741 Zenbakia 2019-07-17 / 2019-09-18

Gaiak

Euskal hedabideak berriz liluratuz

LETONA, Xabier

Pasatu dira 31 urte Bilboko Alde Zaharreko taberna batean 1988ko hasieran Argia-ko lehen bilerara joan nintzenetik. Oker ez banago Iñaki Uria etorri zen Donostiako erredakziotik. Bilbon kazetaritza ikasten ari ginen talde ederra hasi ginen orduan Argia-n kolaboratzen. Nork esango zidan hiru hamarkadaren bueltan aldizkariak bere mendeurrena ospatzeko sasoian hor jarraituko nuela lanean. 2001eko udazkenean Argia-ko zuzendari izendatu nindutenean horixe zen nire obsesio handienetakoa: “Eta 1919an abiatutako hau nirekin hondoratzen bada?”. Jakina, pentsamenduok bazuten sustrairik hainbatetan bizi izandako une larrietan. Desagertu? Bai zera, egunkari baten ernamuin izan zen garaia salbuespen, nik ezagutu dudan sasoi indartsuenean heldu da aldizkaria bere mendeurrenera.

Denbora honetan guztian astekari honek euskal hedabideak jarraitzeko talaia aproposa eman dit eta hortik bikain ikusten da hedabideok eman dugun jauzi itzela. Aurrerapauso hori nekez uler liteke 80ko hamarkadan argiero-ek egindako lana kontuan hartu barik, funtsean XX. mende hasieratik datozen kate begiak aintzat hartu barik: 1919an Iruñeko Arrotxapeko komentu batean bi kaputxinok sortutako Zeruko Argia aldizkari erlijiosoa: 1921ean Donostian hasitako Argia astekaria;  kaputxinoen babesean euskal kazetaritzaren zutoinak jarri zituen 60ko talde hura; edo 70eko hamarkadako Zeruko Argiako erredakzio berritzaile eta errebeldea.

Memoria ere bagara

Etorkizuneko oinarrietan memoria ezinbestekoa da, edozein arlotan, beraz hobe geuk egitea gurea, beste norbaitek egitea baino. Eta Zeruko Argia eta Argia bizkarrezurra dira euskal prentsaren memorian. Aurten memoria hori osatzen eta barreiatzen ari gara buru-belarri Argia-ko lan talde osoa.

Baina iraganaren garrantziaren jakitun izanda ere, gu orainak eta etorkizunak bizi gaituzte: Euskaldunon Egunkaria, internet, multimedia, sare sozialak, informazio burujabetza, Hekimen, borondatezko salneurrian oinarritutako harpidetza, lizentzia librea... Unean uneko esparru horietan guztietan jarri dugun gure ale esanguratsuak argi adierazten du hori.

Euskal hedabideon errealitate konplexuaren jakitun, non ginen eta non gauden! Geure buruari aitortza hori egiten ez badiogu, nork egingo dio bada? Tira, zer ez dudan entzun urte hauetan guztietan euskal hedabideen kalitate txarraz, kontsumitzaileak erakartzeko gure ahalmen eskasaz edota gure etorkizun ilunaz –“lau aldizkari geratzen zaizkizue”–; akuilu izateko baino, denak gure konplexuak gizentzera bideratuak, batzuetan borondate onez eta askotan gaiztoenaz.

Baina murgildu ginen postmodernitatean, internet agertu zen, baita 2007ko krisitzarra ere... eta erdal hedabideetan ere txakurrak ortozik. Edo gu baino okerrago hainbatetan. Gure memorian, egia handienetakoa zera da: euskarari hiztunak nola, Damaso Intzari, Agustin Ezeizari, Amatiño eta Atxagari, Elixabete Garmendia eta neska haiei, geuri... beti irakurleak falta izan zaizkigula. ETBri ikusleak bezala. Edo euskal literaturari irakurleak bezala. Hizkuntza minorizatu baten gainean eraiki dugu etxea, ez du beste misteriorik. Eta horretan gaude, olatu gainean goazenean duin; eta azpian gaudenean itolarrian.

Argiako lan-taldea Iruñeko Alde Zaharrean egindako ibilbide historikoan Patxi Larrionen azalpenak jasoz.
Argazkia: ARGIA / Dani Blanco

Lizentzia librea, komunitatea, etorkizuna

Ez zuen inongo berrikuntzarik, baina joan den hamarkadaren enpresa kudeaketaren literatura eraginkor eta interesatu hura komunitatearen kontzeptua hasi zen erabiltzen indarrez: hedabidea eta bere komunitatea. Ez zioen gezurrik, baina ez zuen ezer deskubritu, mundua mundu denetik humanoen garapena batez ere komunitatearen indarrean oinarritu da, naturaren bilakaera sinbiosian lehian baino gehiago egiten den moduan. Kapitalismoa etorri zen arte, honen ondorio nagusiena beti izan baita komunitatea eta bere ingurumen naturala suntsitzea, klima aldaketarekin gero eta argiago ikusten den gisan, sistema honek bere baitan duelako suntsipenaren harra. Azken esaldia hobeto ulertzeko gomendatuko nuke irakurtzea Karl Polanyi-ren La Gran Transformación liburu bikaina.

