ereduak ere. Hori ez ezik, pertsona-, familia- eta bikote-eredu ezberdinei buruzko informazioa eskaini eta aniztasuna jendartearentzat aberastasun-iturria izateaz gainera, ekarpen baliotsua dela transmititu beharko litzateke.

Balioei dagokienez, eskoletan jendartean “maskulinotzat” hartzen direnak lehenetsi eta “femeninotzat” hartzen direnak, berriz, gutxietsi egiten dira. Hori aldatu egin beharko litzateke. Besteak beste, lehia eta mendekotasun-harremanak sustatu beharrean, lankidetza lantzen; lan ordaindua etxeko lan, zainketa-lan edo lan boluntario ez ordaindua bezain beste balioesten; osasuna eta ongizatea ekoizpenaren gainetik jartzen eta jolasak lehia-kirolak baino gehiago baloratzen. Hala, zainketa, afektibitatea, lankidetza eta antzeko balioak sustatu beharko lirateke berdintasunean hezteko.

Sexismoa transmititzen da ere egun eskola gehienetan erabiltzen diren irakaskuntza-metodologia eta diziplinaren bitartez. Izan ere, autoritarioak dira, hau da, boterean oinarritutakoak eta bertikalak, jendarte patriarkala bezala. Irakasleek esandakoa onartu edo/eta ikasi egin behar izaten dute ikasleek, zigorra, suspentsoa eta antzekoak ekiditeko. Hala, botere-mendekotasun harremana sortzen da irakasle eta ikasleen artean eta «arauak» (besteak beste, genero-aginduak) betetzen ez dituztenak «zigortu» egin behar direla ikasten dute ikasleek. Ondorioz, aniztasunarekiko jarrera negatiboak garatzen dituzte eta «arauak» hausten dituztenak (homosexualak edo transexualak, kasu) zigortu egiten dituzte. Gainera, irentsi egiten dute irakasleek transmititutako informazioa, horren inguruan inongo hausnarketarik egin gabe. Hori guztia kontuan izanik, aldatu beharrekoak dira berdintasunean hezi nahi bada.

Irakaskuntza-metodologiari dagokionez, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza, Proiektu Bidezko Ikaskuntza, Ikaskuntza Kooperatiboa eta antzeko irakaskuntza-metodologia aktiboak erabiltzea litzateke gakoa, ikasleek informazioaren lanketa egin eta benetan barnera dezaten. Horiei esker, autoritate-eredu berriak bultzatzen dira. Izan ere, boterea eta autoritatea bereizi behar dira. Boterea norberak bere buruari esleitzen dio eta besteak mendekotzat hartzea ekartzen du. Autoritatea, berriz, pertsonari aitortzen zaion zerbait da, egiten duenaren, sortzen duen errespetuaren, konfiantzaren eta besteren arabera. Halakoetan, ez dago mendekotasun-harremanik, autoritatearekiko errespetua, konfiantza eta antzekoak baizik. Ikasleek  irakasle batzuei autoritatea esleitzen dietenean, irakasle horiek eredu bihurtzen dira eta ikasleek berez hartzen dituzte aintzat haien irakaskuntzak, modu horretan ikasiz. Autoritatea duten irakasleek ikasleak errespetatu eta haien esanak entzuteaz gainera, nahiak, ardurak eta borondatea aitortzen dizkiete. Hori horrela izan dadin, gomendagarria litzateke ikasleekiko harremana konfiantzan, errespetuan eta zintzotasunean oinarritzea, beraiek ere besteenganako konfiantza, errespetua eta zintzotasuna gara ditzaten; ikasgelan konfiantza giroa sortzea, ikasleek beren kezkak, desadostasunak eta beste adieraz ditzaten; ikasleei afektua adierazi eta haien lorpenak laudatzea, haien autoestimua eta autonomia sustatuz. Eta, aipatu bezala, irakaskuntza metodologia aktiboak lagun dira horiek guztiak sustatzeko.

