742 Zenbakia 2019-09-18 / 2019-10-16

Gaiak

Adin txikikoen egunerokotasun digitala: Interneten erabilera-ohiturak eta online arriskuak

GAMITO, Rakel ARISTIZABAL, Pili BIZKARRA, Mariate

Inolako zalantzarik gabe, Internetek bizitzako ia esparru guztiak astindu ditu: kultura, komunikazioa, ekonomia, lan-esparruak eta banakako zein taldeko ohiturak. Alegia, gailu eta konexio digitalak gure egunerokotasunaren bizkarrezur bilakatu dira eta bizitza pantailetan garatzen da.

Adin txikikoen kasuan, aro digitalean jaio dira eta Internet euren bizitzen protagonistetako bat da, garapen eta sozializazio prozeduren oinarri. Horregatik, sarearen erabilera desegokiek eta bertan bizi daitezkeen egoera gatazkatsuek haur eta nerabeen nortasuna eta osasuna arrisku larrian jarri ditzakete. Gainera, nerabeek online arriskuez ohartzeko heldutasun falta dute.

Nerabe gehienak Internetera egunero konektatzen dira eta, zenbait kasutan, telebistari baino denbora gehiago eskaintzen diote egunero. Kalkulatzen da 12 urteko gazteek egunero 3 ordu pasatzen dituztela online eta, adinak gora egin ahala, Internetari egunero eskaintzen zaion denbora areagotzen dela.

Askotariko tresnak osatzen dute adin txikikoen ekosistema digitala. Hala ere, guztien artean nabarmentzen dira, bereziki, erabilera pertsonaleko baliabide mugikorrak: txikienek tableta erabiltzen dute lehenik eta ondoren telefono mugikorra. EAEren kasuan, % 97.4 Interneten ohiko erabiltzailea da eta % 73.9k telefono mugikor pertsonala du.

Erabilera ia alor guztietako ekintzetara zuzentzen da, baina konexioaren helburu nagusiak aisialdia eta harremanak dira: YouTube webgunean bideoklipak ikustea, WhatsApp bat-bateko mezularitza aplikazioaren bitartez berdinen artean komunikatzea, beste pertsonekin batera online jolastea, Instagram sare-sozialean argazkiak eta selfie-ak (autorretratuak) argitaratzea edota TikTok (lehen Musica.ly) aplikazioan 15 segundoko bideoak partekatzea. Askok, gainera, aipatutako aplikazioak erabiltzen dituzte legeek edota tresnen erabilera-arauek zehazten duten gutxieneko adina (14 urte) bete aurretik.

Interneten erabilerak egunero arriskuan jartzen du adin txikikoen ongizatea.

Konektibitatearen abantailak handiak dira, munduko sarerik handienak momentu oro ezagutza, komunikazio eta aisialdi aukera amaigabeak eskaintzen baititu. Hala ere,  Internet argi-ilunez beteta dago eta klik sinple batek gure bizitza hankaz gora jar dezake.

Zentzu horretan, Interneten erabilerak egunero arriskuan jartzen du adin txikikoen ongizatea. Oso normala da nerabeek, konektatuta dauden bitartean, egoera gatazkatsuekin topo egitea edota deseroso sentitzea. Egoera horiek gogorki kaltetu ditzakete euren harremanak, nortasuna eta ongizate fisikoa zein psikologikoa: estresa, depresioa, haserrea, bakardadea, nahaste fisikoak edota eta, kasurik larrienean, suizidioarekin lotutako pentsamenduak sortu.

Hauek dira bitarteko digitalen bidez gazteek gehien jasaten dituzten arrisku nagusienak:

  • Ziberjazarpena: berdinen artean gauzatzen den jazarpen jarraitua (irainak, mehatxuak, zurrumurruak, identitatearen ordezkapena…)
  • Sexting-a: sexu izaerako mezu edota eduki intimoen (bereziki argazki edo bideo sexualak) partekatzea.
  • Sextorsion-a: beste pertsona baten eta haren baimenik gabe sexu izaerako mezu edota eduki intimoen hedapena eta pribatutasunaren aurkako mehatxua.
  • Grooming-a: sexu-jazarpena bideratzeko asmoz (irudi erotikoak lortu, sexu-harremanak lortu…), heldu batek adin txikikoaren konfiantza eskuratzeko nahita erabiltzen dituen prozedura- eta ekintza-multzoa.
  • Eduki ezegokiak: indarkeria, terrorismoa, pornografia, drogak, armak, ohitura ez-osasungarriak (elikadura-desordenak adibidez), arrazakeria, xenofobia, sektak, kontsumismoa, etab. bezalako gaiei buruzko edukiak.
  • Gehiegizko edota neurririk gabeko erabilera: bizitza-kalitatean eragin negatiboa duen erabilera, besteengandik edota bestelako jardueretatik (eskolako lanak, ariketa fisikoa, atsedena, lagunekin egotea...) isolatzea ondorio duena.

Datuak alde batera utzi ezin dezakegun alarma-seinale dira. Adin txikikoen % 44 noizbait online sexu-jazarpenaren biktima izan da, % 37.5k pasahitz errazak erabiltzen ditu, % 33.3k sarearen bidez ezezagunekin harremana izan du, % 32 IKTekiko menpekotasun-arriskuan dago, % 13.7k sexu-irudiak jaso ditu, % 13k txantxak, irainak edota mehatxuak jasan ditu eta % 9k Internet bidez ezagututako pertsona batekin hitzordu fisiko bat izan du.

Horregatik, funtsezkoa da online bizikidetza positiboa adin txikikoen heziketa-ardatz bilakatzea. Gazteek parte-hartze publikoaren, pribatutasunaren edota nortasun digitalaren dimentsio guztiak ezagutu behar dituzte, bai IKTekiko jarrera osasuntsuak garatzeko, bai Interneten erabilera kritikoa sustatzeko beharrezkoak diren prebentzio-jarraibideak barneratzeko.

Beraz, dagoeneko “lehen gauzak beste modu batera egiten zirela esatea”, “teknologia gustuko ez izatea” edota “trebetasun digital eza” ez dira balizko argudioak IKTak ez sakontzeko. Eskolak zein familiek erresistentziak gainditu eta ingurune digitalean arau sozialak definitzeko eztabaidari heldu behar diote. Hezkuntza-komunitateak ezin dio errealitateari bizkarra eman eta adin txikikoen heziketa digitala bermatzearen erronka partekatuari aurre egin behar dio, lehenbailehen.