Baina utz dezagun istorio hori eta zentra gaitezen euskal hedabideen komunitate zabalean. Artikulu honen titulua irakurri eta irribarre egin duenak, badaki ez dela batere originala eta Silvia Federici feminista ezagunaren azken liburuan oinarritzen dela: Mundua berriz liluratuz. Feminismoa eta komunen politika (Katakrak 2019). Berriz ere, euskarak baduelako zer jaso mugimendu feministaren pentsamendutik. Funtsean, eta feminismoa eta emakumea oinarri hartzen badu ere, Federicik diosku komunen politikan oinarrituta eraiki dezakegula mundu berria. Hor ere ez dago berrikuntzarik, bagenekien, baina ezkerreko emakume honek, munduko komunen gaineko informazio ugari eskaintzeaz gain, gaiaz pentsatzen jartzen gaitu, berriz liluratzeraino.

Komunitate gara

Hedabide bakoitzak du bere komunitatea, behin eta berriz errepikatzen diegu gure hartzaileei: “Gure komunitatea”. Hori oso barneratua dugu. Baina, hemen jorratuko ez ditudan hamaika arrazoi tartean, euskarazko hedabideok ere komunitate bat osatzen dugula, hori ez dugu batere garatua eta sustraitua. Eta egia da, komunitate oso ahula gara, baina nahi beste indartu dezakegu, eta bakoitzaren ahulezia denon indar bilakatu. Zorionez, Hekimen (Herri ekimeneko komunikabideen elkartea) eratu zenetik horretan ari gara, poliki, jakin gabe ondo nola, beldurrez, aldaketarekiko erresistentzia lagun, baina bagabiltza.

Hekimenen lorpen handietako bat izan da aurten diru-laguntzetan emandako jauzi esanguratsua, eta horren ondorioz gure hedabideetako langileek hobekuntzak izango dituzte lan baldintzetan. Oxigeno apur bat. Baina ez gaitezen engaina, diru apur batez gain, gure sektoreak batez ere onarpena behar du instituzioetatik, urtea joan urtea etorri eskale gisa ez ibili beharra, diruz lagunduaren estigma gainetik kentzea eta gure lana behar den neurrian baloratzea eta babestea.

Pentsatzen dut beste hamaika gai jorra ditzakeela Hekimenek aurrera begira: komunikazioaren egoera orokorra, publizitate instituzionala, kazetaritza ikerketak, I + G, kazetaritza eta demokrazia, hain gutxi hain eskas zaindu ditugun komunitateko kazetarion arteko harremanak... eta uste dut horien artean egon beharko lukeela baita ere gure lehengaia dena: edukia.  Hor baitaukagu jauzi handi bat emateko aukera, beti ere komunitate gisa jokatuz eta berau indartzeko asmoa oinarri.

CC by-sa, altxor unibertsala

Hekimenen sorrera prozesuan, 2011-2012aren bueltan, Mikel Irizarrek bere igogailuen adibidearekin informazioa gora eta behera tokikotik nazionalera eta alderantziz mugitu beharra adierazten zuenean ez nuen ulertzen ongi hori nola egin zitekeen. Orain sinpleago ikusten dut, orduan ere lizentzia libreak eskueran genituen, besteak beste CC by-sa lizentzia ezaguna, baina oro har gutxi erabiltzen genuen. Argia-n aspaldi erabiltzen dugu lizentzia hori eta gero eta garbiago ikusten dugu informazioa partekatzearen potentzialitatea. Librea da, nahi bada egiten da, bestela ez; partekatzea doan, edo ia doanekoa da –pertsonaren lana dago eta–; nahieran eta samur egin liteke, ez du kontsentsu mitikoa eskatzen, ezta adostasun handirik, egilearen marka indartzen du eta edukiei zabalkunde handiagoa ematen die. Jaso besteen edukiak libre, aitortu norena den eta zabaldu lizentzia beraren menpe. Informazioa atzera aurrera eta eskuin esker mugitzeko giltzetako bat da, denon eskueran, sal-erosketaren logikatik at, eta izugarri eraginkorra. Dena abantaila bada, zergatik ez dugu gehiago praktikatzen? Halabeharrez edo kontzientzia ezaz urte luzez bakoitza bere zilborrera begira egon izanak izango du errurik seguruenik; edo akaso, konpetentzia gaizki ulertu bategatik ere bai.

Bizi dugun aro digitalaren atzaparrak gero eta argiago ikusten ditugu, ez gaitu pentsatu genuen bezain libre egiten, aitzitik, gero eta estuago harrapatzen gaitu. Baina txanponak badu ifrentzua ere eta hor mamitzen dira Wikipedia edo software librea moduko altxor kooperatiboak, ezagunenak aipatzeagatik. Lizentzia libreena ere ez da batere berria, euskal hedabideetan gero eta gehiagok gero eta sarriago erabiltzen dugula, hori da berria. Hori modu kontzienteagoan eginez gero, jauzi handia egin liteke.