Diziplinari dagokionez, berriz, diziplina demokratikoa erabili beharko litzateke, zeinean ikasleak berak diren arauak zehazten dituztenak. Horretarako, gelako arau inplizitu eta esplizituak aztertu, beraiek beharrezkotzat jotzen dituztenak aukeratu eta horiek hausteak ekar ditzakeen ondorio hezigarriak proposatu, negoziatu eta adosten dituzte ikasleek. Ondorioei dagokienez, ezinbestekoa da, batetik, zerikusi zuzena izatea hautsitako arauarekin (adibidez: ikasle batek ikasmahaia zikintzen badu, horren ondorio hezitzailea izan daiteke zikindutakoa garbitzea, eta ez ehun aldiz idaztea «ez dut berriz ikasmahaia zikinduko», ez baitu arau-haustearekin zerikusirik). Bestetik, ondorioek proportzionalak izan behar dute. Aurreko adibidean, ez litzateke egokia izango ondorio gisa ikaslea aste osoan jolas-denborarik gabe uztea, gehiegizkoa da eta. Halaber, portaera aldatzea eskatuko zaio ikasleari, baina epaitu edo iraindu gabe («arduragabea zara; ez duzu inoiz ikasiko» eta antzekoak ekidin). Azkenik, araudi berria aplikatu eta haren funtziondua berrikusi eta  jarraipena egiten dute.

Diziplina demokratikoa proposatzen da, zeinean ikasleak berak diren arauak zehazten dituztenak. Horretarako, gelako arau inplizitu eta esplizituak aztertu, beraiek beharrezkotzat jotzen dituztenak aukeratu eta horiek hausteak ekar ditzakeen ondorio hezigarriak proposatu, negoziatu eta adosten dituzte ikasleek.

Askotan, sexismoa transmititzen dute ere hezkuntza-materialek. Hala, garrantzitsua da eduki sexistak jaso eta heteronormatibotasuna sustatzen dutenak baztertu edo modu kritikoan erabiltzea, hau da, zalantzan jartzea transmititzen dituzten eduki horiek, horien inguruko eztabaida sustatuz. Halaber, emakumeen ekarpenak jasotzen dituzten hezkuntza-materialak erabil daitezke. Egia da askotan ez dela horrelakorik egoten, baina egoera horretan aurkitzen bagara, guk geuk sor ditzakegu. Gainera, gomendagarria da orain arte sexu bakoitzari ezarri zaizkion estereotipoak apurtzen dituzten irudiak erabiltzea, bai eta emakume eta gizonen irudi kopuru orekatua erabiltzea ere.

Mintzaira ere sexismoa transmititzeko modu izan daiteke, baldin eta modu sexistan erabiltzen bada. Hala, modu ez-sexistan erabili beharko litzateke eskolako dokumentu zein material guztietan, besteak beste, honako hauek ekidinez: maskulinoa orokortzaile gisa erabiltzea (“1969an iritsi zen lehenengoz gizona Ilargira”); emakumeak gizonen mendeko moduan tratatzea, hau da, alferrikako ahaidetasun-erreferentziarik ez egitea (“Urkullu emaztearekin joan zen bozkatzera”); pertsonak haien egoera zibilaren arabera izendatzea (“andrea/andereñoa”); gizon eta emakumeen aipamen asimetrikoak egitea (“Mikel Oiartzabal Ugarte eta Nahikari, Errealeko jokalari trebeak”); sexuaren araberako ezaugarriak erabiltzea pertsonak deskribatzeko (“Errusiarrak hunkituta Violetta Degtiareva tenislari ederraren heriotzarengatik”)... Ildo beretik, mintzaira modu ez-sexistan erabiltzen duten hezkuntza-materialak aukeratu beharko lirateke, edo modu sexistan erabiltzen dutenak ikasgelara eraman eta irakatsi horietan sexismoa atzematen.

Gezurra badirudi ere, ebaluazioaren bitartez ere sexismoa transmititu daiteke. Izan ere, ebaluatzeko erabiltzen diren testu eta probetan agertoki eta pertsonaia maskulinoak izaten dira nagusi; irudiak estereotipatuak eta sexistak izaten dira, bai eta mintzairaren erabilera ere.

Hori gutxi ez eta askotan irakasleen genero-estereotipoek eragina izaten dute haur eta nerabeak kalifikatzeko garaian. Hala, berdintasunean hezteko ezinbestekoa da ebaluazioa hezkidetzailea izatea, hau da: azterketa edo probetan ez-sexistak eta ez-estereotipatuak diren testuak eta irudiak txertatzea; ikasleen lana kalifikatzeko garaian, hura egiteko moduari –eta ez ikaslearen sexuari- erreparatu eta ikasle guztientzat ebaluazio-irizpideak berdinak erabiltzea.

Asko dira, beraz, eskoletan haurrak eta nerabeak genero-berdintasunean hezteko kontuan hartu beharreko gakoak. Gure esku dago aurrerantzean horiek guztiak aintzat hartu eta gure irakasle-jarduna hezkidetzaile bihurtzea.


Eusko Jaurlaritza