Berria, Hitzak, Goiena, Argia, Euskalerria Irratia, Hamaika, Anboto, Aiaraldea, Alea, Ataria, Noaua, Aiurri, Erran... eta beste hainbat hedabidek dute CC by-sa lizentzia. Erdal hedabideen galaxian ez dago halako eskuzabaltasunik eta kooperaziorako jokaerarik. Badira horren azalpenak, baina hori ere ez dugu hemen jorratuko. Edonola, kontua da guztiok ez dugula berdin erabiltzen lizentzia, ez kopuruz ez izpirituz. Batzuek asko –Argia-k adibidez– eta beste batzuek oso gutxi. Bakoitza bere amaren alaba den neurrian, bakoitzak jakingo du zergatik. Gainera, aukeraz beteriko mundua bada ere, arantzatsua ere bada.

Kontua da ez dugula ezer berririk sortu behar, medio bakoitzak berak sinisten duena eta ondoen egiten dakienarekin jarraituko du, ez du bakoitzaren negozio lerroa edo izaera aldatzen. Ezin gara beti audientzia, irismen eta gisakoekin korapilatu; horiek garrantzia dute, baina neurrian, eta gainera ez daude bakarrik gure esku. Gure edukiak bai, horiek gehiago kontrola ditzakegu: ahalik eta ondoen ekoiztu, ahalik eta ondoen zabaltzeko. 2009an Argia-ren 90. urteurrenean Vicent Partal Vilaweb-eko zuzendariak Donostian emandako hitzaldian esan ziguna iltzatua geratu zitzaidan: “Berdin da zein euskarritan eta non, kontua da zure marka ahalik eta leku gehienetan egotea, horrek indartu egiten zaitu”.

Maiatzaren 24an Donostian egindako "Enpeinatzea ez bada libre" ekitaldia.
Argazkia: ARGIA / Dani Blanco

Gure agenda informatiboa

Norabide honetan asko indartu dezakegu Euskal Herriko agenda informatiboa, eta badugu premiarik, besteak beste euskal esparru komunikatiboa hutsala delako erdaren esparru komunikatiboen parean. Josu Amezaga EHUko irakasleak ondo baino hobeto erakutsi du datu eta mapa lazgarriekin, eta behin baino gehiagotan gogorarazi digu: "Komunikazio esparru nazionalik gabe, ezin da euskal naziorik eraiki". Gai gara gure izaera eta nazioaren aurka diharduten agentzien edukiak erosteko, eta ez gara gai gure arteko edukiak librean partekatzeko? Nola bihurtuko ditugu albiste batzuk aktualitate ez baditugu denok ematen? Agentziek markatu behar dute aktualitatea, euskarazko hedabide ugari ditugunean?

Azken urtebetean egon naiz euskarazko komunikazioaz hitz egin den bi lekutan bederen, iaz Altsasun hedabide minorizatuei buruzko jardunaldietan eta gero Iruñean Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan, baina ez dut halako gaiez tutik ere entzun. Ziklikoki aipatzen da euskal agentziarena, baina gero eta gutxiago eta, egia esan, ez dakit zein neurritan den bideragarria. Baina badakit gure arteko informazioa partekatzeak gure euskal agenda informatiboa indartzen duela. Gutxi hitz egiten dugu agenda informatiboaz eta kezkagarria da hori.

Elkarlanetik, gure ohikotik

Azken mende erdian ikastoletan, euskalduntze-alfabetatzean edo euskal hedabideetan herri ekimena oinarrizkoa izan da hainbat proiektu aurrera ateratzeko. Elkarlanean eraiki da euskalgintzaren zatirik handiena. Gizarteko beste esparru batzuetan ere ari gara iratzartzen apurka, eta komunitatea zurrupatzeko baino berau elikatzeko gero eta proiektu gehiago ari dira sortzen gizartean: energiaren eremuan ––Goiener, Energia Gara...–, telekomunikazioan –Izarkom...–, kontsumo kooperatiboan –Landare, kontsumo taldeak...–, ekonomia eraldatzailean –Olatukoop–... eta beste hainbatetan.

Ez dakigu oraindik euskal hedabideok –herri ekimenekoak eta publikoak– lizentzia libreen filosofia bete-betean erabiliko bagenu zein eragin izango lukeen, baina uste dut hurrengo hiru hamarkadatan oso bestelako eszenatoki batera eramango gintuzkeela. Eta ez bakarrik inoizko eduki zabalkunde handienera iritsiko ginatekeelako, baita izpiritu komunitarioan landutako esparru horrek, beste lankidetza esparru batzuk ere irekiko lituzkeelako. Askotan gure edukiekin egiten dugun bezala, gure elkarlanarekin ere, mundua ez dakit, baina gure mundutxoa berriz liluratu dezakegulako. Sistema honek apurka eta denoi txertatu dizkigun norbanakoaren baloreak –ni eta nire medioa– edo elkarlana, partekatzea eta balore komunitarioak? Hor dago gakoa.


Hasierako argazkia: Argiako lan-taldea Iruñeko Arrotxapeko kaputxinoen komentuan, Zeruko Argia jaio zen lekuan. Egilea: ARGIA / Dani Blanco